45. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CADREITA

Gizarte eta kultur ekipamenduen udal zerbitzu publikoa arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Cadreitako Udalak, 2010ko abenduaren 14an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Gizarte eta kultur ekipamenduen udal zerbitzu publikoa arautzen duen ordenantza. Hura 2011ko 8. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 13an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretako aldaketa behin betikoz onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Cadreitan, 2011ko otsailaren 17an.-Alkatea, Alfonso Montori Prat.

1. ERANSKINA

ORDENANTZA, GIZARTE ETA KULTUR EKIPAMENDUEN UDAL ZERBITZU PUBLIKOA ARAUTZEN DUENA

Gizarte eta kultur ekipamenduetarako ordenantzarako arrazoia.

1978ko abenduaren 6ko Konstituzioaren I. Tituluaren barrenean, Bigarren Kapituluan (Eskubideak eta askatasunak) eta Hirugarren Kapituluan (Politika sozial eta ekonomikoa gidatzeko printzipioak) jasotzen diren xedapenak dira gizarte eta kulturaren sustapenerako eta garapen komunitarioaren printzipioen oinarria.

Foru Komunitatearen berezko eskumen esklusiboak erabiliz, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44. artikuluan, II. Tituluaren Bigarren Kapituluan, jasotzen baitira, Nafarroari dagozkio, bertzeak bertze, kultura, turismoa, kirola, aisialdia eta garapen komunitarioa antolatzea. Eskumen horiek arau berariazkoen bidez arautu dira, hala nola Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzko 14/1983 Foru Legea.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legean, II. Tituluaren III. Kapituluan, udalerriei ematen zaie gizarte zerbitzuak, gizarte sustapenekoak eta gizarteratzekoak egiteari dagozkion gaiak arautzeko eskumena (25 k artikulua), bai eta kultura eta kirol jarduerak edo instalazioak eta aisialdia eta turismoa arautzekoa ere (25 m artikulua).

Udalen gaitasun legegilea udal ordenantzetan gauzatzen da. Esku artean dugun ordenantza honen xedea da Tuterako kultur eta gizarte espazioen sorrera, mantentzea eta kudeaketa arautzea, aipatu legegintzako xedapenen arabera.

Gizarte eta kultur sustapenerako, betiere sustapena mugimendu, zentzu eta komunitateko bizitzaren bultzatzailetzat hartuta (azken finean, sustapena, gaztelaniazko "animación" da, eta hori latinezko "anima" -arima- hitzetik eta grekozko "anemos" -haizea- hitzetik dator), Udalaren bertze alor eta zerbitzuetarako bezala, beharrezkoak dira zenbait bitarteko, giza baliabide eta jarduketa, zeinek, behar bezala araututa, garapen komunitarioaren xedea lortzen lagunduko baitute, kalitate handiena bermatuz.

I. KAPITULUA

Definizioa

1. artikulua.

a) Garapen komunitarioa eta pertsonala, elkartegintza eta herritarren partaidetza sustatzeko hornidura eta orientazioa duten zerbitzu publikoak dira kultur eta gizarte ekipamenduak.

b) Ekipamenduetako programen artean, honako hauek dute lehentasuna:

1.-Herritarrari jakingarriak eta orientazioa ematea.

2.-Espazioak eta baliabideak lagatzea.

3.-Komunitatearen kultur eta gizarte sustapena.

II. KAPITULUA

Eginkizunak

2. artikulua.

Udalak neurriak hartuko ditu gizarte eta kultur ekipamenduek informaziogune bat izan dezaten herritarraren eskura, baita, horretarako baliabiderik izanez gero, pertsona bat ere, informazioa eta aholku emateko eta agertzen zaizkion zalantza, galdera eta kezka guztiei bidea emateko.

3. artikulua.

Halaber, ekipamenduen eginkizuna izanen da kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzea, prestakuntza, kultura, jolas, josteta, gizarte eta sozioekonomia alorreko jarduerak bulkatzean, Udalaren eta oinarrizko gizarte sarearen premiak, eskaerak eta interesak begiratuz.

III. KAPITULUA

Programak

4. artikulua.

Informazio eta orientazio programari dagokionez, gizarte eta kultur ekipamenduek herritarrarendako informaziogune bat jarriko dute, bai eta, baliabiderik egonez gero, pertsona bat jarri ere, argibideak eta orientazioa emateko, eta sortzen diren zalantzak, galderak eta kezkak bideratzeko.

5. artikulua.

Ekipamendu guztietan egonen da espazioak eta baliabideak lagatzeko programa bat, beren ahalbideei egokitua, eta, horren bidez, espazioak eta baliabideak halako epe jakinetan eskatzen ahalko dira. Lagatzeko, kontuan hartuko da espezializazioa, batasuna, aprobetxamendu egokia, balioaniztasuna eta ekintzak aldi berean egiteko aukera.

6. artikulua.

Gizarte eta kultur ekipamenduek behar adina bitarteko, baliabide eta langile izanen dituzte zentroa dinamizatzeko jarduerak antolatu eta programatzeko, gizarte eta kultura arloko eredu eta gizartearen garapenerako gune bilaka dadin Cadreitako hirian.

IV. KAPITULUA

Kudeaketarako araubidea

7. artikulua.

Ekipamenduak, programak edo jarduerak kudeatzeko araubidea edozein izan daiteke Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak arautzen dituenetarik.

8. artikulua.

Kudeaketaren modua eta garapena erabakitzeko ekimena Udalari dagokio, eta hark, betiere, eginkizun horretarako jendearen parte hartzea aurreikusi beharko du, erabakitzen diren bideen bitartez gauzatuko dena.

V. KAPITULUA

Funtzionamenduaren baldintza orokorrak

9. artikulua.

Espazio, baliabide eta zerbitzuen erabilera, bertzerik ez bada doakoa, librea eta irekia izanen da pertsona, entitate, talde eta irabazi asmorik gabeko elkarteendako.

10. artikulua.

Pertsona eta entitate erabiltzaile guztiek eskubide berak dituzte espazioak, baliabideak eta zerbitzuak erabiltzeko, betiere libre badadude, eta udal organo eskudunak baliabide edo zerbitzu berezietarako ezartzen dituen tasak ordainduta, hala behar denean.

11. artikulua.

Pertsona eta entitate erabiltzaile guztiek betebehar berak dituzte espazio, baliabide eta zerbitzuen erabilera zuzenari dagokionez, ordenantza honen artikuluei eta honen gaineko barne araubidearen erregelamenduei jarraikiz.

12. artikulua.

Honako baldintza orokor hauek aginduko dute gizarte eta kultur ekipamenduen funtzionamenduan:

a) Pertsonek, taldeek edo elkarteek espazioak, baliabideak eta zerbitzuak partekatuko dituzte, eta ezin izanen da kontsideratu erabiltzen dituen pertsona, talde edo elkartearena direla soilik, edo haiek direla erabiltzeko eskubidea duten bakarrak.

b) Espazioak, baliabideak eta zerbitzuak xede askotarako eta erabilpen anitzetarako izanen dira, eta pertsona eta entitate erabiltzaile guztiek baliatzen ahalko dituzte, esklusibitaterik edo bazterkeriarik gabe.

c) Espazioak, baliabideak eta zerbitzuak optimizazio irizpideen arabera kudeatuko dira, Udalak komunitatearen gizarte eta kultur sustapenerako dituen estrategiekin bat.

d) Espazio, baliabide eta zerbitzuen erabilerak bat egin behar du zentroen eginkizunekin, egindako eskaerarekin eta bertan dagoen ekipamenduarekin.

e) Ez da espaziorik, zerbitzurik edo baliabiderik lagako irabazi asmoko entitateen jardueretarako, behar diren udal organoek aitzinetik arautu eta onetsi ez badituzte.

f) Gizarte eta kultur arloko edozein entitate, talde, elkarte edo kolektibok, irabazi-asmorik gabea bada, erabiltzen ahalko du zentro bat egoitzatako, baina horrek ez dio baimenik emanen espazioa hark bakarrik erabiltzeko. Aitzineko berezitasun horretatik kanpo geldituko dira irabazi asmoa duten entitateak, eta erakunde erlijioso, politiko eta sindikalak.

g) Entitate, talde, elkarte, kolektibo edo pertsona erabiltzaile orok jarduerak egokituko ditu, Udalak, organo eskudunaren bitartez, onetsiko dituen zerbitzuen ordutegi eta egutegira.

13. artikulua.

Ordenantza hau garatzeko, ekipamendu bakoitzak bere barne araubidearen erregelamendua izan dezake, zentroaren ezaugarriekin bat egin dezan, edo bertzenaz guztiendako erregelamendu orokor baten bidez arautu.

14. artikulua.

Instalazioek legezko xedapenak beteko dituzte hirigintza, segurtasun, osasun eta higiene aldetik, bertako zerbitzu eta jarduerekin bat.

15. artikulua.

Udalak izanen du higiezina mantentzeko ardura, eta bidea emanen die zerbitzu, programa edo emanaldien kudeaketari.

16. artikulua.

Behar diren neurriak hartuko dira, herritarren ekimenetik sortutako jarduerak sustatzeko eta horien eta udal proposamenen arteko koordinaziorako.

VI. KAPITULUA

Informazio eta orientazio programaren baldintzak

17. artikulua.

Orientazio programaren eginkizuna izanen da herritarrendako interesekoak izan daitezkeen jakingarriak bildu, prestatu eta hedatzea, bai eta zerbitzuaren kalitatea ziurtatzeko sistemak eta hedabideak sortu, mantendu eta erabiltzea.

Zenbait zentrotan orientazioa emateko programa jarriko da abian, eta horren bidez aholku emanen da herritarrendako gai interesgarrien gainean.

18. artikulua.

Informazio eta orientazioa emateko programaren eginkizuna, ahalaz, ez da soilik datu-emate hutsa izanen. Hori dela eta, haren indarra erabiltzeko ahaleginak eginen dira ekimen, jarduera, harreman eta lankidetza berriak bulkatzeko.

VII. KAPITULUA

Espazio eta baliabideen lagapena

19. artikulua.

Espazioak eta baliabideak lagatzeko programaren xedea da pertsona, talde eta elkarte erabiltzaileei ematea haien lana egiteko behar dituzten oinarrizko baliabideak eta espazioak.

20. artikulua.

Programa honek kontuan hartu beharko du gizarte etxeen funtzionamendurako gutxieneko araudi hau:

a) Espazioak eta baliabideak lagatzeko eskaera-fitxak aurkeztuko dira, non beharrezko datuak agertuko baitira, kudeaketa taldeak eskatzaileen ordutegiak eta jarduerak koordina ditzan. Lagapena ez da irmotzat joko organo eskudunak eskatzaileari kontzesioa idatziz jakinarazi arte.

b) Pertsona, talde edo elkarte guztiek eskatzen ahalko dituzte espazioak edo baliabideak; bazterturik geldituko dira, bertzerik gabe, epaile baten ebazpenez legez kanpo deklaratutako elkarteak.

c) Toki eta ordu berean bi jarduerak bat eginez gero, bakarrik ere ez baztertzeko moduak bilatuko dira.

d) Espazioen erabilera bi motatakoa izan daiteke, elkarteen eskaeren arabera: urtekoa (urtebeteko iraupenarekin) eta aldi batekoa (iraupen aldakorra: ordu batetik hainbat hilabete bitarte). Urtebeteko lagapena lortzeko ezinbertzeko baldintza izanen da irabazteko asmorik gabeko pertsona, talde, kolektibo, entitate edo elkartea izatea.

e) Espazioak lagatzeko bi araubide ezartzen ahalko dira, elkarte eskatzaileen ezaugarrien arabera:

e.1) Araubide arrunta.

Elkarte arruntak (EA) dira, bere funtzionamendurako, lokala baino behar ez dutenak, eta elementu tekniko edo informatiko propiorik behar ez dutenak.

e.2) Araubide berezia.

Behar bereziak dituzten elkarteak (BBE) dira, jarduerak egin ahal izateko, azpiegitura tekniko konplexua edo ekipamendu berezia behar dutenak.

Udalak, protokolo edo hitzarmenen bidez, Araubide Bereziaren baldintzak zehaztuko ditu, horien aldikako berrikuspena, entitate eskatzailearekin, zehaztu beharko dela, eta honako hauek izanen ditu irizpide objektiboak:

-Irabazteko asmorik gabeko elkartea izatea.

-Elkarte eskatzaile mota eta haren beharrak.

-Haren lanak herritarrendako duen interesa edo erabilgarritasuna.

-Nafarroako Gobernuko Elkarteen Erregistroan eta Cadreitako Udaleko Elkarteen zerrendan sartuta egotea.

-Organo eskudunek balorazio objektiborako ematen dituzten bertzelako irizpideak: jendearendako harrera orduak, nori dagoen zuzendua, baliabide propioak.

f) 12.a artikuluan xedatutakoa deusetan galarazi gabe, BBEei Espazioak Lagatzeko Programaren Araubide Bereziak bidea ematen du erabilera murriztuko eremu bat egoitza modura erabiltzeko, halako epe baterako. Dena den, horrek ez du eskubiderik emanen erabilera hori organo eskudunak beharrezkotzat jo duen epea baino gehiago luzatzeko.

g) EAei Espazioak Lagatzeko Zerbitzuaren Araubide Arruntak irizpide hauek izanen ditu kontuan: jarduera espazio horretara ongi egokitzea, parte hartzaile kopurua eta aretoaren edukiera, eta bateragarritasuna bertzelako ekintza paraleloekin.

h) Ekipamendua erabiltzeko eskubidea galduko da kasu hauetan:

h.1) Instalazioak, altzariak eta baliabideak hondatzea edo nabarmenki gaizki erabiltzea; horrelakoetan, kalteak konpontzeko sistema antolatuko da.

h.2) Portaera desegokia, zakarra edo/eta oldarkorra izatea eraikineko kudeaketa taldearekin, edo gainerako entitate edo pertsona erabiltzaileekin.

h.3) Ez betetzea espazioak eta baliabideak erabiltzeko ordutegiak, sobera berandu nola sobera goiz izateagatik.

h.4) Ordenantza honen edo barne araubidearen erregelamenduaren edozein artikulu nahita eta behin eta berriz urratzea.

h.5) Organo eskudunek ezarriko dute zein diren entitate edo pertsona erabiltzaile batek ekipamenduan eragin dituen kalte materialak edo bertzelakoak konpontzeko neurriak.

i) Materialak aretoetan uzteko eskubidea mugatua dago, eskura zer toki dagoen, materiala nolakoa den, eta zein den egin beharreko jarduera, horren guztiaren baldintzapean, izan ere ez da utzi behar higiezina biltegi bilakatzera. Nolanahi dela, material horiek prekarioan utziko dira, ez Udalak ezta kudeaketa taldeak ere ez baitute erantzukizunik izanen galdu, lapurtu, ebatsi, gaizki erabili edo hondatzen badira.

j) Ahal izanez gero, ekipamenduetan elkarteen bulego komun bat paratzen ahalko da, tasen edo prezio publikoen bidez arautua, talde, elkarte eta pertsona erabiltzaileek erabil dezaten.

k) Espazioak eta baliabideak lagatzeko zerbitzuaren kudeaketa ekipamenduaren ardura duten teknikariek eginen dute.

21. artikulua.

Cadreitako Gizarte Etxea gizarte eta kultur ekipamenduen atal da; hark bere lagapen sistema jarriko du, bere izaerari eta bere eginkiozunei egokitua, organo eskudunak onetsiko duen erregelamendu edo araudi berariazko baten bidez.

VIII. KAPITULUA

Gizarte eta kultur sustapenerako programaren baldintzak

22. artikulua.

Gizarte eta kultur sustapenerako programak diseinatu, egin eta ebaluatu beharko ditu gizarte eta kultur jarduketa eta jarduerak eta esku-hartze komunitarioak, elkartegintzaren eta boluntariotzaren aisialdi aktiboa sustatzeko eta herritarren partaidetza, oinarrizko gizarte sarearen sendotasuna eta demokrazioa kulturalaren garapena bulkatzeko ere bai.

23. artikulua.

Gizarte eta kultur sustapenerako programak laguntza ematen ahalko du ekipamenduen entitate edo talde erabiltzaileek zentroko ekintzetan parte har dezaten, eta horretarako batzarrak edo kontseiluak eratuz, haien ordezkariek, Udalak hautatutako kudeaketa taldeko profesional eta langileek osaturik.

24. artikulua.

Alorren arteko informazio organo bat sortzen ahalko da gizarte eta kultur ekipamenduen jarduerak koordinatzeko; bertan, parte hartzen duten alorretako ordezkariak, teknikariak eta profesionalak ariko dira, ezartzen den proportzio orekatuan eta zentro bakoitzeko barne araubidearen erregelamenduan horretarako zehazten duen maiztasuna, ardurak, ahalmenak eta eginkizunak edukita.

25. artikulua.

Gizarte ekipamenduak erabiltzen dituzten entitate edo pertsonek eskatzen ahalko dute jarduerak edo esku-hartzeak egin daitezela, batzarrarekin edo kontseiluarekin koordinaturik, kudeaketa taldearekin eta Cadreitako Udalarekin koordinatuta, eta beharrezko bideak ezarriko dira elkarlanerako.

26. artikulua.

Garrantzi edo interes berezia duen ohiz kanpoko udal programarik izanez gero, lehenbailehen emanen zaie haren berri kudeaketa taldeari eta batzarrari edo kontseiluari, espazioak, baliabideak, programak eta ekintzak hobeki koordinatzeko.

27. artikulua.

Jarduera publikoen programazioa ohiko hedabide eta euskarrien bitartez ezagutaraziko da, baina bereziki gizarte etxean berean kokatuak baliatuz.

IX. KAPITULUA

Araubide ekonomikoa

28. artikulua.

9. artikuluan ezarritakoagatik ere, Udalaren organo eskudunek onetsi behar dute Udalaren espazioak eta baliabideak, irabazteko asmoa duten entitatei, epe zehatz baterako lagatzeko tasen ezarpena, horren gaineko ordenantza fiskalak arautuko dituen baldintza eta kasuen arabera.

29. artikulua.

Dagokion ordenantza fiskalean jasotako tasek arautuko dute nola erabiliko dituzten baliabideak, programak eta/edo zerbitzuak gizarte eta kultura ekipamenduak erabiltzen dituzten elkarte, talde edo pertsonek.

30. artikulua.

Kudeaketa taldeak edo Udalak ekintzetara joan eta parte hartzeko kuota edo matrikula kobratzen ahalko du, jarduera bat egin behar den bakoitzean, antolaketa gastuak hein batean pagatzeko; portzentajea hori kasuan kasukoa izanen dela.

31. artikulua.

Cadreitako gizarte etxea eta haren baliabideak erabiltzeko tasa aipatu ordenantza fiskalak bilduko du.

X. KAPITULUA

Ordenantzaren indarraldia eta aplikazio esparrua

32. artikulua.

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

33. artikulua.

Cadreitako Udalak beretako gordeko du artikulu hauek interpretatzeko eta bertan aurreikusten den egoerak arautzeko ahalmena.

Iragarkiaren kodea: L1103049