54. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANDOSILLA

Zerga Kontrolerako 2011ko eta 2012ko ekitaldietako Udal Plana. Onespena

Andosillako Udalak, 2011ko otsailaren 24an egin osoko bilkuran, onetsi zuen Zerga Kontrolerako 2011ko eta 2012ko ekitaldietako Udal Plana, Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduan zehaztutako norainokoa eta edukia izanik.

Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan xedatuari jarraikiz, argitara ematen da testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan.

Andosillan, 2011ko otsailaren 25ean.-Alkate udalburua, Juan Enrique Sanzo Andrés.

ANDOSILLAKO UDALAREN ZERGA KONTROLERAKO 2011KO
ETA 2012KO EKITALDIETAKO UDAL PLANA

Sarrera

Lehenbizikoa.-Zergak kudeatu eta ikuskatzeko Andosillako Udalaren zerbitzuendako beharrezkoa da Zerga Kontrolerako Udal Plana egitea 2011ko eta 2012ko ekitaldietarako.

Zerga Kontrolerako Udal Plana funtsezko tresna izanen da Udal Administrazioak urtero egin behar dituen egiaztapen eta ikerketa jarduketak planifikatzeko. Planak zehazten ditu zenbat eta nolakoak izanen diren kontrol jarduketak, ekitaldian ezarritako helburuak lortzea ahalbidetuko dutenak.

Bigarrena.-Zerga Kontrolerako Udal Planak, funtsean, bi helburu nagusi izan behar ditu. Batetik, zerga justizia bermatzea Konstituzioak agintzen duen bezala, 31.1 artikuluak hauxe baitio hitzez hitz: "Guztiek gastu publikoei aurre egiten lagunduko dute, bakoitzak bere ekonomia-ahalbidearen arabera; horretarako, zerga-sistema zuzena ezarriko da, berdintasun- eta progresibitate-printzipioetan oinarriturik; sistema hori ez da inoiz konfiskagarri izango." Bertzetik, Konstituzioaren 142. artikuluan azaltzen den helburua, toki entitateen askitasun ekonomikoaren printzipioan oinarritua: "Kasuan kasuko erakundeei legearen arabera dagozkien eginkizunak betetzeko, toki ogasunek behar besteko baliabideak izango dituzte; eta horien hornidura nagusiak izango dira udal zergak, eta estatuko eta autonomia-erkidegoetako dirusarreretan parte hartzea."

Zerga betebeharrak kontrolatzeko eta balioak egiaztatzeko eginkizunak betetzen dituzten organoen jarduna, beraz, modu koordinatuan planifikatu behar da, eta ikuskapen unitateen ahaleginak bideratu behar dira zerga iruzurrak atzeman eta eraginkortasunez erregularizatzera.

Hirugarrena.-Udal tributu guztietan iruzurrak atzematea izanen da Planaren helburua, baina arreta eta ardura bereziarekin zainduko dira jarduera ekonomikoen gaineko zerga, hirilurren balio igoeraren gaineko zerga, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga eta jabari publikoaren erabilera pribatiboaren tasa. Nolanahi ere, kontua ez da hemen zehatz-mehatz azaltzea Zerga Kontrolerako Planaren indarraldian egin beharreko jarduketak. Aitzitik, delako planean, aurreikusten diren jarduketa lerro nagusiak dira aipagai, baita kontu hartzailetza zerbitzuen ekintza nagusiak zein arlotan finkatuko diren ere, batere ukatu gabe jarduera ekonomikoen gaineko zergaren arloan Ekonomia eta Ogasun kontseilariak delegatzen ahal dituen eskumenak. Araudi aplikagarriak eta udalerriak baliabideen aldetik eskura dituen baliabideek zehaztuko dute jarduera horiek zein diren.

Kudeaketa eta ikuskapen prozeduraren bitartez, hitz batean, tributudunek Tokiko Ogasun Publikoarekiko betebeharrak ongi betetzen dituzten aztertu eta ikertuko da.

Bertzalde, jarduketen norainokoa partziala edo orokorra izaten ahalko da. Jarduketa orokorrak eginen dira tributudunaren zerga egoera bere osoan egiaztatzeko, Toki Ogasunaren edozein baliabideri dagokionez; eta jarduketa partzialetan, berriz, zerga bakar bat edo zergetako batzuk aztertuko dira.

Kudeaketa arloan, zerga kudeaketaren arloan honelako lanak eginen dira: egiaztapen eta ikerketa arlokoak; egiaztapen mugatuko prozedurak edo balioak peritu-tasazio kontraesanezkoko prozesuen bidez egiaztatzeko prozedurak, hori egitea bidezko bada.

Kontu hartzailetza zerbitzuek ikertu beharko dute beren jarduketetan, tributudunek zerga bakoitzerako eskatzen diren aitorpenetan nahiz jakinarazpenetan adierazitako egitateak eta inguruabarrak zehatzak eta egiazkoak diren. Halaber ikertuko dute ba ote den egitatezko elementuren bat edota zerga arloan garrantzitsua izan daitekeen bertze aurrekariren bat, Administrazioak osoki edo hein batean ezagutzen ez duena. Azkenik, aztertuko dute tributudunek zerga likidazioko egindako eragiketak zehatzak diren eta, era berean, ezarriko dute haien zerga egoeran bidezko iruditzen zaien erregularizazioa.

Informazioa lortzeko jarduketak eginen dira, pertsona edo erakunde baten esku dauden edozein klasetako datu edo aurrekariak ezagutzeko, baldin eta informazio hori zerga arloan garrantzitsua bada bertze pertsona edo erakunde batzuei dagokienez, baina Zerga Administrazioari aitorpen bidez jakinarazi beharrekoa ez bada.

Administrazioko bertze organo batzuen eskumenak deusetan ukatu gabe, argibide eta aholkuak emanen dira, hala eskatuz gero, ekonomia eta finantza gaiez, gai juridikoez edo gai teknikoez.

Aplikatu beharreko legeria

Kontu Hartzailetza zerbitzuei dagokie subjektu pasiboen eta gainerako tributudunen zerga egoera ikuskatzeko eginkizuna, Udalarekiko zerga betebeharrak eta eginbeharrak zehazki konplitzen dituzten ala ez egiaztatzeko, eta, hala behar badu, beharrezko erregularizazioa egiteko.

Udaleko Zerga Ikuskaritzak egin beharreko jardueren norainokoa eta edukia honako lege hauetan daude zehaztuta: Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduan.

Organo eskudunak onetsitako zerga kontrolerako planetara egokituko dira Udaleko zerga kudeaketa eta ikuskapeneko eginkizunak.

Zerga kontrolerako plan bakoitzean zehaztu behar dira kontuan hartuko diren irizpideak subjektu pasiboak hautatzeko eta bertan sartzeko.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira zerga kontrolerako plan bakoitzaren gaineko irizpide orokorrak, gisa horretara beterik Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan ezarritako betebeharra eta Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10.4 artikuluan ezarritakoa.

Zerga kontrolerako planaren funtsa eta indarraldia

Espainiako Konstituzioak, 31. artikuluan, inplizituki adierazten du zerga kontrolerako plana beharrezkoa dela Konstituzioaren beraren agindua gauzatu ahal izateko: "Guztiek gastu publikoei aurre egiten lagunduko dute, bakoitzak bere ekonomia-ahalbidearen arabera."

Zerga arloko ez-betetzeak kontrolatu eta iruzurrari kontra egitea, horra hor Udaleko Zerga Administrazioaren oinarrizko jarduketa lerroetako bat, ezarri dioten eginkizuna betetzeko, alegia, Espainiako zerga sistema eraginkortasunez aplikatzeko bere eskumeneko lurraldean.

Funtsezko xedea da egiaztapen eta ikerketa jarduera sustatu eta areagotzea, tributua orokortze aldera, eta, horrenbertzez, zergen kudeaketa eraginkorrago bihurtzea. Horrela herritarrek zerga kontuetan beren arteko justizia eta berdintasuna bermatuak izanen dituzte, eta likidatu eta biltzen diren eskubideak ahal den neurrian gehituko dira.

Isilpekotasuna

Kudeaketa eta ikuskapen jarduketak garatu behar dituzten planak isilpekoak dira eta ez dira aditzera emanen.

Zerga kontrolerako plana, izatez, baimen orokor bat da, tributudunen gaineko egiaztapen eta ikerketa jarduketak edota informazioa lortzekoak hasi ahal izan daitezen epe jakin batean. Tributudunak aukeratzeko erabiliko diren irizpideak biltzen ditu, sektorearen eta lurraldearen araberakoak, kuantitatiboak nahiz konparatiboak, baita horien iraupena ere.

Jarduketak baimentzeari nahiz antolatzeari begira, zerga kontrolerako planetan ahalik eta hobekien kudeatzen dira Zerga Ikuskaritzak dituen material eta giza baliabide mugatuak, zergen karga behar bezala banatuko dela bermatzeko. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izanen dira ezinbertzez. Hori dela eta, ikuskatuko diren zergapeko egintzak hautatu beharra dago. Zerga kontrolerako planak, beraz, lana arrazionalizatzen du, ahalegina ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara bideratuz.

Ikertu beharreko zergadunak hautatu ondoan, ikuskatzaileek edo kudeatzaileek, gainerako langileek bezalaxe, beren eginbeharra bete beharko dute, eta horretarako lan-kargak finkatzen dira: estrategia jakin bati dagozkion espedienteak esleitzen zaizkio aktuario edo ikuskapen-unitate bakoitzari, epe jakin batean instruitzeko. Lana ezin da orduka edo emaitzen arabera neurtu, ikuskatzailearen ahaleginari eta gogoari erreparatuta baizik, eta horiek batzuetan espedienteetan gelditzen dira.

Plan hau egitean alderdi hauek landu behar izan dira:

-Ausazko alderdia: iruzurra eragotziko da, baldin eta egiaztapenetako batzuk itxuraz nabarmenak ez diren zergadunei egiten bazaizkie.

-Barne alderdi diskriminatzailea: zergadunen aitorpenek, datuak erkatzean, iruzurra egin dela susmatzeko moduko aldeak ager daitezke.

-Sektorekako adierazle ekonomikoen alderdia: azterketa sektorialetan oinarrituta, sektore bakoitzeko ohiko ratioak ezartzen dira, eta desbideratzeak zerga iruzurraren seinale izan litezke.

-Zerbait oker dagoela erakusten duten datuak direneko alderdia: kasu honetan gauza jakina da jardueran ari direla, baina ez hargatik zerga aitorpenik aurkezten.

Zerga kontrolerako plana betetzeko behar diren baliabideak

Baliabide materialak.

Informatika zerbitzuek behar den laguntza teknikoa emanen dute.

Funtzionarioei Zerga Ikuskaritzako datu baseak erabiltzen utziko zaie, behar-beharrezkoa baitute tributudunen egoera aitortua ezagutzea, bai ikuskapena hasi aitzin tributuduna zergen aldetik nolako egoeran dagoen jakiteko, bai tributudunaren zerga egoera erregularizatzeko tenorean, hala behar badu, izan ere erregularizazio-proposamenetan kontuan hartu beharko baita tributudunak zer aitortu duen.

Funtzionarioen eskura jarriko dira katastroko informazioa, jarduera kaltegarrien espedienteak, jarduerak irekitzeko eta obrak egiteko lizentzien espedienteak, eta, halaber, jarduerei buruzko askotariko datuak, hala nola zenbait lehiaketatan aurkeztu izanaren ingurukoak.

Obra handiak eta txikiak egiteko lizentzien espedienteak, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, eta ondasun higiezinen gaineko zergarako izena ematen dutenen kontrola; horrelako informazioak, bertzeak bertze, funtsezkoak dira jarduera ekonomikoen gaineko zerga ordaindu behar duten zenbait jarduera kontrolatzeko, batez ere higiezinen eraikuntza eta sustapena, sektore horiek garrantzi ekonomiko handia baitute Udalaren diru kutxetarako.

Baliabide guztiak emanen dira udalerrian barrena mugitzeko. Halaber, haren xedeak betetzeko behar dituen bitarteko guztiak izanen ditu.

Alkate udalburuak txartela edo lanerako bertze identifikazio-agiriren bat emanen die ikuskatzaileei.

Giza baliabideak.

Zerga Administrazioko funtzionario eta gainerako langileek eginen dituzte ikuskapen jarduketak. Funtzionario eta langile horiek zerga kudeaketa eta ikuskapenaren arloko eginkizunak dituzten organoetako lanpostuetan ariko dira. Era berean, prestakizunak egiteko eta zerga arloan garrantzia duten egitate edo inguruabarrak egiaztatu edo frogatzeko jarduketen ardura funtzionario ez diren langileei ematen ahalko zaie, Zerga Administrazioaren zerbitzuan ari badira.

Andosillako Udaleko alkate udalburuak beteko du Ikuskaritzako buruaren kargua, eta Andosillako Udaleko Kontu Hartzailetzak, berriz, ikuskatzaile aktuarioarena.

Ikuskapen lanetan aritzeko laguntza eta sostengua hartuko da.

Zerga kontrolerako plan hau ongi betetzeko ezinbertzekoa da Udaleko departamentuen arteko lankidetza hertsia. Berariaz aipatu behar dira zerga kudeaketaren arloa eta hirigintza arloa.

Prestakuntza

Erakunde publiko edo pribatuek antolatzen dituzten zerga arloko ikastaro eta mintegietara joateko baimena emanen da.

Helburu orokorrak

1. Egiaztatu eta ikertzeko jarduketa orokorrak. Programa multzo hauek dira:

A) Orokorrak. Gaikakoak, sektorekakoak edo ikuskaritza bulegoek proposaturikoak izan daitezke, jarduketaren eremu geografikoak dituen berezitasun ekonomikoen arabera.

B) Tributudunen gaineko jarduketa programa, udal tributu jakin baten arloan.

2. Bertzelako egiaztapen jarduketak. Talde honetan jarduketa partzialak eta laburtuak sartu dira, Kudeaketa Alorrean hasitako espedienteetan abiaburua dutenak, funtsean.

3. Jarduketa osagarriak. Argibide eta aholkuak emateko jarduketak.

Sektore edo jarduera berariazkoak.

Jarduera motetan oinarritutako estrategia:

Zerga ikuskatzaileen jarduera kasu bakoitzean hautatutako sektoreetara egokituko da, deusetan ukatu gabe aktuarioen ekimena, eraginkortasun eta egokitasun irizpideei jarraituz.

Sektore edo jarduerak:

-Eraikuntzak, instalazioak edo obrak haien salmenta eta/edo alokairurako sustatu dituzten enpresak.

-Merkataritzako jarduerak, 100 metro karratutik goitiko lokaletan.

-Fabrikazio jarduerak, 10 kW-etik gorako potentzia instalatuarekin.

-Ondasun higiezinen alokairuan aritzen diren enpresak.

-Goitik beheiti eraikitzen, eraikinak konpontzen eta zaharberritzen edo igeltserotzan eta oro har eraikuntzako lan txikietan aritzen diren enpresak.

-Finantza erakundeak eta aseguru entitateak, udalerrian jendearendako irekiak dauden bulegoak badituzte.

Azken urteotan higiezinen sektoreak izan duen hazkundea dela eta, jarduera horri buruzko zerga-kontrola beharrezkoa da jarduera ekonomikoen gaineko zergaren esparruan.

Gainera, jarduera horrek, aipatu zergarako, kuota bat du finkoa eta bertze kuota bat aldakorra, metro eraikien araberakoa. Zati aldakor horretan egiten dira iruzurrik handienak; subjektu pasiboak, urte bakoitzeko lehen hilabetean zerga administrazio eskudunari aurkeztu behar dion aitorpenean, aitzin-aitzineko urtean besterendu diren metro karratu eraikien edo eraikitzekoen, urbanizatuen edo urbanizatzekoen aldaketa aitortu behar du. Tributudunakaurkezten ez dituenean besterendutako metroen aitorpen horiek, Udala gelditzen ari da bere diru-sarreren zati handi bat eskuratu gabe.

Halaber, gaur egungo eraikuntza-tipologia baten ondorioz (familia bakarreko etxebizitza), horrelako eraikuntzen salmentan aritzen diren erakunde sustatzaile batzuek ez dute aitortzen lurretan higiezinak sustatzeko jarduera, alegia, metro eraikiak bai, baina ez dituzte aitortzen etxebizitza horiei lotutako lurzatietako metro karratu eraiki gabeak.

Egiaztapenak egiteko, funtsean, hirilurren balio igoeraren gaineko zergarako aurkeztutako aitorpenak, notarioen eta Jabetza Erregistroaren jakinarazpenak, obra proiektuak eta higiezinak lehen aldiz okupatzeko lizentziak erabiliko dira. Horrez gain, sustatzaileei errekerimenduak eginen zaizkie. Egiten ari diren obretan ikustaldiak eginen dira, eta jarraipena eginen da, eman drein lizentzietatik abiatuta; berehala egiaztatuko da lizentziaren titularrak izena eman duela higiezinen eraikuntzaren eta sustapenaren epigrafeetan.

Nahitaezkoa izanen da hirigintzako zerbitzuen eta Udaltzaingoaren arteko koordinazioa.

Orobat, ikuskatu beharreko sektoreetan sartu da 100 metro karratutik goitiko lokaletan egiten den merkataritza jarduera sartu da, lokal horietan handizkako merkataritza jarduerak kokatu ohi direlako, kuota handiagoa dutenak jarduera ekonomikoen gaineko zergan. Hori dela-eta, egiaztatu beharko da behar bezala aitortzen ote duten beren lokalaren azalera.

Fabrikazio jardueren artean, kilowatt kopuruaren araberako zerga kuota duten jarduerak jarriko dira jomugan, eta bereziki hamar kilowatt-etik goitikoak, jarduera horien iruzurrak bi esparrutan antzematen baitira. Alde batetik, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren esparruan egiten dira iruzur horiek, kuota handieneko elementuetako bat aitortu gabe utziz; eta bertzetik establezimenduak irekitzeko lizentziaren tasaren esparruan, zeren eta, jarduerak hasiera batean lizentzia jasotzeko baldintzak betetzen baditu ere, jarduerarako makinerian aldaketak egiten direnean, enpresen bilakabidean ohikoa denez, ez zaio Udalari aitortzen potentzia instalatua handitu dela eta enpresak jarduera irekitzeko lizentzia zabalagoa behar duela.

Fabrikazio jarduera horien benetako egoera jakiteko, proiektu tekniko ikus-onetsi eta egiaztatuak erabiliko dira, Industriako espedienteetan egoten direnak, irekitzeko lizentzia eskaeren ondorioz. Horrez gain, ikustaldiak eginen dira jardueretarako erabiltzen diren lokaletara.

Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren erregularizazio guztiek, une horretan diru-sarrerak handitzea ekarri ez ezik, etorkizuneko ekitaldi ekonomikoetan ere ohiko diru-sarrerak handitzea ekartzen du. Horiek horrela, hautatutako sektoreak gorabehera eta aktuarioen ekimena deusetan ukatu gabe, tributudunen gaineko egiaztapena egin behar da udalerri osoan, haien negozioen zenbateko garbia 100.000 euro baino gehiago bada.

Lurraldean oinarritutako estrategia:

Udalerriko karrika, sektore edo esparru hauetan jarduerak irekitzeko lizentziaren tasa egiaztatuko da:

-Industria sektoreak.

-Sektore sakabanatuetan kokatutako jarduerak.

Bistan da estrategia horren arrazoia: eremu horietan daude kokatuta udalerriko industria eta merkataritza jarduera gehienak.

Irekitzeko lizentziarik ez duten jarduerak atzeman beharra dago, industria eta merkataritza establezimenduek segurtasun, osasun eta osasungarritasun baldintzak eta eskatzen diren bertze baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzeko eta haien zerga egoera erregularizatzeko edo, hala behar denean, departamentu eskudunak jarduera itxiarazteko.

Zerga oinarrian oinarritutako estrategia

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergagatik eta hirigintzako lizentzien tasagatik ere egiaztapena eginen zaie tributu horien zergapeko egintzak egiten dituzten tributudunei, baldin eta horiek gauzatzeko aurrekontua 100.000 euro edo gehiago bada.

Kontu Hartzailetza Zerbitzuek dituzten giza baliabide nahiz baliabide material urriak ahalik eta hobekien kudeatu nahi direnez emaitza egokiak bermatzeko, baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izanen dira ezinbertzez, eta horrek behartzen du zergapeko egintza aukeratuak ikuskatzera. Horren guztiaren ondorioz, lana arrazionalizatu nahi da, departamentuaren ahalegina ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara bideratuz; kasu honetan, hirigintza gehien garatzen ari den udalerriko aldeetara, hortxe gerta daitezkeelako arau-hausterik larrienak, eta arau-hauste horien artean, eraginkortasun eta ekonomia irizpideen arabera zehaztu beharreko zenbatekoa gainditzen dutenak, hain zuzen ere.

Iragarkiaren kodea: L1103828