59. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

112/2011 EBAZPENA, martxoaren 11koa, Garraioetako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean, 2011. urtean, errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko diru-laguntzen deialdia onesten duena.

Sektoreko enpresek beharrezkoa duten modernizazioaren ondorioz, gomendagarria da errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko diru-laguntzen esparru bat ezartzea.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluaren d) letrak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean, 2011. urtean, errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko diru-laguntzen deialdia onestea. Oinarriak ebazpen honen eranskinean daude.

2. 75.000 euroko gastua onestea, 2011. urteko Gastuen Aurrekontuko "Garraio sektoreko prestakuntza ekintzetarako laguntza" izeneko 62310/630001/4819/441100 kontu-sailaren kargura. Espediente zenbakia: RCSA 2953.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Garraioen Antolamendu eta Kudeaketaren Zerbitzuko Garraioen Ustiapenerako Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatuari.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2011ko martxoaren 11n.-Garraioetako zuzendari nagusia, Susana Labiano Bastero.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko diru-laguntzen deialdiaren oinarriak. Laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz banatuko dira

Lehena.-Xedea.

1. Europar Batasunaren esparruan salgaien eta bidaiarien garraio librea zabaltzearen ondorioz, beharrezkoa da enpresak merkatu berriei erantzun egokia emateko prestatuta egotea, lehiakorrak izatea eta beren eginkizunak kalitatez betetzea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko garraio sektoreari lotutako pertsonentzako prestakuntza edo hobekuntza ekintza, jardunaldi edo ikastaroak antolatzeko eta testu didaktikoak argitaratzeko diru-laguntzetarako oinarri arautzaileak ezartzea. Laguntza horiek bide emanen dute enpresen eta langileen prestakuntza hobetzeko eta, horrela, enpresen kalitatea hobetuko da eta Nafarroan kokatutako garraio enpresen lehiakortasuna handitu eta merkatu berriak irekitzeko aukera izanen da, bereziki Europar Batasunean.

2. Ekintzen, jardunaldien edo ikastaroen edukiak zuzeneko lotura izanen du errepideko garraioarekin eta bukatuak beharko dute egon 2011ko abenduaren 10a baino lehen.

Laguntzetatik kanpo daude lanbide gaitasunaren ziurtagiriak, segurtasun aholkularitzakoak eta salgai arriskutsuak eramateko baimenak erdiesteko ikastaroak.

Bigarrena.-Diru-laguntzen zenbatekoa eta laguntza jaso dezaketen gastuak.

1. Deialdi honek sortzen dituen gastuak 2011. urteko Gastuen Aurrekontuko "Garraio sektoreko prestakuntza ekintzetarako laguntza" izeneko 62310/630001/4819/441100 kontu-sailaren kargura finantzatuko dira.

Lehenengo seihilekoan egiten diren prestakuntza ekintzei dagokien diru-laguntza 45.000 eurokoa da, eta 30.000 eurokoa bigarren seihilekoan egiten direnentzat.

Lehenengo seihilekoan egindako prestakuntza ekintzetarako diru-laguntza 45.000 euro baino gutxiagokoa bada, geratzen den dirua bigarren seihilekoan egindako ekintzak ordaintzeko behar den zenbatekoa osatzeko erabiliko da.

Deialdi honen babesean antolatutako prestakuntza ekintza, jardunaldi edo ikastaroetan, kostuaren %80rainoko diru-laguntza ematen ahalko da.

2. Honako hauek dira diruz laguntzen ahal diren gastuak:

A) Aplikazio zuzeneko gastuak:

A.1.-Irakasle edo hizlariak.

A.2.-Material didaktikoa.

A.3.-Instalazioak alokatzea.

A.4.-Laneko ekipo eta baliabideak.

A.5.-Prestakuntza ekintzaren zabalkundea eta publizitatea.

A.6.-Liburu eta gida didaktikoak argitaratu eta banatzeko kostuak. Diru-laguntzak emanen dira argitaratutako liburu edo giden kopurua Nafarroako Foru Komunitateko garraiolari kopuruaren araberakoa denean.

B) Ekintzaren kostua kalkulatzeko agiri bidez justifikatutako gastuak (A atalekoak) hartuko dira kontuan, gehi ehuneko hamarra, justifikatzen zailak diren gastuetarako (antolakuntza, administrazioa, gutuneria eta beste).

C) Erabili beharreko instalazioak prestakuntza ekintzak ematen dituen entitatearenak direnean, ehuneko hamar gehiago erantsiko zaie instalazioen amortizazio, argi, ur, kontribuzio eta abarren kostuengatik justifikatzen diren gastuei (A atalekoei).

Aurreko ataletan aipatu diren kontzeptuetarako soilik emanen da diru-laguntza.

Parte-hartzaileentzat dohainik ez diren ekintza, ikastaro, mintegi edo jardunaldien kasuan, entitate antolatzaileak izandako diru-sarreren berri eman beharko du, horiek gehi ematen den diru-laguntza ekintzaren kostua baino handiagoa izan ez daitezen.

Hirugarrena.-Diruz lagun daitezkeen gastuetarako mugak.

Agiri bidez frogatu behar diren gastuen artean (bigarren oinarriko 2.A) atalean zehaztuak) honako muga hauek ezarri dira gastuak hobeki arrazionalizatzeko eta lortu nahi diren helburuei hobeki egokitzeko.

1.-Irakasleen edo hizlarien gastuan zerbitzu-sariak eta joan-etorri, egonaldi eta mantenu gastuak sartuko dira. Jardunaldien kasuan, diruz lagun daitezkeen kostuak pertsona eta orduko 200,00 euro izanen dira gehienez zerbitzu-sariak direla-eta. Kopuru hori handitzen ahalko da, Garraio Zuzendaritza Nagusiaren ustez justifikatuta dagoenean hizlariaren kualifikazio bereziarengatik.

Laguntza eskatzen duen entitateko langile soldatadunek ematen dituzten ikastaro edo hitzaldien kasuan, justifikatutako lan kostura mugatuko dira. Entitateko bazkideek ematen dituztenean, berriz, 200,00 euro orduko izanen dira gehienez.

2.-A) ataleko gainerako kontzeptuen gastuak proposatzen diren ekintzekiko proportzioa izan beharko du.

Laugarrena.-Onuradunak.

Diru-laguntzak jasotzen ahalko dituzte legearen arabera eratuak eta Nafarroako Foru Komunitatean helbideratuak dauden garraiolari elkarteek edo irabazi asmorik gabeko entitate publiko zein pribatuek.

Ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako kasuren batean dauden elkarte edo entitateei.

Bosgarrena.-Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea.

1. 2011ko lehenbiziko seihilekoan egin nahi diren prestakuntza ekintzetarako, eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2011ko bigarren seihilekoan egin nahi diren prestakuntza ekintzetarako, eskabideak aurkezteko epea 2011ko ekainaren 1etik 20ra bitartekoa izanen da.

Eskabideak, II. eranskinean ageri den ereduaren araberakoak, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan duen bulegoan aurkeztu beharko dira (Iruñeko San Ignazio etorbidea, 3, behea, Iruña), edo, bestela, 2009ko 33. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 18koan, argitaratu zen Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren iragarkian aipatutako Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren edozein bulegotan, edo Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako erregistro edo bulegoetan.

2. Eskabidearekin batera, ondoko agiri hauen jatorrizkoak nahiz notario batek edo administrazioak kautotutako fotokopiak aurkeztuko dira:

2.1. Hirugarren oinarrian eskatzen diren beharkizunak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa:

a) Kasuan kasuko erregistroan inskribatua izatearen egiaztagiria.

b) Elkartea edo entitatea eratzeko akta edo eskritura eta estatutuak.

c) Elkartearen edo entitatearen izenean eskaera aurkezten duen pertsonaren ordezkaritza frogatzeko agiria.

d) Identifikazio fiskaleko txartela.

e) Nafarroako Foru Komunitateko garraioaren sektorean duen ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Foru Komunitateko Administrazioak lehendik dituen datuak badira, a), b), c), d) eta e) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik ez dago. Kasu horietan, entitatearen ordezkariaren erantzukizuneko aitorpen bat egiten ahalko da, agiri horiek aurkeztu zirenetik aldaketarik ez dutela izan azaltzeko.

Eskabide hau aurkezteak berarekin dakar Garraioen Antolamendu eta Kudeaketaren Zerbitzuari baimena ematea, laguntza emateko ebazpenaren proposamena egiten den unean onuradunak zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko behebeharrak eguneratuak dituela egiaztatzeko behar diren datuak kontsulta ditzan.

2.2. Egin beharreko jarduerei buruzko dokumentazioa:

a) Egin beharreko jarduerak azaltzeko memoria eta horiek egiteko aurreikusten den egutegia.

b) Irakasleak. Ikastaroak eman behar dituzten pertsonen izena eta lanbide kualifikazioa azaldu beharko dira.

c) Jarduera bakoitzeko aurreikusten diren gastuen aurrekontua, sailez sail xehetua. Jarduerak finantzatzeko baliabideak edukiz gero, aipatu egin beharko dira.

Diru-laguntza zenbat ekintzatarako eskatzen den, haietako bakoitzean azalduko dira datu horiek, II. eranskineko eredua erabiliz; interesdunek Garraioen Antolamendu eta Kudeaketaren Zerbitzuko bulegoetan (Alondegi kalea, 1, 2. solairua, 31002 Iruña) jasotzen ahal dute eredua. Halaber, eskuratzen ahalko da Interneten (Nafarroako Gobernuaren ataria: www.navarra.es zerbitzuen, gaien, garraioaren atalean).

3. Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari hamar eguneko epean zuzen dezala eskatuko zaio, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko zaiola.

Garraioen Antolamendu eta Kudeaketaren Zerbitzuak eskaerari buruzko ebazpena emateko beharrezko dituen argibide edo agiriak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileari noiznahi.

Seigarrena.-Baloraziorako irizpide objektiboak.

1. Diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko kontuan hartuko dira aurrekontuetan dagoen dirua, aurkeztutako eskabideen kopurua, ekintzen kalitatea, bai eta ekintzaren inguruko beste inguruabar sozioekonomiko batzuk ere, eta ondoko hauek izanen dira gehieneko puntuazioak eta irizpide objektiboak:

a) Eginen diren ekintzak:

-Ikastaro eta mintegiak: 20 puntu.

-Jardunaldiak: 15 puntu.

-Prestakuntzarako liburu, gidaliburu edo bestelako materialen argitalpena: 20 puntu.

b) Eskatzaileak Nafarroako Foru Komunitateko garraio sektorean duen ordezkaritza: gehienez ere 20 puntu.

c) Proposatzen diren helburuek bat egiten ote duten Foru Komunitateko garraioen esparruko prestakuntzaren, sustapenaren eta zabalpenaren arloetan dauden beharrekin:

-Errepideko garraioari buruzko berariazko gaiak: 15 puntu.

-Garraio enpresa bat kudeatu edo bertan lan egiteko balio dezaketen bestelako gaiak: 10 puntu.

d) Irakasgaien, irakasleen eta programen ezaugarriak edo egin beharreko jardueren kalitatea: gehienez ere 20 puntu.

e) Jarduera osoaren kostua, kontuan hartuta haren iraupena eta edukia: 25 puntu.

2. Diru-laguntzaren zenbatekoa bigarren oinarrian ezarritakoari jarraikiz kalkulatu eta irizpide hauek aplikatuz lortutako puntuazioen arabera ponderatuko da.

3. Hala kalkulatutako diru-laguntza kopuruak aurrekontuan erabilgarri dagoen dirua baino handiagoak badira, hainbanaketa eginez esleituko da azken kopurua.

Zazpigarrena.-Ebazpena emateko eskumena eta epea.

1. Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, Garraioen Antolamendu eta Kudeaketaren Zerbitzuari eman zaio prozedura antolatu eta izapideak egiteko eskudantzia, baita aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz eskaerak ebaluatzekoa ere.

Ebaluazioa egin ondoren, laguntzak emateko proposamena Garraioetako zuzendari nagusiari igorriko zaio. Proposamenean adieraziko dira diru-laguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten onuradunak, bai eta diru-laguntzaren xede diren jarduerak, balorazio irizpideen ponderazioa eta eskaera bakoitzari eman beharreko diru-kopurua ere.

2. Garraioetako zuzendari nagusiak diru-laguntzak emateko ebazpena emanen du. Ebazpena gehienez ere hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori espresuki ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, interesdunek eskaera ezetsi egin dela ulertuko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Zortzigarrena.-Onuradunen betebeharrak.

1. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako beharkizunak bete beharko dituzte.

2. Diruz lagundutako prestakuntza ekintzetakoren bat egin ezean, onuradunek horren berri eman beharko diote Garraioen Antolamendu eta Kudeaketaren Zerbitzuari, ez egiteko arrazoiak azalduta.

Diruz lagundutako ekintza bat edo gehiago egin behar ez badira, entitate onuradunak eskatzen ahal dio Garraioen Antolamendu eta Kudeaketaren Zerbitzuari, Erregistro Orokorraren bitartez, deialdiko baldintzak betetzen dituzten beste batzuekin ordezkatzeko, hasi baino 10 egun lehenago gutxienez, eta hasi aurretik kontrakorik adierazten ez bada ordezkatzea onartu dela ulertuko da, baina emandako diru-laguntzaren zenbatekoa ez da handituko. Ez da diruz lagunduko onartuta dagoen ekintza bat ordeztuko duena, aldez aurretik jakinarazten ez bada.

3. Diru-laguntza jasotzen dutenek Garraioen Antolamendu eta Kudeaketaren Zerbitzuari jakinaraziko diote, ekintza hasi baino gutxienez hamar egun lehenago, ekintza hori non eginen den, bai eta aurreikusten diren egutegia eta ordutegia ere, aurkeztutako eskabidean datu zehatzak ageri ez badira edo aldaketaren bat izan badute, zerbitzu horretako funtzionarioek haren garapenaren segimendua egin dezaten. Liburuak, gidaliburuak eta abar argitaratuz gero, haien maketa aurkeztu beharko da aurretik, deialdian ezarritako helburuarekin bat datozen baloratzeko. Puntu honetan adierazitakoa bete ezean ezin izanen da ekintzari dagokion diru-laguntzaren ordainketa eskatu.

4. Onuradunak jarduera berbererako beste administrazio edo entitate baten bestelako diru-laguntzarik eskatu edo jasotzen badu, haren berri eman behar dio Garraioen Antolamendu eta Kudeaketaren Zerbitzuari.

5. Publizitatean eta edozein argibidetan, Nafarroako Gobernuaren komunikazio arloko araudia aplikatuko da, indarrean dagoena. Diruz lagundutako jardueren xedeko dokumentu guztietan, Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartu beharko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat. Halaber, deialdi honen barnean egindako jarduerak zabaltzeko ekintzetan, espresuki adieraziko da Nafarroako Gobernuak, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren bitartez, parte hartu duela. Komunikabideak bertan direla egiten diren ekintzetan, Garraio Zuzendaritza Nagusia gonbidatu beharko da bertara joateko, eta zuzendaritza horrek egokia iruditzen zaion pertsona bidaliko du.

Bederatzigarrena.-Gastuen justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

1. Diru-laguntzen onuradunek 2011ko uztailaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dituzte 2011ko lehen seihilekoan egindako prestakuntza ekintzei dagokien ordaintzeko eskaera eta epe horretan egindako ekintzen gastuen eta diru-sarrerren frogagiriak, eta 2011ko abenduaren 15a baino lehen gainerako prestakuntza ekintzei dagokiena.

Frogagiriak epe horietatik kanpo aurkezteak kasuan kasuko kontzeptuei dagokien diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du.

Prestakuntza ekintza, jardunaldi edo ikastaroen diru-laguntzak dokumentazioa zuzen aurkeztu eta gero ordainduko dira.

2. Onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Memoria, jardueraren nondik-norakoei eta aprobetxamenduari buruzkoa. Ikastaroa izanez gero, eman duten irakasleek sinatu beharko dute memoria hori.

b) Irakasleen nortasun datuak eta kualifikazioa, ikastaroen kasuan.

c) Egindako jardueretako parte-hartzaileei buruzko informazioa. Ikastaroetan parte hartu dutenen zerrenda, beren izena eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia, eta asistentzia orriak, behar bezala sinatuak.

d) Egindako gastuen eta ordainketen frogagiriak. Egindako ekintza, jardunaldi edo ikastaroei zuzen-zuzenean loturiko gastuak baino ez dira aintzat hartuko. Prestakuntza ekintza entitatearen beraren langileekin antolatua baldin bada, entitate onuradunak agiri bidez justifikatu beharko du, bai parte hartu duten langileen soldataren kostu gordina, bai haiengatik enpresaburuek Gizarte Segurantzari ordaindutako kuota.

e) Matrikulengatik izandako diru-sarrerak.

f) Entitate onuradunaren ordezkariaren aitorpena, zeinean berretsiko baitu egindako ekintzarako ez duela inolako laguntzarik jaso beste organismo edo erakunde publikoren baten eskutik.

g) Ekintza egiteko hornitzaileen kontrataziorako 12.000 euro baino gehiago behar baldin badira, diru-laguntzaren onuradunak erantzukizuneko aitorpena aurkeztuko du, jarduera egiteko hornitzaileen kontratazioa eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz egin dela azaltzeko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Agiri guztiak ekarri ondoren, Garraioen Antolamendu eta Kudeaketaren Zerbitzuak aztertuko ditu, eta bidezkoa bada, behar den diru-laguntza ordainduko da.

Hamargarrena.-Ez-betetzeak.

Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, eta legez ezarritako gainerako kasuetan, jasotako zenbatekoak osorik edo hein batean itzuli beharko dira.

Aurreko atalean aurreikusten dena ezertan galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokien guztian Diru-laguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluak eta hurrengoek xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hamaikagarrena.-Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, Estatukoek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.

Hala ere, emandako zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntza batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Hamabigarrena.-Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Emandako diru-laguntzak eta haien onuradunen zerrenda argitara emanen dira Nafarroako Gobernuaren atarian: www.navarra.es zerbitzuen, gaien, garraioaren atalean.

Hamahirugarrena.-Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dute, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, hura argitaratu edo delako egintza jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena:......................, NAN/IFZ: ................., helbidea: .............................., kalea: .........................., posta kodea: .........., telefonoa: ......................, bere izenean edo ondoko honen izenean (bidezko ez dena ezabatu): ..................... NAN/IFZ: ........... , helbidea: .............................. , kalea: ............................, posta kodea: ................, telefonoa: ......................, eskabidea aurkezten du Nafarroako Foru Komunitatean, 2011. urtean, errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko diru-laguntzen deialdirako, Garraioetako zuzendari nagusiak ..............(e)ko ...........aren ......(e)an emandako ....../2011 Ebazpenaren bidez onetsitako oinarriei jarraikiz. (2011ko ..... Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ...............aren ......(e)koa).

Eta, oinarri arau-emaileetan ezarritakoarekin bat:

1) Aditzera ematen du ez dagoela sarturik Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan.

2) Deialdiaren 4. oinarrian, 2.1 atalean, eskatutako dokumentazioa aurkezten du edo adierazten du dokumentazio hori Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko ........................ Departamentuan aurkeztu zela, eta adierazten du dokumentazio horretan aldaketarik ez dela izan (ezabatu behar ez dena).

3) Garraioen Antolamendu eta Kudeaketaren Zerbitzuari baimena ematen dio laguntza emateko ebazpenaren proposamena egiten den unean onuradunak zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko zorrik ez duela egiaztatzeko behar diren datuak kontsulta ditzan.

4) Egin beharreko jarduerari buruz laugarren oinarriaren 2.2 atalean eskatutako dokumentazioa aurkezten du, ekintza bakoitzerako ondoko datu hauek zehaztuta:

Iruñean, 2011ko ................ (a)ren .... (e)an.

(Sinadura)

III. ERANSKINA

Ikastaroaren edo jardueraren izena:

EGITEA KOMENI DELA AZALTZEKO MEMORIA

Helburua

Bete nahi diren beharrak

Eskura dauden baliabideak

Eskatutako diru-laguntza

AZALPEN MEMORIA

Ikastaro/mintegi/ekintzaren egitaraua

Egiteko eguna eta tokia

Irakasleak

Aurreikusten diren parte-hartzaileak

Aurrekontu zehaztua

Diru-sarrera aurreikusiak: Matrikulengatik

Bestelako diru-laguntzengatik

.................(e)n, 2011ko .............aren ..............(e)an.

(Sinadura)

Iragarkiaren kodea: F1104565