48. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AGOITZ

Animaliak izatea arautzen duen ordenantza.
Behin betiko onespena

2010eko 145. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 29an, Agoitzen animaliak edukitzea arautzen duen ordenantzaren iragarkia.

Udalaren Osoko Bilkuran aurkeztutako alegazioak ebatzirik, Agoizko Udalak, 2011ko urtarrilaren 20an egin osoko bilkuran, behin betikoz onetsi du aipatu ordenantza.

Argitara ematen da ordenantzaren testu osoa.

Agoitzen, 2011ko otsailaren 15ean.-Alkatea, Francisco José Enguita Moros.

AGOIZKO UDALAREN ORDENANTZA, ANIMALIAK EDUKITZEARI ETA BABESTEARI BURUZKOA

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Agoizko udalerrian bizi diren animaliak edukitzeko baldintzak arautzea, eta udalerri osoan aplikatuko da. Ordenantzak bi helburu ditu: alde batetik, pertsonen osasuna eta segurtasuna zaintzea, eta, bestetik, animaliak babestea, kontuan hartuta haien laguntasuna oso garrantzitsua dela pertsona askorentzat.

Ordenantza honen bi helburu horiek bete daitezen, ezinbestekoa da animalien jabeen laguntza; izan ere, etxerako animalia bat hartzea erabakitzen dutenek argi izan behar dute beren gain hartzen duten erantzukizuna. Beharrezkoa da pertsona horiek elkarbizitza errazteko konpromisoa hartzea, bereziki arraza edo tamaina dela-eta arriskugarri gerta daitezkeen animaliak direnean.

2. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikatuko da Nafarroako Foru Komunitatean indarra duen arlo horretako legeria. Animalien ongizateari buruzko araudia.

2. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako arauek ondoko animaliei aplikatzekoak dira (helburu ohikoenen arabera sailkatuta agertzen dira):

-Etxeko animaliak:

  • Lagun egiteko animaliak: txakurrak, katuak, zenbait hegazti eta txori.
  • Laguntza espezializatua ematen duten animaliak: gidazakurrak eta obrak eta enpresak zaintzeko zakurrak.
  • Akuarioko eta terrariumeko animaliak.

-Lehiaketetan erabiltzen diren animaliak.

-Aisialdi jardueretan edo ikuskizunetan erabiltzen diren animaliak eta zirko jardueretarako hezitako animaliak.

-Bertako espezieetako animalia basatiak.

-Bertako espezieetakoak ez diren animalia basatiak (Espainiaz kanpokoak).

3. artikulua. Erregelamendu honetan jasotako arauditik kanpo geratzen dira lanerako edo haragitarako animaliak, bai eta larrua edo gizakiarentzat erabilgarria den bestelako produktuak lortzeko erabiltzen direnak ere, horiei beste araudi batzuk aplikatzen baitzaizkie. Hala ere, horren salbuespena izanen da ordenantza honen 6. artikuluan xedatutakoa.

4. artikulua. Halaber, erregelamendu honetatik kanpo geratuko dira esperimentaziorako erabiltzen diren animaliak, beste lege batzuk aplikatzen baitzaizkie.

II. KAPITULUA

Arau orokorrak

5. artikulua. 1. Etxebizitzetan lagun egiteko animaliak eduki ahal izateko, beharrezkoa izanen da etxeko baldintza higieniko-sanitarioak egokiak izatea, bai eta auzokideentzat, gainerako pertsonentzat edota animaliarentzat berarentzat arriskutsua edo deserosoa izan daitekeen egoerarik ez sortzea ere.

2. Argi patioak eta balkoiak ezin izanen dira izan lagun egiteko animalien ohiko bizitoki, eta 25 kg baino gehiagoko animalien bizitokiek 6 metro koadro izan beharko dituzte gutxienez.

3. Debeku da animaliak aireztatze edo argi gabeko tokietan izatea, ezta muturreko balditza klimatikoetan ere. Animalien gorotzak eta pixak egunero garbitu behar dira, eta bizitokiak garbi eta behar bezala desinfektatuta eduki behar dira.

Txakurtegi gisa gaitutako instalazioen kontrolak eginen dira aldizka, baldintza higieniko-sanitarioei eta espazioari buruzko arauak zorroztasunez betetzen direla egiaztatzeko.

4. Udal teknikariek ezarriko dute etxebizitza bakoitzeko baimendutako gehieneko animalia kopurua, etxean erabilgarri dagoen tokia, baldintza higieniko-sanitarioak eta auzokideei eragin ahal zaizkien arazoak kontuan hartuta.

5. Lagun egiteko animaliak, gidatxakurrak salbu, ez dira igogailuetan egonen beste pertsona batzuek erabiltzen dituztenean, salbu eta haiek animaliekin batera sartzea onartzen badute. Etxebizitza-blokeetako gune komunetan, animaliak lotuta eta muturrekoa jarrita ibili beharko dute.

6. artikulua. Etxeko kontsumorako hegaztiak, untxiak edo antzeko animaliak etxebizitza partikularretako terraza edo patioetan hazi ahal izateko baldintza izanen da bizitokiaren egoerak, instazioen egokitasunak eta animalia kopuruak horretarako bidea ematea, bai alderdi higieniko-sanitarioari, bai auzokideentzat edo beste pertsona batzuentzat enbarazurik edo arriskurik ez eragiteari dagokienez.

7. artikulua. Etxebizitzetan animalia basatiak edukitzeko Udalaren berariazko baimena beharko da, betiere ondoko baldintzak betez gero:

Bertako espezieetakoak ez diren animaliak: Espainiak berretsitako nazioarteko itunek baimendutako espezieetako animaliak dituzten jabeek egiaztatu beharko dute animalien jatorria legezkoa dela. Ez da inolaz ere baimenduko hozka egitearen ondorioz pozoidura eragin dezaketen animaliak edukitzea, ezta alarma sozial arrazoizkoa eragiten dutenak ere.

Bertako espezieetako animaliak: debeku da halako animaliak izatea Animaliak Babesteko Legeak debekatzen badu edo alarma sozial arrazoizkoa eragiten badute.

8. artikulua. Debeku da animaliei jaten ematea kalean eta/edo eremu publikoetan, bereziki katuei eta usoei.

9. artikulua. 1. Obrak eta enpresak zaintzeko erabiltzen diren txakurrek haien jabeen edo arduradunen zaintzapean egon beharko dute, eta horiek eduki beharko dituzte halako moduz non herritarrei ezin dieten kalterik eragin. Behar diren neurriak hartuko dira txakurra ez dadin eremutik atera. Bestalde, behar bezala ohartarazi beharko da, seinaleen bidez, eremua txakur batek zainduta dagoela. Animalia horiek behar bezala erregistratuak eta txertatuak egon beharko dute, eta jabeek ziurtatu beharko dute haien elikadura eta albaitariaren kontrola, beharrezkoa denean. Obra amaitu ondoren, txakurrak kendu eginen dituzte, komenigarritzat jotzen badute. Halaber, derrigorrezkoa izanen da Udalari jakinaraztea txakurrak jartzen direnean, baita kentzen direnean ere.

2. Zaintzarako txakurrak eta oro har, loturik edo eremu txikian edukitzen diren animaliak, ezin dira etengabe eduki egoera horretan. Halaber, etxola bat izan beharko dute, babesean egon ahal izateko. Txakurtegia egiteko ezin izanen da erabili animalia zauritu dezakeen materialik, behar bezala aireztatua egon beharko du eta beti garbi eta egoera onean mantendu beharko da.

10. artikulua. 1. Animalien jabeek eta edukitzaileek utzi beharko diete udal agintaritzako agenteei eta/edo osasun arlko ikuskariei beharrezkoak diren bisitak egiten, ikuskapenak egin eta aurreko lerroaldeetan zehazten diren baldintzak betetzen direla egiazta dezaten. Betiere aplikatu beharko dira udal agintaritzak ezarritako neurri higieniko-sanitarioak.

2. Udal agintzaritzak animaliak kentzeko eskatu ahalko du, arrisku fisiko edo sanitariorik izanez gero, edota irizten bada auzokideei behin eta berriz enbarazu egiten dietela, eta betiere hori egiaztatzen bada.

III. KAPITULUA

Animaliak eremu publikoan eta establezimendu publikoetan

11. artikulua. Eremu publikoan eta naturgune babestuetan, txakurrak lotuta eraman beharko dira, katearekin eta lepokoarekin. Horretaz gain, arriskugarriak edo erasokorrak izan daitezkeen txakurrek muturrekoa eraman beharko dute.

Udalak, ahal den neurrian, baliabideak eta eremuak prestatuko ditu, txakurrak aske ibili ahal izateko.

12. artikulua. 1. Etxeko animaliak garraio publikoetan eramateari dagokionez, indarrean dauden xedapenak beteko dira, bai eta Nafarroako Foru Komunitateak eta kasu bakoitzean eskumena duten agintariek ematen dituztenak ere.

2. Gidatxakurrek ez dute zirkulazio mugarik izanen, betiere jabearekin ibiliz gero eta ordenantza honetan ezarritako baldintza higieniko, sanitario eta segurtasunekoak betetzen badira.

3. Hala ere, txakur horiek beti lotuta eramango dira, lepokoarekin eta muturrekoarekin.

4. Debeku da lagun egiteko animaliak aparkatutako ibilgailuetan 4 ordu baino gehiago edukitzea, eta haiek ezin dute inolaz ere animalien bizileku izan. Udan, barruan animaliaren bat duten ibilgailuak itzalean aparkatu beharko dira, eta denbora guztian aireztatuta egon beharko dute.

13. artikulua. 1. Berariaz debekaturik dago etxeko animaliak sartzea elikagaiak ekoiztu, bildu, garraiatu, saldu edo maneiatzen diren era guztietako lokaletan, baita lokal horietan egotea ere.

2. Halaber, debeku da etxeko animaliak jatetxeetan, tabernetan, kafetegietan eta gisakoetan sartzea.

3. Debeku da txakurrak eta bestelako animaliak ibiltzea igerileku publikoetan, ikuskizun publikoak edota kirol eta kultura ikuskizunak eskaintzen diren lokaletan eta eskola eremuetan, bai eta horietan egotea ere.

4. Lokal horien jabeek debekua adierazten duen seinalea jarri beharko dute lokalaren sarreran, ongi ikusteko moduan.

5. Artikulu honetan ezarritako debekuetatik salbuetsita daude pertsona itsuei laguntzen dieten gidatxakurrak.

14. artikulua. 1. Debeku da txakurren eta katuen gorotzak eremu publikoan uztea. Hori dela eta, txakurren eta katuen jabeek gorotzak behar bezala jaso eta etxeko zabor poltsan edo udal agintaritzak xede horretarako espresuki jarritako tokietan bota beharko dituzte.

2. Espresuki debekatzen da txakurrak eta katuak udaleko plaza eta parkeetako haurren jolastokietara sartzea.

3. Debeku da animaliak eremu publikoan, iturrietan eta aintziretan garbitzea, bai eta iturri publikoetatik zuzenean ura edaten uztea.

IV. KAPITULUA

Arriskugarriak gerta daitezkeen txakurrak edukitzeko
berariazko arauak

15. artikulua. 1. Eranskinean agertzen diren arrazetako txakurrak eduki nahi dituzten pertsonek, irailaren 23ko 50/1999 Legearen arabera, administrazio lizentzia bat eskatu beharko dute Udalean, txakurra erosi edo eskuratu aurretik. Udalak lizentzia emanen du, ondoko baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren:

Adinez nagusia izatea eta animalia zaintzeko ezgaitua ez izatea.

Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura legez kontrako taldeekin. Ildo beretik, arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko arauteriaren aurkako arau-haustea egiteagatik zehatua ez izatea.

Gaitasun psikologikoaren ziurtagiria.

Frogatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei eragiten ahal dizkieten kalteengatik, erregelamenduz ezartzen den gutxieneko estaldura duena eta animaliak pertsonei eta/edo beste animalia batzuei eragiten ahal dizkien kalteengatiko ordaina estaltzen duena.

Animalia arriskugarri gerta daitezkeen animalien erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzea.

2. Ordenantza honek indarra hartzen duenean eranskinean agertzen diren arrazetako animaliaren bat duten pertsonek aipatu baimena tramitatu beharko dute gehienez ere hiru hilabeteko epean.

3. Haien izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta bereziki arriskugarriak gerta daitezkeen txakur guztiak katez lotuta eta muturrekoarekin ibili beharko dute beti eremu publikoetan eta sartzea libre duten establezimenduetan, osasun arloko arrazoiak, segurtasuneak eta elkarbizitzarekin zerikusia dutenak tarteko. Ondorio horietarako, arriskugarri gerta daitezkeen txakurtzat hartuko dira, eranskinean deskribatutakoez gain, ondoko hauek ere:

Pertsonei edo beste animalia batzuei zauriak eragin dizkietenak, osasun arloko agintariek horren berri badute.

Eranskinean agertzen diren arraza garbiko txakurrak edota animalien gurutzatzeetatik sortutakoak.

Udal agintaritzak, beharrezkotzat jotzen badu, aldatu eta/edo zabaldu ahalko du aipatu eranskinean agertzen den zerrenda, kasu edo egoera zehatzetan eta aldaketa eragin duen egoera aldatzen ez den bitartean.

4. Adingabeek, horditurik dauden pertsonek edota gaitasun psikofisikoak aldatuta dituztenek ezin izanen dituzte halako animaliak eraman.

5. Arestian ezarritakoa ez betetzeagatik ezar daitezkeen zehapenez gain, udal agintzaritzaren agenteek edota Udalak horretarako gaitutako pertsonek animalia zuhurtziaz ibilgetu eta Udalak erabakitako txakurtegira eraman ahalko dute. Txakurra han geratuko da jabeak muturrekoa jarri eta eraman arte, gehienez 10 egun salaketa egin zen egunetik hasita. Txakurrak txakurtegian eragindako gastuak jabearen kontura izanen dira.

Jabea ez bada txakurraren bila joaten ezarritako epean, animalia abandonatuta dagoela ulertuko da eta hil ahalko da.

6. Txakur horiek hartuko dituzten instalazioek segurtasun neurri egokiak izan beharko dituzte; zehazki, hesiak behar bezain garaiak eta sendoak izanen dira, eta ondo finkatuta egonen dira, animaliaren pisua eta presioa jasateko. Instalazioetako ateek inguruaren gainerakoa bezain sendoak eta eraginkorrak izan beharko dute, eta haien diseinuaren bidez saihestu beharko da animaliek segurtasun mekanismoak erauzi edo ireki ahal izatea.

7. Udalak tasa bat finkatuko du urtero arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeagatik, zeina ordaindu beharko baitute halako animalien jabe diren pertsonek.

Tasaren xedea izanen da irailaren 23ko 50/1999 Legean aurreikusitako administrazio lizentzia emateari buruzko udal jarduera, arriskugarri gerta daitezkeen beste animalia batzuk edukitzeari buruzkoa.

8. Araudi hori aplikatuko zaie animalia basatiak edukitzeari, etxeko edo lagun egiteko animalia gisa edukiz gero, eta animaliek pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman ahal badiete, edo ondasunei kalte egin, erasokorrak izan ala ez.

V. KAPITULUA

Lagun egiteko animalien identifikazio erregistroa

16. artikulua. 1. Txakurrak dituzten pertsonak behartuta daude lagun egiteko animalien identifikazio erregistroan inskribatzera, gehienez ere hiru hilabeteko epean, animalia jaio edo eskuratzen dutenetik hasita. Inskripzioa Agoizko albaitaritza zerbitzu ofizialen bidez eginen da.

2. Inskripzioa egin ahal izateko, animaliaren jabeak bere nortasun agiri nazionala eta txakurraren osasun txartela aurkeztu beharko ditu.

Eranskinean agertzen diren arrazetako txakurrei dagokienez, jabeak frogatu beharko du beharrezkoa den aseguru poliza baduela eta ordenantza honetan ezarritako baldintza guztiak betetzen dituela.

3. Txakurra hil edo desagertuz gero, animaliaren jabeak horren berri eman beharko du gertatu eta 15 eguneko epean, albaitarien bidez edo animalia bizi den udalerriko udal bulegoetan. Halaber, animaliaren osasun txartela eta heriotzaren ziurtagiria, albaitari batek emana, aurkeztu beharko ditu.

4. Era berean, animalia baten jabetza eskualdatzen duten pertsonek edota helbidea aldatzen dutenek edo beste udalerri batera joaten direnek ere epe berean eman beharko dute gertaera horren berri. Lehenbiziko kasuan, animaliaren jabe berriaren datuak eta animalia onartzeari buruzko agiria ere aurkeztu beharko dituzte.

17. artikulua. Inskribatu ahal izateko, beharrezkoa da animaliak aldez aurretik identifikatuta egotea, transponder edo mikrotxip baten bidez.

VI. KAPITULUA

Osasun arloko arauak

18. artikulua. 1. Animalien jabeek ziurtatu beharko dute horiek beharrezkoak diren osasun arloko baldintzak betetzen dituztela, eta beharrezkoak diren albaitaritza kontrolak egin beharko dizkiete. Xede horrekin, administrazio agintariek agindu ahalko dute zenbait osasun kanpaina egiteko, lagun egiteko animalientzat derrigorrezkoak izanen direnak, zehazten den moduan eta unean.

2. Jabe bakoitzak osasun arloko dokumentazioa izan beharko du, eta bertan ageriko dira animaliaren ezaugarriak eta jaso dituen txertoak eta tratamenduak, haren osasun egoeran eraginik badute.

19. artikulua. Pertsonei edo beste animalia batzuei lesioak eragin dizkieten animalien jabeek honakoak bete beharko dituzte:

Animalia erasotzailearen eta bere datuak eman beharko dizkiote erasotutako pertsonari, haren legezko ordezkariei eta hala eskatzen duten agintari eskudunei.

Erasoa gertatu eta ondorengo 24 ordutan gehienez jakinarazi beharko dute Foruzaingoaren edo Guardia Zibilaren egoitzan edo Udalean, eta udal agintarien esanetara jarri beharko dute.

Animalia erasotzailea albaitariaren behaketapean jarri beharko dute 14 egun naturalean.

Osasun arloko dokumentazioa eta albaitariaren ziurtagiria, behaketari buruzkoa, aurkeztu beharko dituzte Udalean, behaketa aldia hasi eta 14 egunera.

Udalari jakinarazi beharko diote albaitariaren behaketa aldian gertatzen den oro (animalia hiltzea, lapurtzea, galtzea, desagertzea, norabait eramatea).

Egoerak hala eskatzen badu eta udal agintariek beharrezkotzat jotzen badute, animalia erasotzailea Udalak zehazten duen udal txakurtegian sar daiteke, albaitariaren behaketa han bertan egiteko. Horren ondorioz sortzen diren gastuak jabearen kontura izanen dira.

20. artikulua. 1. Udalerrian bizitokia duen albaitari orok Udalari jakinarazi beharko dio atzematen duen edozein gaixotasun kutsakor, osasun arloko bakarkako neurriez gain, osasun publikoari dagozkion neurriak ere abian jartzeko.

2. Albaitaritza klinikek eta kontsultategiek artxibo bat izan beharko dute animalien fitxa klinikoekin. Artxibo hori udal agintarientzat eskuragarri egonen da.

21. artikulua. 1. Debeku da animaliak abandonatzea.

2. Lagun egiteko animaliak edota haien ardurapeko txakurren eta katuen kumeak eman nahi dituztenek Udalari jakinarazi beharko diote, udal zerbitzu eskudunek jaso ditzaten, kasuko tasa ordaindu ondoren, hala badagokio.

3. Debeku da animalia basatiak natur ingurunean askatzea.

VII. KAPITULUA

Animalia abandonatuak

22. artikulua. 1. Ulertuko da animalia bat abandonatuta dagoela eremu publikoan edo herri inguruan dabilenean jaberik edo arduradunik gabe. Kasu horietan, udal zerbitzuek jasoko dute eta Udalak zehazturiko instalazioetara eramanen da, eta bertan egonen da Animaliak Babesteko Legeak ezarritako epean, jabeak jaso, norbaiti eman edota akabatu arte.

2. Hamabost eguneko epea egonen da identifikaziorik gabeko animaliak berreskuratzeko. Animaliak lepoko identifikatzailea edo bestelako identifikazioren bat eramanez gero, jabeak zortzi eguneko epea izanen du jasotzeko, Udalak ohartarazi eta erregistroan inskribatu ondoren, inskribaturik ez balego, eta animaliaren zaintzak sorturiko gastuak ordainduta, aplikatu ahal zaizkion zehapenez gain. Aipatu epeak iraganda, animalia legez abandonatuta dagoela ulertuko da.

23. artikulua. Animaliak jasotzeko erregelamenduz ezarritako epea iraganda, Udalak adopzioan eman edo hil ahalko ditu. Albaitariaren kontropean hilko dira animaliak, eta ahalik eta sufrimendu txikiena eta berehalako konorte galtzea eragiten duten metodoak erabiliko dira.

VIII. KAPITULUA

Animalien babesari buruzko xedapenak

24. artikulua. Debeku da:

Animaliei tratu txar edo eraso fisikoak eragitea, baita sufrimendua edo justifikaziorik gabeko kaltea eragiten dizkien praktikak ere.

Animaliak abandonatzea.

Zakurrak beti loturik edukitzea.

Baldintza higieniko-sanitario egokiak betetzen ez dituzten instalazioetan edukitzea.

Alferrikako sufrimendua edo kaltea eragin diezaieketen gaiak ematea.

Bizirauteko behar duten mantenua ez ematea.

Debeku da animaliak erabiltzea ikuskizun, borroka, eta bertzelakotan horrek sufrimendua edo tratu txarra ekartzen ahal badie.

Animaliak erabiltzea sari edo esker-saritako, edo ordaineko opari gisa diru bidez eskuratzearekin ikustekorik ez duten bertzelako erosketen truke.

Hamalau urtez beheitikoei eta ezinduei saltzea, guraso-agintea, tutoretza edo zaintza dutenen baimenik gabe.

Animaliak kalez kale saltzea. Soilik udal agintaritzak baimenduko du etxeko animalien salmenta, zakurrena eta katuena izan ezik, legezkoak diren azoketan.

Animaliak erabiltzea ikuskizunetan, borroketan eta ikuslearen sentikortasunari min eman diezaioketen jardueretan, osasun publikorako arriskutsuak direnetan edota animaliei sufrimendua edo tratu txarrak eragitea dakartenetan.

IX. KAPITULUA

Animaliekin zerikusia duten jarduera ekonomikoak

25. artikulua. 1. Etxeko animalien saltokiak, haiek aldi baterako edo betiko hartzeko zentroak eta haiek hazteko eta/edo trebatzeko zentroak irekitzeko beharrezkoa izanen da udalaren baimena izatea. Halaber, halakoen titularrek gune zoologikoaren deklarazioa eskuratu beharko dute eta establezimenduak dagokion erregistroan inskribatu beharko dituzte.

2. Establezimendu horiek ondoko betekizunak bete beharko dituzte:

Lagun egiteko animalien sarrera-irteerak erregistratzeko liburu bat izan beharko dute.

Halako establezimenduetarako eskatzen diren baldintza higieniko-sanitarioak mantendu beharko dituzte, baita higienerako eta kutsatzeak prebenitzeko programa bat ere, albaitari batek prestatua.

Etxeko animalien salmenta Nafarroako Foru Komunitateko arauei jarraikiz eginen da.

Animaliak osasun egoera onean salduko dira. Txakurrek zortzi aste baino gehiago badituzte, parasitoak kenduta eta behar diren txertoak jarri dituztela dioen albaitariaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

Animaliaren arraza, adina, jatorria, osasun egoera eta interesa duten gainerako ezaugarriak egiaztatzen dituen agiria eman beharko zaio erosleari.

26. artikulua. Udalaren baimena beharko da zirko eta zoologiko ibiltarietako, animaliekin lan egiten duten atrakzioetako eta antzekoetako animaliak udalerrian edukitzeko.

X. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

27. artikulua. Animaliaren edukitzailea izanen da erantzulea, nahiz eta erantzukizun subsidiarioa jabearena ere izan, animaliak jendeari, gauzei, bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte edo traba egiten badie, Kode Zibilaren 1905. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

28. artikulua. 1. Animalien jabeek edo edukitzaileek ordenantza honetan ezarritako betebeharrak modu larrian edo behin eta berriz hausten badituzte, eta, bereziki, horrek arriskua badakar pertsonen edota animaliaren beraren segurtasunerako edo osasunerako, udal administrazioak animalia konfiskatu eta toki egoki batera eraman ahalko du, jabearen kargura, bai eta beharrezkotzat jotzen duen edozein neurri osagarri hartu ere.

2. Konfiskatzea zuhurtziazko neurria izanen da, zehapen espedientea ebazten den bitartean. Ebazpena ikusirik, animalia jabeari itzuli ahal zaio edota Administrazioaren jabetzara pasa ahalko da. Kasu horretan, Administrazioak adopzioan eman edo lagatu ahalko du, baita hil ere, konfiskatutako animaliaren ezaugarrien eta egoeraren arabera.

29. artikulua. Giza-inguruan bizi diren animaliak babesteko legean ezarritakoaren arabera, ordenantza honetan ezarritako xedapenak hausteak ekarriko du Udalak zigorra ezartzea, edota, hark proposatuta, beste administrazio batek, arau-haustearen izaera edo larritasuna dela-eta, ezarri beharreko zehapenak hala eskatzen duenean.

30. artikulua. 1. Ordenantza honi dagokionez, lege hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

2. Arau-hauste arintzat hartzen da:

Animaliei jaten ematea kalean eta/edo eremu publikoetan. (8. artikulua).

12 eta 13. artikuluetan ezarritakoa ez betetzea.

Txakurra ez inskribatzea horretarako ezarritako epean, eta 16. artikuluko gainerako xedapenak ez betetzea.

Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzearen gaineko araubide juridikoari buruzko maiatzaren 31ko 50/1994 Legean jasotako beste edozer egitea edo ez egitea.

3. Arau-hauste larritzat joko dira:

Zaintzarako txakurrei buruz xedaturikoak ez betetzea (txakurren eta katuen gorotzak eremu publikoan uztea, 14. artikulua).

Animaliak ez identifikatzea, 17. artikuluari jarraikiz.

Animaliaren osasun egoerari buruzko dokumentazioa ez izatea (18.2 artikulua).

Animaliaren osasun egoerari buruzko dokumentazioa eta albaitariaren ziurtagiria ez aurkeztea, erasoren bat gertatzen denean. (19. artikulua).

Animalia erasotzailearen behaketa aldian zerbait gertatuz gero, horren berri ez ematea (19. artikulua).

Animaliak baldintza higieniko-sanitario kaskarrean edukitzea, edota auzokideentzat, gainerako pertsonentzat edota animaliarentzat berarentzat arriskutsuak edo deserosoak izan daitezkeen egoerak sortzea (5. eta 6. artikuluak).

Lagun egiteko animaliak kalez kale saltzea edo etxeko animaliak Udalaren baimenik gabe saltzea (24. eta 25. artikuluak).

Animaliak instalazio desegokietan eta behar bezala elikatu gabe edukitzea.

25. eta 26. artikuluetan ezarritako jarduerak abian jartzea Udalaren baimenik gabe, gune zoologikoaren deklaraziorik gabe, eta/edo behar bezalako baldintza higieniko-sanitarioak bete gabe.

Udal agintaritzak ezarritako baldintzak edo neurriak ez betetzea.

Txakurrak lotu gabe ibiltzea kalean (11. artikulua).

Muturrekorik ez erabiltzea 15.3 artikuluan ezarritako kasuetan.

Erantzukizun zibileko asegururik ez izatea, 15. artikuluak ezarritako kasuetan.

Berariazko baimenik ez izatea, 15.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan.

S) Ordenantza honetan aurreikusi gabekoak, Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak eta bertzelakoak edukitzeko araubide juridikoari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean jasota badaude.

Arau-hauste oso larritzat joko dira:

Lagun egiteko animaliatzat hartzen ez diren etxeko animaliak eta animalia basatiak izatea, baimen espresurik gabe (7. artikulua).

Arriskugarri gerta daitezkeen edo pozoitsuak diren animalia basatiak edukitzea (7. artikulua).

Animaliak ez txertatzea Administrazioak hala erabakitzen duenean, 18.1 artikuluari jarraikiz.

Pertsonei lesioak eragin dizkieten animaliak albaitariaren behaketapean ez jartzea (19. artikulua).

Animaliekiko ankerkeria, eta tratu txarrak eta eraso fisikoak eragitea, bai eta kontrolik gabe akabatzea ere.

Derrigorrez jakinarazi beharreko gaixotasun kutsakorren berri ez ematea Udalari (20. artikulua).

Animaliak abandonatzea edo libre uztea, 21. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

24. artikuluan aurrerikusitako debekuak ez betetzea.

Lagun egiteko animalia batek pertsonei eragindako lesioak eta erasoak (19. artikulua).

Ordenantza honetan aurreikusi gabekoak, Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak eta bertzelakoak edukitzeko araubide juridikoari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean jasota badaude.

31. artikulua. Arau-hausteak larriago egiten dituzten inguruabarrak izanen dira:

Osasun arriskua ere izatea gertakarien inguruabar objektiboen artean.

Animaliaren osasunerako arriskua.

Nahita egitea.

32. artikulua. 1. Arau-hauste arinek 0tik 150 eurora bitarteko zehapena izanen dute; larriek, 151etik 750 eurora bitartekoa, eta oso larriek, berriz, 751tik 7.500 eurora bitartekoa.

2. Isunen zenbatekoa zehazteko, kontua hartuko dira aurreko artikuluan aipatu inguruabar larrigarriak, bai eta gertakarien erantzukizun-mailan eragina izan dezaketen beste batzuk ere.

33. artikulua. 1. Zehapen espedienteak Nafarroako Foru Komunitatearen eskumeneko esparruetan aplikatzekoa den zehazpen prozeduraren arabera tramitatuko dira.

2. Espedientearen hasierako ebazpena eta ordenantza honen arlokoak diren gaiei buruzko zehapen ahalmena alkatearen eskumenekoak izanen dira, eta kasua bada, osasun arloko zinegotziari utzi ahalko dizkio.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

15. ARTIKULUAREN ERANSKINA

Arrazen zerrenda.

Bullmastiffa.

Dobermana.

Dogo argentinarra.

Bordeleko dogoa.

Fila brasildarra.

Artzanor napolitarra.

Pit Bulla.

Kanarietako ausiki-zakurra.

Rottweilerra.

Staffordshirea.

Tosa japoniarra.

Akita inua.

Iragarkiaren kodea: L1102864