49. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CAPARROSO

Behin betiko onestea Caparrosoko España plazako ataripearen obretarako kontribuzio berezien ezarpen eta agindua

Caparrosoko Udalaren osoko bilkurak, 2011ko otsailaren 15ean egindako aparteko bileran, ondoren ematen den erabakia hartu zuen:

"Laugarrena.-Alegazioa ebaztea eta Caparrosoko España plazako ataripearen obretarako kontribuzio berezien ezarpen eta agindua behin betiko onestea.

Ikusirik Caparrosoko Udalaren Osoko Bilkurak, 2010eko abenduaren 2an egin aparteko bileran, Caparrosoko España plazako ataripearen obretarako kontribuzio bereziak agindu eta ezartzea erabaki zuela.

Ikusirik erabaki hori 2010eko abenduaren 24ko 156. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Caparrosoko Udaletxeko iragarki oholean argitaratu zela eta jendaurrean egoteko epean Ignacio Javier Ardanaz Aicua jaunak alegazioak aurkeztu dituela, honako hau erabaki da gehiengo osoz:

Lehenengoa.-Kontribuzio bereziak agindu eta ezartzeko espedientean aurkeztutako alegazioak, lehenago azaldu direnak, honela ebaztea:

Caparrosoko España plazako ataripearen exekuzio proiektuak dioenez, eraikin nagusiari atxikitako ataripe jarraitua da, eta etxebizitzentzako edo Udaletxearentzako eta Liburutegiarentzako erabilera eta gozamenerako den estalki laua du. "Caparrosoko España plazako ataripea" izeneko obrak honako hauek dira: ataripe eta terraza berriak egitea eta hornidura eta saneamendu sareak (ur beltzak eta euri-urak) ordeztea. Proiektuan adierazten denez, "sintomatologia (ENTECSAk egindako aurretiazko txostenean nahiz patologiei buruzko txostenean definitzen dena) adreiluzko pilastren asentua da. Horren ondorioz hormigoizko habeen flexioa gertatu da (haustura sortzen duten pitzadurekin), eta hori morterozko estalduran azaltzen da. Halaber, zoladura eta harmaila eta euri-uren sareta apurtu egin dira. Egituraren asentuak goiko terrazan eta hormigoi aurrefabrikatuzko barandan ondorioak izan ditu. Eskura dauden datuen arabera, horren arrazoia plazan dauden ur eta saneamenduko sareen ihesak dira; ihes horiek lurzorua eta zimenduak higatzen dituzte. ENTECSAren txostenak dioenez, lurzoruaren materiala erraz eror daiteke. Ur beltzen sarean asentua gertatu da, eta euri-uren sarean, berriz, haustura. Halaber, ur-ihesak egon dira, horren ondorioz lurzorua higatu egin da eta igeltsuak disolbatu dira. Hori dela-eta, lurzorua hondoratu da eta zimenduak suntsitu egin dira; horregatik, sareak konpontzea gomendatzen da". Horrela, ezarpen eta aginduari buruzko erabakian hitzez hitz honako hau azaltzen da: "Udal honek hornidura eta saneamenduko sareak berritzeko eta zolatzeko lanak egin behar ditu, baita Udaletxeko plazan ataripeak eta terrazak konpondu ere. Obra horiek hasteko baimena eskatua du Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuan.

Alegatzaileak adierazi duenez, terrazaz ez dute denek gozatzen, lehenengo solairuek soilik. Horregatik, terrazak konpontzeak goiko solairuei ez die batere onurarik ekarriko. Aldiz, argitu beharko litzateke terraza horiek herri lanei dagozkien ala terrazara sartzeko aukera duten etxejabeen erkidegoaren ondasuna -eta beraz, etxejabe horiek soilik erabiltzekoa- den. Etxebizitza horien eskrituran hitzez hitz hau ezartzen da "Etxebizitza horri dagokio lehenengo solairuaren mailan dagoen hogei metro karratuko terraza -España plazako ataripearen estalkiaren zati dena- modu esklusiboan erabiltzea, baita garbitzea eta apaintzea ere". Beraz, erkidegoaren ondasuna da.

Alegatzaileak dioenez, ez dago justifikatuta kontribuzioen mendean dauden subjektu pasiboen ondasunen balio-igoera, eta ez dago udal zerbitzuak ezartzeko edo handitzeko obrarik, alegia, kontribuzio bereziak ordainaraztea justifikatzen duten obra bakarrak. Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 109. artikuluak xedatzen duenez, "Kontribuzio berezien zergagaia da subjektu pasiboak onura bat edo bere ondasunen balio gehitze bat erdiestea toki entitate horiek lan publikoak burutzearen ondorioz edo toki mailako zerbitzu publikoak ezarri edo zabaltzearen ondorioz. Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzietarako Hirugarren Salako 2. Atalak, 20045eko abenduaren 22ko epaian, zera ezartzen du:

"Elkarte errekurtsogileak, azkenik, alegatu egin du errekurritutako epaiak Toki Ogasunei buruzko 39/1988 Legearen 28. eta 30. artikuluak urratzen dituela, Auzitegi Gorenak ezarritako lege-doktrinari buruz (1996ko ekainaren 14ko eta 1997ko ekainaren 14ko epaiak (10178/1997 Legea)). Hain zuzen ere, kontribuzioaren mendean daudenentzat onura berezi eta indibidualizagarria egon behar dela, modu nabarmen eta zuzenean.

Gorago esan dugun bezala, aztergai dugun epaiak onartu duenez, kontribuzio bereziak ezartzea justifikatzen duten obretan saneamendu-sarea zabaldu egin da, ez baitzen heltzen jabetza pribatu guztietara; argiteria elektrikoa instalatu da, ez baitzegoen halakorik; eta ia kale guztiak asfaltatu egin dira.

Auzitegi honek esan duenez, onura berezia, udalaren herri lanen ondorioz sortu izanagatik kontribuzio berezien zergagaia dena, ez da beti gauzatu behar magnitude ekonomikoetan, eta ez da zertan agertu behar berehalako errealitate gisa (1994ko urriaren 17ko epaia (4729/1995 Legea)). Horregatik esaten da errekurritutako epaian Toki Ogasunei buruzko Legearen 28. eta 30. artikuluek ez dutela eskatzen onura zehatz bat egon dadila. 30. artikuluaren 2. idatz-zatian onura bereziaren hartzaileak azaltzen dira. Ez da zehazten kontribuzio berezien mendean dauden ondasunen titularrentzat ekar dezakeen abantaila edo onura, izan ere, ezin da kuantifikatu abantaila edo onura hori, baina aztergai dugun kasuan zalantzarik gabe urbanizazioak eraginpean dagoen koloniako bizilagunei onura positiboak ekarriko dizkie.

Dagokigun kasuan, zalantzarik gabe, auzigai den tributuaren zergagaia gauzatu da, obrak egin direlako, eta zehazki, obra hauek izan direlako: tokiko zerbitzu publikoak ezartzea, kasu batzuetan, edo zerbitzuok zabaldu edo hobetzea, beste kasu batzuetan, dauden hirigintzako zerbitzu akastunak konpontzeko helburuz: kaleak asfaltatzea, argiteria elektrikoa instalatzea eta saneamendu-sarea egitea, halakorik batere ez zegoelako edo egoera oso txarrean zeudelako. Horrek guztiak, jakina, errekurtsogileei onura ekartzen die, Kolonian dauden lurzatien titularrak diren aldetik; are gehiago, lurzatien balioa igoarazi egiten du.

Kasu honetan, egin beharreko obrek ekartzen zuen azpiegitura arloko elementuen multzoak, bere izaeragatik beragatik, agerian jarri zuen urbanizazio-obra horiek eginen zireneko kaleei begira dauden etxebizitzetako jabeentzat onura nabarmena zegoela. Hortaz, kontribuzio berezien sistemaren bidez finantzatzea justifikatu zuen zergagaia gertatu zen".

Eraginpean dauden ondasunen balio-igoeraren justifikazioari buruz argudiatu denari dagokionez, higiezinak eta obrak mugakide izateak normalean higiezinen jabeentzat onura berezia ekartzen diela uste izateko irizpidea izaten da. Izan ere, higiezinen mugakide den kale baten urbanizazio-obrak direnez, obra horiek modu positiboan eraginen diete, Jurisprudentziak "iuris tantum" uste hau aintzatesten du: kontribuzio bereziak justifikatzen dituzten obrak egin direneko herri bideekin mugakide diren finken jabeek onura berezia jasotze dute, obren beraien ondoriozkoaz gainerako onura, alegia. Horren adierazgarri dira Auzitegi Gorenaren 1981eko abenduaren 21eko, 1994ko urriaren 24ko eta 1997ko apirilaren 12ko epaiak, besteak beste, are gehiago banaketarako irizpide gisa fatxadaren metro linealak direla kontuan hartuta. Zalantzarik gabe, herri bidea urbanizatzeak bertara iristeko erraztasuna ematen duen unetik onura dago, eta gainera, ezinbestean kontuan hartu behar da inguruneko urbanizazioaren egoera modu nabarmenean hobetzean lurzoruaren balioa igo egiten dela, eta ez da ahaztu behar, Auzitegi Gorenak 1987ko urriaren 22ko, 1996ko azaroaren 29ko eta 1994ko urriaren 17ko epaietan dioenez, onura esatean obra eta zerbitzuen ondorioz jasotzen diren abantaila guztiez ari garela, magnitude ekonomikoetan berehala gauzatzen ez badira ere (ildo beretik doa Valladoliden egoitza duen Gaztela-Leongo Auzitegi Nagusiaren 1995eko irailaren 14ko epaia). Horrenbestez, alegatutakoa ezestea proposatzen da.

Alegatzaileak adierazi duenez, plaza udalaren ondareko ondasuna da, eta ataripeak plazaren zati dira. Hortaz, obrak ez dira inola ere kontribuzio berezien bidez ordaindu behar. Urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduak 3.1 artikuluan ezartzen duenez, jabari publikoko ondasunak dira erabilera edo zerbitzu publikora zuzendutako ondasunak, eta 3.2 artikuluan ezartzen duenez, tokiko erabilera publikoko ondasunak dira aprobetxamendu edo erabilera orokorreko bideak, plazak, kaleak, pasealekuak, parkeak, iturri eta urmaeletako urak, zubiak eta gainerako herri lanak, baldin eta horien zaintza eta polizia toki-erakundearen eskumenekoa bada. Beraz, urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduak, 3.2 artikuluan, plazak sartzen ditu erabilera publikoko ondasunen artean. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak, 98.1 artikuluan, jabari publikoko ondasuntzat kalifikatzen ditu erabilera edo zerbitzu publikora zuzendutako ondasunak, eta gainerako artikuluetan, kategoria horretako ondasunei araubide juridiko berezia ematen die. Araubide hori estatuko legedian ere agertzen da, zehazki Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 79 artikuluan. Beraz, bidezkoa da alegazioa ezestea.

Herriko plazako ataripeen obrek bizilagunei onura berezia ekartzen dioten ala ez, alegatzaileak adierazi duenez, onura berbera lortzen dute obrarik egin gabe ere. Bere ustez, onura Caparroso herri osoarentzat da, eta beraz, Udalak ordaindu behar ditu ataripean egiten diren obrak, bere jabetzakoa baita ataripea. Obra horiek ez diote onura berezirik ekartzen Caparroso herriari. Benetako onuradun zuzenak etxebizitzen jabeak dira, plazako ataripeetatik haien etxebizitzetara sartzen direlako, eta terrazez gozatzen dutelako; ez dira bizilagun guztiak, beraz, eta haien sareak, saneamendua eta zoladura berrituko direnez, obren ondorioz haien ondasunen balioa handitu eginen da. Adierazitako obrek, Caparrosoko bizilagun guztientzat eta udalerriarentzat onura orokorra dakarte, higiezinen jabeei dagokien onura bereziarekin.

Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 109. artikuluak xedatzen duenez, "Kontribuzio berezien zergagaia da subjektu pasiboak onura bat edo bere ondasunen balio gehitze bat erdiestea toki entitate horiek lan publikoak burutzearen ondorioz edo toki mailako zerbitzu publikoak ezarri edo zabaltzearen ondorioz. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 109. artikuluak agintzen duenez, interes publikoa artatzeaz aparte -mota horretako obra guztiek hori egiten baitute- subjektu pasiboari onura edo haren ondasunen balio-igoera ekartzen dizkioten obrak finantzatzea da kontribuzio bereziak ezartzearen helburua. Jabe jakin batzuen aldeko "onura" bereziaren irizpide hori tributu ordainarazpenaren funtsezko elementuetako bat da. Tributu hori ezartzen da soilik egiaztatuta dagoenean obren ondorioz pertsona jakin batzuen aldeko onura berezia dagoela. Hala ere, nola edo hala, gainerako herritarren aldeko onura ere dago, soilik zerbitzu publikoak hobetzearen ondorioz. Baina alderdi horretan herritar batzuen eta besteen posizioa bereizten duena hau da: herritar batzuek, eta ez gainerako guztiek, "onura berezia" jasotzen dute, haien ondasunen balioa handitzen duen onura. Auzitegi Gorenaren 1998ko apirilaren 23ko epaiak (RJ 1998\3930) honako hau dio espresuki:

"Onura bereziaren ideiak zerikusia du pertsona jakin batzuei modu zehatz, zuzen eta berezian eragiten dieten obrak egitearekin. Hala gertatzen da kale jakin eta zehatz baten zoladura jartzen edo espaloiak egiten direnean, baina ondo ulertuta guztientzako interesa beti bete behar dela. Horrenbestez, obra horiek nagusitzen den onura berezia sorten dute; onura hori hurbilen dauden guneetarantz irten ahala lausotu egiten da, eta azkenean higiezinen jabe guztientzat onura orokor gisa zabaltzen eta identifikatzen da.

Aldiz, sistema orokorrak osatzen dituzten obretan, helburu nagusia guztientzako interesa da, jakina, jabe guztiei dagokiena, baina normalean onura berezirik sortu beharrean guztientzako interes horren gauzatze indibiduala sortzen duena, eta bi gauza horiek diferenteak dira".

Ondorioz, epaiak tesi hau berretsi egiten du: kale jakin batzuk zolatzen edo konpontzen diren kasuetan, kontribuzio bereziak ezartzea zuzenbidearekin bat dator.

Zolatzeak eta ataripeetan dauden sareak berritzeak -bizilagunak haien etxebizitzetara ataripe horietatik sartzen baitira, eta ez kale batetik-, eta terrazak konpontzeak -terraza horietatik sartzen baitira bizilagunak haien etxebizitzetara-, terrazen erabilera eta gozamena bizilagun horiei soilik dagokiela kontuan hartuta, ataripe eta terraza horien aurrean dauden etxebizitzen titularrei onura berezia sortzen die.Ondorioz, kontribuzio bereziak ezartzean aztertu den legezko irizpidea -onura bereziarena- errespetatu dela uste dut. Horrenbestez, bidezkoa da alegazioa -etxebizitzen jabeentzat onura berezirik ez dagoela dioena- ezestea.

Bigarrena.-Behin betiko onestea 2010eko abenduaren 2ko bileran hartutako erabakia, eta horrenbestez, Caparrosoko España plazako ataripearen obraren exekuzioa finantzatzeko kontribuzio berezien ezarpen eta agindua onestea, edukia hau izanen dela:

a) Obren kostua, guztira, 204.417,09 eurokoa da, BEZa barne. Udalari dagokio kontribuzio bereziak ezartzeko erabakia hartzea, obra horien kostuari, gero zehaztuko den proportzioan, aurre egiteko. Hasiera bateko kalkuluaren arabera 241.737,50 euro izanen dira, BEZa barne. Nafarroako Gobernuak Caparrosoko Udalari emandako determinazio libreko zenbatekoa 167.134,91 eurokoa da. Mairagako Mankomuniateak hornidura eta saneamenduko kostuak ordaindu behar ditu, 37.320,50 euro zehazki, eta beraz, Udalak finantzatu beharreko obrak 204.417,00 euroko kostua du.

b) Zerga-oinarria. Behin-behineko zenbatekoa finkatzea onuradunen artean banatzekoa: 13.776,00 euro, hau da, Caparrosoko Udalak beregain hartzen duen obra kostuaren %6,74ari dagokiona.

c) Aurreko oinarrian azaltzen den kopurua zuzendu eta doitu eginen da aipatu obrak amaitu ondoren, obra horien benetako kostua jakinda, Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 112.3 artikuluan xedatutakoaren arabera: "Obra edo zerbitzuetarako aurrekontuan jarritako kostu osoa aurreikuspen hutsa izanen da. Benetako kostua handiagoa edo txikiagoa izatera, hura hartuko da dagokion kuota kalkulatzeko".

d) Banaketa moduluari dagokionez, higiezinen fatxadaren metro linealak hartuko dira kontuan, eta 82 euro/metro lineala zenbatekoa ezarriko. Zenbateko hori bider bi biderkatuko zaie higiezinetan terrazak izan eta erabiltzen dituzten zergadunei.

e) Oinarri hauetan berariaz aurreikusi gabeko aferetan Kontribuzio berezien ordainarazpena arautzen duen ordenantza aplikatuko da.

Hirugarrena. Aurreko puntuan ezarritako ondorioetarako, zergadunen behin betiko zerrenda onestea, baita banan banako kuotak ere, obraren kostuari modulu aplikagarria ezartzearen ondorioz ateratakoak, I. eranskinean ezartzen den bezala. Ordainketa seihilekoko hamar kuota berdinetan eginen da, kontribuzioen erroldarekin batera.

Laugarrena.-Erabaki hau alegatzaileari jakinaraztea.

Bosgarrena.-Onetsitako kontribuzioaren ondoriozko banakako kuotak nahiz erabaki hau banan-banan jakinaraztea onuradunei."

Seigarrena.-Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea."

Hori guztia aditzera ematen da, eta ohartarazten erabaki horren kontra hauek para daitezkeela:

a) Hautara, berraztertzeko errekurtsoa, Caparrosoko Udaleko Osoko Bilkurari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean arlo bereko epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.1 artikuluak agintzen duenaren arabera.

c) Eta, hautara, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Caparroson, 2011ko otsailaren 15ean.-Alkate udalburua, Irene Jiménez Iribarren.

Iragarkiaren kodea: L1102888