54. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

11/2011 EBAZPENA, martxoaren 4koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko idazkari tekniko nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean herritarrentzako arreta bulego integratuen sarea ezartzeko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin sinatu den esparru-hitzarmena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzen duena.

Ministroen Kontseiluak, 2005eko uztailaren 15eko bileran, herritarren eta Administrazio Publikoaren arteko harremanetarako eredu berriaren garapena bultzatzeko erabakia hartu zuen. Erabaki horren hirugarren atalean xedatutakoaren babesean, Estatuko Administrazio Orokorraren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren arteko lankidetza-hitzarmena egin da. Hauxe da haren helburu nagusia: Nafarroako lurraldean herritarrentzako banakako arreta bulego integratuak ezartzea, herritarrentzako arreta gune espezializatu gisa.

Aipatutako esparru-akordioaren bederatzigarren klausularen babesean, eta idazkaritza tekniko nagusiak arautzen dituen Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 21eko 29/2005 Foru Dekretuaren 9.2 artikuluan emandako eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena. Estatuko Administrazio Orokorrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak Nafarroako lurraldean herritarrentzako arreta bulego integratuen sarea ezartzeko egin duten esparru-hitzarmena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea. Haren testua erantsita doa.

Bigarrena. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialera igortzea.

Iruñean, 2011ko martxoaren 4an.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko idazkari tekniko nagusia, José Gabriel Iriarte Rived.

ESPARRU-HITZARMENA, Estatuko Administrazio Orokorraren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artekoa, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean herritarrentzako arreta bulego integratuen sarea ezartzeko

Madrilen, 2010eko abenduaren 15ean.

Bildu dira:

Alde batetik, María Consuelo Rumí Ibáñez andrea, Lurralde Politika eta Administrazio Publikoko Ministerioko Funtzio Publikorako estatu idazkaria, ministerio-departamentu hori ordezkatuz, Ministerioko titularrak Eskumenen delegazioari buruzko azaroaren 18ko TAP/2964/2010 Aginduaren laugarren puntuan, eta autonomia erkidegoekin eta Toki Administrazioa osatzen duten entitateekin lankidetzan herritarrentzako arreta bulego integratuen sarea ezartzeko Ministroen Kontseiluak 2005eko uztailaren 15ean hartu zuen erabakian eskuordetutako eskumenei jarraikiz ari dena.

Bestetik, Javier Caballero Martínez jauna, Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilaria, Nafarroako Gobernuaren izenean eta hura ordezkatuz, Gobernuko Kontseiluak 2010eko otsailaren 15eko Erabakian emandako baimenaren babesean ari dena.

Honako hau adierazten dute:

1. Espainiako Gobernuak bulego integratuen sarea sortu nahi du, autonomia erkidegoetako gobernuekin eta toki entitateekin koordinaturik eta gizarte eragileekin elkarlanean, herritarren eskariei erantzuna emanen dieten zerbitzu integratuak emateko eta, horrela, administrazioen arteko eskumen-banaketatik harago iristeko zerbitzu emate horretan.

2. Horregatik, Ministroen Kontseiluak, 2005eko uztailaren 15ean, herritarrentzako arreta bulego integratuen sarea ezartzeko erabakia hartu zuen eta Administrazio Publikoetako ministroari agindu zion herritarrentzako laguntza gune komunen sarea urratsez urrats ezartzeko behar diren jarduketak koordinatu zitzala apirilaren 14ko 438/2008 Errege Dekretuak, apirilaren 17ko 640/2009 Errege Dekretuaren bidez aldatuak, ematen dizkion eskumenak erabiliz. Azken horrek garatu egiten du apirilaren 7ko 542/2009 Errege Dekretua, ministerio-departamentuak berregituratzen dituena.

Jarduketa horiek bi eremutan gauzatuko dira: Estatuko Administrazio Orokorrean, haren departamentu eta erakundeen arteko koordinazio ekintzen bitartez, eta autonomia erkidegoetan eta tokiko administrazioetan, berariaz negoziatu eta formalizatutako lankidetza-hitzarmenen bitartez.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak lehentasunezko helburutzat dauka administrazio elektronikoa indartzeko politikak bultzatzea, zerbitzu-maila eta herritar nahiz enpresekiko harremanak hobetzeko eta haiek eskatzen dituzten zerbitzuak ahalik eta modu egokien eta eskuragarrienean eskaintzeko.

Horregatik guztiagatik iritzi zaio administrazio eta entitate sinatzaileen baliabideak bateratzea lagungarria izan daitekeela teknologia berrien hedapenerako eta, horrenbestez, haien aplikazio mordoa herritar-kolektibo guztiengana helarazteko.

4. Estatuko Administrazio Orokorraren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren arteko lankidetza-hitzarmen honek, bide beretik, hauxe du lehen helburua: Nafarroako lurraldean herritarrentzako arretaren eredu integral bat eratzea. Eredu horrek ezarriko ditu gerora herritarrentzako arreta gune komunen sare bat ezartzeko jarduketen garapena aginduko duten ildo nagusiak, sareak argibide, orientazio, arreta eta tramitazio zerbitzu integratuak eman ditzan ahalbidetzeko.

Horiek horrela, egintza honetako alderdiek lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute. Hona hemen hitzarmenaren klausulak:

Klausulak:

Lehenengoa.-Hitzarmenaren xedea.

1. Hitzarmen honen xedea da Estatuko Administrazio Orokorraren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko lankidetza adostea, herritarrentzako arreta gune komunen sare bat urratsez urrats ezartzeko behar diren jarduketak gara daitezen. Sare horrek jarduera administratiboaren alderdi jakin batzuen gaineko argibide, orientazio, arreta eta tramitazio zerbitzu integratuak ematea ahalbidetuko du. Xede horrekin, administrazio parte-hartzaileen eskumenen erabilera koordinatuko ditu. Administraziotzat jotzen dira hitzarmen honen sinatzailek eta hari atxikiko zaien toki entitateak.

2. Aurreko atalean azaldutako xedea lortze aldera, administrazio esku-hartzaileek, bakoitzak bere eskumenak erabiliz, konpromisoa hartzen dute ondoko honetarako:

a) Lankidetzarako neurriak eta tresnak antolatzea herritarrentzako arreta gune komunen sare koordinatu eta normalizatua ezartzeko. Gune horiek izanen dira herritarrek informazio eta zerbitzu publikoak eskuratzeko erabili ahalko dituzten modu edo bideak (aurrez aurreko arreta bulegoak, telefono bidezko arreta, Interneteko orriak eta beste batzuk).

b) Betebeharren esparru orokorra ezartzea, herritarrek aukera izan dezaten, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4.b artikuluak xedatzen duenari jarraituz, Estatuko Administrazio Orokorreko eta Nafarroako Foru Komunitateko zuzenbide publikoko organo eta entitateei zuzendutako eskabide, idazki eta komunikazioak aurkezt u ahal izateko, autonomia erkidegoko lurralde eremuko toki entitateen erregistroetan, beti ere hitzarmenei beren borondatez atxiki bazaizkie.

c) Herritarrei argibideak emateko baliabide eta tresnak trukatu, partekatu eta bateratzeko konpromisoak ezartzea; eta batik bat, esku-hartzaileek beren erantzukizun pean dituzten Interneteko orrialdeetako zenbait eduki gehitu eta hitzartzeko, ahal denean.

d) Pixkanaka kudeaketa-zerbitzuak batera emateko bideak jartzea, administrazio esku-hartzaileen tramiteak eta administrazio-prozedurak erraztuz eta bateratuz eta euskarri dituzten informazio sistemen bateragarritasuna eta elkarreragingarritasuna sustatuz.

3. Hitzarmen hau sinatzen duten alderdiak aldez aurretik ados jarrita, beren xedeetan hitzarmen honen helburuekin bat datozen zuzenbide publikoko korporazioekin negoziatu eta formalizatu ahal izanen dira hitzarmen honen ondoriozko ekintzetako parte-hartzea arautzeko egoki diren tresna juridikoak.

Bigarrena.-Bulego integratuak.

1. Administrazio sinatzaileen eta atxikien arteko lankidetza, aurrez aurreko zerbitzuak emateari dagokionez, bulego integratuen bitartez antolatuko da. Herritarrentzako arreta bulego integratuak honela sailkatuko dira beren ahalmenen eta ematen dituzten zerbitzu mailaren arabera:

-Harremanetarako bulegoak: lehen mailako zerbitzuak eginen dituzte, hau da, herritarren komunikazioak jaso, erregistratu eta igortzea.

-Argibide bulegoak: harremanetarako bulegoetako adierazitako zerbitzuez gainera, erdi mailako zerbitzuak emanen dituzte, hots, herritarrei banakako arreta eta orientazioa emanen dizkiete administrazio esku-hartzaileen zerbitzu publiko eta informazio nagusien gainean.

-Kudeaketa bulegoak: aurreko bi kategorietako zerbitzuez gainera, maila aurreratuko kudeaketa zerbitzu integratuak emanen dituzte; besteak beste, administrazio esku-hartzaile guztien eskumeneko prozedura eta tramiteak batera tramitatzea.

2. Administrazio esku-hartzaileen azpiegitura publikoak baliatuko dira bulegoak haietan kokatzeko. Gaur egungo atxikipen organiko eta funtzionalak errespetatuko dira, baita erakunde-identifikazioak ere, horiek iraun eginen baitute. Gainera, hitzarmen honen sinatzaileek zehaztuko duten ikurra ere ezarriko da, Nafarroako Foru Komunitateko bulego integratuen sarekoak direla erakusteko.

3. Zazpigarren klausulan aipatzen den jarraipen batzordeak zehaztuko du, administrazio esku-hartzaileen proposamena ikusi ondoren, bakoitzaren titulartasuneko zein bulego sartuko diren sarean eta zein mailatako zerbitzuak eman ahalko dituzten, hitzarmen honetan xedatutakoarekin bat.

Hirugarrena.-Harremanetarako bulegoak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko herritarrentzako arreta bulego integratuen sareko harremanetarako bulegoak administrazio esku-hartzaileen erregistroak izanen dira, zeinetan, 30/1992 Legearen 38.4 artikuluko b) eta c) letretan xedatutakoarekin bat, herritarrek eskabide, idazki eta komunikazioak aurkeztu ahal izanen baitituzte administrazio horietako edozeini zuzenduta.

2. Estatuko Administrazio Orokorrak eta Nafarroako Foru Komunitateak elkarrekin prestatuko dituzte harremanetarako bulegoek erabili beharreko irizpideak, aurkeztu izanaren agiriak, kopia zigilatuak eta kopia konpultsatuak luzatzeari dagokionez. Irizpide horiek modu berean erabili behar dira administrazio sinatzaileen titulartasuneko bulego guztietan eta esparru-hitzarmen honi atxikitzen zaizkion toki entitateen bulegoetan.

3. Estatuko Administrazio Orokorrak eta Nafarroako Foru Komunitateak konpromisoa hartzen dute helburu hauei begira lanean hasteko:

a) Beren erregistroen bateragarritasun informatikoa eta koordinazioa bermatuko dituzten teknologia, sistema eta aplikazioen ezarpen koordinatua. Xede horretarako hartzen dituzten neurrien berri emanen diote elkarri, eta idazpenen bateragarritasuna eta igorpen telematikoa bermatuko dituzte, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan xedatutakoa betetzeko.

b) Herritarrei aukera ematea administrazio esku-hartzaileen zerbitzu elektronikoak erabiltzeko, horretarako harremanetarako bulegoetan eskura jarritako bitartekoak eta laguntza emanez.

c) Erregistro-idazpenak ez ezik, erregistroetato edozeinetan aurkezten diren eskabide, idazki, komunikazio eta agiriak ere bide telematikotik igorri ahal izan daitezen, behar diren neurriak hartzea, zeinek bere eremuan.

4. Esparru-hitzarmen honi atxikitzen zaizkion toki entitateek konpromiso hauek izanen dituzte:

a) Beren erregistroak harremanetarako bulego gisa antolatzea, eta Estatuko Administrazio Orokorrari, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo mendeko dituzten edo haiei lotutako zuzenbide publikoko entitateei zuzenduta dagoen edozein eskabide, idazki eta komunikazio bulego horietan aurkez dadila onartzea, entitate hartzailea dagoen tokian dagoela ere.

b) Eskabide, idazki eta komunikazio horien sarrera jasotzea beren erregistroetan. Honako datu hauek jarriko dituzte erregistroko idazpenetan: zenbakia, dokumentu mota adierazten duen epigrafea, sarrera data, dokumentua aurkeztu den eguna eta ordua, interesdun edo administrazio-organo igorlea, pertsona edo administrazio-organo hartzailea, eta erregistratutako idazki edo komunikazioaren edukiaren aipamena.

c) Behin erregistratutakoan, agiriak lehenbailehen eta zuzenean igortzea (betiere aurkeztu ondoko hiru egunetan) organo edo entitate hartzaileei. Igortzeko biderik egokienak erabiliko dira hartzaileek ahalik eta lasterren jaso ditzaten agiriak. Ahal dela, baliabide informatiko, elektroniko eta telematikoak erabiliko dira.

Laugarrena.-Herritarrentzako arreta bulego integratuak.

1. Argibide bulegoak, Nafarroako Foru Komunitateko herritarrentzako arreta bulego integratuen sarearen barnean, administrazio esku-hartzaileen titulartasuneko bulego publikoak dira, beren eskumeneko zerbitzuak eta aurreko klausulan harremanetarako bulegoentzat deskribatu diren eginkizunez gain, herritarrei banakako informazioa, orientazioa eta aholkularitza eskainiko dizkietenak, administrazio esku-hartzaileen zerbitzu publiko nagusiak bilduko dituen eskaintza normalizatu batean.

2. Zazpigarren klausulan aurreikusten den jarraipen batzordeari dagokio aurreko klausulan aipatutako eskaintza normalizatua onetsi eta aldian behin berrikustea.

3. Administrazio esku-hartzaileek konpromisoa hartzen dute beren informazio eta aholkularitza tresnak elkarrekin trukatzeko eta, halaber, neurri funtzional edo tekniko egokiak jarriko dituztela, tresna horiek bat egin dezaten klausula honetan aipatutako bulegoen zerbitzuak erraztu eta bizkortuko dituzten sistemekin.

Bosgarrena.-Kudeaketa integraleko bulegoak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko herritarrentzako arreta bulego integratuen sarearen barnean, kudeaketa bulegoek, harreman eta argibide bulegoetako zerbitzuez gainera, baterako tramitazio zerbitzuak ere emanen dituzte, administrazio esku-hartzaileen eskumeneko prozedura eta izapideak bideratzeko.

2. Xede horrekin, administrazio esku-hartzaileek konpromisoa hartzen dute jarraipen batzordearen bitartez, klausula honetan aipatzen diren bulegoek ematen ahal dituzten tramitazio zerbitzuetako tramiteak eta prozedurak zehazteko. Zehaztapen horrek, aurrera egin ahala, eragina izanen du tramitazio partekatua duten prozeduretan eta, administrazio bakoitzaren ardura izanik, elkarren arteko lotura materiala dutenetan.

3. Administrazio esku-hartzaileek konpromisoa hartzen dute antolaketa, jardunbide eta teknika aldetik behar diren neurriak ezartzeko baterako sistema eta prozesuak ahalbidetzeko, klausula honetan aipagai diren bulegoetan kudeatu ahal izanen direnak.

Seigarrena.-Lankidetza beste baliabide batzuetan.

1. Hitzarmen honetako alderdiek konpromisoa hartzen dute lankidetzarako neurriak aztertu eta hartzeko bi administrazioetako arreta zerbitzuek Internet bidez elkarlanean jardun dezaten. Bereziki, bien web orri nagusietan eragina duten edukiak gehitu eta hitzartzeko prozesuak finkatuko dituzte (www.060.es).

2. Bi administrazioek herritarrei telefonoz arreta emateko dituzten zerbitzuen arteko lankidetzarako neurriak ere aztertu eta proposatuko dituzte.

3. Klausula honen ondoriozko jarduketetan beti joko da gainerako administrazio esku-hartzaileengana hedatzera eta aurrez aurreko bulegoentzat finkatutako arreta maila eta estandarrak normalizatzera.

Zazpigarrena.-Jarraipen batzordea.

Hitzarmenaren jarraipen eta ebaluaziorako batzordea eratuko da. Bi buru izanen ditu, bata Lurralde Politika eta Administrazio Publikoko Ministerioko Administrazio Elektronikoa Bultzatzeko zuzendari nagusia eta bestea Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako zuzendari nagusia; hiru batzordekide Ministerioak izendatuko ditu, eta haietako bat Gobernuaren Foru Komunitateko Ordezkaritzako ordezkari izanen da, betiere jarraipen lana maila periferikoan egin badaiteke, Estatuko Administrazio Orokorraren Antolaketari eta Funtzionamenduari buruzko apirilaren 14ko 6/1997 Legearen 27.1.b) artikuluaren arabera eta, halaber, Ministroen Kontseiluak Estatuko Administrazio Orokorraren eta autonomia erkidegoen arteko lankidetza-hitzarmenei buruz 1990eko martxoaren 2an hartu zuen erabakiaren hamabigarren atalaren arabera; Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak hiru batzordekide izendatuko ditu, eta atxikitzen diren toki entitateek beste hiru. Nafarroako Foru Komunitateko funtzionario bat ariko da idazkari, hizpidearekin baina botorik gabe.

Jarraipen batzordearen jarduna bat etorriko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluko II. kapituluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. tituluko III. kapituluan xedaturikoarekin.

Jarraipen batzordeak berak zehaztuko du bere bileren maiztasuna, baina gutxienez urtean bi aldiz bilduko da. Bilera bakoitzaren akta eginen du.

Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Egokitzat jotzen dituen neurriak proposatzea hitzarmenean ezarritako konpromiso eta eginbeharrak ahalik ongien garatu eta bete daitezen eta erakunde parte-hartzaileen arteko koordinazioa egokia izan dadin.

b) Urtero hitzarmenaren jarraipen eta ebaluazio txostena egitea.

c) Toki entitateek esparru-hitzarmenari atxikitzeko egiten dituzten eskaerak ebaluatzea.

d) Aurreko letran aipatutako eskaerak onartu edo baztertzea, eta atxikimenduak berrestea.

e) Herritarrentzako arreta bulego integratuen atxikipena eta sailkapena zehaztea, bigarren, hirugarren, laugarren eta bosgarren klausuletan xedatutakoari jarraituz.

f) Laugarren klausulan aipatutako argibide bulegoen zerbitzu eskaintza normalizatua finkatu eta berrikustea, eta bosgarren klausularen arabera kudeaketa bulegoek eman behar dituzten zerbitzuak zehaztea.

g) Hitzarmenari atxikitako entitateek hitzarmenaren interpretazioari eta aplikazioari buruz aurkezten dituzten auziak ebaztea, betearazle gisa.

h) Hitzarmena interpretatu eta betetzerakoan sortzen diren arazoak aztertu eta ebaztea. Batzordeari d) letran esleitzen zaion eginkizuna hitzarmen hau sinatzen duten agintariek hartu ahalko dute beren gain, elkarren adostasunez eta noiznahi, baldin eta hitzarmen honetan aurreikusitako erabakiak hartzeko arauak betetzen badira.

Zortzigarrena.-Finantzaketa.

Hitzarmen honek ez du aurreikusten hitzarmenean bertan finantzaketa sistema ezartzea eskatzen duen gasturik, uste baita hitzartutakoa betetzetik etor daitezkeen gastuek ez dutela ekarriko administrazio bakoitzaren gastu eta inbertsio programa arruntak handitzea. Administrazio esku-hartzaile bakoitzak bere baliabideak erabiliko ditu hitzarmen honetan bere gain hartu dituen ekintzetarako.

Baterako finantzaketaren beharra sortuko balitz, berariaz hitzartu eta formalizatuko litzateke beste hitzarmen batean.

Bederatzigarrena.-Hitzarmenaren indarraldia.

Hitzarmen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Hitzarmen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta 2016ko abenduaren 31ra arte iraunen du. Luzatu ahal izanen da, sei urte igaro arte, alderdien adostasunez, ez badu esku-hartzaileren batek amaiera iragartzen indarraldia bukatu baino lehen.

Hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek hitzarmena indargabetzea adostu ahal izanen dute. Halaber, hitzarmena indarrik gabe geldituko da baldin eta alderdi batek, jarraipen batzordearen entzunaldiaren ondotik eta beste alderdia jakinaren gainean jarritakoan, hitzarmenaren amaiera iragartzen badu, hitzarmenaren muina urratu dela edo klausularen bat bete ez dela iritzita.

Amaiera idatziz iragarriko da, hitzarmena buka dadin nahi den eguna baino hiru hilabete lehenago gutxienez. Betiere, berariazko itunik ezean, alderdiek konpromisoa hartzen dute hasitako ekintzak burutzeko behar diren jarduketak egiteko.

Hamargarrena.-Atxikimenduen indarraldia eta amaiera.

Administrazio esku-hartzaileek eta esparru-hitzarmenari atxikitzen zaizkion toki entitateek elkarrekin bere gain hartun dituzten betebeharrek indarra izanen dute atxikimendua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasi eta, epeen amaieragatik edo aurreko klausulan aurreikusitako inguruabarrengatik, esparru-hitzarmena bukatzen den arte.

Toki entitateen atxikimendua indarrik gabe geldituko da baten batek haren amaiera iragartzen badu indarraldia amaitu baino hiru hilabete lehenago gutxienez, edo entitate horiek, korporazioek eta administrazio esku-hartzaileek elkar hartuta hala erabakitzen badute, edo haietakoren batek betebeharren ez-betetze larria gertatu dela egiaztatu eta bere kabuz hala erabakitzen badu. Betiere, toki entitate baten edo zuzenbide publikoko korporazio baten atxikimenduaren ondoriozko betebeharren amaierak ez dio eraginen esparru-hitzarmenaren indarrari.

Hamaikagarrena.-Aurreko hitzarmenak.

Azkenera arte iraunen dute indarrean Ministroen Kontseiluaren erabaki hauen babesean egin diren lankidetzarako hitzarmen eta tresnek: 1996ko otsailaren 23ko Erabakia, Ministroen Kontseiluak hartua, Toki Administrazioko entitateekin 30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluan aurreikusitako hitzarmenak formalizatzekoa; eta 1997ko apirilaren 14ko Erabakia, Estatuko Administrazio Orokorraren, autonomia erkidegoetako administrazioen eta Toki Administrazioko entitateen arteko erregistro-sistema interkomunikatua pixkanaka ezartzekoa.

Hamabigarrena.-Atxikitzeko prozedura.

Toki entitate interesdunek Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako Zuzendaritza Nagusira igorri beharko dute esparru-hitzarmen honen eranskinean dagoen atxikimendu-eskaera, ondoko agiriekin batera:

a) Toki entitatearen edo zuzenbide publikoko korporazioaren organo eskudunak esparru-hitzarmenarekiko atxikimendua eskatzeko hartu duen erabakiaren ziurtagiria.

b) Emanen zaien galdera-sorta. Galdera horiei erantzunez, beharrezko informazioa emanen dute, egiaztatu ahal izan dadin toki entitate eskatzaileak badituela hitzarmeneko betebeharrak bere gain hartzeko baliabideak eta kudeaketa ahalmena.

Zazpigarren klausulan aurreikusten den jarraipen batzordeak eskaerak onartu edo baztertuko ditu hamabost eguneko epean. Eskaera onartuz gero, toki entitateari bere atxikimendua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko eskatuko zaio.

Hamahirugarrena.-Jurisdikzio eskuduna.

Hitzarmen hau administratiboa da eta antolamendu juridiko-administratiboaren bidez arautuko dira haren interpretazioa eta garapena. Hitzarmen hau sinatu eta betearazteak ekar ditzakeen auziak ebaztea Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari dagokio.

Hitzarmen honen hiru kopia sinatu behar dira, haietako bat Lurralde Politika eta Administrazio Publikoko Ministerioko Idazkaritza Tekniko Nagusiaren artxiboan gorde dadin.

Lurralde Politika eta Administrazio Publikoko Ministerioko Funtzio Publikorako estatu idazkaria, Lurralde Politika eta Administrazio Publikoko Ministerioko titularrak eskuordetuta, Eskumenen delegazioari buruzko azaroaren 18ko TAP/2964/2010 Aginduaren laugarren puntuan. María Consuelo Rumí Ibáñez.

Lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

ERANSKINA

Atxikitzeko protokoloa

....................................................... jaunak/andreak (izena eta kargua), ............................................ (toki entitatea) ordezkatuz,

Adierazten dut:

.......................... toki entitatean eskumena duen ........................... organoak .......(e)ko ................aren .....(e)an erabaki du eskatzea Estatuko Administrazio Orokorrak eta Nafarroako Foru Komunitateak Nafarroako lurraldean herritarrentzako arreta gune komunen sarea ezartzeko sinatu duten hitzarmenari atxikitzeko. Hitzarmen hori .......... urteko ....... zenbakiko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu da, ................aren ....(e)an, eta ........ urteko .............. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ...............aren .....(e)an.

Adierazten dute:

Ordezkatzen duen ....................... toki entitateak azaltzen du esparru-hitzarmen horren klausula guzti-guztiei atxikitzeko borondatea. Hitzarmenaren ondoriozko betebeharrak bere gain hartuko ditu eta men eginen die klausula guztiei.

(Tokia eta eguna)

(Sinadura-aurrekoa eta sinadura)

Estatuko Administrazio Orokorrak eta Nafarroako Foru Komunitateak ....(e)ko ...........aren ....(e)an sinatutako hitzarmenaren hamabigarren klausulan ezarritako prozedurari jarraituz, oniritzia eman zaio administrazio esku-hartzaileek eskatutako atxikimenduari.

Ondorio horietarako, agiri hauek erantsi dira:

(Tokia eta eguna)

Jarraipen eta ebaluazio batzordeko buruak.

(Sinadurak)

Iragarkiaren kodea: F1103973