54. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Udal ordenantza, Energia aldetik iraunkorrak diren ibilgailuak erosteko laguntzen gainekoa. Behin betiko onespena

Udalak, 2010eko abenduaren 20an egin osoko bilkuran, Energia aldetik iraunkorrak diren ibilgailuak erosteko laguntzen gaineko ordenantza onetsi zuen hasiera batean, eta argitaratu, berriz, 2011ko 13. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 20an. Jendaurreko epea erreklamazio, kexa eta oharrik gabe iragan denez, aipatu ordenantza behin betikoz onetsita gelditu da eta, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/2008 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, osorik argitaratzen da. Hona hemen:

ENERGIA ALDETIK IRAUNKORRAK DIREN IBILGAILUAK EROSTEKO LAGUNTZEN GAINEKO UDAL ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea. Energia aldetik iraunkorrak

Ordenantza honen xedea da trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga ordaintzeko laguntzak arautzea. Laguntza horiek emanen dira motordun ibilgailuak erosiz gero, kontuan hartuta motorraren ezaugarriak, erabiltzen duten erregai mota, eta errekuntzak ingurumenean duen eragina, betiere ezarritako baldintzak eta betekizunak betetzen badira. Erositako ibilgailuak mota hauetakoa izan beharko du:

a) Motor elektrikoa dutenak eta/edo inolako isuri kutsagarririk ez dutenak.

b) Ibilgailu hibridoak (motorra: elektrikoa-gasolina, elektrikoa-diesela edo elektrikoa-gasa)

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Laguntza horiek emanen dira soilik lehen aldiz erositako ibilgailuengatik, Tuterako Udaleko ibilgailuen erroldan inskribatuta badaude.

3. artikulua. Gastua egoztea.

Ordenantza honetako laguntzak esleitzeko baimentzen diren gastuetarako, baldintza izanen da kreditu egokia eta nahikoa izatea udal aurrekontuetan horretarako berariaz ezartzen den kontu-sailean.

4. artikulua. Onuradunak eta betebeharrak.

1.-Onuraduna nor den: Onuraduntzat hartuko dira laguntza jaso ahal duten ibilgailuen titularrak diren pertsona fisiko edo juridikoak.

2.-Betebeharrak:

a) Udal zergen ordainketak eguneratuak izatea.

b) Laguntza eskatzea adierazten den epearen barruan, eta eskaerarekin batera beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztea.

5. artikulua. Ibilgailuek bete beharreko baldintzak.

1.-Ibilgailu elektrikoak

Motor elektrikoa dutenak eta/edo inolako isuri kutsagarririk ez dutenak.

2.-Ibilgailu bimodal edo hibridoak.

Motor elektrikoa-gasolina, elektrikoa-diesela edo elektrikoa-gasa duten ibilgailuak, fabrikatik homologatuta daudenak eta isuri kutsagarriak minimizatzen dituzten katalizatzaileak dituztenak, haien mota eta modeloari egokituta.

6. artikulua. Eskaerak nola, non eta noiz aurkeztu.

1.-Eskabidea ondoko moduren batean aurkeztu beharko da:

a) Tuterako Udaleko Erregistroan, Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan.

b) Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein baliatuz.

2.-Eskabideak aurkezteko epea etengabe egonen da irekita eta ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da.

3.-Kasu guztietan, nahi izanez gero laguntzak eragina izatea matrikulatu aurretik ordaindutako trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan, eskabidea matrikulazioa egiteko unean aurkeztu beharko da. Laguntza eskaera geroago aurkeztuz gero, hark eragina izanen du dagokion zergaldiko trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan, baina ez aurrekoetan.

7. artikulua. Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak.

a) Eskabidea, behar bezala beteta (eskabide orokorra).

b) Zirkulatzeko baimenaren fotokopia konpultsatua.

c) Ezaugarri teknikoen ziurtagiria (fitxa teknikoa).

d) Eraginkortasun energetikoari buruzko kalifikazioaren ziurtagiria.

8. artikulua. Laguntzaren zenbatekoa.

1.-Ibilgailu elektrikoak: zergaren kuotaren %75, 5 urtez, laguntza emateko ebazpena ematen denetik aurrera.

2.-Ibilgailu bimodal edo hibridoak: zergaren kuotaren %50 lehenbiziko urtean (laguntza ematen den urtean), kuotaren %30 bigarrenean, eta %20 hirugarrenean.

9. artikulua. Mugak.

Laguntza hau bateragarria izanen da xede berarekin ematen den beste edozein laguntzarekin, non eta haren araudiak ez badu ezartzen bateraezinak direla.

10. artikulua. Ebazpena.

Laguntzak emateko ebazpenak eskatzaileei jakinaraziko zaizkie zuzenean. Ebazpena espresuki jakinarazten ez bada, ezetsi delako izanen da beti.

11. artikulua. Laguntzak galtzea edo gutitzea.

Emandako laguntza galdu eginen da ondoko egoeretako bat gertatuz gero:

a) Laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatuz gero eta/edo laguntza eskuratzeko bidea eman duten inguruabarrak aldatuz gero, laguntza emateko epearen barruan.

b) Ibilgailuak baja ematen badu dagokion erregistro publikoan (Trafikoko Buruzagitza), edota beste udalerri batean erroldatuz gero.

Aitzineko artikuluan jasotzen diren kasuetan, Udalak eskatu ahalko du eskuratutako diru kopuruak osoki edo partez itzultzea, hartu zirenetik iragan den denborari dagozkion legezko korrituak gehituta; indarra duen legeriak ezarritako premiamendu bidea erabiltzen ahalko da horiek ordainarazteko.

Indarra duen legeriak diru-laguntza eta laguntza publikoen gainean aurreikusitako arau-hauste eta zehapen araubidea izanen dute laguntzen onuradunek.

Aditzera ematen da orok jakin dezan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikulua betetzeko asmoz, eta ohartarazten behin betiko onespen honen aurka jotzen ahal dela errekurtso hauetakoren bat paratuz:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, egintza/erabaki/ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean egintza/erabaki/ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Tuteran, 2011ko otsailaren 28an.-Ogasuneko zinegotzi delegatua, Jose María Navarro Fandos.

Iragarkiaren kodea: L1103773