1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
92/2011 EBAZPENA, martxoaren 10ekoa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, frantsesezko murgiltze programa egiteko deialdia onesten duena, Nafarroako Gobernuaren menpeko ikastetxeetako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat.
Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatu du 2011ko udan Donibane Lohizunen (Frantzia) eginen diren frantses barnetegietako murgiltze programan parte hartzeko 200 ikastoki eskaintzeko deialdia egitea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailetako ikasleentzat.
Ikastaro horiek antolatzeko lana bere gain hartzerik ez duenez, Hezkuntza Departamentuak, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, Nafarroako Hizkuntzen Autoikaskuntzarako Gunea izeneko sozietate publikoaren esku utziko du programa hau.
Deialdiaren helburu nagusia da atzerriko bigarren hizkuntzaren ikaskuntza sustatzea eta horretarako pizgarriak ematea, ikasleari osoko prestakuntza jasotzen eta hizkuntza mugak eta bizikidetza mugak gainditzen laguntzeko.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Gobernuaren menpeko ikastetxeetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailetan ari diren ikasleek, 2011ko udan, frantsesezko murgiltze programa egiteko deialdia, ebazpen honen 1. eranskin gisa datorrena, eta haren eranskina onestea. Guztira 200 ikastoki eskaintzen dira.
2. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Ondotik datorren deialdia eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau, deialdia eta eranskina igortzea Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzura, Europako eta Nazioarteko Programen Atalera eta Argibide eta Agiri Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2011ko martxoaren 10ean.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.
1. ERANSKINA
Deialdia, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek
frantsesezko murgiltze ikastaroak egiteko. 2011ko uda
1. Deialdiaren xedea, jasotzaileak eta helburua.
1.1. Hezkuntza Departamentuak dealdia egin du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailetako ikasleek 2011ko udan frantsesezko murgiltze programa egiteko. Guztira 200 ikastoki eskaintzen dira.
1.2. Nafarroan bizi eta 2010-2011 ikasturtean Nafarroako Gobernuaren menpeko ikastetxe batean DBHko 1., 2., 3. edo 4. mailan matrikulaturik dauden ikasleek eskura ditzakete ikastoki hauek.
1.3. Programaren helburua da frantsesa eskolaz kanpoko testuinguruetan ikastea eta erabiltzea, eguneroko eta bat-bateko hizkera naturala ikasten laguntzeko, alderdi formala baztertu gabe. Horrela, ikasturtean ikasgelan ikasitakoa indartuko da. Horregatik, programa frantses hutsean izanen da. Eskolako jarduerez gainera, josteta, kirol eta aisialdiko jarduerak ere eginen dira.
2. Programaren azalpena.
2.1. Programa "Lycée Ravel" ikastetxean eginen da (Maranon etorbidea, 2, 64502 Donibane Lohizune, Frantzia), 7 egunez, mantenu osoan.
2.2. 100 ikasleko bi txanda antolatuko dira. Hala ere, eskola jardueretarako, talde txikiagoak osatuko dira, hizkuntza mailaren arabera.
2.3. Jardueren azalpena:
-Eskola jarduera komunikatiboak. Horretarako, mailaren araberako taldeak eratuko dira.
-Teknologia berrien erabilera integratua.
-Jostaketak (lantegiak, dramatizazioak, eskulanak, etab.).
-Kirol eta aire zabaleko jarduerak.
-Txangoak.
2.4. Ikasleak etengabe kontrolatzeko taldea honela osatuko da: arduradun bat (begirale edo irakaslea) hamar ikasleko. Arduradunak kualifikatuta egonen dira bai hezkuntza arloan bai kirol eta aisialdiko jardueretan aritzeko.
3. Egunak eta ikastokien banaketa.
Aurreikusitako egunak eta ikastokiak:
MAILA | IKASTOKIAK | EGUNAK | SARRERA | IRTEERA |
DBHko 1. maila | 50 | Uztailaren 31tik abuztuaren 6a arte | Uztailaren 31n, igandea, 14:00etan | Abuztuaren 6an, larunbata 17:00 - 18:00 artean |
DBHko 2. maila | 50 |
DBHko 3. maila | 50 | Abuztuaren 7tik 13ra arte | Abuztuaren 7an, igandea 14:00etan | Abuztuaren 13an, larunbata, 17:00 - 18:00 artean |
DBHko 4. maila | 50 |
Ikasmaila bakoitzean esleitu diren 50 ikastokietatik 31 ikastetxe publikoetako ikasleentzat izanen dira eta 19 ikastetxe itunduetakoentzat, matrikuletako benetako ehunekoen arabera.
4. Jardueraren prezioa.
4.1. Jardueraren prezioa 295 eurokoa da parte-hartzaile bakoitzeko.
4.2. Ikastaroa eginen den tokira joan eta etortzeko bidaien antolaketa eta kostua familien kontura izanen dira.
4.3. Programaren diru-zenbatekoa Nafarroako Hizkuntzen Autoikaskuntzarako Gunean ordaindu beharko da (Konpainia kalea, 6, 31001 Iruña), jarduera hasi baino lehen eta ikastetxe horrek ezarriko duen prozedurari jarraikiz.
5. Parte hartzeko betebeharrak.
Ikastaro hauek eskatzen ahalko dituzte 2010-2011 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeren batean matrikulatuta dauden eta baldintza hauek betetzen dituzten ikasleek:
-Nafarroan erroldaturik egotea.
-DBHko 1., 2. 3. edo 4. maila ikasten egotea.
-Frantses irakasgaia izatea.
-DBHko 2., 3. edo 4. mailako ikasleek 5eko batez besteko nota frogatu beharko dute 2010eko ekaineko deialdi arruntean. Deialdi horretan berean, frantsesa irakasgaian, 5 edo hortik gorako nota beharko dute.
-DBHko 1. mailako ikasleek 5eko batez besteko nota frogatu beharko dute 2010-2011 ikasturteko lehenengo ebaluazioan. Ebaluazio horretan berean, frantsesa irakasgaian, 5 edo hortik gorako nota beharko dute.
Oharra: batez besteko nota kalkulatzeko (hiru dezimalekin gehienez), ikasleak egindako irakasgai guztiak hartuko dira kontuan, Erlijioa eta Hezkuntza-arreta izan ezik.
6. Eskaerari erantsi beharreko dokumentazioa.
6.1. Programan parte hartzeko eskatzeko, ikasleek, deialdian adierazitako tokian eta epean (ikus 7. puntua), honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
Ikastetxe publikoetako ikasleak:
a) Eskaera-orria behar bezala betea eta aitak, amak edo legezko tutoreak emandako baimena (2. eranskina).
b) Erroldatze agiri eguneratua.
c) Ikaslearen ikasketen ziurtagiria:
-DBHko 1. mailako ikasleentzat: ikaslearen ikasketen ziurtagiria, 2010-2011 ikasturteko 1. ebaluaziokoa.
-DBHko 2., 3. edo 4. mailako ikasleek ez dute 2010eko ekaineko deialdi arrunteko azken notak jasotzen dituen ikaslearen ikasketen ziurtagiria aurkeztu beharrik izanen, Hezkuntza Departamentuak ofizioz lortuko baitu.
Ikastetxe itunduetako ikasleak:
a) Eskaera-orria behar bezala betea eta aitak, amak edo legezko tutoreak emandako baimena (2. eranskina).
b) Erroldatze agiri eguneratua.
c) Ikaslearen ikasketen ziurtagiria. lkasleen notak kasuan kasuko ikasle eta ikasmailarako eskatzen diren agiri akademikoen bidez baloratuko dira:
-DBHko 1. mailako ikasleentzat: ikaslearen ikasketen ziurtagiria, 2010-2011 ikasturteko 1. ebaluaziokoa.
-Ikastetxe itunduetako DBHko 2., 3., eta 4. mailetako ikasleentzat: ikaslearen ikasketen ziurtagiria, 2010eko ekaineko deialdi arrunteko azken notena.
6.2. Ikastetxe publikoetako DBHko ikasleen 1. mailako 1. ebaluazioaren kasuan eta ikastetxe itunduetako DBHko 1., 2., 3. eta 4. mailetako ikasleen kasuan, emaitza akademikoak frogatzeko, ikasle bakoitzak bere ikasketen ziurtagiria aurkeztuko du, eta bertan azalduko dira ikasleak izandako kalifikazio guztiak. Ziurtagiri hori ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeko idazkariak luzatuko du. Eskaera egitean aurkezten diren agiriak ordezkatzeko beste ikasketa agiririk ez da inola ere onartuko.
6.3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateko era arautzeko, Hezkuntzako kontseilariak abenduaren 18an emandako 217/2007 Foru Aginduan ezarri bezala, kalifikazioak 1etik 10era bitarte adieraziko dira, dezimalik gabe, eskala honen arabera: Gutxiegi: 1, 2, 3 edo 4; Nahikoa: 5; Ongi: 6; Oso ongi: 7 edo 8; eta Bikain: 9 edo 10.
7. Eskaerak aurkezteko modua eta epea.
7.1. Eskabideak, kasuan-kasuan eskatzen diren agiriekin batera, Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariari igorriko zaizkio eta Hezkuntza Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Iruñeko Santo Domingo kalea, zk.g., 31001), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean aipatzen diren baliabideetako bat erabiliz.
Eskaera postetxe batean aurkeztea aukeratuz gero, gutun-azal ireki baten bidez aurkeztuko da, postako funtzionarioak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar diezazkion. Hala ez bada, Hezkuntza Departamentuko Erregistroan noiz sartu eta egun horixe emanen zaio eskabideari.
Ikastetxeen irteera-erregistroak ez du baliorik izanen, ezta gutun-azaleko posta zerbitzuaren zigiluak ere.
7.2. Eskabideak, banakakoak, aurkezteko epea 12 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
8. Ikasleak hautatzea eta ikastokiak esleitzeko prozedura.
8.1. Deialdia ebazteko, eskaerak hautatzeko batzorde bat eratu da, honako kide hauek osatua:
-Batzordeburua: Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria.
-Atzerriko Hizkuntzen Erabilera Hobetzeko Bulegoko burua.
-Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuko aholkulari tekniko bat.
8.2. Ikaspostuak ikasketa espedientearen arabera esleituko dira, nota altuenetik baxuenera, deialdiko ikaspostu guztiak esleitu arte. Eman gabeko plazarik baldin badago, ikasmaila bereko, ziklo bereko eta ikastetxe mota bereko ikasleei eskainiko zaizkie.
8.3. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, hautapen batzordeak irizpide hauek erabiliko ditu berdinketa hausteko:
a) DBHko 1. mailako ikasleen kasuan, 2010-2011 ikasturteko 1. ebaluazioan frantsesean lortutako nota, eta DBHko 2., 3. eta 4. mailetako ikasleen kasuan, 2009-2010 ikasturteko azken ebaluazioan frantsesean lortutako nota.
b) 2010eko udan antzeko ikastarorik egin ez izana.
c) Berdinketa hausten ez bada, zozketa eginen da hautagaien artean.
8.4. Hezkuntza Departamentuak antolatutako hizkuntzako murgiltze programa batean baino gehiagotan parte hartzeko hautatzen diren ikasleek (frantsesezko edo ingelesezko udako ikastaroak izan, edo atzerriko ikastetxe batean ingelesez ikasteko eskola programakoak izan) bietako bat aukeratu beharko dute. Ikaspostu hutsik gelditzen bada, bietan parte hartzen ahalko dute.
9. Deialdiaren gaineko ebazpena.
9.1. Hautapen Batzordeak proposaturik, Hezkuntza Departamentuak onartu eta bazterten diren ikasleen behin-behineko zerrenda argitaratuko du Hezkuntza Departamentuko iragarki oholean, departamentuaren web-orrian (www.educacion.navarra.es/portal) eta Nafarroako Atarian (www.navarra.es), baztertutakoen kasuan zergatia azalduta.
Interesdunek 5 egun naturaleko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda jendaurrean paratzen denetik hasita, haren kontrako erreklamazioak aurkezteko eta eskatzen zaizkien agiriak zuzentzeko.
9.2. Erreklamazioen gainean ebatzi ondoren, Hezkuntza Departamentuko iragarki oholean, departamentuaren web-orrian (www.educacion.navarra.es/portal) eta Nafarroako Atarian (www.navarra.es) deialdi honetako ikasle onuradunen behin betiko zerrenda argitaratuko da, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak ebazpen baten bidez onetsiko duena.
9.3. Hezkuntza Departamentuak, Nafarroako Hizkuntzen Autoikaskuntzarako Gunearen bidez, idatzita jakinaraziko die eskatzaileei onartuak izan direla, esleitzen zaien data adierazita. Nolanahi ere, ez da data aldaketarik onartuko.
Onuradunak ikastaroari uko eginez gero, horren berri eman beharko du da, idatziz, 5 eguneko epean, jakinarazpen ofiziala jasotzen duenetik hasita. Idazkia hautapen batzordeburuari zuzenduko zaio eta ohiko postaz (Santo Domingo kalea, zk.g., 31001 Iruña), posta elektronikoaren bidez (eechenie@navarra.es) nahiz fax bidez (848 426615) igorriko da.
10. Izena ematea.
Onartutako ikasleen inskripzioa Nafarroako Hizkuntzen Autoikaskuntzarako Gunearen bitartez formalizatuko da, hark familiei bidaliko dien idatzizko komunikazioan adierazitako jarraibideen arabera; horrekin batera, kontu zenbaki bat jakinaraziko zaie, ordaindu beharreko dirua bertan sartzeko.
Inskripzioa egiteko behar den dokumentazioa:
-Inskripzio-orria, familiei bidaliko zaien jakinarazpenarekin batera edo inskripzioa egiteko tokian bertan jasoko dena.
-Karneterako argazki bat.
-Osasun txartelaren fotokopia.
-Ordainketa banketxean egin izanaren gordekina.
11. Beste xedapen batzuk.
11.1. Parte hartzen duen ikasleak hitz eman beharko du Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen baldintza eta arau guztiak onartzen dituela:
-Programaren irakasleek agintzen dizkieten gutxieneko lanetan laguntzea, esate baterako, ohea egitea, otorduetan laguntzea, etab.
-Irakasleak eta begiraleak errespetatu eta haien erabakiak onartzea.
-Gaueko ordutegia errespetatzea, atsedena behar bezala hartzeko.
-Egiten diren ateraldietan, ingurumena zaintzea, eta arduradunen aholku eta arauei men egitea.
-Honelako tresnarik ez eramatea egoitzara: MP4 eta antzeko musika erreproduzigailuak, sakelako telefonoa, Game Boy, NDS, PSP edo antzeko joko-makina eta tresnak.
-Ordutegiak eta ikastaroa hasi eta bukatzeko egunak zorrozki betetzea.
-Barnetegitik ez ateratzea arrazoi hauek direla kausa: familia ospakizun edo bilerak eta herriko festak.
-Programa bitartean, gurasoen edo legezko tutoreen bisitarik ez izatea.
-Aurreko baldintza eta arauak onartzea eta, orobat, inskripzio-orrian adieraziko direnak.
11.2. Hezkuntza Departamentuak eskubidea izanen du eskatzaileek aurkezten dituzten datuak ikuskatzeko.
11.3. Aurkezten diren datuak gezurrezkoak badira edo deialdiko arauak edo Departamentuak ikastaroa gauzatzeko ezartzen dituenak betetzen ez badira, ikaslea programatik kanpo geldituko da, izan litezkeen legezko egintzak ukatu gabe. Horri dagokionez, Hezkuntza Departamentuak egiaztatzen ahalko du ikaslea Nafarroako Foru Komunitatean erroldatuta dagoen.
11.4. Programa honetan parte hartu ondoren, ikasleren batek ikastaroko errendimenduari edo jokabideari buruzko txosten negatiboa izanez gero, ez du aurkezterik izanen Hezkuntza Departamentuak gerora egiten dituen antzeko deialdietan.
11.5. Inskripzioa egin ondoren, agiri bidez behar bezala frogatutako uko egiteak baino ez dira onartuko (parte-hartzailearen eritasuna edo istripua edo lehen mailako ahaide baten heriotza), programa hasi baino astebete lehenago aurkeztuz gero betiere. Justifikatu gabe uko eginez gero, Hezkuntza Departamentuak hurrengo batean antolatzen dituen programetatik bazter uztea erabakitzen ahalko da, baita matrikulako dirua galtzea ere.
11.6. Deialdi honetan ikaspostua eskuratzen duten ikasleek pasaportea eduki beharko dute, edo horren ezean, atzerrira bidaiatu ahal izateko poliziaren baimena. Baimen hori denboran mugatua izaten denez, gomendagarria da ikasleak parte hartu behar duen txandaren daten inguruan eskatzea.
Laguntza bat hartzen duten atzerriko nazionalitateko ikasleek nahitaezkoa izanen dute bisa bat lortzea kasuan kasuko enbaxadan.
Laguntza eman dela jakinarazi eta berehala hasi beharko da bisa tramitatzen. Bisa 2011ko uztailaren 1a baino lehen lortzen ez bada, ikasleak ezin izanen du atzerrira bidaiatu, eta, halakoetan, beste bat joanen da.
Bisatu horren tramitazioa ikasleen familien ardura izanen da bakar-bakarrik, ez Hezkuntza Departamentuak ez enpresa esleipen-hartzaileak ez baitute eskumenik kudeaketa horretan.
12. Argibideak jaso eta agiriak berreskuratzeko tokiak.
Deialdi honi buruzko argibide gehiago, Hezkuntzako Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan, departamentuaren web-orrian (www.educacion.navarra.es/portal) eta Nafarroako Atarian (www.navarra.es) eskura daiteke. Behin betiko ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, aurkeztutako dokumentazioa Hezkuntza Departamentuan jaso daiteke, hilabeteko epean. Epe hori bukatuta, agiriak suntsituko dira, bide administratiboan errekurtsoren bat aurkeztu delako gorde behar direnean izan ezik.
13. Errekurtsoa.
Deialdi honen aurka nahiz deialdiaren oinarrien eta egintza administratiboen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, errekurritutako egintza jakinarazi, argitaratu edo jendaurrean jarri eta biharamunetik hilabeteko epean.
2. ERANSKINA
Frantsesezko murgiltze programa, 2011ko uda. DBHko 1. 2., 3., 4. mailetako ikasleak. Lycée Ravel, Donibane Lohizune (Frantzia)
(INPRIMAKIA LETRA LARRIEKIN BETE)
Deiturak:
Izena:
Sexua: [ ] Gizona [ ] Emakumea
NANa:
Jaioteguna:
Helbide elektronikoa (garrantzitsua):
Helbide osoa (ezinbestekoa):
Herria:
PK:
Telefonoa:
Sakelakoa:
Ikastetxea:
Herria:
Aurten egiten ari den maila:
Lehenengo hizkuntza:
Bigarren hizkuntza:
D.B.H.ko 1. maila
[ ] Uztailaren 31tik abuztuaren 6a arte
D.B.H.ko 2. maila
[ ] Uztailaren 31tik abuztuaren 6a arte
DBHko 3. maila
[ ] Abuztuaren 7tik 13ra arte
D.B.H.ko 4. maila
[ ] Abuztuaren 7tik 13ra arte
2011ko udan Donibane Lohizunen (Frantzia) hizkuntzako murgiltze ikastaro batera joateko laguntzen deialdian parte hartu nahi dut eta deialdian ezarritako baldintzak onartzen ditut.
....................... (e)n, 2011ko ................... aren ........(e)an.
(Eskatzailaren sinadura) (Aitaren, amaren edo tutorearen sinadura)
Aitaren, amaren eta legezko tutorearen baimena.
....................... jauna
.......................... NANa duenak,
............................... ikaslearen aita, ama edo legezko tutorea naizen aldetik,
Nire semeari/alabari baimena ematen diot Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak antolatutako hizkuntzako murgiltze ikastaroa egin dezan Donibane Lohizunen (Frantzia), eta beharrezkoa baldin bada, behar den laguntza medikoa eman diezaioten.
....................... (e)n, 2011ko ................... aren ........(e)an.
(Aitaren, amaren edo legezko tutorearen sinadura)
Iragarkiaren kodea: F1104838