57. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

22/2011 FORU AGINDUA, martxoaren 3koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko kontseilariak emana, "Hiru Behien Zerga" Nafarroako Interes Turistikoko Festa dela adierazten duena ofizioz.

Abuztuaren 9ko 45/2010 Foru Dekretuaren xedea da Nafarroako Foru Komunitatean ospatzen diren festak ikuspegi turistiko batetik arautzea eta "Nafarroako Interes Turistikoko Festa" izendapena sortzea.

Foru dekretu horren 9. artikuluak ezartzen du "Nafarroako Interes Turistikoko Festaren" adierazpena turismo arloan eskumena duen kontseilariaren foru aginduaren bidez eginen dela. Era berean, 4. artikuluan aurreikusten denez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak Nafarroako Interes Turistikoko Festaren adierazpen prozedurari hasiera eman ahalko dio ofizioz.

"Hiru Behien Zerga" Ekialdeko Pirinioetako tradizio bitxienetako bat da, eta baldintzak betetzen ditu Nafarroako Interes Turistikoko Festa dela ofizioz adierazteko; izan ere, ospakizun originala da, herritarrengan errotuta dago -hala erakusten dute haren antzinatasunak eta balio etnografiko eta soziokulturalek-, herritarrek parte-hartzen dute eta bisitari ugari, gure Foru Komunitatekoak bertakoak nahiz kanpokoak, erakartzen ditu. Gainera, ondasun ez-materialaren adierazpena badu, interes kulturaleko ondasunen kategoriaren barnean. Adierazpen horrek, noski, berresten ditu gorago haren kulturaren adierazpen gisa eta Nafarroako baliabide turistiko gisa azaldutako baldintzak.

Turismo Zuzendaritza Nagusiak proposatzen du, foru agindu bidez, "Hiru Behien Zerga" Nafarroako Interes Turistikoko Festa dela adieraztea ofizioz, abuztuaren 9ko 45/2010 Foru Dekretuan eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatu ondoren.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. "Hiru Behien Zerga" Nafarroako Interes Turistikoko Festa dela adieraztea ofizioz.

2. Adierazpen hori Nafarroako Interes Turistikoko Festen Erregistro Administratiboan inskribatzea.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Foru agindu hau Ustarrotz, Izaba, Urzainki eta Gardeko udalei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko martxoaren 3an.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

Iragarkiaren kodea: F1104349