54. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Iruñeko Gazteendako XXI. Literatur Lehiaketa. 2011. urtea

Iruñeko Udaleko Hezkuntza eta Gazteria Alorreko zinegotzi delegatuak, 2011ko martxoaren 4an, Iruñeko Gazteendako 2011ko XXI. Literatur Lehiaketarako Deialdia onetsi zuen.

Iruñeko Udalak Iruñeko Gazteendako Literatur Lehiaketa deitu du Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak xedatutakoarekin bat, zeina 21. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2006ko otsailaren 17koan, argitaratu baitzen.

1.-Xedea.

Lehiaketa honen xedea Iruñeko gazteek egindako literatur lanik hoberenak saritzea da.

Egileek lan bana aurkezten ahalko dute, modalitate bakoitzeko. Idazlanek gai librea izanen dute, eta gaztelaniaz idatziak beharko dute izan, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak.

2.-Sariaren modalitatea.

Hona, modalitateak: Poesia eta Narrazio laburra.

Idazlanek ondoko luzera izanen dute:

Poesia: 14 bertso, gutxienez, eta 40, gehienez.

Narrazio laburra: 2 orri, gutxienez, eta 5, gehienez, betiere tarte bikoitza utzirik eta alde batetik bakarrik mekanografiaturik.

3.-Diru zuzkidura.

Deialdi honi 2.100,00 euro esleitu zaio, gehienez ere, sarietarako, udal-aurrekontuko 71/45320/480000 kontusailaren kargura, eta 550 euro, plaketarako, indarra duen gastuen udal-aurrekontuko 71/45320/226110 kontusailaren kargura.

Ondoko sariak ezarri dira, modalitate bakoitzeko, betiere 2. puntuarekin bat:

Lehen saria: 470 euro eta oroit-plaka.

Bigarren saria: 235 euro eta oroit-plaka.

Hirugarren saria: 155 euro eta oroit-plaka.

Halaber, Epaimahaiak saritzat oroit-plaka eta 95 euro dituzten bina akzesit ematea proposatu ahal izanen du, modalitate bakoitzeko. Orobat, epaimahaiak eman gabe utzi ahal izanen ditu aurreikusitako sari guztiak edo horietako batzuk.

Sariei esleitutako diru-kopuruei dagokien atxikipena aplikatuko zaie, PFEZ dela medio.

Baldin eta lan batean ez badira egilearen datuak behar bezala ematen, lana ezin izanen da lehiaketan onartu.

Saridunak sari-banaketako ekitaldira joan beharko dute.

Jasotako izaera pertsonaleko datuak babestu eginen dira, Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hori garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat. Aipatu Lege Organikoan xedatutakoa betez, deialdi honetan jasotako datu pertsonalak sari hau kudeatzeko baino ez dira erabiliko. Datu horiek Iruñeko Udalaren datu-basea osatzen duten fitxategietan bildu ahalko dira. Hain zuzen ere, Iruñeko Udalera zuzenduta gauzatzen ahalko da datuetan sartu, datuak zuzendu, ezereztu eta haien kontra egiteko eskubidea, Erregistro Orokorrera joaz. Lehiaketa hau garatzeko irudirik jasotzeko, beharrezkoa izanen da aldez aurretik interesatuaren baimena aurkeztea.

4.-Izangaien betekizunak.

Bizitokia edo ikastetxea Iruñean duten gazteek hartzen ahal dute parte lehiaketa honetan, baldin eta 14 eta 18 urte bitartekoak badira, eta, betiere, adin hori 2011ko abenduaren 31 baino lehen betetzen badute.

Saridunei ez zaizkie aplikagarri izanen Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10.2. artikuluak ezarritako debekuak.

5.-Eskatzaileek zer agiri aurkeztu behar duten, zein epetan eta non

Lanak Gaztediaren Etxeko Gazteendako Argibide Bulegoan (Zangoza kalea, 30) aurkeztuko dira, ondoko eran:

-Lan bakoitzeko 5 kopia aurkeztuko dira, gutun-azal hertsi baten barruan, izenorde batez sinaturik eta kopia bakoitzean lehiakidearen adina adierazita. Gutun-azalaren kanpoko aldean, ondoko testua idatziko dute:

Iruñeko gazteendako literatur lehiaketa.

Modalitatea:

Lanaren izenburua:

Egilearen ikurritza edo ezizena:

Egilearen adina:

-Gutun-azal horren barnean, beste gutun-azal bat sartuko da, itxita; horren kanpoko aldean egilearen izenordea edo ikurritza idatziko da, eta barne aldean orri bat sartuko, non egilearen ondoko datuak adieraziko baitira: izena eta bi abizen, helbidea, telefonoa eta ikastetxea.

Lanak aurkezteko mugaeguna maiatzaren 5a izanen da, epea luzaezina delarik.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdi honetan ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emango delarik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71. artikuluak aurreikusitakoarekin bat.

6.-Epaimahaia.

Epaimahaia Iruñeko Udalak izendatuko du, eta ondoko pertsonek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Hezkuntza eta Gazteria zinegotzi delegatua.

Ordezkoa: Hezkuntza zinegotzi berezia.

Epaimahaikideak:

-Hizkuntza eta Literaturako bi irakasle, Iruñeko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek proposaturik.

-Haur literaturako aditu bat, Hezkuntza eta Gazteria zinegotziak izendatua.

-Udaleko Gazteria teknikaria.

Idazkaria: Hezkuntza eta Gazteria Alorrari atxikitako pertsona bat, izendatzeke.

Sariak, Epaimahaiak hala erabakitzen badu, ex aequo eman ahalko zaizkie hainbat lani, halako eran non saria egile horien artean hainbanatuko baita.

Epaimahaiak sariak emateko proposamena eginen du, eta organo eskudunari aurkeztuko dio, horren gainean ebatz dezan.

7.-Ebatzi eta jakinarazteko epea.

Ebatzi eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, gehienez ere. Epea iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hortik aitzina hasiko da kontatzen.

Diru-laguntzak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio-bideari, eta interesdunei jakinaraziko zaie, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58 eta 59. artikuluek agindutakoarekin bat.

Saritu gabeko lanak Gaztediaren Etxeko Gazteentzako Argibide Bulegotik erretiratu ahalko dira (Zangoza kalea, 30), 2011ko abenduaren 31ra arte. Egun horren ostean jaso gabe utzitako lanak nahi duen moduan erabili ahal izango ditu Iruñeko Udalak, eta jaso gabe utzi dituztenek ezin izanen dute haien gainean inolako erreklamaziorik egin.

Iruñeko Udalak, saria ordainduta, lan saridunari dagozkion jabetza intelektualeko eskubide ekonomiko guztiak eskuratuko ditu egilearengandik, beretako bakarrik eta mundu mailan; orobat, lan horiek erreproduzitu, banatu, jendaurrean paratu eta eraldatu ahalko ditu, libreki eta ezer gehiago ordaindu gabe, Jabetza intelektualari buruzko Legearen Testu Bateratuaren 26. artikuluak ezarritako epearen barruan, halako maneran non eskubidea izanen baitu lana gaur ezaguna den edozein bitarteko edo euskarri ukigarri edo ezin ukituzkotan aurkezteko. Horrek barne hartzen ditu ustiatzeko modalitateak oro, hau da, lana edozein euskarri edo formatotan erreproduzitzekoa, eta horien artean bereziki, hala liburu batean edo euskarri digital edo zenbakizko batean egitekoa nola lana banatzeko eta jendaurrean paratzeko eskubideak, mundu osoko merkatuetan ustiatze aldera. Eskubide horien artean berariaz daude sarturik hala lanak on line eran igorri eta zabaltzea nola internet bezalako sare digital elkarreragileetan eskura jartzea.

Lehiaketa honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek erabat onartzea, bai eta Iruñeko Udalaren erabakiak ere, oinarriok interpretatzean sor litekeen edozein zalantzaren aurrean.

8.-Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri hauen eta horiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka, ondoko errekurtsoak paratzen ahalko dira, aukeran:

-Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Iruñean, 2011ko martxoaren 4an.-Zinegotzi delegatua, José Iribas Sánchez de Boado.

Iragarkiaren kodea: L1104289