54. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

15/2011 EBAZPENA, martxoaren 3koa, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Foru Komunitatean 2011n lan osasuneko proiektu eta programak garatzen dituzten sindikatuentzako, enpresaburuen elkarteentzako eta irabazi-asmorik gabeko bestelako erakunde eta elkarteentzako diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onesten dituena.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, 14. artikuluan, xedatzen du Nafarroako administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, langileen osasun integrala babestu, sustatu eta hobetuko dutela.

Nafarroako Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen apirilaren 10eko 16/2006 Foru Dekretuaren 4. artikuluak langileen osasun integrala prebenitu, babestu eta sustatzeko eginkizunak ematen dizkio erakunde horri, besteak beste.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du, haiek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen direnean onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarriko ditu, eta horiek argitaratu beharko dira, deialdiaren xede den egoeran daudenek edo bertan aipatzen diren jarduerak egiten dituztenek eskuratu ahal izateko.

11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez onesten den deialdiaren xedea da Nafarroako Foru Komunitatean lan osasuneko proiektu eta programak garatzen dituzten sindikatuentzako, enpresaburuen elkarteentzako eta irabazi-asmorik gabeko bestelako erakunde eta elkarteentzako diru-laguntzak ematea.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek diru-laguntza hauek emateko egokitasuna eta onura publikoa, eta deialdiaren eta haren oinarri arautzaileen legezkotasuna adierazten dute, hurrenez hurren.

Horrenbestez, Nafarroako Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen apirilaren 10eko 16/2006 Foru Dekretuaren 16. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean 2011n lan osasuneko proiektu eta programak garatzen dituzten sindikatuentzako, enpresaburuen elkarteentzako eta irabazi-asmorik gabeko bestelako erakunde eta elkarteentzako diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onestea, ebazpen honen eranskinean xedatutakoarekin bat.

2. 458.000,00 euroko gastua baimentzea, 2011ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko kontu-sail hauen kargura:

-77.132,00 euro, "Lan osasunari buruzko ikerketa eta jarduketak" izeneko 53000 G/514000-4819-313900 kontu-sailaren kargura.

-174.663,00 euro, "Segurtasun eta osasun proiektuak eraikuntzan" izeneko 53000 G/514000-4819-313902 kontu-sailaren kargura, eta

-206.205,00 euro, "Laneko lehentasunezko arriskuei buruzko proiektuak" izeneko 53000 G/514000-4819-313903 kontu-sailaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen Kontu-Hartzailetza Delegatura, Osasun Departamentuko idazkari tekniko nagusiari eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko Administrazioaren eta Giza Baliabideen Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren eta Erregistroaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2011ko martxoaren 3an.-Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Alberto Margallo Lana.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean 2011an lan osasuneko proiektu eta programak garatzen dituzten sindikatuentzako, enpresaburuen elkarteentzako eta irabazi-asmorik gabeko bestelako erakunde eta elkarteentzako diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak

1.-Xedea, aplikazio eremua eta modalitateak.

1.1. Xedea.

Deialdiaren xedea da Nafarroako Foru Komunitatean 2011n lan osasuneko proiektu eta programak garatzen dituzten sindikatuentzako, enpresaburuen elkarteentzako eta irabazi-asmorik gabeko bestelako erakunde eta elkarteentzako diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea.

Diru-laguntza horien bidez irabazi-asmorik gabeko erakunde eta elkarteek eta bestelako sindikatuek eta enpresaburuen elkarteek lan osasuneko programetarako berariazko ekintzak egitea sustatu eta bultzatu nahi da. Diru-laguntzak emateko, Osasun Departamentuak osasun politikaren esparru orokorrean ezartzen dituen jarraibideak hartuko dira kontuan. Hori horrela, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuaren jarduketa ildoak eta laneko segurtasun eta osasunaren arloko arautegia betetzea dakartzaten ekintzak sustatuko dira.

Jardunaldi eta biltzarren antolaketa, sarien deialdia eta prestakuntza ekintza solteak ez dira diru-laguntzen deialdi honen xede.

Enpresek legezko xedapenek behartzen dutelako egiten dituzten ekintza zehatzak eta enpresa bakar batentzako edo enpresa talde bakar batentzako ekintzak ere ez dira diruz lagunduko.

1.2. Aplikazio eremua.

Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak Nafarroako Foru Komunitatean 2011n lan osasuneko ekintza edo programak garatzen dituzten sindikatuentzat, enpresaburuen elkarteentzat eta irabazi-asmorik gabeko bestelako erakunde eta elkarteentzat dira.

1.3. Modalitateak.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, proiektu modalitate hauek jaso ditzakete diru-laguntzak:

a) Laneko lehentasunezko arriskuei buruzko proiektuak.

b) Segurtasun eta osasun proiektuak eraikuntzan.

c) Lan osasunari buruzko ikerketa eta jarduketak.

Honako hauek aurkezten ahalko dira a) modalitatean: Nafarroako Foru Komunitatean lan osasuneko ekintzak edo programak garatzen dituzten sindikatuak, enpresaburuen elkarteak eta erakunde eta elkarte horiek batera parte hartzen duten entitateak.

Honako hauek aurkezten ahalko dira b) modalitatean: Nafarroako Foru Komunitatean lan osasuneko ekintzak edo programak garatzen dituzten sindikatuak, enpresaburuen elkarteak eta erakunde eta elkarte horiek batera parte hartzen duten entitateak, betiere eraikuntzaren sektorearekin lotuta badaude.

Honako hauek aurkezten ahalko dira c) modalitatean: Nafarroako Foru Komunitatean lan osasuneko ekintzak edo programak garatzen dituzten sindikatuak, enpresaburuen elkarteak eta irabazi-asmorik gabeko bestelako erakunde eta elkarteak.

Modalitate bakoitzerako gehieneko gastua 2011ko gastuen aurrekontuko kasuan kasuko kontu-sailari dagokiona izanen da, honi jarraikiz:

-206.205,00 euro, "Laneko lehentasunezko arriskuei buruzko proiektuak" izeneko 53000 G/514000-4819-313903 kontu-sailaren kargura.

-174.663,00 euro, "Segurtasun eta osasun proiektuak eraikuntzan" izeneko 53000 G/514000-4819-313902 kontu-sailaren kargura, eta

-77.132,00 euro, "Lan osasunari buruzko ikerketa eta jarduketak" izeneko 53000 G/514000-4819-313900 kontu-sailaren kargura.

2.-Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Honako hauek jasotzen ahalko dituzte oinarri arautzaile hauetan aurreikusten diren diru-laguntzak, kasuan kasuko modalitatearen arabera: Nafarroako Foru Komunitatean lan osasuneko ekintzak edo programak garatzen dituzten sindikatu, enpresaburuen elkarte eta irabazi-asmorik gabeko bestelako erakunde eta elkarteek. Deialdi honetara aurkezten diren entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta erregistro hauetariko batean inskribatua egotea:

-Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Lanbide Elkarteen Erregistroan.

-Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren mendeko Elkarteen Erregistroan.

-Bidezko diren bestelako erregistroetan.

b) Irabazi-asmorik ez izatea.

c) Zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko akordioa egin izana.

d) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debekuetan erori ez izana.

Aipatutako betebehar horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta diruz lagundutako jarduerak irauten duen bitartean bete beharko dira.

3.-Diru-laguntzen xede diren proiektu eta programek bete beharreko baldintzak.

Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdi honetan aipatzen diren xede, helburu eta printzipioekin bat etortzea.

b) Behar diren azpiegitura eta baliabideak edukitzea, norberarenak edo beste batzuenak, proiektua gauzatzearen bideragarritasuna bermatzen dutenak.

c) Proiektua garatzeko, urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Prebentzio Zerbitzuei buruzko Erregelamenduaren 37. artikuluan deskribatzen diren prebentzioaren arloko espezialitate eta diziplinetariko baten batean goi mailako eginkizunak betetzeko baimendutako profesional bat, gutxienez, edukitzea.

4. Eskaerak aurkeztea.

4.1. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Entitate interesdunek aurkeztu behar duten eskabidea horretarako prestatu den ereduaren araberakoa izanen da. Eredua Nafarroako Lan Osasunaren Institutuan (Landaben industrialdea, E eta F kaleak, 31012 Iruña) eskuratzen ahalko dute, bai eta erakunde beraren webgunean ere (www.cfnavarra.es/insl).

20 egun naturaleko epea izanen da eskabidea, entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatua, aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko erregistroan (Iruñeko Landaben industrialdea, E eta F kaleak) aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusten diren erregistro edo bulegoetatik edozeinetan.

Posta bulegoen bidez aurkezten diren eskaeretan gutun-azala zabalik egon beharko da, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onarpen data eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak agerraraz daitezen. Gainera, entitate interesdunak eskaera igorri duela aditzera eman beharko dio Nafarroako Lan Osasunaren Institutuari, egun berean eta fax bidez.

4.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea horretarako prestatu den ereduaren arabera beteko da eta entitatearen ordezkariak behar bezala sinatuko du. Harekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira (jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak):

a) Elkartearen edo entitatearen estatutuak.

b) Eskabidea sinatzen duen ordezkariari emandako ahalordea frogatzen duen agiria eta haren nortasun agiri nazionala.

c) 2. oinarrian aipatzen diren bidezko erregistroetan inskribaturik dagoela frogatzen duten agiriak.

d) Identifikazio fiskaleko txartela.

e) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, agertarazten duena ez entitatea, ez administratzaileak edo ordezkariak ez daudela diru-laguntzen onuradun izateko debekuetan. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

f) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, Gizarte Segurantzarekiko eta Nafarroako Zerga Ogasunarekiko zerga arloko betebeharrak eguneratuak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak dituela dioena.

g) Diru-laguntzaren aurrerakinik eskatuz gero, oinarri arautzaile hauen 11. atalean xedatutakoarekin bat, diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsak aldez aurretik behar direla arrazoitzen duen txostena.

h) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari diru-laguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko diru-laguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Nafarroako Foru Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, a), b), c), d) eta h) letretan eskatzen diren agiriak ez dira aurkeztu beharko, baldin eta datuak Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badituzte edo jadanik badituzte. Halakoetan, agiri horietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariak inguruabar hori azaltzen duen adierazpen bat egiten ahalko du, agiriak aurkeztu ziren data izanen duena.

j) Zein programatarako eskatzen den diru-laguntza, haien deskripzioa, hau zehazturik:

-Izena.

-Helburuak.

-Garatuko diren jarduerak.

-Egutegia.

-Giza baliabideak (zehaztu langile kontratatuak, boluntarioak...).

-Finantza baliabideak (diru-sarreren eta gastuen aurrekontua, aurreikusitako finantzabideak).

-Nafarroako Lan Osasunaren Institutuari eskatutako dirua.

-Ebaluazio aurreikuspena (adierazleak ....).

4.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Instrukzio organoak, eskabideak baldintzak bete ezik edo harekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezik, entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskabideari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko agindu, eta dagokionari jakinaraziko zaio, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

5.-Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Laneko Osasun eta Ikerketarako Zerbitzuari esleitu zaizkio. Instrukzio organoaren ebazpen proposamena ebaluazio batzordeak emandako irizpenarekin bat emanen da. Oinarri arautzaile hauetan "instrukzio organoa" aipatzen denean, Laneko Osasun eta Ikerketarako Zerbitzuari egiten zaio erreferentzia.

Laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak du.

6.-Eskaerak ebaluatzeko kide anitzeko organoa.

Ebaluazio batzordea osatuko da aurkeztutako eskaerak baloratu eta diru-laguntzak emateko proposamena egiteko.

Ebaluazio batzorde horrek kide hauek izanen ditu:

-Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko Laneko Osasun eta Ikerketarako Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburu lanetan arituko dena.

-Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko Laneko Segurtasun eta Higienerako eta Prestakuntzarako Zerbitzuko zuzendaria, batzordeko buruorde lanetan arituko dena.

-Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko bi kide, entitate horren zuzendari kudeatzaileak izendatuak.

-Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiko zuzendariak izendatutako kide bat.

-Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko Administrazioaren eta Giza Baliabideen atalburua, idazkari lanetan arituko dena.

Batzorde horren proposamena lotzailea izanen da, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.

7.-Diru-laguntzak emateko prozedura eta baloraziorako arau orokorrak.

7.1. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak alderatuz, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat. Horretarako, proiektuak, modalitateen arabera, jarraian aipatzen diren balorazio irizpideekin bat emandako puntuazioari jarraikiz ordenatuko dira. Atal honetan gutxienez ere 3 puntu lortu beharko dira diru-laguntza jaso ahal izateko.

a) Modalitatea: "Laneko lehentasunezko arriskuei buruzko proiektuak". Irizpide hauen arabera baloratuko dira:

-Aurkeztutako proiektua bat etortzea 2007tik 2012ra bitarteko Nafarroako Lan Osasunaren II. Planean definitutako ikerketarako arlo estrategikoekin eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutuaren lehentasunezko jarduketa programekin, bereziki hauekin: "Diana programan sartu diren enpresak", laneko ezbehar-tasa handieneko sektore eta jarduera ekonomikoak, arrisku bereziko egoerak enpresa txiki eta ertainetan eta enpresa jardueren koordinazioa, eta ibilgailuak gidatu eta erabiltzearekin, mugikortasunarekin eta bide-segurtasunarekin lotutako alderdiak. 7 puntu gehienez.

-Nafarroako Foru Komunitate osoan diharduten enpresaburuen elkarteek eta sindikatuek batera proposatutako proiektuak, kasuan kasuko sektore edo eremu geografikoetan aritzeko, eta enpresaburuen elkarte eta sindikatu horien artean egindako programa bateratuak, bai biek zuzenean, bai haiek ordezkatuak dauden entitateen bidez. 3 puntu gehienez.

b) Modalitatea: "Segurtasun eta osasun proiektuak eraikuntzan".

Aurreko atalean aipatzen diren orotariko baldintzak aplikatuko dira, eraikuntza sektorera egokiturik.

c) Modalitatea: "Lan osasunari buruzko ikerketa eta jarduketak". Irizpide hauen arabera baloratuko dira:

-Aurkezten den proiektua 2007tik 2012ra bitarteko Nafarroako Lan Osasunaren II. Planean definitutako ikerketarako arlo estrategikoekin eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutuaren lan osasuneko lehentasunezko ildo eta programekin bat etortzea. 3 puntu gehienez.

Hauek izanen dira lehentasunezko ildo eta programak: lanbide eritasunak eta lanarekin zerikusia dutenak prebenitzeko eta haien arrazoiak zehazteko neurriak hartzea helburu duten proiektuak, egoera arriskutsuan lan egiten duten langileak identifikatu eta osasuna berariaz zaintzeko protokoloak aplikatzekoak, lantokian osasuna sustatzekoak, gizarte egoera ahulean dauden edo laguntza berezia behar duten pertsona taldeez arduratzen direnak, enpresa txiki eta ertainetan prebentzioa kudeatzeko sistemen ezarpena sustatzeko xedea dutenak, laneko arrisku edo lan istripu tasa handi edo bereziko enpresa edo jarduerak jomuga dituztenak eta enpresa jardueren koordinazioa helburu dutenak.

-Proiektuaren originaltasuna eta berrikuntza. 2 puntu gehienez.

-Nafarroako Gobernuaren beste programekin osagarria izatea eta horietan txertatzea, agirien bidez frogaturik. Puntu bat gehienez.

-Diziplina anitzeko proiektuak, non zentro askok hartzen baitute parte. Puntu bat gehienez.

-Proiektua 6.000 eurotik beherako aurrekontu mugen barruan egokia eta bideragarria izatea. Puntu bat gehienez.

-Aurreko ataletan sartu ez diren eta proiektuan dauden bestelako alderdiak. 2 puntu gehienez.

c) modalitate honen ondorioetarako bakarrik, entitate batek ez du 18.000,00 eurotik gorako diru-laguntzarik jasoko, inolaz ere, proiektu bat edo gehiago aurkeztuta ere.

7.2. Onetsitako proiektuetarako diru-laguntzaren zenbatekoa, eskatutakoa gaindituko ez duena, honela esleituko da, hautatzen den modalitate motaren arabera:

7.2.1. a) eta b) modalitateetan, diruz laguntzen den proiektu onetsi bakoitzerako zenbatekoa honela esleituko da:

a) Aurrekontuko diruaren 100eko 70 erakundeen ordezkaritzarekiko proportzionaltasunean esleituko da. Horretarako, sindikatuen kasuan Nafarroako Gobernuko Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren aurreko urteko abenduaren 31ko datu ofizialak erabiliko dira, eta, enpresaburuen elkarteen kasuan, data horretan zenbat enpresa eta langile ordezkatzen dituzten frogagiria aurkeztu beharko dute elkarteek.

b) Gainerako 100eko 30a irizpide hauen arabera esleituko da:

-Enpresa eta/edo bizilagun onuradunen gaineko eragina.

-Eritasun eta heriotza tasen gaineko eragina, ahultasun egoera.

-Proiektuaren diseinua, zehaztasuna eta kalitatea, eta helburuak lortzeko adierazleen definizioaren egokitasuna.

-Bestelako diru-laguntzarik ez edukitzea.

-Aurreko urteetan egindako programen eraginkortasuna.

7.2.2. c) modalitatean, proiektu bakoitzerako diru-laguntzaren zenbatekoa esleitzeko, aurrekontuko diruaren 100eko 100 7.2.1 b) atalean definitutako irizpideen arabera banatuko da.

8.-Proiektuen aldaketa.

Proposatutako diru-laguntza eskatutako zenbatekoaren edo ezarritako gehieneko zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamarretik beherakoa izanez gero, instrukzio organoak, proposatu baino lehen, hamabost egun naturaleko entzunaldiari ekiten ahalko dio, entitate eskatzaileak proiektua aldatzeko aukera izan dezan. Betiere, bermatuko da aldatzen den programak jatorrizkoaren xede eta ezaugarri berak izatea.

Programaren aldaketa onartua ahal izateko, aldatutako proiektua hasiera batean eginiko balorazioaren tarte berean sartu beharko da. Bestela, entitateak hasierako proposamenari hertsiki lotuz gauzatu beharko du programa.

Halaber, aldaketaren aurrekontua ez da izanen proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean baldintza antzekoetan aurreikusitako kofinantzaketaren batura baino txikiagoa.

Aldatutako proiektua onartua izateko, ebaluazio batzordearen aldeko txostena beharko da aurretik.

9.-Ebazpena.

Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko du diru-laguntzak eman edo ukatzea, instrukzio organoak ematen duen proposamenarekin bat.

Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpena, eman edo ukatzeko arrazoiak bilduko dituena, entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta diru-laguntza zein eskatzaileri eman eta, hala bada, ukatu zaion zehazten duen zerrenda adieraziko du. Diru-laguntza emanez gero, haren helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko iragarki oholean argitaratuko da (Iruñeko Landaben industrialdea, E eta F kaleak). Argitalpen horretan deialdia, diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko programa eta kreditua, onuradunak, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua adieraziko dira.

10.-Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak jasotzea jarduera bera garatzeko bestelako diru-laguntzak jasotzearekin bateragarria da.

Hala ere, emandako zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

11.-Diru-laguntzaren ordainketa eta frogagiriak.

11.1. Ematen den diru-laguntza 60.000,00 eurokoa edo txikiagoa baldin bada, ordainketa bakarrean abonatuko da, aurrerakin gisa, diru-laguntza emateko ebazpenarekin batera.

11.2. Ematen den diru-laguntza 60.000,00 eurotik gorakoa bada, gutxienez bi zatitan ordainduko da. Lehenbizikoa diru-laguntza emateko ebazpenarekin batera, eta hurrengoa edo hurrengoak ebazpen horretan aipatzen diren epe edo baldintzetan. Kasu horretan, aurretik ordaintutako zenbatekoari dagokion justifikazio ekonomikoa egin beharko da agiri bidez, diru-laguntzaren hurrengo ordainketa egin ahal izateko.

Horretarako, diru-laguntza jaso duen entitateak agiri hauek aurkeztuko ditu:

a) Proiektuaren bilakaeraren berri ematen duen erdibideko txosten labur bat.

b) Programek ordura arte izandako diru-sarreren eta gastuen zerrenda.

c) Programa bakoitzerako jasotako diru-laguntzari aplikatutako gastuen zerrenda, non agiri zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, data eta zenbatekoa zehaztuko baitira. Zerrenda horrekin batera, kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztuko dira (jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatutako fotokopiak). Jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua eta prezioa adierazten dituzten banku-laburpenak, ordainagiriak eta fakturak onartuko dira bakarrik egiaztagiri gisa, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Foru dekretu horren bidez, fakturazio eginbeharrak arautzeko Erregelamendua onetsi zen. Jasotako diru-laguntza justifikatzeko, jatorrizko fakturei zigilua jarriko zaie, Nafarroako Lan Osasunaren Instituan aurkeztu izanaren adierazgarri.

11.3. Aurreko ataletan aurreikusten diren aurrerakinak ordaintzeko baldintza hauek bete beharko dira:

a) Entitateak frogatu beharko du diru-laguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar dituela. Horretarako, eskabidearekin aurkeztu beharreko beste agiriekin batera, behar hori frogatzen duen txostena aurkeztuko du entitateak.

b) Beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren berariazko baimena, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.

Baldintza horiek bete ezik, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da diru-laguntza, jarduera egin dela frogatu ondoren, oinarri arautzaile hauen 11.2 atalean xedatutakoari jarraikiz.

11.4. Diru-laguntza ordaintzeko modalitatea edozein delarik ere, frogagiriak aurkezteko epea diru-laguntza zein urtetan ematen den, urte horretako abenduaren 12an amaituko da, eta faktura guztiek egun hori baino lehenagokoak izan behar dute.

Aurrekoaz gain, jardueraren gauzatzeari buruzko memoria tekniko eta ekonomikoa aurkeztu beharko da, horretarako prestatu den ereduaren arabera. Eredua Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko bulegoetan (Landaben industrialdea, E eta F kaleak, 31012 Iruña) eta erakunde beraren webgunean (www.cfnavarra.es/insl) eskuratzen ahalko da. Bertan, hau adieraziko da:

a) Entitatearen jarduera osoaren memoria labur bat, 2011ko ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen orotariko balantzea barne.

b) Programen gauzatzeari buruzko txosten teknikoa, atal hauek jasoko dituena:

-Programaren izena.

-Programaren eraginkortasuna. Urte hasieran jarritako helburuen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa, egindakoaren eta egin nahi zenaren arteko aldea hautemateko.

-Eragimena. Lortutako emaitzen ebaluazioa, erabilitako baliabide tekniko eta ekonomikoak eta giza baliabideak kontuan hartuz.

-Programaren eragina bere jarduketa esparruan.

-Bideragarritasuna.

-Proiektuaren estrategien ebaluazioa. Proiektuan aurkitutako arazoen aurrean erantzun edo ikuspegi egokiena hartu ote den baloratuko da.

-Onuradunen parte-hartzea eta gogobetetasuna.

c) Programaren balantze ekonomikoa. Bertan, diru-sarrera guztiak zehaztuko dira, baita berezko funtsak eta beste entitate publiko edo pribatu batzuetatik eskuratutako baliabideak ere. Balantzeak gastu guztiak ere bilduko ditu, honela sailkaturik:

-Langileak.

-Jarduerak.

-Funtzionamendu, administrazio eta kudeaketa gastuak.

d) Egindako programaren diru-sarreren eta gastuen zerrenda, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzari aplikatua, agiri zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, eguna eta diru zenbatekoa zehaztuta. Zerrenda horrekin batera, kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztuko dira (jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatutako fotokopiak). Jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua eta prezioa adierazten dituzten banku-laburpenak, ordainagiriak eta fakturak onartuko dira bakarrik egiaztagiri gisa, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Foru dekretu horren bidez, fakturazio eginbeharrak arautzeko Erregelamendua onetsi zen. Jatorrizko fakturei jasotako diru-laguntza justifikatzeko Nafarroako Lan Osasunaren Institutuan aurkeztu direlako zigilua jarriko zaie.

e) Beste edozein dokumentazio idatzi edo grafiko, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako programaren gauzatze edo bilakaera ona bermatzen duena.

11.5. Gastu hauek jaso dezakete diru-laguntza:

a) Aurkeztutako proiektu edo programaren helburuarekin lotura zuzena duten jarduera, material suntsigarri eta langile gastuak.

b) Horiez gain, garatuko den proiektu edo programarekin lotura zuzena eta berariazkoa duten funtzionamenduko eta kudeaketako gastu orokorrak, bai eta administratiboak ere, finantzatzen ahalko dira, diruz lagundutako zenbatekoaren %20 arte gehienez.

c) Teknikariak ez diren langileen finantzaketa gehienez ere diruz lagundutako langile gastuen %20 izanen da.

d) Material inbentariagarriaren erosketa edo aktibo finkoetako inbertsioak ez dira behin ere finantzatuko.

Jarduerak, diru-laguntzaz gain, funts berekiekin edo bestelako diru-laguntza edo baliabideekin finantzatu direnean, justifikazioan funts horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

12.-Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Proiektua entitateak eskaeran eta diru-laguntza emateko baldintzetan zehaztu bezala gauzatzea.

b) 11. oinarrian aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.

c) Oro har, eta jardueraren helburua dela-eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak bidezkotzat jotzen ez duen kasuetan salbu, informazio edo zabalkunde ekintza edo programetan, liburuxka eta gisakoetan, eta haien jendaurreko erakusketa orotan, lana Nafarroako Gobernuaren laguntzaz egiten dela agertu beharko da eta aipatu Nafarroako Lan Osasunaren Institutua finantzaketan laguntzaile izan dela. Aldez aurretik, erakunde autonomo horrek jakinaren gainean egon behar du.

d) Diruz lagundu den zabalkunderako materiala editatu, argitaratu eta gauzatzeko, diruz lagundutako entitateak zirriborro bat aurkeztu beharko du Nafarroako Lan Osasunaren Institutuan, exekuzio materiala baino lehen, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartu, haren ikur ofiziala eta erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuarekin bat. Logotipo horrek diruz laguntzen den entitatearen logotipoaren tamaina berean agertu beharko du eta hura bezain ikusgai izanen da. Zalantzarik izatekotan, Nafarroako Gobernuko Argitalpen Atalari eskatuko zaio aurrean azaldutakoa argitzeko.

f) Deialdiaren xede den proiektuak monografiak, zabalkunderako liburuxkak, erakusketarako panelak eta balorazioak eta iritziak biltzen dituzten bestelako argitalpenak editatzea badakar berarekin, lehen esandakoaz gain, entitate onuradunek, lauki nabarmen batean, testu hau ipini beharko dute: "Nafarroako Gobernua, argitalpen (edo zabalkunderako bestelako material) honetarako diru-laguntza eman badu ere, ez dator bat nahitaez bertan agertzen diren artikulu edo iritzien edukiarekin".

g) Entitate horiek ezin izanen dute Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beraiek eginiko beste jarduerak zabaltzeko, ez badira propio diruz laguntzen deialdia honen bidez.

h) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen legeriaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak onartu beharko ditu entitate onuradunak.

i) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea diru-laguntza ematen duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster jakinarazi behar da eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

j) Entitatearen izaera dela-eta, eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko betebeharrak betetzea.

k) Deialdian eta aplikatzekoak diren legeetan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

l) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

13.-Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

13.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan ezarritako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioak egitea; alegia, beste batzuekin hitzartzea diru-laguntzaren xedeko jarduera partzialki gauzatzea. Diruz laguntzen den jarduera onuradunak berak egiten badu, gastu horien kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo geldituko da.

Onuradunak gehienez ere diruz laguntzen den jardueraren zenbatekoaren %75 erabiltzen ahalko du azpikontratazioetarako. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000,00 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa kontratua idatziz sinatu beharraren menpe egonen da.

13.2. Hornitzaileen kontratazioa.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, zerbitzuak aholkularitza edo laguntza enpresek ematen badituzte eta diruz laguntzen daitekeen gastuaren zenbatekoa 12.000,00 euro baino handiagoa bada, onuradunak frogatu beharko du, diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela.

Kasu horietan, entitate onuradunak gutxienez ere helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Entitate onuradunak kontsultatzeko tramitearen gaineko dokumentazioa eta eskaintzak gorde beharko ditu. Kontu horiek agirien bidez frogatu beharko ditu, diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Zenbait enpresari kontsulta egitea ez da beharrezkoa izanen, diruz lagun daitezkeen gastuen ezaugarrien berezitasunagatik merkatuan hornidura edo zerbitzua ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

14.-Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Nafarroako Lan Osasunaren Institutuari.

Salbuespen gisa, diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edo programen edukia aldatzeko eskatzea, baita hura egiteko modua eta epeak ere, programa gauzatzea eragozten edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi; betiere, diruz laguntzen den programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen aldaketa orok, administrazioak aldaketa onartzen duen alde batera utzita, diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

15.-Dirua itzultzea.

Programa gauzatu ezik edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak bete ezik, eta Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusten diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak bete ezik, jasotako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo partzialki. Legeek aurreikusitako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutza interesa eskatzea, diru-laguntza ordaindu zenetik hura itzultzeko ebazpena eman arte sorrarazia.

Dirua itzultzeko prozedura aipatu den artikuluan xedatutakoaren araberakoa izanen da, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak zenbateraino eta noraino ez diren bete ikusita.

16.-Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzen entitate onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

17.-Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaileotan ezartzen ez den orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

18.-Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoak diren administrazio errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarri arautzaileen eta garatzeko egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F1104145