59. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

13E/2011 FORU AGINDUA, martxoaren 1ekoa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko kontseilariak emana, "Arte eta kultur entitateentzako" laguntzen deialdiko oinarri arautzaileak onesten dituena.

Ikusirik Kultur Ekintza Zerbitzuak egindako txostena, non proposatzen baita "Arte eta kultur entitateentzako" diru-laguntzen deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, 200.000 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta kontuan harturik hala helburua nola baldintzak betetzen direla, bai eta gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen betebeharrak ere, eta kontuan harturik, halaber, espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. "Arte eta kultur entitateentzako" laguntzen deialdia onestea.

2. "Arte eta kultur entitateentzako" laguntzen oinarri arautzaileak onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan hartuta:

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

200.000,00

G/A20002/4816/334102: hitzarmenak arte eta kultur entitateekin

2011

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2011ko martxoaren 1ean.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

GARRANTZI BEREZIKO ARTE ETA KULTUR ENTITATEEI JARDUEREN PROGRAMAK EGITEKO EMANEN ZAIZKIEN DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIKO OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Diru-laguntzen xedea eta helburua.

1.1. Diru-laguntzen xedea da Nafarroan artearen eta kulturaren esparruan garrantzi berezia duten arte eta kultur entitateei laguntzea, 2011. urtean.

1.2. Laguntzak jasotzen dituzten entitateekin izenpetzen diren hitzarmenetan ezarritako epeen barnean egin beharko dira diru-laguntzaren xede diren proiektuak.

1.3. Laguntza horien helburu nagusia Nafarroako kultur ekintza eta arte jarduera biziagotzea izanen da, entitateei urteko jarduerak egiten lagunduz eta haien jardueretatik bereziki interesgarritzat jotzen direnak bultzatuz.

2. Aurrekontuko kontu-saila eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

2.1. Diru-laguntza hauek, gehienez ere 200.000 euro, Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2011ko gastuen aurrekontuko "Arte eta kultur entitateekin hitzarmenak egitea" izeneko kontu-sailaren kargura finantzatuko dira.

2.2. Laguntzaren zenbatekoa proiektuak lortzen duen puntuazioaren araberakoa izanen da, onartzen den aurrekontuaren %75ekoa gehienez ere.

3. Diruz lagun daitekeen gastua.

Diruz lagun daitekeen gastutzat jotzen da entitatearen funtzionamenduaren eta jardueren programa egitearen ondoriozkoa.

Ez da inoiz onartuko azpiegitura edo ekipamenduetako inbertsioetatik heldu diren gastuen fakturarik.

4. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

4.1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako betebehar orokorrak.

4.2. Deialdi honetako laguntzak irabazi asmorik gabeko arte eta kultur entitateek eska ditzakete, Nafarroako aurrekontu orokorretan kultur ekintzen esparruko jarduerak egiteko euren izenean kontu-sail bat duten entitateek izan ezik, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) 2010eko urtarrilaren 1a baino lehen legez eratutako entitate bat izatea.

b) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan izatea.

c) Epez epe eta erregularki egitea Kultura Zuzendaritza Nagusiak esleiturik dituen eginkizunekin lotura duten arte eta kultur jarduerak.

d) Entitatearen egoera ekonomikoa zertan den noiznahi jakiteko moduko kontabilitatea izatea.

5. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

5.1. Laguntza eskaerak, oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduarekin bat eta beharrezkoak diren agiriak erantsita, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuan aurkeztuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedu Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

5.2. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak identifikazio datuak biltzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko agiriak aurkezten ez badira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio okerra zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkeztu ditzala hamar eguneko epean, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda, lege beraren 42. artikuluan ezarritako moduan.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Eskaerak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Deialdi eta Laguntza Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

6.2. Kulturako zuzendari nagusiak izendatutako batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Kide hauek osatuko dute batzordea:

a) Batzordeburua: Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria eta, bera izan ezean, Liburutegien Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordekideak: Programa Artistikoen Ataleko goi mailako teknikari bat, Nafarroako Kulturaren Kontseiluko bi kide, eta kultur kudeaketako profesional bat.

c) Idazkaria: Deialdi eta Laguntza Ataleko burua eta, bera izan ezean, Programa Artistikoen Ataleko burua, hitza eta botoa izanik.

Batzorde horrek eskaerak ebaluatuko ditu, eta haren irizpena lotzailea izanen da. Deialdi eta Laguntza Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

Kultur Ekintza Zerbitzuak eskaturik, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.

7. Norgehiagokako prozeduraren balorazio irizpideak.

7.1. Aurkeztutako eskaerak baloratzeko eta laguntzaren zenbatekoa zehazteko, batzordeak irizpide hauek izanen ditu kontuan:

a) Onartutako jarduera programaren izaera eta kalitatea, 70 puntu.

-Bereziki baloratuko da programaren kalitatea eta berrikuntza eta Nafarroan artea eta kultura garatzeko egiten duen ekarpena.

-Proiektuetan 25 puntu baino gutxiago lortzen duten eskatzaileak zuzenean baztertuko dira.

b) Proiektuen bideragarritasuna, 30 puntu.

-Aurrekontua jardueren programarako egokia den eta programaren bideragarritasun ekonomikoa baloratuko da.

-Proiektuetan 10 puntu baino gutxiago lortzen duten eskatzaileak zuzenean baztertuko dira.

7.2. Ez dute inolako laguntzarik jasoko puntuazio osoaren %50 lortzen ez dutenak.

7.3. Batzordeak aholkua eskatzen ahal die gai honetan kualifikatuta dauden pertsona fisikoei edo entitate pribatuei. Halaber, erabakiak hobeki hartu ahal izateko, argibide gehiago eska diezaieke eskatzaileei, baita eskatzaileak berak agertzea ere.

8. Laguntza emateko ebazpena.

8.1. Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita sei hilabeteko epean, laguntzak emateko.

Epe horretan ebazpen espresik izaten ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

8.2. Deialdi honen bidez ematen diren laguntzak Kultura Zuzendaritza Nagusiaren eta entitate onuradunaren arteko lankidetza akordio baten bidez arautuko dira. Deialdiaren ebazpenetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez firmatu beharko dira hitzarmenak.

8.3. Diru-laguntza emateko prozeduran ematen diren ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web orriaren bidez (http://www.navarra.es/home_es/servicios/buscador avanzado/) eginen dira. Horretaz gainera, eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, eskabidean jartzen duen helbide elektronikoaren bidez.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko iragarki oholean ere jarriko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea, 39, Iruña).

Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

Deialdi honi buruzko edozein jakinarazpen Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Erregistroaren bitartez bideratuko da (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako edozeinen bitartez.

9. Onuradunen betebeharrak.

9.1. Deialdi honen barnean diruz laguntzen den proiekturako soilik erabiliko da laguntza eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako beharkizunak beteko dira.

9.2. Diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu izan den Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Deialdi eta Laguntza Atalean frogatu beharko da.

9.3. Deialdi eta Laguntza Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu. Proiektuan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da; zerbitzu horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.

9.4. Jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela aipatu beharko da. Aipamen hori Nafarroako Gobernuko Argitalpen Zerbitzuaren jarraibideen arabera egin beharko da (publicaciones@navarra.es posta elektronikoaren bidez edo http://www.navarra.es/home_es/servicios/ficha/1900/Simbolo oficial del Gobierno de Navarra webgunearen bidez), kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jarduera bukatu bitartean izanen da agerian.

9.5. Noiznahi ere onartzea Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Deialdi eta Laguntza Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

9.6. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Deialdi eta Laguntza Atalari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

9.7. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, deialdietako oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistroak edukitzea.

9.8. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

10. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

10.1. Laguntzak jasotzen ahal dituzten entitateen eta arte eta kultur jardueraren izaera kontuan harturik, bidezkoa da emandako kopuruaren aurrerakinak ordaintzea.

10.2. Laguntzak, oro har, eta kasu bakoitzean erabakitzen ahal dena galarazi gabe, bi epetan ordainduko dira: %25a, kontzesioa egiten denean, aurrerakin gisa, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak baimena emandakoan, eta lankidetza akordioa sinatu ostean, eta beste %75a, jarduera bukatu eta Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena emandakoan.

10.3. Hori hala izanik ere, onuradunek beste aurrerakin bat eskatzen ahalko dute, laguntzaren %25ekoa, baina horretarako lehenengo aurrerakina justifikatu beharko dute, oinarri arautzaile hauen 10.4 puntuan ezarritako moduan.

10.4. Onuradunek, oro har, eta kasu bakoitzean erabakitzen ahal dena galarazi gabe, ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte Deialdi eta Laguntza Atalean, 2011ko abenduaren 2ra arte, egun hori barne dela:

a) Diruz lagundutako jardueren memoria eta balantze ekonomikoa.

b) Gastuen zerrenda, diruz lagundutako kontzeptuen araberakoa, zeinean enpresa, kopurua eta fakturaren zenbakia agertuko baitira, zehatz eta kontzeptutan banatuta.

c) Egindako gastuaren frogagiriak, jatorrizkoak (edo, halakorik ez bada, fotokopia konpultsatuak). Faktura horiek Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuari jarraikiz egin beharko dira. Ez da inoiz onartuko azpiegitura edo ekipamenduetako inbertsioetatik heldu diren gastuen fakturarik.

10.5. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu behar da. Halaber, emandako diru-laguntzaren zenbatekora iritsi beharko dute, gutxienez, ordainagiriek.

10.6. Laguntzaren azken likidazioa egiteko lankidetza akordioan aipatzen den ehunekoa aplikatuko zaie onartutako gastuen frogagiriei, jarduera burutu eta gero.

11. Diru-laguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

11.1. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin batera helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

11.2. Beste entitate batzuek emandako diru-laguntzarik edo laguntzarik eskuratzen baldin bada, onartutako laguntza aldatzen ahalko da, laguntza guztien zenbatekoak diru-laguntzaren xede den jardueraren kostua gainditzen badu.

12. Laguntza itzultzea.

Onuradunak programa gauzatu duela behar bezala justifikatu ezik, pagaturiko laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatzen ahalko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik itzultze egunera arte sortutako berandutza interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legeko 35. artikuluarekin bat.

13. Arau-hausteak eta zehapenak.

13.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

13.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

14. Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.

15. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua
(bikoizturik aurkeztu)

Izen-deiturak:.................................... NAN/IFZ:

Helbidea (herria): ..................... Kalea:

P.K.: ............. Telefonoa: ............................................... helbide elektronikoa: ............................, bere izenean edo ............................. ordezkatuz (behar ez dena ezabatu)

Izen-deiturak: ............................ NAN/IFZ:

Helbidea (herria): .................................. Kalea:

P.K.: ............................ Telefonoa: Helbide elektronikoa: ........................... Aurkezten du:

Garrantzi bereziko arte eta kultur entitateei 2011n laguntzak emateko eskabidea, ............... (e)k ............ (e)ko ........ aren ......(e)ko ..../2011 Foru Aginduaren bidez onetsitako oinarriei jarraikiz (2011ko ..... Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ..............aren ....(e)koa).

Norako: Deialdi eta Laguntza Atala.

Eta, oinarri arau-emaileetan ezarritakoarekin bat:

1. Haietan agindu bezala, agiri hauek aurkezten ditu:

a) 2010eko urtarrilaren 1a baino lehen legez eratutako entitate bat dela frogatzeko agiria.

b) Helbide sozial eta fiskala Nafarroan duela frogatzeko agiria.

c) Entitatearen urteko jardueren programa eta jarduera horien aurrekontu zehaztua.

d) Aurreko c) puntuan aipatu programa gauzatzeko finantziazio plana.

e) Aurreko urtean egindako jardueren memoria zehaztua eta jarduera horien balantzea. Ez dute halakorik aurkeztu beharko 2010. urtean hitzarmena sinatu zuten entitateek.

f) Aurreko urtean hitzarmen eta diru-laguntza gisa jasotako dirua azaltzeko zinpeko aitorpena.

g) Kontuen egoera.

h) Entitate bakoitzak bere eskabidea oinarritzeko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentu guztiak, edo Deialdi eta Laguntza Atalak berariaz eskatzen dizkionak.

2. Aditzera ematen du ez dagoela sarturik Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan.

3. Datuak eguneratzeari dagokionez, aditzera ematen du Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari idatziz jakinaraziko diola, 15 eguneko epean gehienez, adierazpen honetan zehaztutako diru-laguntzetan izaten den edozein aldaketa.

4. Diru-laguntzarako eskaeran azaltzen den proiektuari dagokionez adierazten du:

-Ez duela eskuratu edo eskatu administrazio honen, beste administrazio publiko batzuen, beste erakunde publiko edo pribatu batzuen edo partikularren, Estatukoen edo nazioartekoen, inolako diru-laguntzarik.

-Administrazio honen, beste administrazio publiko batzuen, erakunde publiko edo pribatuen nahiz partikularren, Estatukoen edo nazioartekoen, diru-laguntza hauek eskuratu/eskatu dituela:

ZEIN ENTITATERI ESKATU ZION LAGUNTZA

ESKATUTAKO

DIRU-KOPURUA

DIRU-LAGUNTZAREN EGOERA

(eskatua/emana/ordaindua)

5. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen hemezortzigarren xedapen gehigarriko 3. idatz-zatian xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berarekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea Zerga Administrazioko Estatu Agentziak, Nafarroako Zerga Ogasunak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak luzatu beharreko ziurtagiriak eskatzeko.

6. Eskabide honekin batera emandako datuen tratamendua Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplika litezkeen gainerako arauetan xedatutakoari lotuko zaio. Datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuan gauzatuko dira, aipatutako legeriari jarraikiz betiere.

............................(e)n, 2011ko ........................aren ...........(e)an. (Sinadura)

Izen-deiturak

NAFARROAKO GOBERNUA. VIANAKO PRINTZEA ERAKUNDEA-KULTURA ETA TURISMO DEPARTAMENTUA.

Iragarkiaren kodea: F1104089