45. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

16/2011 EBAZPENA, otsailaren 3koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentrorako (EIBZ) bederatzi lanpostu merezimendu lehiaketa publikoaren bidez eta zerbitzu eginkizunetan betetzeko deialdia onesten duena.

Ekainaren 3ko 115/2002 Foru Dekretuak sortu zuen Hezkuntza Departamentuko Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa (EIBZ). Foru dekretu horren bidez, helduak euskalduntzeko ikastegiak eta aipatutako zentroa antolatu ziren. Foru dekretu horren 3. artikuluko 2. puntuaren arabera, zentroaren xedeak honako hauek dira: irakasleen hizkuntza maila hobetzeko jarduerak antolatzea, Nafarroako Gobernuko Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko deialdiak antolatzea, euskararen gaurkotzearen eta gramatika erabileren gainean aholkua ematea ikastetxeei eta Nafarroan euskara irakasteko eskura dauden ikasbaliabideak kudeatzea. 5. artikuluan zehaztu zen Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroaren egiturak berariazko hiru arlo izanen zituela: Prestakuntza Arloa, Hizkuntz Egiaztapen eta Zuzenketaren Arloa, eta Informazioaren eta Baliabideen Arloa.

Ekainaren 3ko 115/2002 Foru Dekretu horren zazpigarren artikuluan xedatzen da Baliabide Zentroan arituko diren langileak merezimendu lehiaketa publiko bidez hautatuko direla eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari atxikitako funtzionarioek eta lan-kontratudun finkoek parte hartzen ahalko dutela hartan.

Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuko Euskara Atalak aldeko txostena eman dio Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentrorako bederatzi lanpostu zerbitzu eginkizunetan eta merezimendu lehiaketa publiko bidez betetzeko deialdiari.

Hezkuntza Departamentuko Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak irailaren 19an emandako 155/2007 Ebazpenaren bidez esleitu zaizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentrorako (EIBZ) bederatzi lanpostu merezimendu lehiaketa publikoaren bidez eta zerbitzu eginkizunetan betetzeko deialdia onestea. Horren oinarriak ebazpen honi erantsita daude.

2. Deialdi honetako lanpostu baterako hautatua izateak ez dakar berarekin jatorrizko lanpostua erreserbatzeko eskubiderik, baldin eta deialdi hau egin ondoren aukera hori aurreikusten duen araudia aldatzen bada. Lanpostua erreserbatzeko eskubidea kentzeko erabakiak indarra hartzen duen unean, halakorik gertatzen bada, deialdi honen bidez hautatzen diren pertsonek eskubidea izanen dute zerbitzu eginkizunetan betetzen ari diren lanpostuari uko egiteko eta jatorrizko lanpostura itzultzeko.

3. Ebazpen hau, deialdiaren oinarriak eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau, deialdiaren oinarriak eta eranskinak Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Euskara Atalari eta Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroko Zuzendaritzari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2011ko otsailaren 3an.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehena.-Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentrorako bederatzi lanpostu, zerbitzu eginkizunetan eta merezimendu lehiaketa publiko bidez betetzea. Lanpostu horiek I. eranskinekoak dira, eta Nafarroako Foru Komunitate osoan aritzekoak dira.

Bigarrena.-Baldintzak.

1. Deialdi honetan parte har dezakete, nork bere mailan, Hezkuntza Departamentuko lan-kontratudun finkoek eta funtzionarioek (Maisu-maistren Kidegoko irakasleak, Bigarren Hezkuntzako Kidegoko irakasleak, Hizkuntza Eskola Ofizialeko Kidegoko irakasleak eta Lanbide Heziketa Kidegoko irakasle teknikoak), betiere lanean ari badira edo zerbitzu berezietan badaude eta Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) edo legez baliokidetzat jotako beste agiri bat badute. Ingelesaren ezagutza duen plazaren kasuan, aurreko tituluaz gain, C1 mailako ingeleseko titulua edo hizkuntza eskola ofizial batek emandako maila aurreratuko ingeleseko titulua izan behar da.

2. Deialdi honetan ez dute parte hartzerik izanen praktiketako funtzionarioek eta bestelako administrazio publiko eskudunen mendeko funtzionarioek, Nafarroako Foru Komunitatean aldi baterako zerbitzuak (zerbitzu eginkizunetan, zerbitzu berezietan edo antzeko egoeretan) ematen ari badira ere.

Hirugarrena.-Eskaerak.

1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten irakasleek II. eranskineko ereduaren araberako eskabidea eta agiri hauek aurkeztuko dituzte:

1.1. Zerbitzu orria, eskaerak aurkezteko azken egun baliodunean ziurtatua eta itxia. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoan egindako zerbitzu orria ofizioz eginen da.

1.2. Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGA) edo ofizialki homologaturiko beste agiri baten fotokopia konpultsatua. Ingeleseko tituluaren fotokopia konpultsatua, hala behar bada.

1.3. Alegatzen diren berariazko merezimenduen egiaztagirien fotokopia konpultsatuak, deialdi honetako III. eranskineko baremoaren arabera.

1.4. Aurkezten diren agirien zerrenda -zenbakitua, datatua eta sinatua-, deialdi honetako III. eranskineko baremoari jarraituz.

2. Deialdi honetan eskatzen diren betebehar guztiak eta lehiatzaileek alegaturiko merezimenduak beterik edo aitorturik beharko dute izan eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baita lan proiektua egina ere. Deialditik bazterturik geldituko dira ezarritako epearen barnean eta formaz lan proiekturik aurkezten ez duten izangaiak.

3. Ez dira kontuan hartuko eskabideetan alegatu ez diren merezimenduak, ezta agiri bidez egiaztatu ez direnak ere, baremoan xedatutakoaren arabera. Ezta deialdi honetako laugarren eta bosgarren oinarrietan ezarritako epetik kanpo egiaztatzen direnak ere.

4. Lehiatzaile bakoitzak gehienez ere bi lanpostu desberdin eska ditzake, deialdi honetako I. eranskinean zehazten direnen artetik.

Laugarrena.-Eskaerak aurkeztea.

1. Lanpostuak lortzeko eskaerak Hezkuntza Departamentuko Erregistroan aurkeztu beharko dira (Santo Domingo aldapa, zk.g., 31001 Iruña), departamentu horretako Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzura zuzenduta. Era berean, eskabideak aurkez daitezke Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako egoitzetako edozeinetan. Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, posta funtzionarioak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan.

2. Eskabideak, egiaztagiriak eta lan proiektua aurkezteko hogei egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bosgarrena.-Tramitazioa.

1. Eskaerak ez baditu Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 70. artikuluan aipatutako datuak biltzen, eskatzaileari eskatuko zaio akatsa zuzen dezala edo behar diren agiriak aurkez ditzala bost eguneko epean, eta adieraziko zaio hala egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela.

2. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Argibide eta Agiri Bulegoan jarriko jendaurrean.

3. Interesdunek zerrenda horren kontra erreklamazioak egiten ahalko dituzte idatziz, zerrenda jendaurrean jarri eta biharamunetik hasita bost egun balioduneko epean eta, hala bada, egindako akatsak zuzentzen ahalko dituzte. Erreklamazioak eta akatsak zuzentzeko behar den dokumentazioa Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuko Euskara Atalera zuzenduko dira.

4. Aipatu epe hori iraganik, Hezkuntza Departamentuko Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda eta proiektua defendatzeko datak onetsiko ditu, eta Argibide eta Agiri Bulegoan jendaurrean jarriko.

Seigarrena.-Hautapen Batzordea.

1. Hautapen Batzorde batek izangaiek aurkeztutako proiektuak eta merezimenduak baloratuko ditu, deialdi honetako III. eranskineko baremoaren arabera. Batzorde horren kide izanen dira:

-Batzordeburua: Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria edo hark eskuordetzen duena.

Batzordekideak:

-Euskara Ataleko burua.

-Euskararen Didaktika Bulegoko burua.

-Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroko zuzendaria.

2. Batzordekide batek joaterik ez badu arrazoi justifikatua dela kausa, horren ordezkoa izanen da, hitza eta botoa dituela, ordezko hauetako bat, hurrenkera honetan:

-Euskara Sustatzeko Bulegoko burua.

-EGAren Bulegoko burua.

-Atzerriko Hizkuntzen Ataleko burua.

3. Irakasleen Batzordeko kide bat Hautapen Batzordeko kide izanen da.

4. Batzordean parte har dezakete, batzordekideek hala egitea egokitzat joz gero, lehiaketaren xede diren gaietako aholkulariek eta espezialistek. Hitza izanen dute, baina botorik ez.

Zazpigarrena.-Hautapen prozesua.

1. Izangaiek lan proiektu bat aurkeztu beharko dute, eskabidearekin batera, III. eranskineko atalen arabera prestatua.

2. Eskatzaile eta eskatutako lanpostu bakoitzeko proiektu bat aurkeztu beharko da. Proiektuak gehienez ere 25 orrialde izanen ditu. Honako hauek dira ezaugarriak: DIN A4 formatuko orriak, Courier New 12ko letra tamainan idatziak, lerroen arteko tartea 1,5ekoa eta karaktere konprimiturik gabea. Orriak behar bezala zenbakituko dira. Proiektua euskaraz aurkeztu beharko da.

3. Proiektuaren defentsa ahoz eta euskaraz eginen da Hautapen Batzordearen aurrean. Batzordekideek proiektuko ekarpenen gaineko galderak egin ditzakete. Horretarako 60 minutu izanen dituzte. 60 minutu horietatik gutxienez 15 minutu Hautapen Batzordearen galderei erantzuteko erabiliko dira. Proiektuaren defentsa egiteko baliabide osagarriak erabili nahi izanez gero, izangaiek berek ekarri beharko dituzte. Erabili nahi diren baliabideak muntatu eta kudeatu beharko dira proiektuaren defentsa egiteko emandako denboraren barnean.

4. Proiektuan lortutako puntuazioa batzordekideek emandakoen batez besteko aritmetikoa izanen da. Batzordekideek emandako puntuazioen artean 5 puntutik gorako aldea badago, kalifikaziorik handiena eta txikiena kenduko dira eta gainerako puntuazioen batez besteko aritmetikoarekin aterako da behin betiko kalifikazioa, betiere puntuazio horiek gutxienez hiru badira.

5. Proiektuak 20 puntu balioko du, gehienez. Bazterturik geratuko dira gutxienez 10 puntu ateratzen ez dituztenak.

6. Proiektuaren defentsa egiteko izangaiei dei eginen zaie, izangaien behin-betiko zerrendarekin batera, Argibide eta Agiri Bulegoan jendaurrean jarriko den iragarkiaren bidez. Hurrengo deiak proiektuaren defentsa egiten den leku berean jarriko dira jendaurrean.

Goizeko edo arratsaldeko defentsa-multzo bakoitzeko izangaiek, zein defentsa-multzotarako hartu duten deia, haren multzoko lehen ordua hasi baino hamabost minutu lehenago egon beharko dute bertan. Ez badute hala egiten, proiektuaren defentsa egiteko eskubidea galduko dute, ez bada agiri bidez frogatutako ezinbesteko arrazoiren bat tarteko.

7. Hautapen Batzordeak proiektua gainditzen duten izangaien merezimenduak puntuatuko ditu, deialdi honetako III. eranskineko baremoan xedatutakoaren arabera.

8. Proiektuan eta proiektuaren defentsan lortutako puntuazioa merezimenduen balorazioan lortutakoari gehituko zaio, izangai bakoitzak lanpostu bakoitzean lortu duen puntuazio osoa ateratzeko. Azken puntuazioan bi eskatzaileren edo gehiagoren artean berdinketarik gertatuz gero, proiektuan puntuaziorik handiena atera duen eskatzaileari esleituko zaio lanpostua. Berdinketak bere horretan badirau, merezimenduen baremoan lortutako puntuazioen arabera ebatziko da. Horretarako, III. eranskineko atalen hurrenkerari jarraituko zaio.

9. Izen bereko lanpostu bat baino gehiago dagoen arloetan, izangaiek atera duten puntuazioaren arabera esleituko dira lanpostuak.

10. Hezkuntza Departamentuko Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariak deialdiaren behin-behineko ebazpena argitaratuko du, hautapen prozesuko emaitzak Argibide eta Agiri Bulegoan jendaurrean jarriz.

11. Eskatzaileek, zerrendak jendaurrean jarri eta biharamunetik hasita bost egun naturaleko epean, uko egin diezaiokete lanpostuari edo erreklamazioak aurkez ditzakete. Era berean, izangairen batek bi lanpostu eskuratzeko eskubiderik badu, aipatu epean adierazi beharko du zein lanpostu hartu nahi duen. Ez badu halakorik egiten, puntuaziorik handiena izan duen lanpostua esleituko zaio.

12. Lanpostuari uko egiteko edo erreklamazioak egiteko epea iraganik eta haiek ebatzirik, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak behin betiko ebazpena onetsiko du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Zortzigarrena.-Lanpostuaren jabetza hartzea eta zerbitzu eginkizunaldiak berritzea.

Merezimendu lehiaketa honen xede diren lanpostuen jabetza hartuko da 2011ko irailaren 1ean, zerbitzu eginkizunetan. Zerbitzu eginkizun horiek hasiera batean urtebetekoak izanen dira. Aldi hori bukaturik, hiru urteko bi alditarako luzatzen ahalko dira.

Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuak lanpostu bakoitzaren langilearen jarduna ebaluatuko du eta, aldekoa bada, hurrengo aldirako luzapena proposatuko.

Bederatzigarrena.-Eginkizunak.

Lanpostua Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroan esleitu zaienek eginkizunak arlo hauetan beteko dituzte: Prestakuntza Arloan, Hizkuntz Egiaztapen eta Zuzenketaren Arloan, eta Informazioaren eta Baliabideen Arloan.

Langileak lanpostu jakin bati atxikiko bazaizkio ere, Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroan arituko direnek lana zentro horretako beste arlo batzuetan egin dezakete, oso-osorik edo parte batean, zentroaren urteko lan planaren arabera.

Hamargarrena.-Antolaketa.

Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroaren eginkizun orokorrak ondoko hauek dira, 115/2002 Foru Dekretuan definitukoaren arabera. Lan proiektuko A) atala horien gainean izanen da, III. eranskinari jarraikiz.

a) Hizkuntza gaurkotzeko eta hobetzeko ikastaroak antolatzea eta ematea, euskaraz irakasten duten irakasleei zuzenduak.

b) Irakasleentzako berariazko ikastaroak antolatzea eta ematea, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan Euskal Hizkuntza eta Literatura irakasteari buruzkoak.

c) Euskal Hizkuntza eta Literatura arloko curriculuma garatzeko proposamenak prestatzea.

d) Nafarroako Gobernuko Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko deialdiak antolatzeari dagokionez, EGAren Batzorde Ofizialak eta Hezkuntza Departamentuko Euskara Atalak haren esku uzten dituen eginkizunak gauzatzea.

e) Euskararen egungo gramatika eta estilo erabilerak hedatzea, eta hezkuntza terminologiari eta ikastetxeen beharrei egokitzea.

f) Ikastetxeetan erabili ohi diren idazki ereduak biltzea, gainbegiratzea, idaztea eta itzultzea, hezkuntza komunitatearen eskura jartzeko, eta ikastetxeei eta irakasleei testuak prestatu eta itzultzeko lanetan aholkua ematea, euskara idatziaren maila hobetzeko.

g) Euskarazko irakaskuntzari loturiko funts dokumental, bibliografiko eta teknologia berriei buruzkoa sortzea, eguneratzea eta kudeatzea, gero irakasleek kontsulta dezaten.

h) Euskararen irakaskuntzaren gaineko esperientziak eta ikerketa-lanak sustatzea.

i) Euskarazko hizkuntza baliabideak hartu, hedatu eta erabili nahi dituzten ikastetxeekin lankidetza hitzarmenak bultzatzea.

j) Zentroaren eginkizunak egoki betetzearren, agintzen zaion eginkizun oro.

Hamaikagarrena.-Lanaren garapena.

III. eranskinaren arabera, lan proiektuko B) atalean bilduko diren eginkizun orokorrak, Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroak bere arloetan garatuko dituenak, honako hauek dira:

Prestakuntza Arloan:

-Euskaraz irakasten duten irakasleen euskara maila eguneratzeko eta hobetzeko ikastaro trinkoak eta estentsiboak antolatzea eta ematea.

-Irakasleentzako berariazko ikastaroak antolatzea eta ematea, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan Euskal Hizkuntza eta Literatura irakasteari buruzkoak.

-Prestakuntza ikastaroak diseinatzea eta ematea, eta ikastaro berrien proposamena egitea, bere eskumenen esparruan.

-Ikasmaterialak sortzea eta biltzea, arloko curriculuma garatu eta betearazteko.

-Ikasmaterialak eta hizkuntza testuak sortzea, irakasleen euskara maila eguneratzeko eta hobetzeko, edo ikastetxeetan erabiltzeko.

-Hezkuntza Departamentuak agintzen dion eginkizun oro egitea.

Hizkuntz Egiaztapen eta Zuzenketaren Arloan:

-Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiriko (EGA) probak antolatzea, hala nola: EGA azterketetan erabiliko diren probak prestatzea, EGA azterketako organo ofizialetan parte hartzea, etab.

-EGA agiria eskuratzeko azterketen agiri funtsa sortzea.

-Informazioa biltzea arlo hauetan: hizkuntz arauen eguneratzea, estilo arauak eta oinarrizko hezkuntza terminologia.

-Euskararen egungo gramatika eta estilo erabilerak hedatzea, eta hezkuntza terminologiari eta ikastetxeen beharrei egokitzea.

-Ikastetxeetan erabilitako idazki ereduak biltzea. Horiek gainbegiratzea, eta eredu berriak sortzea, hezkuntza komunitateko kideen eskura jartzeko.

-Euskararen gaineko kontsulta zerbitzua eskaintzea ikastetxeetako irakasleei eta administrazio arloko langileei.

-Irakasleei aholkua ematea euskarazko ikasmaterialak sortzen ari direnean. Aholkua bi esparruotan emanen da: hizkuntz zuzenketa eta hezkuntza terminologia zuzen erabiltzea.

-Hezkuntza Departamentuak agintzen dion eginkizun oro egitea.

Informazioaren eta Baliabideen Arloan:

-Euskararen irakaskuntzari lotutako funts dokumentala, bibliografikoa eta teknologia berrien gainekoa sortzea, zaintzea, sailkatzea eta eguneratzea.

-Harremanak izatea aurreko eginkizuna duten beste entitate edo zerbitzu batzuekin.

-Arduratzea Baliabide Zentroko informatikako ekipoen eta ikus-entzunezko ekipoen koordinazioaz eta mantentze-lanez, informatika sareaz, gorabeherak konpontzeko laguntza teknikoaz, instalatutako ekipoetako material informatikoaren eta ikus-entzunezkoen erabilera zuzenaz eta Autoikaskuntza gelaren erabileraren koordinazioaz.

-Baliabide Zentroaren web orria sortzea eta eguneratzea.

-Baliabide Zentroak eskainitako on-line ikastaroen inguruko foroen eta berri-taldeen ardura teknikoa hartzea.

-Informatika aplikazioak diseinatzea eta garatzea.

-Hezkuntza Departamentuak agintzen dion eginkizun oro egitea.

Hamabigarrena.-Lanaldia.

I. eranskineko lanpostuak lortzen dituztenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileek oro har duten lanaldia izanen dute, betiere bete behar dituzten eginkizunen ezaugarrien arabera egokitua.

Astean hogeita hamar orduz aritu beharko dute Baliabide Zentroan berean, lanpostuari zuzenean dedikatuta. Lanaldia goizekoa eta arratsaldekoa izaten ahal da. Ordutegiko gainerako orduak, hots, astean ezarritako 35 orduko lanaldi orokorra osatu artekoak, jarduerak prestatzeko eta Zentroko irakasleak profesionalki prestatzeko erabiliko dira. Nolanahi ere, langile horiek beharturik daude hautapen batzorde eta epaimahaietan edo antzeko jardueretan parte hartzera, horretarako agindua ematen zaienean.

Hamahirugarrena.-Ordainsariak.

Deialdiko lanpostuak betetzeko hautatu diren funtzionarioek edo lan-kontratudun finkoek beren mailari dagozkien oinarrizko ordainsariak eta irakaskuntzako berariazko osagarria hartuko dituzte.

Hamalaugarrena.-Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta hura aplikatzearen ondorioz emandako egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariari zuzendua, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo errekurritutako egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Lanpostuak

-Prestakuntza Arloa:

Prestakuntzako 3 lanpostu.

Ingeleseko espezialitatea duen prestakuntzako lanpostu bat.

-Hizkuntz Egiaztapen eta Zuzenketaren Arloan:

Hizkuntz egiaztapen eta zuzenketako 3 lanpostu.

-Informazioaren eta Baliabideen Arloan:

Dokumentaziorako eta ikasmaterialetako lanpostu bat.

Informazioaren eta komunikazioaren teknologietako lanpostu bat.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua

Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroan bederatzi lanpostu zerbitzu eginkizunetan eta merezimendu lehiaketa publiko bidez betetzeko deialdian parte hartzekoa.

1.-Identifikazio datuak:

Deiturak:

Izena: NANa: ............................... .............

2-Helbidea, jakinarazpenetarako.

Helbidea:

Posta-kodea: Herria: ........................

Probintzia:

Telefono partikularra:

Helbide elektronikoa:

3.-Lanbidearen datuak.

Lanpostua:

[ ] Maisu-maistra.

[ ] Hizkuntza eskolako irakaslea.

[ ] Lan-kontratudun finkoa

[ ] Bigarren Hezkuntzako irakaslea.

[ ] Lanbide Heziketako irakasle teknikoa.

Espezialitatea:

Destinoa:

[ ] Behin-behinekoa.

[ ] Behin betikoa.

Herria:

Ikastetxea:

Eskatzen du hurrengo lanpostu baterako/lanpostuetarako deialdian onartua izatea:

[ ] Prestakuntza.

[ ] Ingeleseko espezialitatea duen prestakuntza.

[ ] Hizkuntz egiaztapen eta zuzenketa.

[ ] Dokumentazioa eta ikasmaterialak.

[ ] Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak.

Gehienez ere bi lanpostu desberdinetan lehia daiteke.

......................, ......... 20.....ko ...............aren .....(e)an.
(Sinadura)

HEZKUNTZA DEPARTAMENTUKO ESKOLAKO HIZKUNTZA PLANGINTZAREN ZERBITZUKO ZUZENDARIA.

III. ERANSKINA

Merezimenduen baremoaren eta proiektuaren puntuazioa

1. Merezimenduen baremoa.

1.1. Irakasle lanean emandako urteak: gehienez ere, 10 puntu.

1.1.1. Euskarazko edo euskararen irakaskuntzan funtzionario edo lan-kontratudun finko moduan egindako urte bakoitzeko: puntu bat. Azpiatal honetan urteko zatikiak hilabete osoa 0,0833 puntu direla konputatuko dira.

1.1.2. Beste esparru bateko irakaskuntzan funtzionario edo lan-kontratudun finko moduan egindako urte bakoitzeko: 0,5 puntu. Azpiatal honetan urteko zatikiak hilabete osoa 0,0416 puntu direla konputatuko dira.

1.1.3. Euskarazko edo euskararen irakaskuntzan aldi baterako langile moduan egindako urte bakoitzeko: 0,5 puntu. Azpiatal honetan urteko zatikiak hilabete osoa 0,0416 puntu direla konputatuko dira.

1.1.4. Beste esparru bateko irakaskuntzan aldi baterako langile moduan egindako urte bakoitzeko: 0,25 puntu. Azpiatal honetan urteko zatikiak hilabete osoa 0,0208 puntu direla konputatuko dira.

1.2. Berariazko merezimenduak: gehienez ere, 10 puntu.

1.2.1. Prestakuntza jarduerak, honako hauek antolatuak: administrazio publikoak, unibertsitateak eta administrazio publikoekin lankidetza hitzarmenak sinaturik dituzten euskarazko edo euskararen irakakuntzarekin zerikusia duten erakunde eskudunak.

a) Lanpostuarekin zerikusi zuzena duten ikastaroetara, mintegietara, lan taldeetara eta prestakuntza proiektuetara joateagatik: 0,05 puntu 10 ordu egiaztatuko. Gehienez ere, 2,5 puntu.

Azpiatal honen ondorioetarako, ikastaro guztietako orduak batuko dira eta ez dira hamarretik beherako orduak puntuatuko.

Egiaztagiriak: egiaztagiriaren kopia konpultsatua. Ez dira baloratuko berariaz ordu kopururik egiaztatzen ez dutenak.

b) A) atalean aipatutako prestakuntza ikastaroetan edo Hezkuntza Administrazioek antolatutako jardueretan zuzendari, koordinatzaile, hizlari, irakasle edo tutore moduan parte hartzeagatik: 0,01 puntu egiaztatutako ordu bakoitzeko. Gehienez ere, 2,5 puntu.

Egiaztagiriak: egiaztagiriaren kopia konpultsatua. Ez dira baloratuko berariaz ordu kopururik egiaztatzen ez dutenak.

1.2.2. Ikerketa.

Euskarazko edo euskararen irakaskuntzarekin zerikusia duten ikerketa jarduerengatik: gehienez ere 2 puntu.

a) Argitalpenak: argitalpen bakoitzeko 0,5 puntu arte.

Egiaztagiriak: behar den argitalpenaren jatorrizko alea. Ondorio horietarako soilik baloratuko dira ISBN, ISSN edo lege gordailua duten argitalpenak.

b) Biltzarretan, simposiumetan edo jardunaldietan aurkeztutako ponentziak, komunikazioak edo panelak: jarduera bakoitzeko 0,25 puntu arte.

Egiaztagiriak: ponentziaren jatorrizko alea eta biltzarreko aktak edo parte-hartzearen ziurtagiria.

1.2.3. Balorazioa hizkuntzak jakiteagatik:

Frantsesa, ingelesa, alemana edo Europako beste hizkuntza ofizial batzuk jakitea merezimendu kualifikatu modura baloratuko da, honela:

-B1: 0,5 puntu.

-B2: puntu bat.

-C1: 1,5 puntu.

-C2: 2 puntu.

Hizkuntza horien jakintza egiaztatuko da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ofizialki aitortutako titulu baten bidez.

1.2.4. Beste titulu batzuk.

Atal honetan soilik baloratuko dira behar den kidegoan sartzeko betebehar modura alegatu ez diren tituluak. Kidegoan sartzeko alegatutako tituluaren edo diplomaturaren, edo merezimendu modura aurkeztutakoen fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da.

-Diplomatura, Ingeniaritza Tekniko edo Arkitektura Tekniko bakoitzeko edo legez baliozkotzat jotako titulu bakoitzeko: 0,5 puntu.

-Lizentzietako, ingeniaritzetako edo arkitekturetako bigarren zikloko ikasketengatik edo legez baliozkotzat jotakoengatik: 0,5 puntu.

-A mailako irakasle kidegoetako funtzionarioei ez zaizkie inola ere baloratuko izangaiak aurkeztutako lizentziatu, arkitekto edo ingeniari lehen titulua eskuratzeko gainditu behar izan dituen lehen zikloko, bigarren zikloko edo, hala behar bada, ikasketa osagarrietako ikasketak.

-Lizentzia, Ingeniaritza edo Arkitektura titulu bakoitzeko edo legez baliozkotzat jotako titulu bakoitzeko: puntu bat. Atal honetan ez zaizkie inola ere baloratuko alegatutako tituluak, baldin eta ikasketa horiek lortzeko izan badira.

2. Proiektua. gehienez ere, 20 puntu.

Lan proiektua plan arrazoitu bat izanen da, eskuratu nahi den lanpostuari dagozkion eginkizunak bilduko dituena. Proiektu horretan, gutxienez, atal hauek sartuko dira:

a) Azterketa pertsonala: Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroaren eginkizunen eta antolaketarena, eta hura osatzen duten arloetatik esku-hartzeko moduena. Atal honetan 5 puntu emanen dira gehienez.

b) Jarduteko plan pertsonalizatua: eskuratu nahi den lanpostutik eta haren arlotik abiaturik. Atal honek luzeena izan beharko luke. Atal honetan 13 puntu emanen dira gehienez.

c) Zer material bibliografiko eta bestelako material proposatzen den lortu nahi den lanpostuan eta haren arloan eginkizunak gauzatzeko. Atal honetan 2 puntu emanen dira gehienez.

Iragarkiaren kodea: F1102301