59. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, 2010eko abenduaren 14koa, Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordeak hartua, esku-hartze publikoen kanpoko ebaluazioa egiteko mandatuen formalizaziorako prozedura ezartzen duena.

Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeari buruzko abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legeak ezartzen du politika publikoen ebaluazioa Administrazioak berak egin ahalko duela edo, kanpotik, Ebaluaziorako Foru Batzordeak.

Kanpoko ebaluazio hori Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordeak eginen du, Administrazio bakoitzeko organo eskudunak eskaturik. Horretarako, hitzarmena izenpetu ahalko da eta bertan azalduko dira alde bakoitzaren konpromiso teknikoak, juridikoak, administratiboak eta, halakorik bada, ekonomikoak.

Ebaluaziorako Foru Batzordeak beharrezkotzat jotzen du Nafarroako administrazio publikoek eskatutako kanpoko ebaluazioak egiteko prozedura ezartzea eta horren gaineko txostena egitea. Aipatu hitzarmenean burutuko da.

Hori horrela, Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordeak,

ERABAKI DU:

1. Esku-hartze publikoen kanpoko ebaluazioa egiteko eskaria abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legearen aplikazio esparruan ageri diren administrazio publikoetako edozeinek egin ahalko du (Foru Komunitateko Administrazioa eta haren erakunde autonomoak, Nafarroako toki entitateak eta erakunde publikoak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen aplikazio esparruan sartutako sozietate publikoak, eta foru lege horien arabera sortzen dituzten fundazio publikoak, baldin eta zerbitzu publikoak kudeatzen badituzte edo Nafarroako herritarrentzat interes orokorra duten zerbitzuak ematen badituzte), Nafarroako Atariko Zerbitzuen Katalogoaren bitartez.

2. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Politika eta Zerbitzu Publikoen Kalitatearen Zerbitzua, Ebaluaziorako Foru Batzordeari laguntza ematen dion unitatea den aldetik, eskaria aztertu eta hitzarmena prestatzeko arduraduna izanen da.

3. Mandatuak formalizatzeko prozeduran ezarritako irizpideak betetzen baditu soilik onartuko da eskaria. Horren ondoren, ebaluagarritasunaren azterketa eginen da, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak prestatutako ebaluagarritasunaren protokoloarekin bat (web orrian eskuragarri), eta horren arabera erabaki daiteke mandatua ez onartzea, emaitza negatiboa izanez gero.

4. Mandatuak baldintza guztiak betetzen baditu, hitzarmena izenpetuko da eta bertan azalduko dira alde bakoitzaren konpromiso teknikoak, juridikoak, administratiboak eta, halakorik bada, ekonomikoak, eta ebaluazioa egiteko hurrengo urratsak adieraziko dira.

5. Jarraitu beharreko prozedura Nafarroako Atariko Zerbitzuen Katalogoan azaltzen da.

6. Erabaki hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erakunde publikoetako zuzendari nagusiei eta zuzendari kudeatzaileei jakinaraztea, horren berri izan dezaten.

7. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2010eko abenduaren 14an.-Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordeko burua, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1104987