48. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CADREITA

Ordenantza, Nerabeendako aisialdirako zentroko topagunearen funtzionamendua arautzen duena. Behin betiko onespena

Cadreitako Udalak, 2010eko abenduaren 14an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea topagunearen funtzionamendua arautzen duen ordenantza. Iragarkia 2011ko 8. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urtarrilaren 13an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretako aldaketa behin betikoz onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Cadreitan, 2011ko otsailaren 17an.-Alkatea, Alfonso Montori Prat.

1. ERANSKINA

ARAUDIA, NERABEENDAKO AISIALDIRAKO ZENTROKO TOPAGUNEAREN FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DUENA

Zioen azalpena

Topagunea herritarrendako hainbat jarduera antolatzeko udal eremua da.

Jardueren artean garrantzi handikoa da eskola horietan asteburuetan 12tik 17ra arteko gazteendako antolatzen den aisia alternatiborako programa.

Programa horrek honakoak ditu helburu:

A) Ohitura osasungarriak sustatzea honako honen xede diren herritarren artean.

B) Gai toxikoen kontsumoari aurrea hartzea.

C) Gizabidezko balioak, bizikidetza eta aniztasunaren aldeko errespetua sustatzea.

D) Aisia sormena lantzeko esperientzia onuragarria izan dadin ahalbidetzea.

Programaren asmoa da nerabeen eskaerei erantzutea eta baliabideak nahiz bitartekoak ematea aisiaz gozatzeko beren ereduak lantzeko aukera izan dezaten.

Aipatu testuinguruan, beraz, adin tarte horretan dauden herritar guztiek izanen dute parte hartzeko eta baliabide horiek erabiltzeko eskubidea, herriaren zerbitzu publikorako ondasuna baita. Eskubide hori, hala ere, gizabidez baliatu beharra dago eta jendea nahiz ondasunak errespetatuz erabili beharko da.

Xedapen orokorrak

1. Araudiak honako hauek ditu xede:

Ondasun publikoa den aldetik, Topagunearen instalazio eta elementu guztiak babestea eraso, istilu eta erabilera bidegabeen aurka; instalazioen erabilera zentzuzko eta antolatua bermatzea; eta bermatzea, orobat, herritarrak baldintza berdinetan sartzen ahal direla eta baliatzen ahal dituztela bertako instalazioak.

Gutxieneko arau batzuk ezartzea erabiltzaileen arteko bizikidetzarako eta errespeturako, baita erabiltzaileen eta nerabeendako programaren kudeaketaz arduratzen diren langileen arteko harremanetarako ere.

Bizikidetza sozialaren kontrako jarduketa eta jokabideak zuzentzea.

Bizikidetza arauak hausten dituztenen birgaitzea sustatzea.

Debeku dira, beraz, lokalaren barrenean bizikidetza hautsi, eragozpenak sortu, ondasun edo elementuetan kalte egin edo pertsonei zor zaien errespetuari huts egiten dioten portaerak.

2. Erabiltzaileen eskubideak.

Instalazioak zertarako diren, erabiltzaileek hartarako erabiltzeko eskubidea dute, baita bertan egiten diren jardueretan parte hartzeko ere.

Era berean, zentroko erabiltzaileek eskubidea dute begirunezko eta duintasunezko tratua jasotzeko.

Zentroa erabiltzeko eta bertako ondasun eta zerbitzuak baliatzeko eskubidea.

Informazioa eta aholkua hartzeko eskubidea, bai jarduerena bai kezka, zalantza, arazo eta abarrena, taldeko kide gisa zein bakarka.

Egoki iruditzen zaizkion erreklamazio eta iradokizunak lokala kudeatzen duten langileei eta Cadreitako Udalari aurkezteko eskubidea.

3. Erabiltzaileen betebeharrak.

Lokalean dauden langileak eta gainerako erabiltzaileak errespetatzea, tratu duina emanez.

Zentroko ondasun eta zerbitzuak behar bezala erabiltzea, bertako instalazioak, materiala eta baliabideak errespetatuz. Erabilera behar bezalakoa ez bada, kalteak lehengoratu edo ordaintzeaz gain, erabiltzeko eskubidea galtzen ahalko da, bai aldi baterako bai behin betiko.

Erabilitako egoitza eta material guztiak garbitu, bildu eta txukuntzea.

Ezin izanen dute zentroan erre.

Zentroaren barrenean ezin izanen dituzte edari alkoholdunak hartu ezta gai toxikorik ere.

Halako gaiak hartu ondoren beren gaitasun fisiko edo adimenekoak bestelakotuak dituzten erabiltzaileak agertuz gero, onartzeko eskubidea baliatzen ahalko da.

Ezin da animaliarik sartu instalazioetan. Debeku hori gorabehera, itsu-zakurrak sartzen ahal dira, baldin eta identifikatuta egon, beren lana egin eta higiene eta osasungarritasun baldintzak betetzen badituzte, Ikusmen urriko pertsonak itsuaurreko zakurrekin tokietan sartzeari buruzko urriaren 8ko 10/1993 Legearen arabera.

Jardueretan ezartzen diren baldintzak betetzea.

Zentroko jardueren bilakaera onerako egokiak diren jokabideak izatea.

Zentroko ordutegiak errespetatzea.

Zentroaz arduratzen diren langileei bertan ikusitako okerren edo irregulartasunen berri ematea.

Udalak edo empresa kudeatzaileak bere gain hartzen dituen jardueretan izan ezik, honako hauek erabiltzailearen kontura izanen dira:

Edozein tasa, kontribuzio edo zerga ordaintzea.

Egile eskubideak ordaintzea, legez horrelakorik egokituz gero.

Legez aginduzkoak diren baimen administratiboak.

4. Erabiltzeko baldintzak.

Zentroko lantalde kudeatzaileak emandako jarraibide eta arauak bete beharko dira uneoro.

Langileek ez dute inoiz ere erantzukizunik izanen erabiltzaileek instalazioen barrenean utzitako gauza pertsonalen gainean.

Debeku da erretzea, baita alkohola eta edozein sorgorkari hartzea ere.

Erabiltzaile orok edo, subsidiarioki, haien gurasoek edo legezko tutoreek, beren gain hartuko dituzte eskatzen zaizkien erantzukizun zibil, penal, administratibo, laneko zein zerga arlokoak edo bestelakoak, eta haiena baino ez da izanen egintza edo omisioen ondoriozko kalte eta galerengatiko kalte-ordainen erantzukizuna; izan ere, horri dagokionez, edozein erantzukizunetatik libre daude talde kudeatzailea eta Udala.

Gelak edo materialak erabiltzeko, zentroko langileengana jo eta eskabideen fitxa bete beharko da. Horrekin batera, beharkizun orokor jakin batzuk ere bete beharko dira, halakorik baldin badago, ordutegiak, parte hartzaileak, behar den materiala eta abarrak zehazteko eta adosteko.

Asteburua bukatutakoan, erabiltzaileek asteburua hasi aurretik zeuden bezala utziko dituzte erabilitako instalazio eta materiala. Talde kudeatzaileak gainbegiratuko du hala egiten dutela.

Erabiltzaileen eta, subsidiarioki, haien guraso edo legezko tutoreen kontura da, instalazioak behar bezala ez erabiltzeagatik egiten diren hondamen eta kalteak konpondu edo ordaintzea, zein den ere arrazoia edo zergatia. Horretarako, Udalak aurkeztuko dio likidazioa, sortutako gastu orokor gisa adostutako errekarguarekin, non ez duen berak zuzenean hartzen egin behar diren konponketen ardura, Udalak hautatzen duen udal teknikariaren zuzendaritzapean, eta horren adostasunarekin.

Ezin da instalazioetan animaliarik sartu. Itsu-zakurrak sartzen ahal dira, baldin eta identifikatuta egon, beren lana egin eta higiene eta osasungarritasun baldintzak betetzen badituzte, Ikusmen urriko pertsonak itsuaurreko zakurrekin tokietan sartzeari buruzko urriaren 8ko 10/1993 Legearen arabera.

5. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak, egintzak nahiz omisioak izan, oso larritzat, larritzat edo arintzat joko dira.

-Arau-hauste oso larriak:

Oso larriak dira ondokoa eragiten duten arau-hausteak.

Jendeari behin eta berriro errespetua galtzea eta mehatxuak edo eraso fisikoak egitea, hala zentroko erabiltzaileei nola langileei.

Instalazioen funtzionamendu egokia nahastea instalazioetako beste erabiltzaile batzuen edo arduradunen kontra gatazka, zalaparta, eraso fisiko edo hitzezkoak eginez.

Instalazioak edo materiala ebatsi, lapurtu edo hondatzea funtzionamenduari kalte larria eraginez.

Droga saltzea instalazioen barrenean.

Ezarritako ordutegitik kanpo instalazioetan sartzea.

Arau-hauste larrietan berrerortzea.

-Arau-hauste larriak:

Arau-hauste larriak honako hauek dira:

Zentroaren barrenean erretzea, baita alkohola eta edozein sorgorkari hartzea ere.

Langile arduradunak iraintzea edo mespretxatzea, jokaera desegokiak arautzeko egiten dituzten oharrak aintzat hartu gabe.

Instalazioak edo materialak hondatzea, funtzionamenduari kalte larririk egin gabe.

Zentroan mozkor itxura nabarmenean edo drogaren batek jota sartzea.

Hiru hutsegite arin egitea egun berean.

-Arau-hauste arinak:

Honakoak dira arau-hauste arinak:

Noizean behin errespetua galtzea jendeari, hala zentroko erabiltzaileei nola profesionalei. Arau orokor gisa, pertsonei errespetua galdutako kasuetan, hitz egitea bilatuko da zehapena jarri aurretik, baldin eta ukitutakoak prest badaude.

Udalaren materialean edo altzarietan kaltea egiten duten edo egin dezaketen ekintza edo portaera desegokiak.

Instalazioetan edozein animalia sartzea.

Instalazioko funtzionamendu orduak ez errespetatzea.

Instalazioen funtzionamendu egokia lardaskatzea, gainerako erabiltzaileei traba egiten ahal dieten oihuak eginez, baita lasterka ibiltzea edo jauzi nahiz bulka egitea, edo gainerako erabiltzaileei traba egin edo beroriek arriskutan jar ditzakeen edozein ekintza, eta oro har gainerako gazteak gogaitzen ahal dituen edozein gauza egitea.

Araudi honetan ezarritakoari kontra egiten ahal dion beste edozein jarduketa, larritzat edo oso larritzat jotakoa ez bada.

6. Zehapenak.

Neurri edo zehapen guztiak berreziketaren balore eta printzipioekin bat bideratuko dira, eta prebentziorako eta heziketarako balio duten neurriak sustatuko dira batez ere. Aurrekoa gorabehera, instalazioetan eta materialean kalteak eta erasoak nahita eragiten direnean, haiek konpondu edo ordezteko kostua ordaindu beharko da.

Udalak, hezkuntzaren balio eta printzipioekin bat, komunitaterako zeregin edo lanak egiteko aukera ematen ahal du zehapen osoaren nahiz zati baten ordez. Zeregin edo lan horien zer-nolakoak arau-haustearendako eta gaztearen adinarendako egokiak eta neurrikoak izanen dira.

Aukera hori arau-hausleak birgaitzeko bide gisa eskainiko da, eta horregatik, beharrezkotzat jotzen denean aplikatuko da, hau da, egindako arau-hausteari zehapen oso larria dagokionean, edo arau-hauste larriak behin eta berriz edo behin baino gehiagotan egiten direnean.

Arau-hausleak erabakiko du zer zehapen mota beteko duen (kanporatzearen denbora ordeztea edo komunitatearen aldeko lanak egitea).

Zerbitzua ez bada ezarritako denboran eta moduan egiten, hasierako zehapena ezarriko da atzera.

-Zehapen mota.

Instalazioak eta materialak nahita hondatzen diren kasu guztietan, hondatutakoak ordeztu beharko dira edo haiek konpontzeko behar diren gastuak ordaindu.

Arau-hauste arinei zehapen hauek jartzen ahal zaizkie:

Ohartarazpena.

Aldi baterako kanporatzea; hilabeterako, gehienez ere.

Arau-hauste larriak zehatzeko aldi baterako kanporatzen ahalko da arau-hauslea, 2 urtez gehienez; parte bat komunitatearen aldeko lanak eginez zehatzen ahalko da.

Arau-hauste oso larriak zehatzeko, instalazioetan sartzeko behin betiko debekua ezartzen ahalko da, edo, horren ordez, komunitatearen aldeko lanak egiten ahalko dira.

-Arau-haustearen erantzuleak:

Arau-hausteak egin dituztenak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.

Arau-haustea hainbat lagunek egin badute, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan.

Erabiltzaileak adingabeak direnez gero, gurasoak, tutoreak edo haien legezko zaintza dutenak izanen dira erantzuleak, hala behar denean.

-Zehapenen graduazioa:

Zehapenaren graduazioa erabakitzeko inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

Behin baino gehiagotan egin den.

Nahita egitea.

Zerbitzuari egin zaion kaltea.

Noraino hartu den parte.

Gertaerek gizartean duten garrantzia edo oihartzuna.

Zer kalte egin den eta haien larritasuna.

Egindako kaltea prozedura ireki baino lehen konpontzea.

-Jarduteko protokoloa:

Hasteko eta bat, talde kudeatzailea arduratuko da neurriak eta, azken batean, zehapenak xedatzeaz, eta segituan jardunen du.

Arau-hausteak larriak edo oso larriak direnean, taldeko koordinatzaileak eta Udalak izendaturiko pertsonek erabakiko dute zer neurri hartu, ondoko irizpide hauen arabera betiere:

Talde kudeatzaileak honela jardun beharko du:

Gertakarien erregistroa betetzea, ahalik eta xehetasun gehienak jasoz.

Gurasoei bere seme-alabek egin dutenaren berri ematea (ahalik eta lasterren) eta berehalako neurriak aplikatzea.

Udalari gertatutakoa jakinaraztea, gertakariaren erregistroa faxez edo posta elektronikoz bidaliz.

Udalarekin batera erabakitako zehapenak aplikatzea.

Zerbitzuaren ebaluazioaz eta segimenduaz arduratzen den taldeak hala erabakitzen duen aldiro aldatzen ahalko da araudi hau.

Iragarkiaren kodea: L1103051