59. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, 2010eko abenduaren 14koa, Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordeak hartua, Zerbitzuen Gutunen kanpoko ebaluazioa egiteko prozedura ezartzen duena.

Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeari buruzko abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legearen arabera, Zerbitzuen Gutunak zerbitzu publikoen kalitatearen autoebaluaziorako sistemetako bat dira.

Foru lege berak ebaluaziorako bi modalitate ezartzen ditu: autoebaluazioa, unitateak berak eginen duena, eta kanpoko ebaluazioa, Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordeak eginen duena, eta unitate eta erakunde desberdinek egindako autoebaluazioetan oinarritutako azterketa sistematiko bat izanen dena.

Batzorde horrek beharrezkotzat jotzen du Zerbitzuen Gutunen kanpoko ebaluazioa egiteko prozedura ezartzea eta horren gaineko txostena egitea.

Hori horrela, Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordeak,

ERABAKI DU:

1. Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordeak egin behar duen Zerbitzuen Gutunen kanpoko ebaluazioaren xedea da Zerbitzuen Gutunen bitartez ematen diren zerbitzuen kalitatearen autoebaluazioa aztertzea. Azterketa horren bidez egiaztatuko da Zerbitzuen Gutunaren jarraipen, berrikuste eta eguneratze faseak betetzen dituen unitate arduradunak.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren mendeko departamentuen eta erakunde publikoen kasuan, Zerbitzuen Gutunen ebaluazioa ofizioz egin ahalko da, onetsi eta bi urteren buruan.

Gainerako administrazio publikoek, abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legearen aplikazio esparruan ageri direnek (Nafarroako toki entitateak eta erakunde publikoak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen aplikazio esparruan sartutako sozietate publikoak, eta lege horien arabera sortzen dituzten fundazio publikoak, baldin eta zerbitzu publikoak kudeatzen badituzte edo Nafarroako herritarrentzat interes orokorra duten zerbitzuak ematen badituzte), kanpoko ebaluazioa eskatu ahalko diote Batzordeari, horixe komeni dela uste dutenean.

3. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Politika eta Zerbitzu Publikoen Kalitatearen Zerbitzua, Foru Batzordeari laguntza ematen dion unitatea den aldetik, ebaluazioa egiteko arduraduna izanen da.

4. Zerbitzuen Gutunaren kanpoko ebaluazioaren emaitza gutun horren ardura duen unitateari igorriko zaio txosten baten bidez, non adieraziko baita zeintzuk diren puntu indartsuak eta hobetu beharreko arloak konpromisoen definizioari eta horien adierazleei eta jarraipena egiteko aplikatu den metodologiari dagokienez, bai eta, Zerbitzuen Gutunaren bertsio berria prestatzeari begira, komenigarritzat jotzen diren gomendioak ere.

Zerbitzuen Gutunaren ardura duen unitateak 6 hilabete izanen ditu, txosten hori jasotzen duenetik, gutunaren bertsio berria argitaratzeko eta Politika Publikoen eta Zerbitzu Publikoen Kalitatearen Ebaluazioko Erregistroan inskribatzeko. Epe hori bukatutakoan, Zerbitzuen Gutuna indarrik gabekotzat joko da eta ezin izanen da horretan sartu ebaluazio Erregistroaren bitartez.

5. Zerbitzuen Gutunaren kanpoko ebaluaziorako jarraituko den prozedura zehatza Nafarroako Atariaren zerbitzuen katalogoan eskuratu ahalko da.

6. Erabaki hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erakunde publikoetako zuzendari nagusiei eta zuzendari kudeatzaileei jakinaraztea, horren berri izan dezaten.

7. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2010eko abenduaren 14an.-Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordeko burua, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1104986