59. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

257/2011 FORU AGINDUA, martxoaren 10ekoa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan ordutegia apurka malgutzeko neurriak ezartzeko jarraibideak onesten dituena.

Abenduaren 27ko 624/1999 Foru Dekretuak Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen lanaldiaren urteko lanordu-kopurua zehazten du: 1592 ordu. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileentzat, eguneko banaketa zehatza urte bakoitzerako ezartzen da Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren foru aginduaren bidez.

Zehazki, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 20ko 782/2010 Foru Aginduak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen 2011ko lan egutegia onesten du. 2. artikuluan urteko lanorduen banaketa ezartzen du: astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da. 8:00etatik 15:00ak arte nahitaez aritu beharko da, eta 7:40tik 8:00ak arte eta 15:00etatik 15:20 arte langileek malgutasuna izanen dute.

Ekainaren 25eko 266/2008 Foru Aginduaren bitartez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari atxikitako langileei aldi baterako eta modu esperimentalean lanaldi malgua ezartzea baimendu zen.

2010eko martxoaren 26an Administrazioak eta sindikatuek Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen 2010. eta 2011. urteetarako lan baldintzei buruz sinatutako akordioan, bizitza pertsonala eta familiakoa bateragarri egiteko neurrien artean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unitate jakin batzuetan langileen lan ordutegia malgutzeko neurriak ezartzea aipatu zen, sistemak nola edo hala eguneko lanaldia betetzeko beharkizuna malgutzeko aukera kontuan hartuko duelakoan.

Akordioaren atal hori garatzeko, akordioan bertan aurreikusten den Batzorde Paritarioan lan ordutegia apurka malgutzeko neurriak ezartzeko jarraibideak negoziatu dira, eta batzordea osatzen duten sindikatu guztiak ados agertu dira.

Horregatik guztiagatik, zerbitzu publikoa kaltetu gabe enplegatu publikoen lan bizitza eta familiakoa bateragarri egiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 42.1 artikuluak ematen didan ahalmena baliaturik, bidezkoa da Administrazio honen zerbitzuko langileen lan ordutegia malgutzeko jarraibideak onestea. Jarraibide horiek Departamentu zein erakunde autonomo batzuetan eta besteetan apurka ezarriko dira, foru agindu honetan ezartzen diren eskakizun eta bermeak betetakoan.

Hori horrela, aipatu 42.1 artikuluan xedatuta dagoenaren arabera, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleituak ditudan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan ordutegia apurka malgutzeko neurriak ezartzeko jarraibideak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan ordutegia apurka malgutzeko neurriak ezartzeko, jarraibide hauek bete beharko dira:

A) Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, orokorrean, 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da.

Laneko ordutegiaren zati finkoa, langile guztiek lanpostuan nahitaez egotea eskatzen duena, 9:00etatik 14:30era bitartekoa izanen da, astelehenetik ostiralera.

Eguneko lanaldia osatu arte geratzen den denbora, 1 ordu eta 50 minutu, 7:30etik 9:00etara eta 14:30etik 17:00etara eginen da, enplegatuak aukeratzen duena, malgutasunez.

Aipatu lanaldi malgua, eguneko lanaldiak urte osorako modu orokorrean finkatu den lanaldiaren banaketaren ondorioz jasan ditzakeen aldaketen mendean egonen da.

B) Orduen malgutasunerako berariazko neurri gisa honako hau ezartzen da: haien ardurapean adineko pertsonak, hamabi urtetik beherako seme-alabak -edo adin hori betetzen duteneko Lehen Hezkuntzako ikasturtea amaitu arte-, ezgaitasunen bat duten pertsonak edo eritasun larriak dituzten ahaideak -bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezkoak- dituzten enplegatuek, lanpostura egunero sartzeko malgutasuna ordu erdi atzeratzeko eskatzen ahalko dute, hau da, 9:30a arte.

Eskari hori organo eskudunek aintzat hartuko dute, baldin eta zerbitzuen funtzionamendu egokia bermatuta badago, eta enplegatuak behar bezala egiaztatzen badu neurri horrek bere familiako bizitza eta bizitza pertsonala bateragarri izaten erraztuko duela.

C) Enplegatu bakoitzak modu jarraituan gehienez 10 orduko saldo positibo edo negatiboa izaten ahalko du 7 ordu eta 20 minutuko lanaldiarekiko. Saldo hori egunero eguneratuko da presentzien kontrolerako sisteman.

10 orduko saldo positibo hori gainditzen duen denbora ez da ezertarako ere zenbatuko sisteman, eta ez inola ere konpentsatuko.

10 orduko saldo negatibo hori gainditzen duen denborak nominan dagozkion ordainsariak automatikoki deskontatzea ekarriko du.

D) Langileek lanaldiaren barnean gehienez hogeita hamar minutu iraunen duen atsedenaldia izanen dute. Atsedenaldi horrek ez dio eraginen zerbitzu emateari, eta orokorrean, 10:00etatik 13:00etara hartzen ahalko da.

Egindako atsedenaldiak ezarrita dagoen iraupena gainditzen badu, gehieneko denbora gainditzen duen zatia aurreko atalean ezarri den enplegatuaren saldo negatiboan egotziko da.

E) Ausentziak, lanpostura berandu iristea eta lanpostuan behar den denboran ez geratzea, aurreko atalean azaldu den atsedenaldia alde batera utzita, beti justifikatu beharko dira, eta dagokion buruak aurretiaz eta espresuki baimendu beharko ditu.

F) Lanaldia lan egutegiaren doikuntzengatik murriztu behar den kasuetan, murrizketa ahal dela lanaldiaren azken zatian aplikatuko da.

Aurreko paragrafoan ezarrita dagoen irizpidearen salbuespena herriko zaindariaren jaien bezperako lanaldiaren murrizketa da. Egun horretan, ezarrita dagoen lanaldi osoa 12:00ak baino lehen bete beharko da.

G) Orokorrean, ordutegi malguan ematen diren zerbitzuak eguneko ohiko lanaldian egotziko dira. Hala ere, behar bezala justifikatutako salbuespen kasuetan, administrazio organo eskudunek ordu-tarte horretan aparteko orduak egitea baimentzen ahalko dute, betiere ezarrita dagoen lanaldia bete ondoren.

H) Puntualtasun arauak nahitaez lanpostuan egon behar deneko lanaldiaren hasieran eta amaieran aplikatuko dira, inolako tolerantziarik gabe.

Asistentzia kontrolatzeko, presentzien kontrolerako sistema automatikoa erabiliko da, eta enplegatu guztiek lanpostura sartzean eta bertatik irtetean fitxatu beharko dute nahitaez. Hala egin beharko dute lanaldiaren hasieran eta amaieran, baita lanaldiaren barnean irteten eta itzultzen diren bakoitzean ere.

Lanaldia betetzeari buruzko kontrola unitate bakoitzeko arduradunek eginen dute. Horretarako, beste hainbat baliabideren artean, presentzien kontrolerako sistemaren zerrendak erabiliko dituzte. Zerrenda horiek aldian-aldian bidaliko dizkie Departamentuko Idazkaritza Nagusi Teknikoak edo -erakunde autonomoen kasuan- sistema kudeatzeaz arduratzen den unitateak.

I) Lanaldiaren zati finkoa betetzen ez bada, eta 10 orduko saldo negatiboan soberakina badago, nominan automatikoki deskontatuko dira lan egin ez den denborari dagozkion ordainsariak. Hori hilero eginen da, Idazkaritza Nagusi Teknikoek edo erakunde autonomoetako unitate eskudunek haien nominen kudeaketa-zentroari bidaltzen dioten informazioa oinarri hartuta.

Deskontu hori Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Bateginaren 68. artikuluan eta ekainaren 12ko 117/1985 Foru Dekretu bidez onetsitako Diziplina Araubideari buruzko Erregelamenduaren 15. artikuluan xedatuta dagoenaren arabera eginen da. Aldez aurretik, Idazkaritza Nagusi Teknikoak edo dagokion erakunde autonomoak interesdunari jakinaraziko dio.

2. Departamentu edo erakunde autonomo bakoitzean ordutegi malgua apurka ezartzeko prozedura eta irizpideak.

Ordutegi malgua Departamentu eta erakunde autonomo bakoitzean ezartzeko baimena apurka emanen du Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak, zuzendari nagusiaren ebazpenaren bitartez. Nolanahi ere, baimena emateko, Departamentuan edo erakunde autonomoan presentzien kontrolerako sistema automatikoa egon beharko da, eta bere aldetik, Departamentuak edo erakunde autonomoak foru agindu honetako jarraibideak modu zorrotzean betetzeko konpromisoa hartu beharko du.

Unitate batzuetan zein besteetan bermatu beharko da herritarrentzako arreta zerbitzua, ezarrita dauden orduen barnean, baita gainerako zerbitzuen funtzionamendu egokia ere. Horretarako, Departamentu edo erakunde autonomo bakoitzak unitate edo lanpostu jakin batzuetarako orokorrean ezarrita dagoen orduen malgutasunean mugak ezartzen ahalko ditu, arrazoiturik.

Ematen dituzten zerbitzuen ezaugarriengatik unitate batean edo enplegatuen talderen batean bidezkoa ez bada, ordutegi malgua ez da aplikatuko. Hori zehaztuko du, arrazoiturik, eragindako departamentuan edo erakunde autonomoan ordutegi malgua baimentzen duen ebazpenak.

3. Lanaldi malgua apurka ezartzeari buruzko jarraibideen aplikazioaren jarraipena.

Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak aldian-aldian kontrolak eginen ditu, ordutegi malgua ezarrita duten Departamentu edo erakunde autonomoek foru agindu honetako jarraibideak betetzen dituzten ala ez, horren jarraipena egiteko. Beharrezkoa bada, bete dadila galdatuko du, eta behin eta berriz betetzeari uzten bazaio baimena ezeztatzen ahalko du.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2011ko martxoaren 10ean.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1104738