59. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

174/2011 EBAZPENA, otsailaren 1ekoa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, "Arroizko Udal Planeko aldaketa. AR-4 eremua" onesteari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egin eta ingurumen aldetik egokia dela adierazten duena. Sustatzailea Construcciones José Mari Alegría, S.L. da.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 31.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, udal plan orokorren aldaketek Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, aldaketak onestearekin batera edo lehenago. 2009ko azaroaren 23an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena eman zuen, aldaketa ingurumen ebaluazio estrategiko gisa tramitatu behar zela xedatzen zuena. Ebaluazio horrek ingurumen ondorioen azterlana barne hartu behar zuen, erabilera aldatzetik ondorioztatzen ziren ukipenak eta integrazio neurrien zehaztapena baloratzen zituena.

"Arroizko Udal Planeko aldaketa. AR-4 eremua" izeneko aldaketak Arroizko Udalaren hasierako onespena dauka, 2009ko urriaren 16an egindako osoko bilkuran onetsia eta 2009ko 136. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 4an, eta 2010eko 64. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 26an, egindako iragarkien bidez espedientea jendaurrean jarri zen.

Aldaketaren xedea lurzoruaren sailkapena aldatzea da: nekazaritzako-abeltzaintzako ekoizpen ertaineko lurzoru urbanizaezinetik lurzoru urbanizagarri finkatura, 59 etxebizitza eraikitzeko. Aldaketaren esparruak 27.634,5 m²-ko azalera hartzen du, herrigunea mendebaldetik ixten duen mendi-hegal batean. Esparruaren mugaketak ondoan ditu udalerriko ekipamendu kolektiboen eremua ekialdean eta mendi-hegalaren isurialde aldaketako linea mendebaldean eta hegoaldean.

Ingurumen ondorioen azterlanak arbendolondo eta mahasti sailetarako nekazaritzako esparru horren deskribapen laburra egiten du. Topografia eta paisaia aldaketak eta landare estalduraren erabileraren aldaketa proposamenaren ukipen nagusiak dira. Lurzoru urbanizagarriaren zabalkuntzan kontuan hartu beharreko beste alderdi bat mendi-hegalaren gune gorenean "Gurutze Santuaren muinoa" aztarnategi arkeologikoarekin (Interes Kulturaleko Ondasuna) gainjartzea da.

Paisaia tratamendua eta eraikinaren inguruneko integrazioa antolamendu proposamenera gehitu dira, honela: bideen ibilbidea sestra-kurbetara egokituta, malda naturalak paisaiara egokituta lorategi hormen, berdeguneen eta ezponden bidez, eta etxebizitzak tipologiaren eta eraikuntza bolumenaren arabera antolatuta. Espazio publikoei eta berdeguneei dagokienez, luzetarako pasealeku zuhaiztuna proposatu da, jarduketa eremua eta hiri ingurunea lotuko dituena. Horrez gain, oinezkoentzako zeharkako bi pasealeku, hegalaren erdia eta pasealekua lotzen dituztenak, eta zerrenda berdea, esparrua hego-mendebaldetik inguratzen duena, proposatu dira, lurzoru urbanizaezinaren ondoan.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak proposaturiko aldaketari buruzko txostena egin du, eta, esparruan natura eta ingurumen baliorik ez dagoenez, uste du proposamenaren alderdi garrantzitsuena urbanizazioa mendi-hegalaren topografian integratzea dela, ingurunearen harrera gaitasuna eta iparraldeko eta ipar-mendebaldeko perimetro osoko lurzoru urbanizaezinarekiko ertz eta iragaite eremuak kontuan hartuta.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko txostena ikusirik, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Arroizko Udal Planeko aldaketa. AR-4 eremua" onesteari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egin da eta ingurumenaren aldetik egokia dela adierazi da. Sustatzailea Construcciones José Mari Alegría, S.L. da.

2. Ingurumen ondorioen adierazpen honetarako baldintza izanen da Ingurumen ondorioen azterlanean zehazturiko jarraibideak eta zuzenketa neurriak betetzea, baita hurrengo baldintzak ere:

-Aldaketa hau garatzeko proiektuek mugimendu topografikoak gutxitu beharko dituzte, lur-erauzketak eta lubetak konpentsatuta jarduketa esparru berean eta landare lurren geruzak leheneratuta, berdeguneak sortzeko asmoz. Lur soberakinik badago, hondakindegi baimendu batean kudeatuko dira.

-Lurzoru urbanizaezinaren ondoan ertz eremuak diseinatuko dira, material artifizialen egitura zurrunak sortzea eragotzita.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 23. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Arroizko Udalari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko otsailaren 1ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1102630