57. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

48/2011 EBAZPENA, otsailaren 18koa, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak emana, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Batxilergoko mailetan hezkuntza itunak aldatu eta luzatzeko arauak ematen dituena, honako oinarri hauei jarraikiz.

Uztailaren 19ko 117/2010 Foru Aginduaren bidez (105. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 30ekoa), hezkuntza itunak oinetsi ziren, lau urterako, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan eta Batxilergoan, otsailaren 11ko 44/2010 Ebazpenak emandako arauei jarraikiz (27. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 1ekoa).

Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onesten duen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 46. artikuluak aipatzen du zilegi izanen dela Hezkuntza Departamentuarekin hezkuntza ituna sinatu duten ikastetxeetan unitate kopurua aldatzea, hezkuntzarako eskubideari bermabide egokia eman ahal izateko.

Erregelamendu horren lehenbiziko xedapen gehigarriak, halaber, aipatzen du zilegi izanen dela unitateren baterako aldi bateko baimena duten ikastetxeekin sinatu den urtebeteko ituna luzatzea, xedapen horretan bertan aipatzen diren inguruabarrak gertatzen direnean.

Hori guztia gogoan, bada, oraingo itunak aldatu eta/edo luzatzeko irizpideak finkatu eta prozedurak zehaztu behar dira.

Horregatik guztiagatik eta Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluaren bidez emandako ahalmenez baliatuz,

EBATZI DUT:

1. Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Batxilergoko mailetako hezkuntza itunak aldatu eta luzatzeko arauak onestea, honako oinarri hauei jarraikiz:

1. Hezkuntzarako Eskubideari buruzko Lege Organikoarekin, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoarekin eta Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduarekin bat, ikastetxe pribatuek eskaera aurkezten ahalko dute Hezkuntza Departamentuan, sinatutako hezkuntza itunak aldatu eta/edo luzatzeko, edo Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako eta Batxilergorako itun berriak sinatzeko, apirilaren 20a baino lehen.

Eskaerak Nafarroako Unibertsitatez Kanpoko Ikastetxeen Erregistroan ikastetxe bakoitzeko titular gisa ageri direnek sinatuko dituzte. Titularra pertsona juridiko bat baldin bada, haren ordezkaritza duenak sinatu beharko du eskaera. Ordezkaritza agirien bidez frogatu beharko da.

2. Hezkuntza Itunei buruzko Erregelamenduaren 46. artikuluak xedatzen duenaren arabera, zilegi izanen da, ikastetxeko titularrak eskatuta edo Hezkuntza Administrazioak berak ofizioz eskatuta, hezkuntza ituna aldatzea, itundutako unitate kopurua handitu edo gutxitzeko.

3. Ikastetxeak berak eskatu badu itundutako unitate kopurua aldatzea, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari zuzenduko zaio eskaera, ebazpen honen lehenbiziko atalean esan den epean, eta gutxienez honako datu hauek izanen ditu:

a) 2011-2012 ikasturterako osotara eskatzen den unitate kopurua.

b) Eskatu den aldaketa justifikatzen duten arrazoiak eta, hala bada, eskatzen diren unitateak hezkuntza mailako kurtsoen artean banatzeko proposamena.

4. Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak ofizioz hasiko ditu unitate itunduen kopurua aldatzeko prozedurak, ebazpen honen lehenbiziko atalean ezarritako epeak bukatu ondoren, eskatu ez badute ere Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren bosgarren tituluan ezarritako inguruabarrak izaten diren ikastetxeetan. Eraginpeko ikastetxeen titularrei prozedura hasi dela jakinaraziko zaie, hurrengo ikasturtean egin gogo diren aldaketen berri izan eta bidezkoak iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten, 10 egun naturaleko epean.

5. Itundutako unitate kopurua aldatzeko kontuan hartuko diren irizpideak Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 46. artikuluan ageri direnak izanen dira. Otsailaren 11ko 44/2010 Ebazpenean (27. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 1ekoa) finkaturiko ratioa bete beharko da. Ebazpen horretan itunduriko unitateko ikasleen gutxieneko bataz besteko erlazioa zehazten da, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduko 16. artikuluan xedatu bezala.

6. Gela eta hezkuntza maila bakoitzeko gehieneko ikasle kopuruari dagokionez, oro har, Unibertsitatez kanpoko araubide orokorreko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak finkatzen dituen otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretuak ezarritako gehieneko kopuruak errespetatuko dira.

7. Ikastetxe batek unitate itunduren bat salbuespenezko eta aldi bateko baimenarekin baldin badu, zilegi izanen du sinaturik daukan ituna luzatzeko eskatzea.

Ituna 2011-2012 ikasturterako luzatuko da, ikastetxeak irtenbidea eman behar badie bestela konpondu ez daitezkeen eskolatze premiei.

8. Ituna luzatzeko eskaerak, zazpigarren atalak aipatzen dituenak, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, ebazpen honen lehenbiziko atalean aipatzen diren epeetan.

9. 1. Itunak aldatu edo luzatzeko edo berriak sinatzeko eskaerak jaso ondoren, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak ebaluatu eginen ditu eskaerak ebazpen honetan eta aplikatzekoa den legerian finkatu diren irizpideen arabera.

9. 2. Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak zilegi izanen du txostenak eta balorazioak eskatzea, eskatzaileak aurkeztu dituen eskaeren eta alegazioen gainean, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eta Eskolatze Batzordeari.

9. 3. Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak, hala behar denean, erakutsi eginen die espedientea eskatzaileei eta epe bat finkatuko du, beren eskubideen alde bidezkoa iruditzen zaiena alega dezaten.

9. 4. Eskaeren gaineko ebaluazioa ikusirik eta eskatzaileak aurkeztu dituen alegazioak aztertu eta baloratu ondoren, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak proposamen bat eginen du itunak aldatu edo luzatzeko eskaeren gainean.

9. 5. Horrekin batera, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak, ikastetxeetako titularrek aurkeztutako alegazioak eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eta Eskolatze Batzordeak egindako txostenak eta balorazioak, halakorik bada, kontuan harturik, proposamen bat eginen du Hezkuntza Administrazioak ofizioz abiatu dituen hezkuntza itunen aldaketen gainean, eta kasua bada, interesdunei espedientea erakusteko eta beren eskubidea babesteko bidezkoak iruditzen zaizkien alegazioak aurkezteko epea finkatuko du.

10. Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak egiten duen proposamena Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiari igorriko zaio, ikastetxe itunduen finantzaketarako aurrekontuan dauden baliabideak kontuan harturik.

11. Ebazpen honen babesean egiten diren hezkuntza itunen aldaketak eta luzapenak eta itun berriak eginbide baten bitartez formalizatuko dira, eta eginbide hori hezkuntza ituna formalizatzeko agiriari erantsiko zaio. Eginbide hori, batetik, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak eginen du, Hezkuntza Administrazioaren izenean, eta bestetik, ikastetxeko titularrak edo legezko ordezkariak; ordezkaritza agiri bidez frogatu beharko du.

12. Prozedura ebazten duen ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ezezkoa baldin bada arrazoiak eman beharko dira.

2. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4. Ebazpen hau igortzea Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Nominen eta Aurrekontu-Kontrolaren Zerbitzuari, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuari, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, Eskolatze Batzordeko buruari eta Ikastetxeen eta haien Finantzaketaren Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko otsailaren 18an.-Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusia, Francisco Javier Esparza Sánchez.

Iragarkiaren kodea: F1103318