57. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

70/2011 FORU AGINDUA, martxoaren 3koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Nafarroako toki entitateek 2011n kirol jarduerak sustatu eta bultzatzeko norgehiagokako araubideko diru-laguntzen deialdiaren arauak onesten dituena.

Kirolak egun Nafarroan duen hedapena eta toki entitateen inplikazioa dela eta, Nafarroako Gobernuak neurriak eskaintzen ditu Nafarroako populazio osoari kirola egiteko aukera emateko, bai eta toki entitateei laguntzeko ere, eskumenak beren gain hartu eta kirol antolaketa gara dezaten.

Hori horrela, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Kirolaren Institututik kirol jarduera toki entitateetan sustatzeko bideratzen diren baliabideak beste modu batean egituratu behar dira; izan ere, tamaina ertain edo txikiko toki entitateetara bideratu behar dira, oinarrizko kirol antolamendua finkatu edo sortu beharra dutenetara hain zuzen, herritarrei beharrezko diren kirol zerbitzuak eskaini ahal izateko eta, kasu guztietan, prestazioen maila hobetzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Kirol jarduerak bultzatu eta sustatzeko Nafarroako toki entitateentzako diru-laguntzen 2011ko deialdiaren oinarriak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean ageri dira.

2. Deialdi horretara aurkezten diren Nafarroako toki entitateen eskaerak baloratzeko baremoa onestea. Foru agindu honen II. eranskinean ageri da.

3. Deialdi hau aurrera eramateko, hirurehun eta berrogeita zortzi mila hirurehun eta hogeita sei euroko eta hamaika zentimoko (348.326,11) gastua baimentzea. Nafarroako 2011ko aurrekontu orokorretan "Toki entitateen kirol jardueretarako laguntzak" izeneko 940002-95110-4609-336100 kontu-sailaren kargura ordainduko da diru hori.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau Nafarroako Kirolaren Institutuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko otsailaren 3an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1. Xedea.

Deialdi honen helburua da toki entitateei diru-laguntzak norgehiagoka emateko araubidea ezartzea, 2011rako.

2. Diru-laguntza motak.

Eman beharreko diru-laguntzak hauek dira:

2.1. Kirol sistema berriak ezartzeko diru-laguntza, kirol antolaketarik ez duten toki entitateetarako, eta Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirol Zuzendariordetzaren iritziz kirol sistema egonkor gisa eratzeko modurik ez duten beste kirol programa batzuetarako. Diru-laguntza berariazko eta egoki bat emanen da, toki entitateari bide emateko bere kirol sistema lortu eta bertako herritarrei kirol zerbitzua bermatzeko.

2.2. Herrietan egun diren kirol sistemen funtzionamendua eta garapena hobetzeko eta sistema horiek indartu eta berritzeko diru-laguntzak, betiere Nafarroako Kirolaren Institutuak halakotzat hartzen baditu. Hauek izanen dira laguntzak:

2.2.1. Kirol teknikariak kontratatzeko laguntza:

Kirol teknikari bat urtean zehar kontratatzen duten edo azken bi urteetan kontratatu duten udalek eta kirol mankomunitateek izanen dute zilegi laguntza honetara jotzea.

a) Lanpostu sortu berria.

Lanpostu sortu berria izendapenarekin esan nahi da entitatearen plantilla organikoan lehen aldiz agertzen dela.

b) Lanpostua hobetzea.

Izendapen horrekin esan nahi da lanpostuaren lanaldia edo maila aldatu dela eta, horren ondorioz, aurrekontua handitu. Osagarriei ez zaie aplikatuko.

a) eta b) ataletako laguntza hauek eskuratuko badira, lanpostuak honako baldintza hauek bete behar ditu:

-Plantilla organikoan egotea.

-A edo B mailetako lanpostu sortu berriak izatea, Gorputz Jardueretako eta Kirolaren Zientzietako eta Gorputz Hezkuntzako lizentzia edo diploma edukitzea eskatzen dutenak.

-Lanaldi osokoa (lanpostu berrien kasuan).

-Laguntzak ematen ahalko dira nahiz eta kontratuak izaera finkoa ez izan, laguntza lanpostuari eta ez pertsonari zuzendutakoa baita. Beraz, lanpostua behin diruz lagunduta, ezin izanen da kontzeptu berengatik berriz diruz lagundu.

Laguntza hau hartzen ahalko dute, orobat, kontratatzen den kirol teknikariaren kudeaketa aldia beste arlo batzuekin banatzen denean, baldin eta kirol arloan aritzen bada kudeaketa aldiaren %50 edo gehiago. Kasu horretan, kirol arloan zenbat denboran aritzen den, hainbestekoa izanen da laguntza.

Toki entitateek bigarren kirol teknikari bat kontratatzeko diru-laguntza emanen da.

Laguntza lanpostuarekin lotuta dago (lanpostua sortu edo hobetzea) eta ez langilearekin.

Laguntza hauek kontratazio urte bakoitzerako II. eranskinean ezarritako ehunekoen araberakoa izanen dira, jabetza hartzeko egunetik kontatzen hasita.

2.2.2. Hirugarren adinekoendako gorputz-ariketa:

Hirugarren adinekoen kirola sustatzeko, aurkeztutako eskaeren artean laguntza emanen zaie toki entitateek bakarrik 65 urtetik gorakoendako gorputz-ariketak gauzatzeko sustatzen dituzten proposamenei, foru agindu honen II. eranskineko 3.2 arauan eskatutako baldintzak betetzen badituzte.

2.2.3. Emakumearen gorputz-ariketa.

Emakumearen kirola sustatzeko, aurkeztutako eskaeren artean laguntza emanen zaie zenbait proposameni. Toki entitateen proposamen horiek berariazko kirol programak garatu beharko dituzte, eta ezarritako xedeekin bat etorriko dira, eta populazioaren zati honi laguntza emanen diote.

2.2.4. Integrazio programak.

Honako ekintza hauek lagunduko dira: toki entitatearen kirol jarduera arruntean, jarduera horretan parte hartzen ez duten pertsona eta kolektiboen elkarbizitza erraztu eta bultzatzea helburu duten kirol programak egiteko ekintzak. Arrazoi ezberdinengatik ez dute pertsona eta kolektibo horiek kirol jardueran parte hartzen: zentzumenetan edo mugimenean urritasuna dutelako, mugak norberaren jardueran eta sozialki aukera gutxi dituztelako.

2.2.5. Kirolaren segurtasunerako laguntzak:

Kirol jardueretan arriskuari aurrea hartzen eta kontrolatzen saiatzen diren ekintzak lagunduko dira, batez ere langileen prestakuntzan, larrialdi kasuetan nola jokatu jakiteko.

Diru-laguntza berariazko eta egoki bat emanen da, toki entitateek erraztasuna izan dezaten herritarrei kirola egiteko orduan segurtasuna eskaintzeko eta larrialdi kasuetan berehala jarduteko.

Desfibrilazioak bihotz-gelditze kasuetan duen garrantzia dela eta, osasun agintariek eta elkarte zientifikoen ustez komeni da desfibriladoreak larrialdi egoeretan parte hartzen duten lehenengo pertsonek erabiltzea. Desfibriladore erdiautomatikoen hobekuntzak erabilera erraztu du bihotzaren erritmoaren nahasteak atzemateko orduan eta tratamendu elektrikoan, erabiltzeko beharrezkoak ziren entrenamendu zailak saihestuta.

Kirola egiterakoan bihotza gelditzeko dagoen arrisku potentziala dela eta, laguntza honen helburua da, besteak beste, langileen prestakuntzan parte hartzea eta desfibriladoreak erostea. Langileen prestakuntza, batez ere kirolarekin harremana duten langileena, desfibriladore erdiautomatikoak erabiltzeko izanen da. Desfibriladoreek foru agindu honen II. eranskineko 3.5 puntuko C. atalean agertzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

2.2.6. Jarduera arrunten programa:

Atal honetan kirol teknikaria duten kirol mankomunitateei emanen zaie laguntza, kirol mankomunitatearen programazioan modu egonkor eta etengabean gauzatzen diren kirol jarduera guztietarako, betiere herritar guztiendako badira.

2.2.7. Sustapen programa berariazkoetarako laguntza:

Udalerri bat Nafarroan indar gutxi duen kirol mota batekin lotzeko ekintzak lagunduko dira. Toki entitate eskatzaileak, herriko kirol klubak, Nafarroako Federazioak eta Nafarroako Kirolaren Institutuak interesa erakutsi eta parte hartu beharko dute proposamenean. Kasuan kasuko kirolaren edo kiroldegiaren berezitasuna dela eta, ez da nahitaezkoa izanen kirol klubak parte hartzea.

Aurkeztutako eskaerak ikusi eta erabakiko da horietatik zeinen bideragarritasun azterlana eginen den. Entitate horietako ordezkariek osatutako talde batek eginen du azterlana.

Azterlan hori izanen da Nafarroako Kirolaren Institutuak laguntza zeini eman erabakitzeko oinarria. Modalitate honetan jaso daitekeen gehieneko diru-laguntza izanen da udalak programarako erabiltzen duen zenbatekoaren adinakoa, baina 3.000 euroko muga gainditu gabe; instalazioen alokairua ere kontuan hartu ahal izanen da.

2.2.8. Kirol federazioekin izenpetutako hitzarmenen ondoriozko laguntza:

Diru-laguntzak emanen dira herrietan kirol berriak ezartzeko, baldin eta kasuan kasuko kirol federazioarekin garatzen bada, bi urte badirau eta kirol horretarako klub bat sortu nahi bada.

2.2.9. Kirol ikuskizunak:

Aurkeztutako eskaeren artean zeini laguntza eman erabakitzeko, kontuan izanen dira Nafarroako Kirolaren Institutuaren ustez duen interesa, ikuskizunaren kirol maila eta eragin ekonomikoa.

Nafarroako toki entitate guztiek eskatzen ahalko dute atal honetako laguntza.

Foru Komunitatearendako garrantzitsuak izateagatik, edukiagatik, egokitasunagatik edo hedabideetan oihartzuna izateagatik Nafarroako Kirolaren Institutuarendako interesgarriak diren eskaerak hartuko dira bereziki kontuan. Kasu honetan laguntza hitzarmenen bidez eman ahalko dira berariaz.

3. Helburua.

3.1. Diru-laguntzak 1. oinarrian jasotzen diren ekintzak burutzean sortutako defizitak hein batean berdintzeko erabiliko dira, baldin eta titulartasuna toki entitateari badagokio eta 2010eko irailaren 1etik 2011ko abuztuaren 31 arte egiten badira. Aurreko deialdian jasotakoak, 2010eko irailaren 1etik 30era artekoak, kanpoan geldituko dira.

3.2. Ez da zilegi izanen diru-laguntzak material inbentariagarria erosteko erabiltzea, 2.3.5. atalekoak izan ezik.

4. Onuradunak.

4.1. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean osaturik dauden eta Nafarroako Kirolaren Institutuak aitortutako kirol sistema daukaten udalek eta kirol mankomunitateek hartzen ahalko dituzte deialdi honen xede diren diru-laguntzak.

4.2. Zilegi izango dute deialdi honetako helburu diren banakako laguntzetara jotzea Nafarroako Kirolaren Institutuak aitortutako kirol sistema duten eta mankomunitate baten barruan dauden udalek, nahiz eta mankomunitateek ere laguntza jaso.

4.3. Aldi batez, kirol mankomunitate bihurtzeko tramiteak egiten ari diren entitate edo elkarteen eskaerak kontuan hartuko dira, baina jarduera arruntetarako laguntzak hartzen ahalko dituzte bakarrik.

4.4. Deialdi honetatik kanpo geratzen dira deialdi berariazkoagoen helburu diren kirol jarduerako eta kirol ikuskizunetako programak.

5. Aurkezteko epea eta tokia.

5.1. Diru-laguntzarako eskaerak eta agiriak Nafarroako Kirolaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aipatzen diren baliabideen bidez.

5.2. 2011ko diru-laguntzetarako eskaerak eta agiriak aurkezteko epea 3 hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Dokumentazioa.

6.1. Eskaerak alkateak edo kirol mankomunitateko lehendakariak Nafarroako Kirolaren Institutuari igorritako eskabide baten bidez aurkeztuko dira, erakunde horretan eskuratuko diren inprimakiak erabiliz eta agiri hauekin batera:

a) Kirol sistema berriak ezartzeko, A inprimakia erabiliko da, eta bertan zehaztuko dira garatuko den edukia, justifikazioa eta harremanetarako pertsona.

b) Hirugarren adinekoentzako gorputz-ariketarako, B inprimakia erabiliko da, eta bertan deskribatuko dira jarduera eta parte hartzaileak.

c) Emakumearen gorputz-ariketarako, C inprimakia erabiliko da, eta bertan zehaztuko dira programaren xedeak, jarduerak, diru-sarrerak eta gastuak.

d) Integrazio programetarako, D inprimakia erabiliko da, eta bertan zehaztuko dira programaren xedeak, jarduerak, diru-sarrerak eta gastuak, eta lagunduko duten entitateak, halakoak egonez gero.

e) Kirolaren segurtasunerako laguntzetarako, E inprimakia erabiliko da, eta bertan zehaztuko dira prestakuntza ikastaroen zenbatekoa edo, kasua bada, desfibriladoreak erabiltzeko baimendutako langileak, bai eta desfibriladorearen zenbatekoa eta ezaugarriak ere, eta kirolaren segurtasunetik eratorritako beste edozein gastu.

f) Jarduera arrunten programarako, F inprimakia erabiliko da, eta bertan zehaztuko dira herria, kirol jarduera, mota, adina, sexua, noiz hasi eta noiz bukatuko den, parte-hartzaileak, diru-sarrerak eta gastuak.

g) Toki entitateetan kirol teknikariak lanpostu sortu berrietarako kontratatzeko edo orain diren kirol teknikarien lanpostuak hobetzeko kasuetan, behin betiko dokumentazio gisa edo urtean zehar bukatu beharreko prozedura hasteko abisu gisa, G inprimakia erabiliko da, eta harekin batera beste agiri hauek aurkeztuko dira:

-Lanpostuaren ezaugarriak azaltzen dituen agiri ofiziala.

-Lanpostuaren kontratua edo lanpostuaren jabetza-hartzearen eginbidea.

-Zenbateko ekonomikoaren ziurtagiria.

h) Sustapeneko programa berezirako H inprimakia erabiliko da, eta bertan eskaera arrazoitu eginen da, eta horretan dirauten aldeen asmoen adierazpena eta harremanetarako pertsonak zein diren aipatuko da.

i) Federazioekiko hitzarmenetarako, I inprimakia erabiliko da, eta hitzarmenaren kopia bat erantsiko zaio.

j) Kirol ikuskizunetarako, K inprimakia erabiliko da, eta bertan zehaztuko dira izena, arrazoia eta deskribapena, kirol mota, datak, parte-hartzaileak, diru-sarrerak eta gastuak.

k) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak dituela dioen erantzukizuneko aitorpena.

6.2. Kirol ekintzak frogatzen dituzten agiriak dagokien urtearen irailaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira.

Hona hemen aurkeztu beharreko agiriak:

a) Idazkariaren edo kontu-hartzailearen ziurtagiria, alkatearen ikus-onespenarekin, zeinetan jasoko baita gastu eta sarreren balantze ekonomikoa, ezarritako ereduaren arabera. Bestalde, fakturen izen zerrenda ere aurkeztu beharko da.

b) Diru-laguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa denean, onuradunak erantzukizuneko aitorpena aurkeztu beharko du, non azalduko baitu hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipamendu ondasunez hornitzen edo zerbitzuak ematen dituztenean.

c) Ikuskizun bakoitzaren fitxa betea eta harekin batera idazkariak emandako gastu-sarreren balantze ekonomikoaren gaineko ziurtagiria. Bestalde, fakturen izen zerrenda ere aurkeztu beharko da.

Aurkeztutako dokumentazioa aski izan ez edo deialdian eskatzen direnak betetzen ez baditu, entitateari eskaera eginen zaio, jaso izanaren agiriaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluak dioen bezala.

7. Antolamendua eta instrukzioa.

Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirol Zuzendariordetza izanen da diru-laguntzak emateko prozeduraren antolamendu eta instrukziorako organo eskuduna.

8. Balorazioa.

8.1. Eskaerak ebazteko proposamena egiteko eskumena duen balorazio batzordea Kiroleko zuzendariordeak, Kirola Sustatzeko Ataleko buruak, Entitateen eta Kirol-errendimenduaren Ataleko buruak eta Nafarroako Kirolaren Institutuko teknikari batek osatuko dute.

8.2. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluaren bigarren lerroaldean xedatutakoari jarraikiz, baremoa aplikatu ondoren ateratzen diren zenbatekoak eta aurkeztutako eskaeren kopurua ikusita, deialdi honetarako finkatutako dirua nahikoa ez bada aurreikusitako gehieneko diru-laguntzak emateko, diru hori diru-laguntzen onuradunen artean hainbanatuko da. Horretarako, aurreikusitako gehieneko zenbatekoak hainbanaketa aplikatzeko behar den portzentajean murriztuko dira.

9. Ebazpena.

9.1. Laguntza eskaerei buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du eta interesdunei jakinaraziko zaie, justifikaziorako epea bukatzen den egunetik lau hilabetean gehienez.

9.2. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.r) artikuluan xedatutakoari jarraituz, deialdi honetako laguntzak emateko ebazpena eta onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuko iragarki oholaren bidez jakinaraziko dira (Karlos III. etorbidea, 2) eta Nafarroako Kirolaren Institutuko bulego nagusikoen bidez (Arrieta, 25):

Ezarritako epean ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaerak ukatutzat hartuko dira.

Diru-laguntza emateko ebazpenean diru-laguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordainketa modua agertuko dira. Orobat, diru-laguntza hartu duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da eta espresuki adieraziko da zein eskaerari esan zaion ezetz, halakorik baldin bada.

9.3. Ematen den diru-laguntza bateragarria izanen da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko edo pribatuek eta norbanakoek, Estatukoek zein atzerrikoek, ematen dituzten bestelako diru-laguntzekin. Nolanahi ere, laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du behin ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

10. Betebeharrak.

10.1. Diru-laguntzaren hartzaileek dirua nahitaez diru-laguntzaren helburuetan erabili beharko dute eta hala egin dela dokumentuen bidez justifikatu. Gainera, Nafarroako Kirolaren Institutuak eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko dituzte, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren kontu-hartzaile delegatuak eskatzen dituenak ere bai.

10.2. Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri eman beharko dute diru-laguntzen hartzaileek.

10.3. Diru-laguntzen onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izan beharko dituzte.

10.4. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro diligentziatuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dira, indarra duten legeetan xedatu bezala.

10.5. Toki entitate onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo ezartzen den beste bat erabili beharko dute diru-laguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 89/2004 Foru Dekretua betetzeko.

10.6. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako diru-laguntzak itzultzea.

10.7. Toki entitateek berek eginen dute kirol teknikarien lan kontratazioa, eta Nafarroako Gobernuak ez du kontratazio horretan erantzukizun subsidiariorik izanen.

11. Diru-laguntza nola eta noiz pagatuko den.

Emandako diru-laguntza transferentzia bidez pagatuko da, dagokion ebazpena onetsi eta bi hilabeteko epean, gehienez, justifikatu ondoren.

12. Ez-betetzeak.

12.1. Deialdi honen oinarrietan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren Institutuaren baimenik gabe diru-laguntzaren helburuak aldatzeak diru-laguntza galtzea ekarriko du, jasotako dirua itzuli beharra eta hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko diru-laguntza eskaerak ukatzea ere izan dezake ondorio, legeek agintzen dituzten beste erantzukizunak ezertan galarazi gabe.

12.2. Halaber, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak burutzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua aurreko atalean aipatzen den proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da.

13. Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien eta aplikazio egintzen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

14. Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatuak aginduko du.

II. ERANSKINA

Baremoa

1. Xedea.

Eranskin honetan ezarri da Nafarroako toki entitateek, 2011n kirol jarduerak bultzatu eta sustatzeko diru-laguntza deialdia dela-eta, aurkeztutako eskaerak baloratzeko baremoa.

2. Irizpide orokorrak.

2.1. Diruz lagunduko dira toki entitate eskatzaileak berak egiten dituen ekintzak.

2.2. 2010eko irailaren 1etik 2011ko abuztuaren 31 arteko egintzak, diru-laguntzetarako deialdiaren urte naturalekoak, 2010eko deialdian diru-laguntzarik izan ez dutenak.

2.3. La ayuda contemplada no podrá superar el déficit de la actividad, y se subvencionará como máximo hasta el 80 % del gasto de la actividad.

3. Aplikatzeko baldintzak.

Diru-laguntzaren atalen eta esparruen ezaugarriak kontuan hartuta, ondoko ataletako baldintza zehatz eta berariazkoak ezarri dira:

3.1. Kirol sistema berriak eta kirol sistema egonkorrak izateko modurik ez duten beste kirol programa batzuk ezartzea.

A) Balorazio irizpideak hauek dira:

a) Egin gogo diren jarduketen izaera eta garrantzia (30 puntu).

-Proiektuko helburuak aurreikusitako helburuarekin bat etortzea eta koherenteak izatea, gehienez 15 puntu.

-Proiektua behar bezain landua izatea eta behar adinako kalitateaz eta aurretiko prestakuntzaz egina, 15 puntu gehienez.

b) Teknikariak eta ekintzen eragina kirol sistemaren sorreran eta jarraipenean (40 puntu).

-Titulazioa (10 puntu gehienez).

-Titulazio egokia izatea proiekturako (10 puntu gehienez).

-Proiektuan partaide diren kirol elkarte eta entitateak (gehienez ere 10 puntu).

-Proiektuaren xede diren toki entitateak eta populazioguneak (10 puntu gehienez).

c) Finantzaketa irizpideak (30 puntu).

-Bideragarritasun ekonomikoa, 10 puntu gehienez.

-Baliabide publikoak eta pribatuak sortzeko gaitasuna, 10 puntu gehienez.

-Proiektuaren eragin ekonomikoa, 10 puntu gehienez.

B) Ataletako puntuak batuta, diru-laguntza honela kalkulatuko da: puntu kopurua bider 100 euro, horixe baita puntu baten balioa.

C) Diru-laguntzetarako honako muga hauek egonen dira:

a) Ezarri behar den kirol sistema berrirako aurreikusi eta onetsitako zenbatekoaren %50 bitarte, eta 2.5000 euro gehienez ere.

b) Kirol mankomunitate bat eratzen ari diren toki entitateetan diru-laguntza gehienez ere 10.000 eurokoa izanen da, eta puntuaren balioa 200 eurokoa.

3.2. Hirugarren adinekoendako gorputz-ariketa.

A) Atal honetako jardueretatik, programaren xedearekin lotura zuzena dutenak lagunduko dira diruz, baldin eta Nafarroako Kirolaren Institutuko Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren adostasuna lortzen badute honako puntu hauei dagokienez:

-Taldeek 15 pertsona izanen dituzte gutxienez, eta 25 gehienez. Talde txikiagoak ere onartu ahal izanen dira, egoera berezietan.

-Parte-hartzaile guztiek osasunari buruzko balorazio soil bat (I. eta II. osasun galdetegiak) eginen dute kirol jardueran hasi baino lehen, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren jarraibideen arabera. Aldez aurretiko balorazio eredua Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroak emanen du, eta prestakuntza duen begiraleak egin beharko du. Lehen balorazio hori gainditu ezean familiako medikuarengana joateko esanen zaio.

-Hasierako eta amaierako egoera fisikoaren balorazio testak behar bezala egiteko gutxieneko azpiegitura eduki beharko da (lokal estalia, 10 kono edo antzeko materiala, aulkiak, zinta metrikoa eta baskula). Testak jardueraren ardura duen begiraleak egin beharko ditu.

-Jarduera fisikoa garatzeko ardura duten begiraleek gaindituta eduki beharko dute, urtea amaitu aurretik, "Hirugarren Adinekoentzako jarduera fisikoari buruzko Prestakuntza orokorreko Ikastaroa", 35 ordukoa, Nafarroako Kirolaren Institutuak ematen duena. Ikastaro hori Nafarroako Kirolaren Institutuak konbalidatu ahal izanen du, baliokide batekin edo maila altuagoko batekin, betiere gaitasun proba bat gainditzen bada.

-Jardueraren ardura duten begiraleek konpromisoa hartuko dute parte hartzeko Nafarroako Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroak urtero antolatzen dituen "Hirugarren adinekoentzako gorputz-ariketaren gaineko eguneratze-jardunaldietan" (3 ordu inguruko iraupena dute).

-Begiraleek konpromisoa hartuko dute Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroari ariketa fisikorako programa honetan parte hartzen duten hirugarren adineko taldeei buruzko informazioa igortzeko (partaideen zerrenda, asistentzia, egoera fisikoaren ebaluazioaren emaitzak, iradokizunak etab.), behin programa amaituta. Informazio hori Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroak informazio hori jasotzeko eredua prestatu eta igorriko die programa honen onuradun diren toki entitateei.

-Toki entitateek edo jardueraren arduradunek Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroari jakinarazi beharko dizkiote jardueran zehar gertatzen diren begiraleen aldi baterako nahiz behin betiko aldaketak, jarduera gauzatzeko tokia, ordutegiak, etab.

B) Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren adostasuna lortzen duten taldeek 2.000na euroko laguntza jasotzen ahalko dute, gehienez. Horretarako, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroari behar den dokumentazio guztia eman beharko diote (I. eta II. osasun galdetegiak, eta egindako jardueraren urteko memoria). Memoria egiteko kostua ere diruz lagundu ahal izanen da, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroak ezarritako irizpideen arabera prestakuntza frogatu eta beharrezkoa den dokumentazio guztia ongi betetzen duten begiraleentzat ezarritako baremoaren arabera.

3.3. Emakumearen gorputz-ariketa.

Atal honetako jardueretatik, programaren xedearekin lotura zuzena dutenak lagunduko dira diruz. Hau dela eta, kirol eta gorputz jarduera programei sentsibilizazio ekintzei baino lehentasun handiagoa emanen zaie, bai eta diru-laguntza handiagoa ere.

Atal honetarako dirua hein berean banatuko da onartutako jarduera guztien eta jarduera horietako parte hartzaileen artean. Dena den, bi kontzeptu horiei dagokien laguntza, guztira, ez da izanen toki entitate bakoitzaren programaren defizita baino handiagoa; gehienez ere, 3.000 eurokoa izanen da.

3.4. Integrazio programa.

Atal honetako jardueretatik, programaren xedearekin lotura zuzena dutenak lagunduko dira diruz.

Laguntza portzentaje handiagoa ezarriko da desgaitasuna dutenentzako berariazko programentzako eta kolektibo batzuen baterako gorputz eta kirol jardueraren bidez elkarbizitza sustatzen dutenentzako.

Ez dira diruz lagunduko programaren xedea betetzen ez duten proiektu berariazkoak.

Atal honetarako dirua hein berean banatuko da onartutako jarduera guztien eta jarduera horietako parte hartzaileen artean. Dena den, bi kontzeptu horiei dagokien laguntza, guztira, ez da izanen toki entitate bakoitzaren programaren defizita baino handiagoa.

3.5. Kirolaren segurtasunerako laguntzak.

A) Atal honetako jardueretatik, programaren xedearekin lotura zuzena dutenak lagunduko dira diruz. Desfibriladoreak erosiko dira baldin eta horiek erabiltzeko baimena eta behar adinako prestakuntza duten langileak baldin badira. Halaber, prestakuntza ikastaroa ere diruz laguntzen ahalko da.

B) Atal honetarako dirua hein berean banatuko da onartutako jarduera guztien artean. Dena den, hartutako laguntza, guztira, ez da izanen toki entitate bakoitzaren ekintzaren defizita baino handiagoa.

C) Diruz laguntzen ahal diren desfibriladoreek gutxieneko honako ezaugarri hauek izanen dituzte:

-Homologatua. Teknika aldetik segurua eta aski frogatua.

-Funtzionamendu erdiautomatikoa, SMART trunkatutako onda bifasiko esponentzialaren bitarteko talka administrazioa duena.

-50 ohm-eko kargarentzako 150 joul-eko irteera energia paziente helduentzako, eta karga berarentzako 50 joul-ekoa haurrentzako.

-10 segundo baino gutxiagotan kargatzen dena.

-Analisi/deskarga hiru ziklotarako, 60 segundo baino gutxiagoko deskarga zikloa.

-Talka desfibrilazio elektrodoen bidez ematea.

-Desfibrilazio elektrodo berak erabilita, helduekin eta haurrekin erabiltzeko egokia izatea.

-Bihotz-biriketako bizkortzearen (BBB) maniobrak egiteko ahots gidari automatikoa izatea.

-Ekipoaren azterketa automatikoa. Mantentzeko beharrik ez.

-Litio-manganesoko bateriarekin funtzionatzen duena, bota eta erreziklatzen ahal dena, 200 talka edo etengabeko 4 orduko operazioa egiteko gutxieneko iraupena duena. Erabili gabe, gutxienez 4 urteko iraupena.

-Tamaina: gehienez ere 10 zentimetro altu, 20 zentimetro zabal eta 25 zentimetro sakon. 2 kg-tik beherako pisua.

-Garraiatzeko poltsa.

-Gomendio ofizialen arabera, erantzukizuna protokoloak eguneratzeko orduan.

-Era berean, diru-laguntzen xede izanen dira arestian azaldutakoen antzeko ezaugarriak dituzten desfibriladore homologatuak.

3.6. Jarduera arruntak.

A) Kirol mankomunitateetako jarduera arrunten programak baizik ez dira lagunduko, gehienez 28.000 euro.

B) Atal honetako laguntzen %60 ondoko baldintza hauen arabera kalkulatuko da:

1.-Zenbait herrietan burutzea.

2.-Adin guztietako lagunentzat izatea.

3.-Kirol mankomunitatearen kirol garapena bultzatzea.

%60 hori ondorengo zenbatekoen arabera aplikatuko da:

8.000 euro bitarte

Baldintzetako bat betez gero.

12.000 euro bitarte

Aurreko baldintzetako bi betez gero.

16.000 euro bitarte

Aurreko baldintzetako hiru betez gero.

C) Atal honetako laguntzen gainerako %40 aurkeztutako defizitaren eta ondoko indize hauen arabera kalkulatuko da:

8.000 euro bitarte

Defizita gastuaren %50etik gorakoa denean.

10.000 euro bitarte

Defizita gastuaren %40tik %50era bitartekoa denean.

12.000 euro bitarte

Defizita gastuaren %40tik beherakoa denean.

D) Biztanlegoa oso sakabanatuta duten mankomunitateei 1, 25eko indize zuzentzailea aplikatu ahalko zaie.

3.7. Kirol teknikarien kontratazioa.

A) Lanpostu sortu berria: laguntza kalkulatuko da oinarrizko soldataren eta gizarte segurantzaren batuketari kontratazio urteari dagokion portzentajea aplikatuta, taula honi jarraikiz:

URTEA

%

GEHIENEZ

Lehenengoa

60%

15.000 euro

Bigarrena

45%

12.000 euro

Hirugarrena

30%

6.000 euro

B) Lanpostua hobetzea: laguntza soldata igoeraren arabera kalkulatuko da, lanaldiaren luzapenetik edo/eta mailaren igoeratik abiatuta. Horri aplikatuko zaio hobekuntza hasi zeneko urteari dagokion portzentajea, koadro honen araberakoa:

URTEA

%

GEHIENEZ

Lehenengoa

60%

6.000 euro

Bigarrena

45%

4.200 euro

Hirugarrena

30%

2.400 euro

3.8. Sustapenerako berariazko programak.

Laguntza programaren bideragarritasuna adierazi ondoren emanen da. Laguntzak ez du 3.000 euro baino gehiago eginen, horixe baita muga.

Nafarroako Kirolaren Institutuaren laguntza ez da entitateak emandakoa baino handiagoa izanen.

3.9. Kirol Federazioekiko hitzarmenak.

A) Atal honetako helburua herrian berria den kirol modalitate berri bateko kirol talde bat sortzea denez gero, laguntzak ezarriko dira baldin eta hitzarmenean proposatutako jarduketak xedearekin bat badatoz.

30% arte

Lotura gutxi duten jarduketak.

%30etik %60ra bitarte

Argi eta garbi lotuak dauden jarduerak.

B) Hitzarmen bakoitzeko gehienez 3.000 euro emanen dira edo toki entitate batek aurkeztutako hitzarmen multzoko 6.000 euro.

3.10. Kirol ikuskizunak.

A) Eskaerak diruz laguntzen ahal diren kirol ikuskizuntzat hartuko dira, baldin eta ezaugarri hauek badituzte:

-Kirol federazioetako kirol modalitateekin edo prestakuntza aztertzeko modalitateekin zerikusia izatea.

-Espainiako edo Nafarroako eliteko taldeek edo kirolariek parte hartzea edo parte-hartze oso handia izatea eta ikusleak erakartzen dituztenak.

-Entitatearentzat eragin ekonomiko handia dutenak, gutxienez ere 1.000 euroko gastuekin.

-Toki entitate eskatzaileak antolatuak izatea.

-Lehiatzeko maila handia izatea.

-Pilota jaialdiek ez dute izaera berezirik izanen, gainerako ikuskizunena baizik.

B) Honako eskaerak baztertu eginen dira:

-Federazioen egutegi ofizialetan egon ez eta A ataleko ezaugarriak betetzen ez dituzten herri probak.

-Toki entitateak edo diru-laguntzetarako beste deialdi batzuek lagundutako ekintzak.

-Jardueren ohiko programazioarekin bat datozen ekintzak.

-1.000 eurotik beherako kostua dutenak.

C) Diru-laguntza defizitaren arabera kalkulatuko da. Horri, oro har, %25 aplikatuko zaio, baina %25 handitzen ahalko da ikuskizunaren mailak hala eskatzen badu.

D) Laguntzak, gehienez, ondokoak izanen dira:

-1.000 eurokoak oro har; kopuru hori handitzen ahalko da Nafarroako Kirolaren Institutuak interesgarritzat jotzen dituen jarduera berezietarako.

4. Lehentasun-hurrenkera eta gastuaren portzentajeak.

4.1. Foru agindu honetako I. eranskineko 1. arauan ezarritako ataletarako laguntza eskaerak kontuan hartzeko lehentasun hurrenkera eta bakoitzari dagokion diru kopurua hauexek dira:

1.-Hirugarren adinekoendako gorputz-ariketa, %7 gehienez.

2.-Emakumearen gorputz-ariketa, %8 gehienez.

3.-Integraziorako programak, %4 gehienez.

4.-Kirolaren segurtasunerako laguntzak, %5 gehienez.

5.-Kirol sistema berrien ezarpena, %4 gehienez.

6.-Jarduera arrunten programa, %48 gehienez.

7.-Kirol teknikarien kontratazioa, %5 gehienez.

8.-Sustapenerako berariazko programak, %7 gehienez.

9.-Kirol federazioekiko hitzarmenak, %4 gehienez.

10.-Kirol ikuskizunak, %8 gehienez.

4.2. Atal baten kargura emandako diru-laguntzen kopurua atal horrek atxikia duena baino txikiagoa balitz, soberakoa beste atal batean erabil liteke, Kirol Zuzendariordetzak hala erabakita.

Iragarkiaren kodea: F1104153