48. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, babes zibileko laguntzaile lanpostua aldi baterako kontratazio bidez betetzeko izangaien zerrenda hautaproben bitartez osatzeko, Iruñeko Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren

Iruñeko Udalaren Lehendakaritza Alorreko zuzendariak deialdia onetsi zuen 2011ko otsailaren 15ean; hona hemen oinarriak:

OINARRIAK

1.-Deialdia egiten da babes zibileko laguntzaile lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda hautaproben bidez osatzeko, Iruñeko Udalean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko bertze estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko bertze estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, haien kontura biziz gero.

b) 16 urte beteak izatea eta erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

c) Eskola graduatuaren edo DBHren titulua izatea, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hautapen prozedurak diraueino eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

3.-Eskabideak.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bitartekoetako bat baliatuz.

Eskabideak bete beharko dira I. eranskineko ereduaren arabera, zeina eskuratu ahalko baita Iruñeko Udalaren Herritarrendako Harrera Bulegoan, Kale Nagusiko 2an, edo Internet bidezko www.pamplona.es gunean, edo, bestela, Aldizkari Ofizialetik bertatik hartuta, argitaratzen denean.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera izangaiek Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua edo izangaiaren nortasuna frogatzen duen agiriarena aurkeztu beharko dute, eta 2.c oinarrian eskatutako tituluarena.

4.-Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.-Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lehendakaritza Alorrak izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko du Iruñeko Udalaren iragarki oholean (Udaletxearen atzeko aldean).

Egun horretatik aurrera, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

6.-Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta haiek ebatzi ondoan, Lehendakaritza Alorreko zuzendariaren ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean jarriko da jendaurrean, deialdi honetako zortzigarren oinarrian aipatzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

7.-Epaimahaia.

7.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

-Mahaiburua: Ana Elizalde Urmeneta, Herritarren Segurtasuneko zinegotzi delegatua.

-Mahaikidea: Francisco José Fernández Elizalde, Herritarren Segurtasuneko Alorreko zuzendaria.

-Mahaikidea: Víctor Sarasa Astráin, Herritarren Segurtasuneko Alorreko legelaria.

-Mahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

-Mahaikide-idazkaria: Miguel Ruiz de Arriaga Remirez, Herritarren Segurtasunerako Arloko erdi mailako tituluduna.

7.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Lehendakaritza Alorrari hala jakinarazi, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak gertatzen direnean.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat izaten denean.

Mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako arrazoiak izateagatik epaimahaia aldatzen bada, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak bertan egon beharko dute.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8.-Hautaproben nondik-norakoak eta balorazioa.

8.1. Hautapenaldiko gehieneko balorazioa 230 puntu izanen da, gehienez ere.

8.2. Hautapena proba objektibo baten bidez eginen da, test modukoa. Hartan, izan daitezke galdera mota desberdinak, kokapenekoak eta kultura orokorrekoak (batez ere Iruñeko geografia praktikoari buruzkoak) edo hizkuntzen gaineko ezagupenekoak (ingelesa, frantsesa eta euskara).

Proba egiteko gehieneko denbora epaimahaiak zehaztuko du, hasi aurretik.

8.3. Hautapen proba horretan gehienez ere 200 puntu emanen dira.

8.4. Halaber, gehienez ere 30 punturekin baloratuko da azken hiru urte honetan babes zibileko laguntzaile lanpostuan aritu izana, alegia, urte bakoitzeko 10 punturekin.

8.5. Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azalduko dira. Agertzen ez diren izangaiak baztertu eginen dira.

9.-Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

9.1. Proben kalifikazioa buruturik, epaimahaiak jendaurrean edukiko du Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, lortutako azken puntuazioaren hurrenkeraren araberakoa, eta Lehendakaritza Alorreko zuzendariari helaraziko dio, baita hautapen prozesuaren espediente osoa ere, onets dezan.

Puntu berdinketa izanez gero, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.

9.2. Gainditu duten izangaiei Iruñeko Udalean gertatzen diren premien arabera eginen zaie dei, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

9.3. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

10.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Iruñean, 2011ko otsailaren 15ean.-Lehendakaritza Alorreko zuzendaria, Julio Sucunza Azcona.

I. ERANSKINA

IZENA

ADINEZ NAGUSIA

N.A.N./NORTASUN AGIRIA

JAIOTEGUNA

JAIOTERRIA

NAZIONALITATEA

EGUNGO HELBIDEA

POSTA KODEA/HERRIA

SAKELAKO TELEFONOA

TELEFONO FINKOA

ADIERAZTEN DUT:

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

ESKATZEN DUT:

Onartua izatea babes zibileko laguntzaileen zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko deialdian (.....eko ....: Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ...... egunean argitaratua) Iruñeko Udalaren zerbitzuan aldi baterako kontratuaren bidez aritzeko.

DATUEN BABESA. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabili ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Karrika Nagusia, 2, 31001-Iruña).

Iruñean, 20...ko ................ (a)ren .... (e)an.

(Sinadura)

Iragarkiaren kodea: L1103056