49. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOZAR

Udal ordenantza, Diru-laguntzak arautzen dituena.
Behin betiko onespena

Berriozarko Udalak, 2010eko abenduaren 22an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Diru-laguntzak arautzen dituen udal ordenantza. Hura 2011ko 8. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 13an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Berriozarren, 2011ko otsailaren 24an.-Alkatea, Xabier Lasa Gorraiz.

ORDENANTZA, BERRIOZARKO UDALAREN DIRU-LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

Zioen azalpena

Arau orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek diru-laguntzak emateko irizpideak eta prozedura finkatzea du xede, Berriozarko udalerriaren esparruan, eta baldintza berak bermatzea herritar eta entitateei onura publiko edo interes sozialeko helburu zehatz bati erantzuten dioten zerbitzu eta jardueretarako laguntzak eskuratzeko.

Etxebizitzak zaharberritzeko diru-laguntzak ordenantza honetatik aparte gelditzen dira, ordenantza berariazkoak arautzen baititu.

2. artikulua. Udalak pertsona edo entitate publikoei nahiz pribatuei dirua zein gauzak emateari erraten zaio diru-lagunza, baldintza hauek betetzen badira:

A) Dirua onuradunen zuzeneko kontraprestaziorik gabe eman behar da.

B) Diru-laguntza emateko baldintza izanen da xede jakin bat betetzea, proiekturen bat gauzatzea, jardueraren bat egitea, jokabide berezi bat hartzea -hori guztia gauzaturik nahiz gauzatzeko egonik- edo egoera bat gertatzea; eta ezartzen diren betebehar material eta formalak bete beharko ditu onuradunak.

C) Finantzatzen den proiektu, ekintza, jokabide edo egoeraren helburuak onura publikoko edo gizarte intereseko jardueraren bat bulkatzea edo xede publikoren bat sustatzea izan behar du.

3. artikulua. Honako printzipio gidari hauen arabera kudeatuko dira ordenantza honek aipatzen dituen diru-laguntzak:

A) Publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna, diskriminazio eza eta kontrola.

B) Eraginkortasuna, administrazio emaileak finkatutako helburuak betetzean.

C) Eragimena, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.

4. artikulua. Gobernu Batzarrak onesten dituen oinarri arauemaileetan aurreikusitako irizpide, xede eta prozedurei jarraikiz eman beharko dira diru-laguntzak.

Oinarriak onetsi aitzin, aginduzkoa izanen da xede horretarako dirua aurreikustea aurrekontuetan.

Onuradunak

5. artikulua. Diru-laguntzen onuradunak izanen dira:

a) Udalerrian helbidea duten entitate, erakunde eta elkarteak, edo bertan ordezkaritza iraunkor bat dutenak, garapenerako laguntzen deialdietan izan ezik, orduan ez baita halako baldintzarik eskatuko.

b) Pertsona fisikoak, jende talde baten ordezkari gisa, baldin eta udalerrian bizi badira, eta ekimenak berariazkoak eta irabazteko asmorik gabeak badira.

Diru-laguntzak arautzen dituzten oinarriek ezarri ahal izanen dutenez, diru-laguntza publikoak entitate laguntzaile baten bidez ematen ahalko zaizkie onuradunei. Halakoetan, lankidetza hitzarmena sinatuko da Udalaren eta entitate laguntzailearen artean, horrek bere gain hartzen dituen betebehar eta baldintzak arautzeko.

Diru-laguntza bil dezaketen jarduerak

6. artikulua. Diru-laguntza bil dezakete diru-laguntzen deialdi bakoitzari dagokion aldian Berriozarko udalerriaren barrenean egiten diren jarduera programatuek, arlo hauetakoak badira:

-Kultura.

-Hezkuntza.

-Euskararen sustapena.

-Kirolak.

-Gazteria.

-Berdintasuna.

-Gizarte laguntza.

-Giza laguntza eta/edo garapenerako lankidetza programak hirugarren munduko herrietan.

-Interes sozialeko jarduerak egiten dituzten entitate irabazi asmorik gabeendako laguntzak.

-Herritarren entitate eta talde irabazi asmorik gabeendako laguntzak, herritarren partaidetzaren arloan.

-Iraunkortasunaren eta ingurumenaren alde ari diren entitaeendako laguntzak.

7. artikulua. Diru-laguntzarik bil ez dezaketenak:

a) Lokalak moldatzea edo eraikinetako bertze edozein esku-hartze.

b) Ondasun higiezinen erosketa.

c) Funtzionamenduak eragindako gastuak (alokairua, telefonoa, argia, langileen nominak eta abar), dagokien deialdian espresuki jaso ezik.

Prozedura

8. artikulua. Diru-laguntzak eman aitzin, Gobernu Batzarrak behar den deialdia onetsi beharko du, oinarri arauemaileak eta guzti.

9. artikulua.

1.-Orokorrean, diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako lehiaren bidez tramitatuko da. Norgehiagokako lehiatzat hartuko da diru-laguntzak emateko aurkezten diren eskaerak alderatzea, lehentasunaren arabera ordenatzeko, oinarri arauemaileetan eta deialdian ezarri diren balorazio irizpideei jarraikiz, eta irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskaerei diru-laguntza esleitzea, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarriarena gainditu gabe.

2.-Lehia izanik, norgehiagoka ez dagoenetan, banakako ebaluazio sistema erabiliko da. Banakako ebaluazioaren sistema hautatzen denean diru-laguntza emateko, haren gaineko araudi berariazkoak irizpideak ezartzen ditu eskaerak ebaluatzeko eta ebaluazio horren arabera diru-laguntza handiagoa edo txikiagoa esleitzeko. Espedienteak aurkeztu ahala tramitatu eta ebazten dira, aurrekontuan horretarako dirua dagoen bitartean.

3.-Diru-laguntzak modu zuzenean ere ematen ahalko dira, horretarako egiaztatzen diren arrazoiak interes publiko, sozial, ekonomiko, hezkuntzako, kultural, zientifiko, humanitario edo bertzelakoak direnean, baldin eta, hartzailea dela-eta, ez badago lehia publikorako aukerarik, diru-laguntzaren xedea aitzina eramateko onuradun bakarra edo onuradun talde bakarra dagoelako. Kasu hauetan ematen diren diru-laguntzak ere zuzenekoak izanen dira:

a) Udalaren aurrekontuan berariaz aurreikusita daudenean.

b) Lege mailako arau batek agintzen badio administrazioari diru-laguntza emateko edo zenbat eman behar duen.

c) Diru-laguntzaren izaeragatik edo helburuagatik lehiaketa publikoaren deialdirik behar ez denean, edo izaeragatik nahiz helburuagatik publikotasunaren tramitea betetzea ezinezko bada, gauzatzeko gaitasuna duen onuraduna bakarra delako.

d) Gizarte ongizateko laguntzak; hala nola, larrialdi sozialeko laguntzak eta banakoendako laguntza sozialak.

Atal honi jarraikiz ematen diren diru-laguntzak gauzatzeko, erabaki edo lankidetza hitzarmenak eginen dira. Haietan diru-laguntzak arautzeko oinarriak ezarriko dira, ordenantza honetako aurreikuspenekin bat, publikotasunaren eta lehiaren printzipioei dagozkienetan izan ezik.

10. artikulua. Tokiko Gobernu Batzarra da diru-laguntzen deialdiaren oinarriak onetsi, argitaratu, zuzendu, luzatu edo deuseztatzeko organoa, baita horien kontzesioa erabaki edo ukatzekoa eta haien zenbatekoa zehaztekoa, dagokion batzordeak txostena egin ondoan.

Oinarriek eduki hau izan behar dute:

a) Diru-laguntzaren xedearen zehaztapena.

b) Diru-laguntza eskuratzeko onuradunek bete behar dituzten baldintzak, eta eskaerak aurkezteko modua eta epea.

c) Pertsona juridikoek kaudimenaren eta eraginkortasunaren aldetik bete behar dituzten baldintzak.

d) Diru-laguntza emateko prozedura.

e) Diru-laguntza onartzeko irizpide objektiboak eta, hala behar badu, horien ponderazioa.

f) Diru-laguntza bakoitzaren zenbatekoa edo hori zehazteko irizpideak.

g) Diru-laguntza onartzeko prozedura agindu, ireki eta ebazteko eskumena duten organoak, eta ebazpena jakinarazteko epea.

h) Diru-laguntzaren justifikazio egokia bermatzeko kontabilitateko liburu eta erregistrorik behar bada, horien zehaztapena.

i) Diru-laguntza zertarako eman zen, xede hori bete dela eta eskuratutako diruak aplikatu direla frogatzeko onuradunak edo entitate laguntzaileak izanen duten epea eta modua.

j) Diru-laguntza ematen duen organoarendako berme neurriak eratu behar badira, horiek zein diren, nola eratzen diren eta horiek bertan behera uzteko prozedura zein den.

k) Ordainketa aurreratuak eta konturako ordainketak egiteko aukera, eta onuradunek eman behar dituzten bermeak.

l) Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzea eta bertzelako inguruabarrak, ebazpena aldatzeko bidea eman dezaketenak.

m) Bateragarritasuna edo bateraezintasuna xede bererako bertze diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo balibideekin, edozein administrazio edo ente publiko edo pribatuetatik edo nazioko, Europako Batasuneko nahiz nazioarteko erakundeeetatik etorrita ere.

n) Diru-laguntzak emateagatik ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ez betetze hori norainokoa den neurtzeko irizpideak. Irizpide horiek aplikatuko dira azken-azkenean onuradunak jaso edo, hala behar badu, itzuli behar duen dirua zehazteko, eta proportzionaltasun printzipioari jarraitu beharko diote.

11. artikulua. Eskabide epeak deialdi bakoitzean finkatzen dira.

12. artikulua. Eskatzaileek deialdi bakoitzean zehazten den dokumentazioa aurkeztu behar dute, eskabidearekin batean.

13. artikulua. Deialdiaren oinarriak onestean finkatzen diren irizpide berariazkoez gain, honako hauek jotzen dira diru-laguntzak emateko irizpide objektibo orokortzat:

a) Jardueraren interes orokorra Berriozarko Udalarentzat.

b) Biztanleriaren partaidetza aktiboa programa hauetan, eta jardueren eragina gizartean.

c) Prestakuntzaren edo hezkuntzaren aldetik biztanleriaren bizi mailaren hobekuntza eragiten ahal duten alderdiei mesede egitea.

d) Proiektua zer esparrutan garatuko den, horrexen baldintzetara egokitzea gizartearen, kulturaren eta abarren aldetik.

e) Jarduerak Berriozarko herritarren eskura izatea eta iritzi publikoa sentsibilizatzen laguntzea.

f) Boluntarioek parte hartzea proiektua edo jarduera gauzatzen.

g) Gisako jardueren urritasuna.

h) Oinarrizko kirola eta kultura sustatzea.

i) Laguntza ekonomikorik gabe nekez gauza litezkeen interes orokorreko jarduerei laguntza ematea.

j) Proiektuan ingurumenaren, gizartearen edo genero berdintasunaren ikuspegia txertatzea.

k) Antzinatasuna eta eskarmentua, gisako proiektuetan.

l) Eskatzailearen gaitasun teknikoa nahiz antolaketarako eta kudeaketarako gaitasuna.

14. artikulua. Dagokion informazio batzordeak eskaerak aztertuko ditu eta horren ondoan txostena aurkeztuko dio Tokiko Gobernu Batzarrari. Horrek ebazpena emanen du eta diru-laguntza onartuko, biltzen diren inguruabarrak azterturik, kasu bakoitzean zenbateraino eta zer ehunekotan laguntzen ahal den zenbatetsi ondoan. Arau orokorra da jarduerendako diru-laguntzek, guztira, ez gainditzea hartarako aurkeztu den aurrekontu osoaren %75. Gehieneko zenbatekoa deialdi bakoitzaren oinarri partikularrek adieraziko dute.

Onuradunen betebeharrak

15. artikulua. Hauek dira onuradunen betebeharrak:

-Diru-laguntza jasotzeko behar den portaera izatea, xedea betetzea, proiektua gauzatzea edo jarduera egitea.

-Organo emaileari edo, halakorik bada, entitate laguntzaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla eta diru-laguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua gauzatu eta bete direla.

-Organo emaileak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, baita kontrol organo eskudun nazionalek zein europarrek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egiten ahal dituztenak ere; bertzetik, lehenagoko jarduketen ondorioz eskatzen ahal zaion informazio guztia ematea.

-Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako bertze diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari edo lankide den entitateari. Egoera hori jakin bezain sarri emanen da haren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

-Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin aitzin, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta izatea.

-Egiaztatze eta kontrol ahalmenak erabili ahal daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, diru-laguntzak arautzeko oinarrietan eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak edukitzea.

-Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.

-Ordenantza honen 18. artikuluan aipatzen diren kasuetan, harturiko diruak itzultzea.

16. artikulua. Entitate laguntzaileak, onuradunak eta diru-laguntzen xedearekin edo haren justifikazioarekin ikusteko duten hirugarrenak beharturik daude Udalaren kontrol organoen lana erraztera, baita kontrol organo eskudunek finantzen egiaztatze eta kontrolaren arloan egin ditzaketen gainerakoak ere, bereziki uztea kontrolaren eta segimenduaren xedeko dokumentazioa aztertzen eta lokaletan sartzen.

17. artikulua. Jarduera baterako diru-laguntza eskabidea aurkezteak berarekin dakar ordenantza hau eta diru-laguntza emateko oinarriak jakitea eta onartzea.

18. artikulua. Ondoko kasuetan itzuli beharko dira bildutako diru-laguntzak:

a) Diru-laguntza lortzen denean horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz.

b) Diru-laguntzaren xede den helburua, jarduera edo proiektua burutu gabe uzten denean osorik nahiz partez, edo horretarako hartu behar zen jokabidea hartzen ez denean.

c) Justifikatzeko betebeharra betetzen ez denean, edo behar bezainbat betetzen ez denean.

d) Deialdian zabalkuntza neurriak hartu beharra aurreikusirik, horiek hartzen ez direnean.

e) Egiaztapenak eta finantza-kontrolak saihesten direnean edo haiei uko egin edo trabak eta eragozpenak jartzen zaizkienean, eta kontabilitateari, erregistroari eta agirien kontserbazioari buruzko betebeharrak betetzen ez direnean, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako funtsak zertarako erabili diren, helburua lortu ote den, diru-laguntza jaso duten jarduerak benetan eta behar adinako maiztasunaz egin diren, edo xede bererako bertze diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide batzuk lortu ote diren, Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik edo nazioarteko erakundeetatik.

f) Udalak onuradunei ezarritako betebeharrak betetzen ez direnean, edo onuradunek diru-laguntza onartzerakoan hartutako konpromisoak betetzen ez dituztenean, baldin eta konpromiso horiek ikusteko badute diru-laguntzaren xede diren helburuak lortzeko, jarduera egiteko, proiektua gauzatzeko edo jokabidea hartzeko erabili behar den moduarekin.

g) Udalak onuradunei ezarritako betebeharrak betetzen ez direnean, edo onuradunek diru-laguntza onartzerakoan hartutako konpromisoak betetzen ez dituztenean, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako funtsak zertarako erabili diren, helburua lortu ote den, diru-laguntza jaso duten jarduerak behar adinako maiztasunaz egin diren, edo xede bererako bertze diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide bateraezin batzuk lortu ote diren Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik edo nazioarteko erakundeetatik.

h) Diru-laguntzaren gaineko arauetan aurreikusitako gainerako kasuetan.

Itzuli beharra Gobernu Batzordeak erabakiko du, espedientea ireki ondoan; hartan sartuko dira, behar den batzordearen proposamen arrazoituaz gain, bidezko diren txosten eta frogak eta, hala behar badu, onuradunaren alegazioak. Espedientea hiru hilabetean ebatzi beharko da.

Justifikazioa eta kobrantza

19. artikulua. Ordenantza honetako aginduei jarraikiz emandako diru-laguntzak biltzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da Herriko Etxean:

a) Diru-laguntzaren ordainketa eskatzeko eskabidea, alkateari zuzendua, eta entitateko lehendakariak edo eskuordetzea behar bezala egiaztatua duenak sinatua.

b) Transferentzia bidezko abonamendurako eskabidearen inprimakia.

c) Egindako jardueraren memoria zehatza.

d) Fakturak, diruz laguntzen ahal den jardueraren zenbatekoa adieraziko dutenak.

e) Jarduerak sortutako gastuen zerrenda eta dokumentazio idatzia.

f) Bertze entitate publiko nahiz pribatuen aldetik bildutako diru-laguntzen zerrenda, edo zinpeko aitorpena, diruz lagundutako jardueraren zenbateko osoa gainditzen duten diru-laguntzak bildu ez direla adierazten duena.

g) Bertze edozein agiri, deialdiaren oinarrietan aurreikusi bada.

h) Diru-laguntzak arautzen dituzten oinarrietan kontrakoa adierazi ezik, diru-laguntzaren gaineko arauetan ezarritako justifikazio aldia amaitu baino lehen ordaindutako gastua hartuko da gastu egintzat.

i) Onuradunek behar bezalako publizitatea eginen diote diruz laguntzen diren edozein motatako programa, jarduera, inbertsio edo jarduketen finantzaketaren izaera publikoari, erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan.

20. artikulua. Aitzineko artikuluan aipatu fakturek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izatea.

b) Data diru-laguntza eman den urtekoa izatea. Noizbehinkako jarduera bada fakturaren data jarduera egin zenekoa izanen da.

c) Hartzailearen nortasun agiri nazionala edo lizentzia fiskalaren zenbakia edukitzea.

d) Etxe hornitzailearen zigilua eta izenpea edukitzea.

e) Eskabidea egitean aurkeztutako aurrekontuarekin bat etortzea.

f) Ez da justifikaziotako onartuko pertsona fisikoek luzaturiko ordainagiririk, 125,00 euro baino diru gehiagokoa bada.

21. artikulua. Eskaera aurkeztutakoan, dagokion batzordeak espedientea aztertuko du eta onespena eta ordainketa proposatuko dio Tokiko Gobernu Batzarrari. Onespena eta, hala behar badu, ordainketa Tokiko Gobernu Batzarrari dagozkio, betiere egin beharreko gastua haren eskumenen barnean badago; nolanahi ere beretako gordeko du diru-laguntza egiazki egin diren gastuen mugaraino murriztea proposatzeko ahalmena.

Lankidetza hitzarmena

22. artikulua. Ordenantza honen 9.3 artikuluan aurreikusten diren diru-laguntzetarako, lankidetza hitzarmenak sinatuko dira entitate laguntzaileekin, horiek beren gain hartzen dituzten baldintza eta betebeharrak arautzeko. Hitzarmenek lau urteko indarraldia izanen dute gehienez; nolanahi ere, bertan aurreikusten ahal da bukatu baino lehen aldatzea edo luzatzea alderdiak elkarrekin bat etorrita, luzapenen iraupen osoa ez bada hasierako epearen indarraldia baino luzeagoa, ezta lankidetza hitzarmenaren iraupen osoa, guztira, sei urte baino luzeagoa.

Entitate laguntzaileak zuzenbide pribatuari loturiko pertsonak badira, aitzinetik hautatuko dira eta hautatzeko prozedura printzipio hauen mendean egonen da: publizitatea, lehia, berdintasuna eta bazterkeria eza. Lankidetza hitzarmena bidez formalizatuko da.

Lankidetza hitzarmenak, gutienez, eduki hau izanen du:

a) Lankidetzaren xedea eta entitate laguntzailea zein diren.

b) Entitate laguntzaileak kudeatuko dituen diru-laguntzen gaineko araudi berezia zein den.

c) Lankidetza hitzarmenak zenbat iraunen duen.

d) Diru-laguntza ematen duen administrazio organoarendako berme neurriak eratu behar badira, horiek zein diren, nola eratzen diren eta horiek bertan behera uzteko prozedura zein den.

e) Entitate laguntzaileak diru-laguntzak kudeatzeko prozeduraren fase bakoitzean zer baldintza bete eta betearazi behar dituen.

f) Diru publikoen banaketan lagunduz gero, entitate laguntzaileari diruak emateko epea zein den eta hartutako diruak onuradunen eskutan utzi arte horiek gordailatzeko baldintzak zein diren.

g) Diru publikoen banaketan lagunduz gero, administrazio organo emaileak onartu dituen diru-laguntzak zer baldintzan utziko diren onuradunen eskutan.

h) Onuradunek nola justifikatuko duten diru-laguntzak emateko baldintzak betetzen direla eta hori nola egiaztatuko den.

i) Onuradunek diru-laguntzen gaineko justifikazioa nola eta zer epetan aurkeztuko duten eta, diru publikoen banaketan lagunduz gero, entitate laguntzaileak diruak onuradunei eman dizkiela nola eta zer epetan egiaztatuko duen.

j) Entitate laguntzaileak kontabilitateko zer liburu eta zer erregistro eraman behar dituen, diru-laguntzaren justifikazio egokia errazteko eta ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzeko.

k) Diru-laguntza onartzeko ezarritako baldintza eta betebeharrak bete ez badira, diruak itzuli beharra.

l) Entitate laguntzailearen betebeharra, egiaztapen eta kontrol jarduketak onartzeko.

m) Entitate laguntzailearendako konpentsazio ekonomikorik finkatu behar bada, hura zein den.

Hitzarmenak ikus-onetsi juridikoa beharko du.

Diru-laguntzak zuzenean ematea

23. artikulua. Hitzarmenak ohiko baliabidea izanen dira Udalaren aurrekontuetan aurreikusten diren diru-laguntza izendunak bideratzeko.

Diru-laguntzaren baliagarritasuna eta interes soziala arrazoitu beharko da, edo haren bidez xede publiko bat lortzen dela, eta orobat lehia printzipioa aplikatzea ezinezkoa dela.

Diru-laguntzak hitzarmenen bidez bideratzen badira, horiek onesteko eskumena duen organoa izanen da diru-laguntza horiek onartzeko eskumena duena.

24. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan jarraituko zaio Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, hari buruz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Foru Legean xedatuari.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu dira udal ordenantza hauek:

Lankidetza proiektuetarako laguntzen udal ordenantza (1998ko 154. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 25ekoa).

Euskarazko edo elebiko txartel eta errotuloetarako diru-laguntzen banaketa arautzen duen ordenantza (1999ko 133. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 25ekoa).

Herriko bestetan peñek parte hartzeko diru-laguntzen ordenantza (2000ko 105. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 30ekoa).

Halaber, indarrik gabe gelditzen dira bertze udal ordenantzak, honako honetan xedatuari kontra egiten badiote edo ezeztatzen badute.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1103459