49. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

30/2011 EBAZPENA, otsailaren 17koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentrorako hamar lanpostu merezimendu lehiaketaren bidez eta zerbitzu eginkizunetan betetzeko deialdia onesten duena.

Hezkuntza Departamentuaren Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroa (NHBBZ) sortu zen martxoaren 1eko 76/1993 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroan aniztasunarekiko arretaren antolamendua eta antolakuntza errazteko. Zentroa arloka egituratu zen, bakoitza bere eginkizunekin.

Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentrorako (NHBBZ) hamar lanpostu merezimendu lehiaketaren bidez eta zerbitzu eginkizunetan betetzeko deialdiari buruz, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman du.

Hori horrela, Nafarroako Foru Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluko d) letrak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentrorako 10 lanpostu merezimendu lehiaketaren bidez eta zerbitzu eginkizunetan betetzeko deialdia onestea. Horren oinarriak ebazpen honi erantsita daude.

2. Ebazpen hau, deialdiaren oinarriak eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau, deialdiaren oinarriak eta eranskinak Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Hezkuntza Premia Berezien Atalari eta Kultura-aniztasunaren Atalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2011ko otsailaren 17an.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

I. ERANSKINA

DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehena.-Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentrorako hainbat lanpostu, zerbitzu eginkizunetan eta merezimendu lehiaketaren bidez betetzea. Lanpostu horiek I. eranskinean agertzen dira, eta ibiltariak dira Foru Komunitatearen eremuan.

Bigarrena.-Betebeharrak.

1. Deialdian parte hartzen ahalko dute, bakoitzak bere mailako lanpostuetarako, Hezkuntza Departamentuko maisu-maistren eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoetako funtzionarioek, jardunean edo zerbitzu berezietan badaude eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Maisu-maistren lanpostuetarako: eskatzen den lanpostuaren espezialitaterako gaikuntza izatea.

b) Orientatzaileen lanpostuetarako: Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegokoa izatea, hezkuntza orientabideko espezialitatekoa.

c) Esparru soziolinguistikoko lanposturako: Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegokoa izatea, gaituta dauden espezialitateetako batekoa.

d) Euskara jakitea beharrezko duten lanpostuetarako, Nafarroako Gobernuaren Euskara Gaitasun Agiria (EGA) eskuratu izanaren egiaztagiria eman beharko da, edo baliokidetzat jotzen den batena.

2. Deialdi honetan ez dute parte hartzerik izanen praktiketako funtzionarioek eta bestelako administrazio publiko eskudunen mendeko funtzionarioek, Nafarroako Foru Komunitatean aldi baterako zerbitzuak (zerbitzu eginkizunetan, zerbitzu berezietan edo antzeko egoeretan) ematen ari badira ere.

Hirugarrena.-Eskaerak.

1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten funtzionarioek III. eranskineko ereduaren araberako eskabidea eta agiri hauek aurkeztuko dituzte:

1.1. Zerbitzuen orria, eskaerak aurkezteko azken egun baliodunera artekoena. Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz erantsiko du zerbitzu-orria.

1.2. Alegatzen diren berariazko merezimenduen egiaztagiriak, deialdi honetako IV. eranskineko baremoaren arabera.

1.3. Aurkezten diren agirien zerrenda -zenbakitua, datatua eta sinatua-, deialdi honetako IV. eranskineko baremoaren hurrenkerari jarraituz.

2. Deialdi honetan betekizun diren baldintza guztiek eta lehiatzaileek alegatzen dituzten merezimenduek beterik edo aitorturik behar dute egon eskaerak aurkezteko epearen azken egunean.

3. Ez dira kontuan hartuko eskaeretan alegatu ez diren merezimenduak, ezta agiri bidez egiaztatu ez direnak ere, baremoan xedatutakoaren arabera. Ezta deialdi honetako laugarren oinarrian ezarritako epetik kanpo egiaztatzen direnak ere.

4. Eskatzaile bakoitzak gehienez ere bi lanpostu desberdin eska ditzake, deialdi honetako II. eranskinean zehazten direnen artetik.

Laugarrena.-Eskaerak aurkeztea.

1. Lanpostu horiek eskuratzeko eskaerak Hezkuntza Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Santo Domingo aldapa, zk.g., 31001 Iruña), departamentu horretako Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzura zuzenduta.

Aurrekoaz gain, eskaerak aurkezteko erabil daiteke Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako egoitzetako edozein, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoa (erregistro elektroniko hori ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan aipatzen da). Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, posta funtzionarioak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan.

2. Eskabideak eta egiaztagiriak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Lan proiekturako, epea 30 egunekoa izanen da, argitaratze horretatik hasita.

Bosgarrena.-Tramitazioa.

1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Hezkuntza Departamentuak izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan jarriko jendaurrean. Zerrenda hori argitaratuko da bost egun balioduneko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

2. Interesdunek zerrenda horren kontra erreklamazioak egiten ahalko dituzte idatziz, zerrenda jendaurrean jarri eta biharamunetik hasita bost egun balioduneko epean eta, hala bada, egindako akatsak zuzentzen ahalko dituzte. Erreklamazioak eta akatsak zuzentzeko behar den dokumentazioa Giza Baliabideen Zerbitzura zuzenduko dira.

3. Epe hori igarota, Hezkuntza Departamentuak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Argibide eta Agiri Bulegoan jarriko du jendaurrean.

Seigarrena.-Hautatzea.

1. Hezkuntza Departamentuak izendatutako hautapen batzorde batek izangaiek aurkeztutako merezimenduak eta proiektuak baloratuko ditu, deialdi honetako IV. eranskineko baremoaren arabera. Honako hauek izanen dira batzordekideak:

-Batzordeburua: Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuko zuzendaria edo hark eskuordetzen duena.

-Batzordekideak:

Hezkuntza Premia Berezien Ataleko burua, Kultura-aniztasunaren Ataleko burua, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak izendatutako ikuskatzaile bat eta Ikastetxe ez-unibertsitarioetako Irakasleen Batzordeko kide bat.

2. Batzordean parte har dezakete, batzordekideek hala egitea egokitzat joz gero, lehiaketaren xede diren gaietako aholkulariek eta espezialistek. Hitza izanen dute, baina botorik ez.

3. Hautapen batzordeak lehiakideei alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eskatzen ahalko dizkie, eta haietako bakoitza elkarrizketatuko du proiektuaren edukiari buruz hitz egiteko.

Zazpigarrena.-Hautapen prozesua.

1. Hautapen batzordeak izangaiak baloratuko ditu, deialdi honetako IV. eranskineko baremoan xedatutakoaren arabera. Azken puntuazioan bi eskatzaileren edo gehiagoren artean berdinketarik gertatuz gero, proiektuan puntuaziorik handiena atera duen eskatzaileari esleituko zaio lanpostua. Horrekin ez bada berdinketa hausten, ikusiko da nork duen puntuaziorik altuena azpiataletako bakoitzean, baremoan zein hurrenkeran ageri diren kontuan harturik.

2. Hezkuntza Departamentuak deialdiaren behin-behineko ebazpena jendaurrean jarriko du, eta hautapen prozesuko emaitzak Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan erakusgai paratuko.

3. Eskatzaileek, emaitzak jendaurrean jarri eta biharamunetik hasita hamar egun naturaleko epean, ukoak edo erreklamazioak aurkez ditzakete.

4. Uko egiteko edo erreklamazioak egiteko epea iraganik eta haiek ebatzirik, Hezkuntza Departamentuak behin betiko ebazpena onetsiko du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Zortzigarrena.-Lanpostuaren jabetza hartzea eta zerbitzu eginkizunaldiak berritzea.

Lehiaketa honen xede diren lanpostuen jabetza hartuko da 2011ko irailaren 1ean, zerbitzu eginkizunetan. Zerbitzu eginkizun horiek hasiera batean bi urtekoak izanen dira. Bi urteak igarota, lan-memoria eginen da. Memoria horren ebaluazioa aldekoa bada, zerbitzu eginkizunak luzatzen ahalko dira, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuak proposatuta, gehienez ere sei urte egin arte.

Deialdi honetako lanpostu baterako hautatua izateak ez dakar berarekin jatorrizko lanpostua erreserbatzeko eskubiderik, baldin eta deialdi hau egin ondoren aukera hori aurreikusten duen araudia aldatzen bada. Lanpostua erreserbatzeko eskubidea kentzeko erabakiak indarra hartzen duen unean, halakorik gertatzen bada, deialdi honen bidez hautatzen diren pertsonek eskubidea izanen dute zerbitzu eginkizunetan betetzen ari diren lanpostuari uko egiteko eta jatorrizko lanpostura itzultzeko.

Bederatzigarrena.-Eginkizunak.

NHBBZaren profesionalek ekipo diziplinartekoetan beteko dituzte eginkizunak, batez ere. Haien jarduerak osagarriak eta subsidiarioak izanen dira, ikastetxeen orientatzaileenekiko.

Ekipoetan, hauek izanen dira haien lanak:

-Irizpide teknikoak prestatzea, desgaitasuna duten edo gaitasun handiak dituzten ikasleen HPBak identifikatu eta baloratzeko.

-Eskolatzeko zer modalitate den egokiena, ikasleen premien arabera, proposatzen laguntzea, berariazko programetan edo hezkuntza bereziko ikastetxeetan sartzeko.

-Jarduketa planak diseinatzea, hezkuntza laguntza jasotzeko berariazko premia duten ikasleek hezkuntza erantzuna egokia izan dezaten.

-HPBko ikasleak zuzenean laguntzen dituzten irakasleei aholku ematea, bai ikastetxe arruntetan, bai hezkuntza bereziko ikastetxeetan, bai eta hezkuntza programak dituzten laguntza zentroetan ere.

-Ospitaleko edo etxeko laguntza programako eta jokabide arazoen laguntza programako ikasleei laguntza zuzena ematea.

-Hezkuntza sistemari eta familiei informazioa ematea, HPBei laguntza emateari buruz.

-Baliabide materialak egokitzea, hezkuntza laguntza jasotzeko berariazko premia duten ikasleentzako hezkuntza erantzuna ahalbidetzeko.

-Alderdi bibliografiko eta teknologikoei buruz aholku ematea, curriculum egokitzapenak gauzatzeko.

-Funts bibliografikoa eguneratu eta hedatzea, aniztasunarekiko arretaren arloan.

-Curriculumean sartzeko material eta tresna berezien mailegu zerbitzua antolatzea.

-Irakasleak prestatzeko jarduerak gauzatzea, berariazko hezkuntza premiekiko arretaren arloan, Irakasleen Hobekuntzako Atalarekin elkarlanean.

-Aniztasunarekiko arretari buruzko esperientziak ikertu eta sustatzeko lanak gauzatzea.

-Beste organismo eta erakundeekin koordinatzea, bere eskumeneko gaietan.

-Hezkuntza Departamentuak agintzen dien jarduera oro egitea.

Hamargarrena.-Antolaketa.

1. NHBBZko langileak, lanpostu jakin bati atxikirik badaude ere, eginkizunak beste arlo edo talde batzuetan bete ditzakete, oso-osorik edo parte batean, NHBBZko zuzendaritzak proposatzen duen urteko lan planaren arabera.

2. Orientatzaileek, talde jakin bati atxikirik badaude ere, diziplinarteko lanbide mailako taldea osatuko dute. Modu horretan, elkarrekin jarduten ahalko dute eta eginkizunak bete beste orientatzaile baten osagarri izanik edo hura ordeztuz taldeetako edozeinetan.

3. Euskarazko profila duten lanpostuak betetzen dituzten orientatzaileak eta pedagogia terapeutikoko irakasleek, arloko talde jakin bati atxikiko bazaizkio ere, diziplinarteko lanak eginen dituzte. Beharrezkoa bada, beste orientatzaile edo pegagogia terapeutikoko irakasle baten osagarri izanen dira, hurrenez hurren, baldin eta D hizkuntza ereduko ikasleei zuzendutako balorazio, laguntza edo materialen prestakuntza badira.

4. Taldeko koordinatzaileek eskumen hauek izanen dituzte:

-Talde-lana bultzatu eta batzea.

-Taldearen jarduketa planaren eta urteko lan planaren prestakuntza koordinatzea.

-Taldeentzako ezarritako arauak betetzen direla bermatzea, NHBBZko zuzendaritzarekin batera.

-Taldea ordezkatzea, barne antolaketa eta funtzionamenduari buruzko kontuetan.

-Taldearen eta arloko arduradunen eta NHBBZko zuzendaritza eta beste talde eta unitateen arteko loturak bideratzea.

-NHBBZko zuzendaritza eta Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzua ordezkatzea, garatzen dituzten gai profesionalen gaineko ekintzetan.

-Hezkuntza Departamentuak agintzen dien eskumen oro hartzea.

Hamaikagarrena.-Lanaldia.

Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko langileek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileek oro har ezarria duten lanaldia izanen dute.

NHBBZa zabalik egonen da astelehenetik ostiralera bitarte, goizez eta arratsaldez.

Ikasleentzako egutegiko eskolarik gabeko egunetan, lanaldi jarraitua egiten ahalko da NHBBZan.

NHBBZan eginkizunak betetzen dituzten irakasleen kidegoen langileek hogeita hamabost ordu emanen dituzte astean zentroko jardueretan. Zentroko ordutegia ikastetxeenera egokituko da. Gainerako orduak, zentroan egon beharrik gabekoak, jarduerak prestatzeko eta hobekuntza profesionalerako erabiliko dira.

Ospitaleko edo etxeko laguntza programari atxikitako irakasleek Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeei ezarritako lanaldi eta ordutegi berak izanen dituzte.

NHBBZko zuzendaritza taldeak iraileko lehenengo hamabostaldian ezarriko du zentroko langile guztien lan ordutegia, eta aniztasunarekiko arretaren arloan eskumena duen zerbitzura igorri, hark onets dezan.

Hamabigarrena.-Ordainsariak.

Deialdiko lanpostuak betetzeko hautatuko diren funtzionarioek beren mailari dagozkion oinarrizko ordainsariak eta irakaskuntzako berariazko osagarria hartuko dituzte.

Hamahirugarrena.-Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Lanpostuak

-Balorazio arloa.

1. Orientatzaile bat, A mailakoa, euskara dakiena(*). Desgaitasun psikikoa dutenen taldea.

2. Orientatzaile bat, A mailakoa. Ikusmenean desgaitasuna dutenen edo gaitasun handiak dituztenen taldea.

3. Orientatzaile bat, A mailakoa. Laguntza goiztiarra.

4. Orientatzaile bat, A mailakoa, euskara dakiena(*). Laguntza goiztiarra.

5. Entzumena eta Hizkuntzako maisu-maistra bat, zeinuen hizkuntza dakiena. Entzumenean desgaitasuna dutenen taldea.

-Laguntza zuzeneko arloa.

5. Pedagogia Terapeutikoko maisu-maistra bat, B mailakoa. Ospitaleko edo etxeko laguntza taldea.

6. Pedagogia Terapeutikoko maisu-maistra bat, B mailakoa. Jokabide arazoen laguntza taldea.

-Informazioaren eta baliabideen arloa.

7. Pedagogia Terapeutikoko maisu-maistra bat, B mailakoa, euskara dakiena(*). Dokumentazioa.

8. Esparru soziolinguistikoko irakasle bat, A mailakoa. Hezkuntza laguntza taldea.

9. Pedagogia Terapeutikoko maisu-maistra bat, B mailakoa. Lan munduan sartzeko taldea.

(*) Haien taldean egin behar dituzten lanez gain, bestelako taldeei laguntzeko eta D ereduko ikasleei hezkuntza laguntza emateko jarduerak eginen dituzte.

III. ERANSKINA

Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentrorako hamar
lanpostu zerbitzu eginkizunetan betetzeko merezimendu
lehiaketan parte hartzeko eskabidea

1.-Datu pertsonalak.

Deiturak: .............................................. Izena:

Langile erroldaren zk.: ....................... NANa: ...............................

2-Helbidea, jakinarazpenetarako.

Helbidea:

Posta-kodea: ................. Herria eta probintzia:

Harremanetarako telefonoa: ......................... Tel. mugikorra:

Helbide elektronikoa:

3.-Lanbide datuak.

Egungo destinoa: .............................. Espezialitatea:

Gaur egun ematen duen hezkuntza maila edo etapa:

Irakasleen kidegoan sartzeko alegatutako ikasketa titulua:

Herria:

Eskatzen du hurrengo lanpostu baterako/lanpostuetarako deialdian onartua izatea (ordenatu lehentasunen arabera):

1)

2)

Eskatzen den lanpostuaren hurrenkera zenbakia, izena eta arloa adierazi, I. eranskinean ezarritakoaren arabera.

......................, ............. 2011ko ...............aren .....(e)an.

(Sinadura)

HEZKUNTZA DEPARTAMENTUKO GIZA BALIABIDEEN ZERBITZUKO ZUZENDARIA.

IV. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

1.-Esperientzia: gehienez ere, 10 puntu.

1.1. Maisu-maistren lanpostuetarako, lanpostuaren espezialitatearen arloan irakaskuntzan, funtzionario zein lan-kontratudun finko gisa, egindako urte bakoitzeko: puntu bat. Azpiatal honetan urteko zatikiak hilabete osoa 0,0833 puntu direla kontuan hartuta konputatuko dira.

1.2. Orientatzaileen lanpostuetarako, orientatzaile eginkizunetan emandako urte bakoitzeko: puntu bat. Azpiatal honetan urteko zatikiak hilabete osoa 0,0833 puntu direla kontuan hartuta konputatuko dira.

1.3. Esparru soziolinguistikoko lanposturako, esparru horretan irakaskuntzan egindako urte bakoitzeko: puntu bat. Azpiatal honetan urteko zatikiak hilabete osoa 0,0833 puntu direla kontuan hartuta konputatuko dira.

2.-Berariazko merezimenduak: 10 puntu gehienez.

2.1. Psikologiako edo Pedagogiako lizentziadun titulua izateagatik (lehiaketarako abiapuntu duen lanpostuan sartzeko titulu hori beharrezkoa izan ez bazuen): 2 puntu.

Unibertsitate batek emandako Entzumen eta Hizkuntzako gaikuntza edo Logopediako graduatu ondokoa edo Logopediako masterra: puntu bat.

Egiaztagiriak: egiaztagiriaren kopia konpultsatua.

2.2. Aniztasunarekiko arretarekin zerikusia duten prestakuntza jarduerak, administrazio publikoek, unibertsitateek edo erakunde eskudunek antolatuak.

A) Aniztasunarekiko arretarekin lotura zuzena duten prestakuntza jardueretan parte hartzeagatik: 0,10 puntu 10 ordu egiaztatuko. Gehienez ere, 2,5 puntu.

Azpiatal honen ondorioetarako, ikastaro guztietako orduak batuko dira, eta ez da puntuatuko hamarretik beherako orduko hondarra.

B) Aniztasunarekiko arretarekin lotura zuzena duten prestakuntza jarduerak edo ikastaroak emateagatik: 0,25 puntu 10 ordu egiaztatuko. Gehienez ere, 2,5 puntu.

Azpiatal honen ondorioetarako, ikastaro guztietako orduak batuko dira, eta ez da puntuatuko hamarretik beherako orduko hondarra.

Egiaztagiriak: egiaztagiriaren kopia konpultsatua. Ez dira baloratuko berariaz ordu kopururik egiaztatzen ez dutenak.

2.3. Ikerketa.

Aniztasunarekiko arretarekin zerikusia duten ikerketa jarduerengatik: gehienez ere 2 puntu.

A) Argitalpenak: argitalpen bakoitzeko puntu bat arte.

Egiaztagiriak: argitalpenaren ale bat. Ondorio horietarako soilik baloratuko dira ISBN, ISSN edo lege gordailua duten argitalpenak.

B) Biltzarretan, simposiumetan edo jardunaldietan aurkeztutako ponentziak, komunikazioak edo panelak: jarduera bakoitzeko 0,50 puntu arte.

Egiaztagiriak: ponentziaren alea eta biltzarreko aktak edo parte-hartzearen ziurtagiriak.

Informazioaren eta Baliabideen Arloko lanpostuetarako, aurrekoaz gain bibliotekonomia, informatika eta estatistikaren arloetako prestakuntza baloratuko da. Horregatik, arlo horietako prestakuntza eta ikerketa jarduerak puntuatuko dira, 2.2 eta 2.3 atalekin bat.

3.-Proiektua. Gehienez ere, 10 puntu.

3.1. Eskatzaileak lan proiektua aurkeztuko du. Bertan plan arrazoitu bat izanen da, eskuratu nahi den lanpostuari dagozkion lanak egiteko. Lan horien euskarri tekniko gisa, zehazkiago azaldu beharko ditu hezkuntza laguntza berariazko premien arloan bere ustez azpimagarriak diren eduki berariazkoak, kasuan kasuko arlo edo taldearekin lotutakoak, dagokion lanpostuaren edukien arabera zehaztuta.

Orientazio gisa, honako atal hauek proposatzen dira:

A) Helburuak, irizpideak eta esku-hartzeko moduak.

B) Esku-hartzearen xede diren berariazko eduki edo ezagutzen laburpena.

3.2. Aurrekoaz gain, proiektuak azaldu beharko du gauzatuko lukeen jarduketa plana, taldeko koordinatzailea izanez gero, baita 10. oinarriko 2. atalean aipatutakoari buruzko jarduketa ildoak ere.

3.3. Euskara profila duten maisu-maistren eta orientatzaileen lanpostuetarako, proiektuaren planak 10. oinarriko 3. atalari buruzko jarduketa ildoak azaldu beharko ditu.

3.4. Proiektuak gehienez ere 25 orrialde izanen ditu, lerroarte bikoitzean idatzitako DIN A4 formatuko orriak erabiliz.

3.5. Proeikturako 10 puntu emanen dira gehienez, eta gutxienez ere 5 puntu eskuratuko beharko dira. Baztertuta geldituko dira puntuazio hori eskuratzen ez dutenak. Lortzen den puntuazioa ebaluazio batzordeko kideek emandakoen batez besteko aritmetikoa izanen da. Batzordekideek ematen dituzten puntuazioen artean bost puntuko aldea edo handiagoa dagoenean, gehieneko eta gutxieneko puntuazioa baztertuko dira eta behin betiko puntuazioa gainerako puntuazioen batez besteko aritmetikoa izanen da.

6. oinarriko 4. atalean aipatzen den elkarrizketa egiteko, ebaluazio batzordeak lehiakideei deituko die, Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan jendaurrean jarriko den iragarkiaren bidez.

Eskatzaile eta eskatutako lanpostu bakoitzeko proiektu bat aurkeztu beharko da. Proiektu bakoitza kasuan kasuko arlo edo taldeari buruzkoa izanen da, eta zehaztuko da dagozkion lan edukien arabera.

4.-Balorazioa hizkuntzak jakiteagatik.

4.1. Euskararen ezagutza merezimendu kualifikatu gisa baloratuko da nahitaezkoa ez den lanpostuetarako, 1,575 puntu emanez.

4.2. Frantsesa, ingelesa edo alemana hizkuntza ofizial europear gisa jakitea merezimendu kualifikatu gisa baloratuko da, 1,5 puntu hizkuntza bakoitzeko.

4.3. Aurreko ataletan (4.1 eta 4.2) aipatutako hizkuntzen ezagutza egiaztatutko da Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiriaren bidez, edo baliokidea den beste tituluren baten bidez.

4.4. Titulurik eduki ezik, hizkuntza eskola ofizial batean gainditutako maila bakoitzagatik gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen da eta, euskararen kasuan, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko 1/12 emanen da.

Iragarkiaren kodea: F1103354