57. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

72/2011 FORU AGINDUA, martxoaren 3koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, 2011. urterako Nafarroan kirol ekitaldi eta ikuskizunak antolatzeko kirol taldeei eta kirol talde filialei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onesten dituena.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen helburua kirola arautu, antolatu, sustatu eta koordinatzea da, Konstituzioaren eta gainerako antolamendu juridikoaren arabera Nafarroako Foru Komunitateari dagozkion eskumenen eremuan.

Bertan aipatzen diren kirol politikako helburuen artean, aipatzekoa da Foru Komunitatean kirol ekitaldi eta ikuskizun garrantzitsuak sustatzea, eta administrazio publikoen artean eta horien eta Foru Komunitatean kirola sustatzen eta garatzen diharduten beste entitate publiko edo pribatuen artean koordinazioa eta elkarlana bultzatzea kirolaren arloan. Kirola laguntzak eta diru-laguntzak emanez ere sustatu nahi da.

Kirol elkarteei ematen zaizkien laguntzei esker antolatu eta egiten dira kirol ikuskizun garrantzitsuak Nafarroan, gizartearen, kirolaren eta ekonomiaren aldetik: horrela, kirol bizitza sustatu eta animatzen da eta, askotan, oinarrizko kirolariak eta kirolzaleak, oro har, bultzatzen dira, baita lehiaketako kirolariak ere, kirolen zein kirolarien ezaugarri bereziak direla eta. Orobat, askotan handia da Nafarroan duen zuzeneko eragin ekonomikoa, baita zeharkakoa ere, "Nafarroako Erresuma. Lur Anitza" turismo marka zabalduz, Kirol Zuzendariordetzaren eta Turismoaren arteko lankidetza etengabearen emaitza.

Gobernuak, 2011ko urtarrilaren 31ko Erabakiaren bidez, onespena eman zion deialdi honetako laguntza eskabideak banakako ebaluazioaren bidez tramitatzeari.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2011. urterako Nafarroan kirol ekitaldi eta ikuskizunak antolatzeko kirol taldeei eta kirol talde filialei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onestea. Foru agindu honen 1. eranskinean ageri dira.

2. Diru-laguntzen deialdi honetan aurkezten diren eskaerak baloratzeko baremoa eta irizpideak onestea. Baremo hori foru agindu honen 2. eranskinean ageri da.

3. 230.000 (berrehun eta hogeita hamar mila) euroko gastua onestea, 2011ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako Kirol ekitaldiak antolatzeko laguntza izeneko 940002-95120-4819-336108 kontu-sailaren kargura.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau Nafarroako Kirolaren Institutuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko martxoaren 3an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

1. ERANSKINA

Oinarriak

1. Xedea.

1.1. Foru agindu honen xedea da 2011rako Nafarroako Foru Komunitatean kirol taldeei eta kirol talde filialei kirol ekitaldi eta ikuskizunak antolatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea, betiere ere eranskin honetan ezartzen diren betebeharrak beterik.

1.2. Laguntza hauen onura publikoa gizartean, kirolean eta ekonomian duten eraginean ageri da: izan ere, kirolaren praktika sustatu eta zabaltzen da nafarren artean, lehiaketa maila handitzen da eta zuzeneko zein zeharkako eragin ekonomikoa du.

2. Helburuak.

2.1. Aurreko oinarriak aipatu diru-laguntzak Nafarroan kirol ekitaldi eta ikuskizunak antolatzearen ondorioz sortutako gastuak hein batean laguntzeko izanen dira soil-soilik. Diru-laguntza zein jardueratarako eskatzen den, horrixe egotziko zaizkio zuzenean gastu horiek. Ez da zilegi izanen diru-laguntzak material inbentariagarria erosteko erabiltzea.

2.2. Diru-laguntza hauen onuradunen eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren arteko lankidetza hitzarmenak egiten ahalko dira, Nafarroako Kirolaren Institutuaren eginkizunak garatu eta, garrantzitsuak izateagatik edo entitate bakar batek ekitaldi batzuk antolatzeagatik, Institutuak interesgarritzat jotzen dituen jarduerak egiten laguntzeko.

3. Hartzaileak.

3.1. Diru-laguntza hauek jasotzen ahalko dituzte 2011n Nafarroan kirol ekitaldi eta ikuskizunak antolatzen dituzten Nafarroako irabazi asmorik gabeko kirol taldeek eta talde filialek, Nafarroako Kirol Elkarteen Erregistroan inskribaturik baldin badaude.

Antolamenduaz zenbait kirol elkarte arduratzen badira, haietako batek eginen du eskabidea, besteen ordezkari, horren frogagiri idatzia aurkeztuta.

3.2. Kirol taldeek eta kirol talde filialek bere gain hartu, kudeatu eta zuzenean antolatu beharko dituzte diruz lagunduak izatea nahi duten kirol ekitaldi eta ikuskizunak.

3.3. Deialdi honetatik kanpo geratzen dira deialdi zehatzago batzuetan sartzen diren kirol ekitaldi eta ikuskizunak. Halaber, kanpoan geratzen dira Nafarroako Kirol Jokoetan kadete eta haur kategorietan sartzen diren modalitate eta espezialitateak, eta beheragoko kategorietarako ekintza guztiak.

4. Laguntzaren zenbatekoa.

4.1. Laguntzaren zenbatekoa deialdi honen 2. eranskineko baremoaren eta aplikazio irizpideen arabera zehaztuko da.

4.2. Diru-laguntzak ez dira inola ere Nafarroan kirol ikuskizuna egitetik heldu den defizita baino handiagoak izaten ahal, eta, horrela behar izanez gero, murriztu eginen da haren zenbatekoa.

5. Eskabidea.

5.1. Diru-laguntzarako eskabideak, kirol proiektua eta erakundeen partaidetzarena barne, Nafarroako Kirolaren Institutuan eskuratzen den inprimaki batean aurkeztuko dira, eta ekonomian eta gizartean espero den eragina gehituko zaio 7. atalean.

5.2. Diru-laguntzetarako eskabideak Nafarroako Kirolaren Institutuaren Erregistroan aurkeztuko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein bideren bitartez. Aurkezteko epea programaturiko kirol ekitaldi edo ikuskizuna hasi baino 15 egun natural lehenago bukatuko da.

Nafarroako Kirolaren Institutuak ofizioz eskatzen ahalko du kasuan kasuko hitzarmena izenpetu dadila interesgarritzat jotzen diren kirol jarduerak egiteko. Hitzarmenetan agiriak aurkezteko epeak eta ekitaldiak egiteko baldintzak zehaztuko dira.

Foru agindu hau argitaratu baino lehen aurkeztutako diru-laguntza eskaerei hemen ezarritako administrazio prozedura aplikatuko zaie.

6. Frogagiriak.

6.1. Jarduera eginik, kirol gertaera edo ikuskizuna bukatu eta hilabetean, gehienez ere, dokumentazio hau eta horretarako inprimakia aurkeztuko dira, honako hauek adierazita: kontuen frogagiria, kirol eta ebaluazio txostena eta erakundeen partaidetzaren txostena.

A.-Kontuen frogagiria (gastuak eta diru-sarrerak).

Horretarako, aitortzailea erantzule dela, honako hauek aurkeztuko dira Nafarroako Kirolaren Institutuko Erregistroan:

-Emaitzen kontua, jardueraren diru-sarrerak eta gastuak adierazita, elkarteko legezko ordezkariek sinatua.

-Diruz laguntzen den jarduera dela eta, ordaindu diren gastuen faktura eta ordainagiri guztien zerrenda, A eranskinaren araberakoa, zenbakien bidez zehaztuta. A eranskin hori, gainera, euskarri informatikoan aurkeztuko da.

-Jarduera dela eta, edozein administrazio publikok, entitate pribatuk edo partikularrek egindako diru-sarrera guztien zerrenda, zenbakien bidez zehaztuta.

-Diruz lagundutako entitatearen gastuen jatorrizko faktura/ordainagiriak, emandako laguntzaren adinako zenbatekora iritsi edo gainditzen dutela. Aurkeztutako zerrendan (A eranskina) dagokion zenbakia adieraziko da fakturan, ordainketaren frogagiriak erantsita dituztela, hau da: bankuko frogagiriak, "ordaindua" zigilua dutenak -hornitzaileak sinatu eta zigilatuak-, erosketaren tiketa, fakturari erantsia, edo beste edozein dokumentu, faktura edo gastuaren frogagiria ordaindu izana erakusten duena. Aurreko guztiaren fotokopiak erantsiko dira, jatorrizko agirien hurrenkera berean.

B.-Kirol eta ebaluazio txostena.

Paperean eta euskarri informatikoan aurkeztuko da, elkarteko legezko ordezkariek sinatuta. Gauzatutako kirol jarduerak jasoko ditu kirol txostenak eta, atal bat espresuki, diruz lagundutako jarduerak Nafarroan duen eragin ekonomikoari eta sozialari buruz; orobat, ebaluazioa.

C.-Erakundeen partaidetzari buruzko txostena.

11. oinarriaren 4. atala, erakundeen partaidetzari buruzkoa, betetzen dela frogatzen duen agiria paperean eta euskarria informatikoan aurkeztuko da, entitatearen legezko ordezkariek sinatuta.

Jarduerak ezin du inoiz superabitarik izan.

Elkarteak edo Nafarroako Kirolaren Institituak interesgarritzat jotako beste edozein dokumentazio ere aurkeztuko da, gauzatutako jarduerekin zerikusia badu.

Elkarte eskatzaileak hilabetean, gehienez ere, eskuratuko ditu jatorrizko frogagiriak, azken ordainketaren ebazpenaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera. Epea iraganik, erakunde autonomoan jarraitzen badute, elkarte eskatzaileak jatorrizko frogagiriei uko egiten diela ulertuko du Nafarroako Kirolaren Institutuak, eta ez da haiek itzultzera beharturik egonen.

7. Antolamendua eta instrukzioa.

7.1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan aipatzen den banakako ebaluazioko araubidea erabiliko da. Hori horrela, ebaluazio horren ondorioz ebaluatu eta esleituko zaie diru-laguntza. Espedienteak aurkeztu ahala tramitatu eta ebatziko da haien gainean, aurrekontuetan horretarako kreditua dagoeino.

7.2. Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirol Zuzendariordetza izanen da diru-laguntzak emateko prozeduraren antolamendu eta instrukziorako organo eskuduna.

7.3. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirol Zuzendariordetzak eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztutako edo eskatutako agirietako informazioa zabal edo hobe dezatela. Eskatutako dokumentazioa osorik aurkezten ez bada edo deialdiko baldintzak betetzen ez badira, entitateari eskatuko zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala 10 egun balioduneko epean eta, halaber, ohartaraziko zaio hala egin ezean bere eskabideari uko egin diola ulertuko dela, ebazpena eman ondoren, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluari jarraikiz.

8. Balorazio Batzordea.

Eskabideen gainean ebazteko balorazio batzorde bat eratuko da eta honako kide hauek izanen ditu: Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirol zuzendariordea, Entitateen eta Kirol-errendimenduaren Ataleko burua, Kirola Sustatzeko Ataleko burua, Kluben eta Kirol-errendimenduaren Bulegoko burua eta Kirol Zuzendariordetzako teknikari bat.

9. Ebazpena.

9.1. Diru-laguntzak emateko ebazpena Nafarroako Kirolaren Instutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, jarduera egin dela frogatzeko dokumentazioa aurkezteko azken egunetik lau hilabeteko epean, gehienez. Epe horretan ebazpen espresik eman eta jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitzat jo beharko da.

9.2. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura diru-laguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura diru-laguntza gehiago eskuratzeko.

9.3. Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2) eta Nafarroako Kirolaren Institutuko bulego nagusietako iragarki oholean (Arrieta, 25) iragarkiak jarriz eta komunikabideen bitartez jakinaraziko da laguntzak emateko ebazpena.

10. Ordainketa.

10.1. Emandako diru-laguntza ordainduko da diru-laguntzaren xede diren jarduerak bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren.

10.2. Emandako diru-laguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ebazpena eman eta 2 hilabeteko epean gehienez, justifikatu ondoren.

10.3. Aurreko ataletan xedatutakoa gorabehera, Deialdiaren Irizpide eta Baremoko VI. mailan ageri diren ekitaldi eta ikuskizunetarako salbuespen gisa, aurkeztutako proiektuak hala eskatuta gastuak egin behar badituzte ekitaldia izan aurretik, Balorazio Batzordeak diru-laguntzak emateko ebazpenean edo hitzarmenean erabaki dezake ordainketa zatituta egiteko araubidea, emandako diru-laguntzaren %75erainokoa, ordainketa partziala adinako zenbatekoa edo handiagoa frogatzen duten agiriak, 6.1.A) oinarrian zehaztutakoak, aurkeztu ondoren ordaintzekoa; gainerakoa, diruz lagundutako jarduera amaituta eta 6. oinarrian ezarritako frogagiriak aurkeztuta ordainduko da.

11. Betebeharrak.

11.1. Diru-laguntzaren hartzaileek dirua nahitaez diru-laguntzaren helburuetan erabili beharko dute eta hala egin dela dokumentuen bidez justifikatu. Gainera, Nafarroako Kirolaren Institutuak eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko dituzte, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraituz.

11.2. Entitate eskatzaileak behartuta daude hartutako diru-laguntza kontabilitatean edo erregistro-liburuetan erregistratzera, diru-sarrerak nondik jaso dituzten eta inbertsioa edo gastuak zertarako diren azalduta. Egiaztatu eta kontrolatzeko ahalmenak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro diligentziatuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dira, merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala.

11.3. Beren titulartasunpeko planak behar bezala gauzatzeko behar diren baliabide teknikoak jartzea, baita giza baliabideak ere.

11.4. Hornitzaileak kontratatzean, eragimen eta ekonomiaren irizpideen arabera, merkatuko prezioetan, kontratatu direla frogatzea, erantzukizuneko aitorpena aurkeztuta.

11.5. Diru-laguntzen onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak izan beharko dituzte.

11.6. Jarduketen publizitate eta hedatze lan guztietan diru-laguntza norena den adieraztea. Hedatze grafiko edo idatziaren kasuan, Nafarroako Gobernuaren marka (anagrama eta logotipoa) edo unean-unean helburu horretarako Nafarroako Gobernuak erabakitzen dituen beste batzuk adierazi beharko dira; betiere, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretua betez.

11.7. Ematen den diru-laguntza bateragarria izanen da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko edo pribatuek eta norbanakoek, Estatukoek zein atzerrikoek, ematen dituzten bestelako diru-laguntzekin. Ildo horretan, lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri eman beharko dute onuradunek. Haien zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du behin ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

12. Ez-betetzeak.

Deialdi honen oinarrietan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren Institutuaren baimenik gabe diru-laguntzaren helburuak aldatzeak diru-laguntza galtzea ekarriko du berarekin, jasotako diru guztia edo haren zati bat itzuli beharra eta hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko diru-laguntzaren eskabideak ukatzea ere izan dezake ondorio, aplikatu beharreko arauek ezartzen dituzten beste erantzukizunak ezertan galarazi gabe.

13. Errekurtsoak.

Deialdiaren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Halaber, bidezkoa izanen da Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

14. Araudi osagarria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

2. ERANSKINA

Baremoa eta aplikazio irizpideak eta kirol gertaera eta ikuskizunen kalitate mailaren balorazioa

I. Baremoa eta aplikazio irizpideak.

1.-Eragina gizartean: (9 puntu gehienez).

A) Eraginpeko eremua: 3 puntu gehienez.

B) Hedabideetan agertzea: 4 puntu gehienez.

C) Izandako ekitaldi kopurua (+ 3): 3 puntu gehienez.

D) Esklusibitatea: 3 puntu gehienez.

2.-Lehiaketa maila: (9 puntu gehienez).

A) Herri lehiaketak: 7 puntu gehienez.

B) Federatuak: 3 puntu gehienez.

C) Lehen maila ez profesionala: 6 puntu gehienez.

D) Profesionalak: 9 puntu gehienez.

3.-Partaidetza: (12 puntu gehienez).

A) Kopurua: 12 puntu gehienez.

B) Kalitatea: 12 puntu gehienez.

4.-Baliabide ekonomikoak: (18 puntu gehienez).

A) Eragina: 8 puntu gehienez.

B) Proiektuaren bideragarritasuna: 5 puntu gehienez.

C) Ekarpenak: 10 puntu gehienez.

5.-Institutuarendako interesa: (18 puntu gehienez).

A) Erakundeen partaidetza: 10 puntu gehienez.

B) Populazio taldea: 12 puntu gehienez.

Interes orokorra (kirolean, gizartean, lehiaketan eta eragin ekonomikoa).

6.-Kirol ekitaldiaren berezitasuna eta garrantzi berezia: (40 puntu gehienez).

Salbuespen gisa, atal honetan puntuazioa eman ahal izanen da Espainian edo nazioartean duten eragina edo garrantziagatik edo beste inguruabar bereziak direla eta, kirol administrazioaren berariazko laguntza behar duten kirol ekitaldi edo ikuskizunei dagokienez.

II. Kirol ikuskizunen kalitate mailaren balorazioa

1.-Kalitate maila hauek ezarri dira:

I. maila: 20 puntu gehienez.

II. maila: 21 puntutik 30era bitarte.

III. maila: 31 puntutik 40ra bitarte.

IV. maila: 41 puntutik 50era bitarte.

V. maila: 51 puntutik 60ra bitarte.

VI. maila: 61 puntutik 100era bitarte.

2.-Diru-laguntzaren zenbatekoa:

I. maila: 40 eurotik 800era. Puntu bakoitzak 40 euro balio du.

II. maila: aurreko mailako 800 euroei beste 80 gehitu behar zaizkie puntu bakoitzeko, 1.600 euro bitarte.

III. maila: aurreko mailako 1.600 euroei beste 140 gehitu behar zaizkie puntu bakoitzeko, 3.000 euro bitarte.

IV. maila: aurreko mailako 3.000 euroei beste 400 gehitu behar zaizkie puntu bakoitzeko, 7.000 euro bitarte.

V. maila: aurreko mailako 7.000 euroei beste 1.500 gehitu behar zaizkie puntu bakoitzeko, 22.000 euro bitarte.

VI. maila: aurreko mailako 22.000 euroei beste 3.000 gehitu behar zaizkie puntu bakoitzeko, 145.000 euro bitarte.

Iragarkiaren kodea: F1104150