Iragarkia
60. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 28a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
9E/2011 FORU AGINDUA, martxoaren 15ekoa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, gizarte ekimeneko entitateentzako laguntzak onesten dituena gizarteratze arloko proiektuak garatzeko.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen arabera, botere publikoen jarduketek funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste, gizarte zerbitzuen arloan: pertsona guztien bizi kalitatea hobetu eta haien normalizazioa, partaidetza eta integrazioa sustatzea arlo guztietan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa-egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea; eta gizarteak behar sozialak konpontzen parte har dezan bultzatzea, batez ere giza talde behartsuenak ordezkatzen dituzten entitateen bidez.
Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroaren arabera (ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua), gizarteratzearen arlorako dauden bermatu gabeko prestazioen artean, gizarte-bazterketako egoeran daudenekin lan egiten duten gizarte ekimeneko entitateentzako diru-laguntzak daude.
Arau horretako aurreikuspenek bat etorri behar dute Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legekoekin. Foru lege horretan, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik emandako diru-laguntzei dagokien araubide juridiko orokorra ezarri da. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, halako jarduerak egiten dituztenek eta deialdiaren xedeko egoeran daudenek aukera izan dezaten diru-laguntza eskuratzeko.
Halaber, deialdia PFEZko %0,7ko Funtsetik ateratako funtsez hornitutako kontu-sail baten bidez finantzatuta dagoenez (Foru Komunitateko zergadunek gizarte-intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen %0,7 arautzeari buruzko ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legeak ezartzen duen moduan), Gizarte Ongizateko Kontseiluak aho batez onetsi du, 2011ko otsailaren 15eko bilkuran, deialdiaren oinarri arautzaileen egokitasuna.
Diru-laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea du xede deialdi honek, arrisku sozialaren egoeran edo gizartetik baztertuta dauden pertsonak gizarteratzeko esparruan aritzen diren irabazi-asmorik gabeko entitateentzat.
Deialdi honek bide ematen die entitate interesdun guztiei berdintasunez parte har dezaten eta, era berean, bermatzen du diru-laguntza irizpide objektiboei jarraituz emanen dela. Diru-laguntzak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gizarte politikaren esparru orokorrean ezartzen dituen jarraibideekin bat lehenetsiko dira, Nafarroako Parlamentuak 1999ko otsailean onetsi zuen Gizarte Bazterketaren aurkako Planaren edukiaren arabera.
Espedienteko txosten tekniko eta juridikoak ikusita, hurrenez hurren adierazten dute diru-laguntza hauek egokiak eta interes publikokoak direla, eta deialdia eta bere oinarri arautzaileak legezkoak.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. 2011ko diru-laguntzen deialdia onestea gizarteratze arloko irabazi-asmorik gabeko entitateentzat, gizartetik baztertuak edo horren arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea sustatzera bideratutako proiektuak egiteko.
2. Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.
3. 431.669,00 euroko gastua baimentzea, 2011ko gastuen aurrekontuko "PFEZko %0,7ko funtsa. Gizarte bazterketaren eremuko entitateentzako diru-laguntzak" izeneko 900003 91600 4819 231500 kontu-sailaren kargura, eta 100.000,00 euro, 2011ko aurrekontuko "PFEZko %0,7ko funtsa. Etorkinak gizarteratzeko laguntza programa" izeneko 900003 91600 4819 231605 kontu-sailaren kargura, egoera oso ahulean dauden etorkinak gizarteratzera bideratutako proiektuentzat.
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Foru agindu hau igortzea Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Gizarteratze Zerbitzura, Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontabilitate Zentrora eta Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora.
6. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi izanen dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2011ko martxoaren 15ean.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.
I. ERANSKINA
Gizarteratze arloan ari diren irabazi-asmorik gabeko
entitateei 2011. urtean diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak
1. Xedea.
Deialdi honen xedea gizarteratze arloan ari diren irabazi-asmorik gabeko entitateei 2011n diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea da.
Aipatu diru-laguntzen bidez, langileen, funtzionamenduaren eta jardueren gastuak finantzatuko dira talde behartsuak gizarteratzeko eremuan entitateek proiektuak eta jarduerak egin ahal ditzaten, arau hauetako II. eranskinean ezartzen den proiektu moten arabera, bai eta gizarte bazterketaren eremuko jardunaldiak egiteko dirulaguntzak emanen ere.
2. Jarduketa eremua eta helburua.
Diru-laguntzen xede diren proiektuak, jarduketak eta jardunaldiak Nafarroako Foru Komunitatean eginen dira eta gizarte bazterketaren egoeran dauden edo egoteko arriskua duten pertsonak gizarteratzea izanen dute helburu. Beren estatutuen arabera nagusiki kulturan, aisian eta denbora librean diharduten entitateak diru-laguntzen deialdi honetatik kanpo daude.
Halaber, berariaz beste deialdi batzuen bidez finantzatzen diren proiektuak, jarduketak eta jardunaldiak eta beste administrazio publiko batzuek garatzen dituztenak ere deialdi honetatik kanpo daude.
3. Entitate eskatzaileen betebeharrak.
Beren estatutuen arabera, lehen oinarri arautzailean aipatzen diren jarduketa eremuetako edozeinetan esku hartzen ahal duten entitateak izan daitezke diru-laguntza hauen onuradun.
Aurkezten diren entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Gizarte Zerbitzuen Erregistroan edo erregelamenduz dagokien erregistroan inskribatuta egotea.
b) Irabazi-asmorik ez izatea.
c) Sozietatearen helbidea edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroan izatea.
d) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea.
e) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debekuetan erori ez izana.
Aipatutako betebehar horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta diruz lagundutako jarduerak irauten duen bitartean bete beharko dira.
4. Diru-laguntzaren xedeko baldintzak.
Diru-laguntza jasotzeko, proiektuek eta jardunaldiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Gizarteratze Zerbitzuak ezarri dituen helburuekin bat etortzea, deialdi honen esparruan, oinarri arautzaile hauetako II. eranskinean xedatutakoarekin bat.
b) Proiektu edo jardunaldi bakoitzerako deialdiko zazpigarren oinarrian ezarritako zenbatekoa ez gainditzea.
c) Laguntzaren xede diren jardunaldiak 2011ko urtarriletik azarora bitarte gauzatu beharko dira.
5. Eskaerak aurkeztea.
5.1. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.
Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorrarekin batera, entitate interesdunek eskabide bat aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu den ereduaren arabera. Eredua Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko bulego nagusietan (González Tablas kalea, 7) eta erakunde beraren web gunean (www.cfnavarra.es/ Ayudas y Becas) eskuratzen ahalko da.
Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskaerak aurkeztuko dira Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Erregistroan (González Tablas kalea, 7, 31005 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako tokietako edozeinetan. Gainera, eskaera ez bada Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren erregistro batean aurkezten, entitate interesdunak egun berean jakinarazi beharko dio Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Gizarteratzen Zerbitzuari, telefaxaren bidez (948240108), eskaera igorri izana.
Posta bulegoen bidez aurkezten diren eskaeretan gutun-azala zabalik egon beharko da, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onarpen data eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak agerraraz daitezen. Gainera, entitate interesdunak, egun berean, telefax baten bidez jakinarazi beharko dio Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari eskaera igorri duela.
5.2. Aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabideak horretarako prestatutako ereduaren araberakoak izanen dira eta, bakoitzean, entitatearen ordezkariak behar bezala sinatuko du. Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorrarekin eta agiri hauekin batera aurkeztu beharko dira:
a) Entitatearen estatutuak.
b) Helbidea Nafarroan duela edo, bestela, Foru Komunitatean ordezkaritza iraunkorra duela frogatzen duen agiria.
c) Entitatea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren Gizarte Zerbitzuen Erregistroan edo erregelamenduz dagokion beste erregistro batean inskribaturik dagoela frogatzen duen ziurtagiria edo bestelako frogagiria.
d) Identifikazio fiskaleko txartela.
e) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, adierazten duena entitatea, administratzaileak eta ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debekuetatik kanpo daudela. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.
f) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, non agertzen den entitateak Gizarte Segurantzako eta Nafarroako Zerga Ogasuneko zerga arloko betebeharrak eguneratuak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak dituela.
g) Diru-laguntzaren eskaera sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala.
h) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari diru-laguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko diru-laguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada.
i) Laguntza jardunaldiak egiteko eskatzen bada eta jardunaldi horiek jadanik egin baldin badira, jardunaldien behin betiko programa.
Aurkeztu beharreko agiriak jatorrizkoak izanen dira edo, bestela, notario batek edo administrazioak berak kautoturiko fotokopiak.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituzten agiriak edo administrazio honen esku dauden datuak badira, ez da beharrezkoa izanen a), b), c), d), g) eta h) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztea. Kasu horretan, eskatzaileak zilegi izanen du agiri horiek ez aurkeztea, baina idatziz adierazi beharko du noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu zituen, betiere bost urte baino gehiago igaro ez badira espediente hura amaitu zenetik. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren aitorpen bat egin daiteke, inguruabar hori azaltzeko.
Aurreko lerroaldean ezarritakoaren ondorioetarako, entitateek egiaztatutako antzinatasuna errespetatuko da, baldin eta aurkezteko nortasun juridikoa baizik aldatu ez badute, betiere hori entitatearen estatutuetan frogatzen bada.
Prestatutako eredu normalizatuan ezarritakoaren arabera aurkeztu beharko da eskaera eta, hura osatzeko, interesgarritzat jotzen dituen beste agiri batzuk aurkezten ahalko ditu entitate interesdunak.
5.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.
Eskaerak ezarri diren baldintzak betetzen ez baditu edo harekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ez badira, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan xedatu bezala.
6. Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko ahalmena duten organoak.
Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Gizarteratze Atalari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaileotan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, atal horretaz ari da.
Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri arautzaile hauetan ezarritako irizpide, forma eta lehentasunak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
Laguntzak emateko prozeduraz ebazteko eskumena Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak izanen du.
7. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
Gastu inbentariagarriak ez dira inolaz ere lagunduko.
Eskuarki, eskaturiko diru-laguntzaren xedeak langileak, funtzionamendua eta jarduerak badira, funtzionamendu gastuak gehienez ere %30ekoak izanen dira.
Jardunaldien kasuan, %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio diru-laguntzari gastu sozialengatik. Gastu sozialtzat materiala, parte-hartzaileak, dekorazioa, jatekoak eta beste batzuk hartuko dira. Halaber, %5eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio zeharkako gastuengatik (hots, entitate eskatzaileak dituen gastu administratiboak: langileak, bulegoa eta bestelako gastu arruntak).
8. Balorazioa.
Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak erkatuz, diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.
8.1. Baztertzeko arriskuan dauden edo gizarteak baztertzen dituen pertsonen gizarteratzea sustatzeko proiektuetarako diru-laguntza eskaerak, baloratzeari begira, bederatzi ataletan sailkatuko dira:
"PFEZko %0,7ko funtsa. Gizarte bazterketaren eremuko entitateentzako diru-laguntzak" izeneko 900003 91600 4819 231500 kontu-sailaren kargura, 431.669,00 euro, honako hauetarako:
8.1.1. Drogamenpekotasunaren eremuan ibilitako pertsonak gizarteratzeko proiektuetarako 97.500,00 euro erreserbatuko dira. Proiektu bakoitzarentzat 25.000,00 euro eska daitezke gehienez.
8.1.2. Etxebizitzaren aldetik bazterturik dauden pertsonak gizarteratzeko proiektuetarako 75.000,00 euro emanen dira. Proiektu bakoitzarentzat 50.000 euro eska daitezke gehienez.
8.1.3. Gizartean eta lan munduan txertatzeko berariazko proiektuak, gizartetik baztertuta egonik, gizarteratze zentro okupazionaletan diharduten pertsonentzat: 30.000,00 euroko erreserba.
8.1.4. Gizarte bazterketari aurre egiteko sentsibilizazio proiektuetarako eta beste ekintza batzuetarako 15.000,00 euro emanen dira.
8.1.5. Sortzen diren bestelako gizarte bazterketa moduen aurka borrokatzeko proiektuetarako 129.169,00 euro emanen dira. Proiektu bakoitzarentzat 60.000,00 euro eska daitezke gehienez.
8.1.6. Beren kide gehienak gizarte bazteketaren eremuan esku hartzen duten elkarte edo entitateak dituzten elkarte sareen edo antzekoen funtzionamendua laguntzea; 35.000,00 euroko erreserba.
8.1.7. Akonpainamendu sozialaren arloan, esku-hartze sozialaren eremuko profesionalak prestatzeko proiektuak (prestakuntza teoriko eta praktikoko jardueren bidez); 40.000,00 euroko erreserba.
8.1.8. Gizarte bazterketaren gaineko jardunaldietarako diru-laguntzetan 10.000,00 euro emanen dira. Jardunaldi bakoitzarentzat 5.000,00 euro eska daitezke gehienez.
"PFEZko %0,7ko funtsa. Etorkinak gizarteratzeko laguntza programa" izeneko 900003 91600 4819 231605 kontu-sailaren kargura, 100.000,00 euro, honako honetarako:
8.1.9. Egoera oso ahulean dauden etorkinen gizarteratzea sustatzen duten proiektuak.
Atalen batean (8.1.9 salbu) kreditua agortzen ez bada, sobratzen den dirua, ondoko atalen artean banatuko da kreditua agortu arte lehentasun ordena honen arabera: 8.1.7., 8.1.4., 8.1.3., 8.1.2., 8.1.5., 8.1.1., 8.1.6.
8.2. Diru-laguntzak emateko, honako irizpide hauei jarraikiz eginen da balorazioa:
8.2.1. Gizarteratze eremuko proiektu eta jarduketentzat.
a) Entitatearen barne koherentzia (15 puntu).
Entitateak gizarteratze eremuan egindako jarduera nagusiaren izaera eta egokitasuna.
Diru-laguntzaren xedeko proiektuetan entitate eskatzaileak egin duen ibilbidea, gizarteratze eremuan duen esperientzia.
Proposatzen diren helburuak beteko direla bermatzeko azpiegitura aski izatea.
Aretoak konpartitzea eta elkarteak batzea.
Proiektua entitatearen gaitasun teknikoekin bat etortzea. Era berean, aurreko urteko koherentzia ekonomikoa baloratuko da.
b) Zer-nolako proiektua den (50 puntu).
Proiektuaren alderdi teknikoak (egokitasuna, koherentzia eta doikuntza ondokoen artean: oinarriak, helburuak, metodologia, jarduerak, lortu nahi diren emaitzak, langileak eta materialak, ebaluazio adierazleak eta abar). Halaber, aurkezpena, idazkera eta aurrekontuen xehetasunak ere baloratuko dira.
Esku-hartzearen berezitasuna eta alderdi berritzaileak, gauzatu nahi diren proiektuek behar ez den bikoizketarik ez ekartzea.
Entitateak proiektua aurrera eramateko beste entitate batzuekin eta gizarte baliabide publikoekin duen osagarritasun eta koordinazio maila: Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin, Osasun Etxeekin, Adimen Osasuneko Sarearekin, Espetxeko Gizarte Zerbitzuarekin eta abar. Koordinazio horren prozedura.
c) Aurreko ekitaldietan hasitako proiektu edo jarduerak sustatzea, haien eragina frogatu bada eta interes publikoko arrazoiak direla-kausa segida ematea komenigarria bada (25 puntu).
Aurreko urteko antzeko proiektuaren edo proiektuen eraginkortasuna baloratuko da. Proiektuan jarritako helburuen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa eginen da, eta egindakoaren eta aurreikusitakoaren arteko aldea neurtuko.
Aurreko urteko proiektuaren egiazko gastuaren eta aurtengo aurrekontuaren arteko koherentzia aztertuko da.
d) Proiekturako kofinantziazioa izatea, alegia, entitateak, bazkideek, parte-hartzaileek eta/edo entitate publiko edo pribatuek dirua jartzea. (5 puntu).
e) Entitatean boluntarioak izatea, eta haien inplikazio maila (5 puntu).
Diru-laguntza hartu ahal izateko, proiektuek gutxienez ere 60 puntu lortu beharko dituzte. Horietarik 30, gutxienez, ''b" atalean.
8.2.2. Gizarte bazterketaren eremuko jardunaldiak egiteko.
a) Egin beharreko jardueraren kalitatea eta bideragarritasuna: gehienez ere 50 puntu.
b) Programatu den jardueraren interesa: gehienez ere 40 puntu.
c) Jarduera burutu behar duten pertsonen edo entitateen berme profesionala, ibilbidea eta esperientzia: gehienez ere 10 puntu.
Proiektuak kontuan hartuak izateko, gutxienez ere 60 puntu lortu beharko dituzte.
Instrukzio organoak noiznahi ere eskatzen ahalko dio entitate eskatzaileari aurkeztutako proiektua balorazioaren kasuan kasuko atalera egokitu dezan (8.1 atala). Eskaera hobeki baloratzeko beste edozein argibide ere eskatzen ahalko dio entitateari.
9. Diru-laguntzaren zenbatekoaren esleipena.
9.1. Gizarteratze eremuko proiektu eta jarduketentzat.
Diru-laguntzaren zenbatekoa eskatzen denaren %100arekin bat etorriko da.
Aurrekontuetako dirua gainditzen baldin bada, irizpide hauei men eginen zaie diru-laguntza kalkulatzeko:
a) Diru-laguntza kalkulatzeko tarte proportzionalak finkatuko dira, eskatutako laguntzatik abiatuta, lortutako puntuazioaren arabera:
TARTEAK | PORTZENTAJEA (%) |
55etik 59,99ra bitarte | 60 |
60tik 64,99ra bitarte | 65 |
65etik 69,99ra bitarte | 70 |
70etik 74,99ra bitarte | 75 |
75etik 79,99ra bitarte | 80 |
80tik 84,99ra bitarte | 85 |
85etik 89,99ra bitarte | 90 |
90etik 94,99ra bitarte | 95 |
95etik 100era bitarte | 100 |
Portzentaje tarteak ezartzearen ondorio diren kopuruak zenbatekoa osokoen zatiarekin biribilduz ezarriko dira, zenbaki hamartarrik gabe.
b) Irizpide hori aplikatu ondoren aurrekontuko diru-kopurua gainditzen bada oraindik ere, banaketa proportzionala edo hainbanaketa eginen da kasuan kasuko baremoen aplikazioaren ondoriozko zenbatekoetatik abiatuta.
9.2. Gizarte bazterketaren eremuko jardunaldiak egiteko.
Diru-laguntzaren zenbatekoa entitateak eskatutako zenbatekoaren arabera esleituko da, kreditua agortu arte zenbatekoak banan-banan kontatabilizatuz eta lortutako puntuazioaren hurrenkerari jarraituz.
9.3. Alegazioetarako tramitea.
Instrukzio organoak proposamen txostena eman aurretik, interesdunei entzunaldia emateko tramitea egiten ahalko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.
Proposatzen den diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa izanez gero, entitate eskatzaileak eskaera aldatzen ahalko du, gehienez ere hamar egun naturaleko epean, jakinarazten zaionetik hasita. Betiere, bermatu beharko da aldatutako proiektuak jatorrizko proiektuaren xede eta ezaugarri berak izanen dituela.
Proiektua onartu ahal izateko, aldatutako proiektua hasiera batean egindako balorazioko tarte berean sartzeko aukera izan beharko da. Bestela, entitateak proiektua hasierako proposamenari hertsiki lotuz burutu beharko du.
Halaber, aldatutako proiektuaren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean aurreikusitako kofinantzaketaren batura baino (eskaeran ageri den kofinantzaketa portzentaje bera mantenduko da).
Diru-laguntzak ez dira behin ere eskatutako zenbatekoa baino handiagoak izanen.
10. Prozeduraren gaineko ebazpena, publizitatea eta errekurtsoak.
Eskaerak baloratu ondoren, instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusita, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak ebazpena emanen du diru-laguntzen gainean.
Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta bertan hura emateko arrazoiak, diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ukatzeko arrazoiak adieraziko dira. Emanez gero, diru-laguntzaren helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira.
Hori deusetan galarazi gabe, ebazpena Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko iragarki oholean (Iruñeko González Tablas kalea, 7) argitaratuko da. Argitalpen horretan deialdia, diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko programa eta kreditua, onuradunak, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua adieraziko dira.
Ebatzi eta jakinarazteko epea 6 hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.
Berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutakoarekin bat.
11. Bateragarritasuna.
Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, Estatukoek nahiz atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin, deialdi honen 2. oinarrian ezarritakoa galarazi gabe.
Hala ere, diru-zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo norberaren baliabide batzuekin batuta, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.
12. Diru-laguntzaren ordainketa eta justifikazio ekonomikoa.
12.1. Gizarteratze eremuko proiektu eta jarduketentzat.
Honela ordainduko da diru-laguntza: %25a, aurrerakin gisa, kontzesioaren ebazpena sinatzen denean; gainerakoa, gastu onargarri gisa aurkezten den justifikazioaren arabera. Entitateak aurrerakin gisa izan dezakeen diru kopurua ez da inoiz %25etik gorakoa izanen.
15.000,00 euroko diru-laguntza gainditzen ez duten kontzesioak honela ordainduko dira: %40, aurrerakin gisa, kontzesioaren ebazpena sinatzen denean; gainerako %60, gastu onargarri gisa aurkeztu eta onartzen den justifikazioaren arabera.
Aurrerakin horiek eman ahal izateko, entitateak dokumentu bidez justifikatu beharko du haien beharra, entitateak banku kontuetan dituen batez besteko saldoak, diruzaintzaren ziurtagiria, aurkeztuta, edo beste edozein dokumentazio, diruz lagundutako jarduera hasteko edo ez gelditzeko funtsak izan beharra ziurtatzen duena.
Aurretik ordaintzen diren zenbatekoak direnez gero, aurrerakin horiek emateko beharrezkoak izanen dira Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimen berariazkoak, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.
Aurreratu behar den kopurua 60.000,00 eurotik gorakoa bada, entitate onuradunak bankuko abal bat edo antolamendu juridikoan aurreikusitako beste bermeren bat aurkeztu beharko du, aurreratu beharreko kopurua adinakoa betiere.
Tarteko ordainketak egiteko diru-laguntzaren gastua justifikatuko da honako hauek aurkeztuz:
Diru-laguntzaren xedeko proiektuari aplikatutako gastuen zerrenda, agiri zenbakia, kontzeptua, emailea, igorri zeneko data, zenbatekoa eta egiazki noiz pagatu zen adieraziz. Zerrenda horrekin batera, gastuaren eta ordainketaren frogagiriak aurkeztuko dira (jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatutako fotokopiak). Frogagiri gisa, banku laburpenak, gordekinak eta fakturak onartuko dira bakar-bakarrik. Horietan, jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira, fakturazio betebeharrak arautzeko erregelamendua onetsi zuen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Jatorrizko fakturak Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian aurkeztu izan balira bezala zigilatuko dira, hartutako diru-laguntza justifikatzearren.
Zerrenda hori diruz lagundutako kopuruei eta kontzeptuei buruzkoa izanen da.
Diru-laguntzaren bigarren eta hurrengo ordainketak izateko eskubidea ematen duten frogagiriak 2011ko abenduaren 7a baino lehen aurkeztuko dira.
Gastu onargarritzat hartuko dira, bakar-bakarrik, diruz lagundutako proiektuetan aurreikusitako jarduerak egiteko instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen dituenak; diru-laguntzari egozten ahal zaizkio, orobat, proiektutik eratorritako finantza gastuak, kontzesio ebazpenaren data bitartekoak.
Proiektua bukatu eta hilabeteko epean entitateak Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari agiri hauek aurkeztu behar dizkio:
a) Proiektuko diru-sarreren eta gastuen balantzea.
b) Diruz lagundutako proiektuaren justifikazio ekonomikoa, hurrengo ordainketak egiteko oinarri honen aurreko paragrafoetan ezarritako baldintzetan.
c) Jarduerak, diru-laguntzaz gain, funts berekiekin edo bestelako diru-laguntza edo baliabideekin finantzatu direnean, justifikazioan diru-laguntza horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela. Hala ez bada, ordaindutako zati proportzionala itzuli beharko da.
12.2. Gizarte bazterketaren eremuko jardunaldiak egiteko.
Diru-laguntza gutxienez bi epetan ordainduko da: lehenengoa, diru-laguntzaren %25era bitartekoa, laguntza emateko ebazpena sinatu aurretik ordainduko da.
Bigarren zatia diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera egin dela frogatu ondoren emanen da eta, horretarako, entitateak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu jarduera bukatu eta hilabeteko epean, eta betiere 2011ko abenduaren 15a baino lehen:
Diru-laguntza jaso duen jardueraren bukaerako memoria, aurreikusitako helburuen betetze-maila baloratuko duena.
Gastuak justifikatzeko kontua, egindako jardueren eta haien kostuaren adierazpena barne, egindako gastu guztiak zehaztuta, eta horrekin batera fakturak edo trafiko juridikoan frogatako balio bera duten agiriak, betiere jatorrizkoak, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Frogagiriak egin diren gastuen aplikazioaren gainekoak eta haien ordainketen gainekoak izanen dira.
Aurreko lerroaldeetan xedatutakoaren arabera justifikatuko dira zeharkako kostuak.
13. Entitate onuradunen betebeharrak.
a) Diru-laguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak deialdi honetako oinarri arautzaileen, baldintzen eta betebehar formal eta materialen arabera gauzatzea eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea. Gauzatze horrek, betiere, proiektua osatzen duten jarduerak kudeatu eta gidatzea hartzen du bere baitan, baita beharrezkoak diren baliabideak jartzea ere.
b) Gizarte bazterketaren eremuko jardunaldiak egiteko diru-laguntza jasotzen duten entitateek instrukzio organoari diruz lagundutako jardueren behin betiko programa (edukiak, egunak, hizlariak etab.) aurkeztu beharko diote haiek gauzatu baino lehen eta instrukzio organoak ontzat eman beharko du. Baldintza hori ez dute bete beharko deialdia argitaratu baino lehenago burututako jarduerek.
c) Oinarri arautzaileotan aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.
d) Diruz lagundutako entitateek proiektuen zabalkundean eta publizitatean diru-laguntza nork eman duen adierazi beharko dute, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 211/2010 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat. Izan ere, foru agindu horren 2. artikuluaren baldintza orrokorrak eta 4.1 b) artikuluaren berariazko baldintzak bete beharko dituzte.
e) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak onartzea.
f) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster jakinarazi behar da eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
g) Entitatearen izaera dela-eta, eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko betebeharrak betetzea.
h) Diru-laguntza hartu eta hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen diru-laguntzaren xede den proiektu bakoitzaren betetze-mailaren zenbatekoaren eta nolakoaren gaineko datuak ebaluatzen dituen memoria Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian aurkeztea, horretarako dagoen ereduaren arabera. Eredua Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko bulego nagusietan eta lehen aipatu den web gunean izanen dira entitate interesdunen eskura.
Jardunaldiak egiteko diru-laguntzen kasuan, memoria teknikoa eta ekonomikoa 2011ko abenduaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dira. Diru-laguntza jaso duen jarduera deialdia argitaratu baino lehenago gauzatu baldin bada, entitate onuradunak justifikatzeko agiriak laguntza eman eta hurrengo hilabetean aurkeztu beharko ditu.
Nahi izanez gero, entitate onuradunak bestelako agiriak, idatziak edo grafikoak, aurkezten ahalko ditu, diru-laguntzaren xedeko proiektua ongi gauzatzen ari dela erakusteko.
i) Jasotako funtsen erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.
j) Deialdian eta aplikatzekoak diren legeetan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.
k) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.
14. Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.
14.1. Azpikontratazioa.
Deialdi honetan ezarritako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioak egitea; alegia, beste batzuekin hitzartzea diru-laguntzaren xedeko jarduera partzialki gauzatzea. Diruz laguntzen den jarduera onuradunak berak egiten badu, gastu horien kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo geldituko da.
Diruz lagundu den jardueraren kostuaren %50era arte azpikontratatzen ahalko du onuradunak.
14.2. Hornitzaileen kontratazioa.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, diru-laguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoa 30.000,00 eurotik gorakoa bada, obra egiteko kostuaren kasuan, edo 12.000,00 eurotik gorakoa, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipamendu ondasunen hornidurak edo zerbitzu emateak egiten dituztenean, onuradunak frogatu beharko du emailearen aurrean hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela.
Kasu horietan, entitate onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin gutxienez kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Entitate onuradunak kontsulta tramitearen inguruko dokumentazioa eta eskaintzak gorde egin beharko ditu. Kontu horiek agirien bidez frogatu beharko ditu diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.
Zenbait enpresari kontsulta egitea ez da beharrezkoa izanen, diruz lagun daitezkeen gastuen ezaugarrien berezitasunagatik merkatuan hornidura edo zerbitzua ematen duten enpresak behar adina ez direnean.
15. Baldintzak aldatzea.
Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari.
Salbuespen gisa, diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako proiektuaren edo proiektuen edukia aldatzeko eskatzea, baita hura egiteko modua eta epeak ere, programa gauzatzea eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero.
Proiektua aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi beharko dira; betiere, diruz lagundutako programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen aldaketa orok, administrazioak aldaketa onartzen duen alde batera utzita, diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.
16. Laguntza itzultzea.
Proiektua gauzatu ezik edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak bete ezik, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak bete ezik, jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, osoa edo zati bat. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza korrituak ordaintzeko eskatzea.
Dirua itzultzeko prozedurak aipatu artikuluan xedatutakoari jarraituko dio eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.
Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete ez diren ikusita.
17. Erantzukizuna eta zehapen araubidea.
Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzen entitate onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.
18. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoak diren errekurtso administratiboak.
Deialdiaren, oinarri arautzaileen eta aplikazio egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.
19. Aplikatzekoak diren arauak.
Oinarri arautzaileotan ezarrita dagoenaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak ere aplikatuko dira.
ERANSKINA
Gizarteratze Atalaren helburuen arabera
diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak
1. Gizarteratzeko neurri berritzaileak garatzen dituzten proiektuak, neurri horiek 130/1999 Foru Dekretuan jasoak ez badaude eta Gizarte Bazterketaren aurkako Planeko neurriak aurreikusten badituzte.
2. Gizarte bazterketako prozesuei aurrea hartzea sustatzen duten proiektuak.
3. Gaurko bazterketa egoeren konponbideak eta gizarte bazterketaren forma berriak aztertzen dituzten proiektuak.
4. Gizarte bazterketaren eremuan esku hartzen duten entitateen elkarte sareei edo antzekoei laguntzea.
5. Gizartetik baztertuak diren pertsonentzako akonpainamendu sozialaren arloko prestakuntza teorikoa eta praktikoa jasotzen duten proiektuak, esku-hartze sozialeko profesionalei zuzenduak.
6. Gizarteak baztertzen dituen edo baztertuak izateko arriskua duten pertsonak, beren ezaugarriengatik jarduketa espezializatuak behar dituztenak, gizarteratze zentro okupazionaletan gizarteratu eta lan mundura erakartzeko neurriak garatzen dituzten proiektuak.
7. Populazio osoari, komunikabideei eta eragile sozialei zuzendutako sentsibilizazio jarduerak burutzen dituzten proiektuak.
8. Etxebizitzak erosteko bitartekaritza eta sustapenerako proiektuak, etxebizitza kaxkarren kontrako borrokarako proiektuak.
9. Egoera ahulean dauden etorkinei aldi baterako ostatua emateko baliabideak aurreikusten dituzten proiektuak.
10. Egoera oso ahulean dauden etorkinen gizarteratzea sustatzen duten proiektuak.
11. Gizarte bazterketaren eremuko jardunaldiak egitea.
Iragarkiaren kodea: F1104926
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
