45. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CADREITA

Udal Ordenantza, Administrazio elektronikoa arautzen duena. Behin betiko onespena

Cadreitako Udalak, 2010eko abenduaren 14an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Administrazio elektronikoa arautzen duen ordenantza. Hura 2011ko 8. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 13an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretako aldaketa behin betikoz onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Cadreitan, 2011ko otsailaren 17an.-Alkatea, Alfonso Montori Prat.

1. ERANSKINA

ORDENANTZA, CADREITAKO UDALAREN ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOA ARAUTZEN DUENA

ZIOEN AZALPENA

Tokiko Gobernua Modernizatzeko Neurriei buruzko abenduaren 16ko 57/2003 Legeak 70 bis artikulua erantsi zuen Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean. Artikulu horren 3. atalak berariazko agindua jasotzen du batik bat udalerriei zuzendua, informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera elkarreragilea bultzatzeko, parte hartzea eta bizilagunekiko komunikazioa, dokumentuen aurkezpena, eta herritarrak administrazio tramiteak eta, hala behar badu, kontsultak egin ahal izateko.

Legezko agindu horrek, Toki Administrazioari begira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 45. artikuluan jasotako agindua zehaztu zuen, eta hura, era berean, garatu du Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legeak.

11/2007 Legeak aitortzen dio herritarrari Administrazio Publikoekin baliabide elektronikoen bidez harremanetan jartzeko eskubidea. Lege horren hirugarren xedapen gehigarriak dioenez, eskubide hori, udal esparruan, 2009ko abenduaren 31tik aitzina erabil daiteke, betiere toki entitate bakoitzaren "aurrekontuetan horretarako diru aski bada". Horrek aldi berean betebeharra dakarkio Administrazioari ahal duen neurrian komunikaziorako kanal berriak ezartzeko, baita horien erabileraren ondoriozko administrazio harremanen baliozkotasun eta eraginkortasuna bermatzeko, segurtasun juridikoaren printzipioa osoki beterik.

Cadreitako Udalak, beraz, xedea du bizilagunen eskura jartzea tresna elektroniko batzuk, administrazio jarduketak eta manaturik dituen zerbitzuak hobetzeko, herritarrarekiko harremana arinagoa izan dadin.

Horretarako, Udaleko tramitazioa modernizatzeko plana egin da.

Ordenantza honen xedea da baliabide elektronikoen erabilera arautzea Udaleko administrazio jardueran, baita Cadreitako Udalaren egoitza elektronikoa ezartzea ere.

Ordenantza honek sei kapitulu, bi xedapen gehigarri eta azken xedapen bat ditu, eta 17 artikulu, guztira.

Lehen kapituluak arautzen du haren xedea eta aplikazio esparrua.

Bigarren kapituluak administrazio elektronikoaren alderdi orokorrak ditu, hala nola funtzionatzeko printzipioak eta herritarraren eskubideak.

Hirugarren kapituluak administrazio elektronikoaren tresna garrantzitsuena arautzen du, erran nahi baita, egoitza elektronikoa, haren edukia eta sarbide izateko baliabideak zehazturik.

Laugarren kapituluak bide bat ezartzen du herritarrak sarbidea izan dezan Udalaren datu baseetan dagoen informazio partikularrera.

Borzgarren kapituluak komunikazio elektronikoak jorratzen ditu.

Seigarren kapitulua erregistro elektronikoa ezartzeko gorde da.

Lehen xedapen gehigarriak agerian jartzen du administrazio prozedurak ezari-ezarian sartuko direla molde elektronikoan, bereziki erregistro elektronikoa; bigarrenak, berriz, geroko garapena hartzen du gaitzat.

Azken xedapena indar hartzeaz ari da.

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua. Xedea.

1. Ordenantza honek arautzen ditu herritarrari baliabide elektronikoen bidez eman behar zazkion informazioa eta arreta, eta egoitza elektronikoaren sorrera, Cadreitako Udalaren udal esparruan.

2. Udalak ezari-ezarian sartu eta erabiliko ditu baliabide elektronikoak prozeduren tramitazioan. Egoitzari pausoz pauso gehitzen zaizkion edukietako bakoitza aitzinetik onetsi eta komeni bezala arautuko da, eta behar bezalako zabalkundea emanen zaio arauketa horri, herritarraren eskubideak bermatu beharrez.

3. Cadreitako Udalak erabiliko ditu informazioaren eta komunikazioaren teknologiak Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legean xedatzen denarekin bat, baita hura garatzen edo ordezkatzen duten arauekin bat, herritarraren eskubideak bermatu beharrez.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Ordenantza hau ondotik ematen diren entitateei aplikatuko zaie; horiei, hemendik aitzina, Udal Administrazioa erranen zaie, denei batera. Hona hemen:

a) Cadreitako Udala osatzen duten zerbitzu eta alorrak.

b) Udalaren erakunde autonomoak eta Udalaren entitate publikoak.

2. Ordenantza hau, orobat, herritarrei aplikatuko zaie, erran nahi baita, pertsona fisiko nahiz juridikoei, Udalarekin eta aitzineko atalean aipatzen diren entitate guztiekin dituzten harremanetan.

BIGARREN KAPITULUA

Herritarraren eskubideak administrazio elektronikoari dagokionez,
eta funtzionatzeko printzipioak

3. artikulua. Berme orokorrak.

1. Herritarren gainean eskatzen diren datu pertsonalak Udalak Datuak Babesteko Espainiako Agentzian erregistraturik dituen fitxategietan sartuko dira, egiten den zerbitzu edo tramitearen arabera, eta xedea dute Udalak dituen eskumen ezberdinetan ari ahal izatea, datuen babesari buruzko legeriak eta toki entitatearen segurtasun agirian ezarritako berme eta printzipioak hertsiki beterik.

2. Herritarrak kontsulta edo iradokizuna egite hutsez edo telekomunikazioko sare irekien bitartez informazioa eskatu hutsez eskuratzen diren datuak gordeko dira kontsultari erantzuna eman ahal izateko edo adierazitako akats edo iradokizunak aztertzeko, zerbitzu hobea eta eskatutako informazioa eman beharrez. Erabilera horietarako, datu bilketak interesdunen borondatezko adostasuna izan behar du oinarri.

4. artikulua. Udal Administrazioaren administrazio elektronikoaren printzipioak.

Udal Administrazioaren egoitza elektronikoaren bitartez zerbitzu egiteko, printzipio hauei jarraituko zaie: sinplifikazioa idazki eta dokumentuen aurkezpenean, tramiteak arintzea, irisgarritasunaren bermea desgaitasuna duten pertsonendako eta hirugarren adinekoendako, doakotasuna, sarbide librea eta segurtasuna eta benetakotasuna alderdien identifikazioari eta komunikazioaren xedeari dagokienez.

5. artikulua. Herritarraren eskubideak administrazio elektronikoaren esparruan.

1. Udalaren administrazio elektronikoan sarbide izateaz den bezainbatean, herritarrak eskubide hauek ditu:

a) Udalaren egoitza elektronikoan sinadura elektronirako onarturiko sistemetarik, bere premietara hobekien egokitzen dena hautatu eta erabiltzeko Udal Administrazioarekiko harremanetarako.

b) Udal Administrazioaren esku dauden datu eta dokumentuak ez emateko, hark baliabide elektronikoak erabiliko baititu informazio hori eskatu beharrez.

c) Bere baimena emateko Udal Administrazioari, honek bertze administrazio batean dauden datu pertsonalak eskatu ahal izan dezan administrazio elektronikoari buruzko arauetan eta sinatzen diren hitzarmenetan ezartzen diren baldintzetan. Baimena berariaz eta banan-banan emanen da, prozedura zehatz bakoitzean, eta hura ez da inola ere baimen orokortzat hartuko interesdunaz den bezainbatean tramitatzen diren prozedura guztietarako; baliabide elektronikoen bidez ematen eta eskatzen ahalko da.

d) Berdintasuna izateko Udal Administrazioaren zerbitzuetan sarbide elektronikoa izaterakoan, eta irisgarritasunaren bermea izateko desgaitasuna duten pertsonendako eta hirugarren adinekoendako. Hori guztia, indarra duen araudi sektorialak une bakoitzean ezarria duenari jarraikiz, betiere.

e) Halako prozedura batean interesdun gisa agertzen bada, haren tramitazio egoeraren berri baliabide elektronikoen bidez izateko, aplikatu beharreko araudiak haiei buruzko informazioan sartzeko mugak paratzen dituenean izan ezik.

f) Halako prozedura batean interesdun gisa agertzen bada, haren barneko dokumentu elektronikoen kopia elektronikoak eskuratzeko.

g) Espediente baten barnean dauden dokumentu elektronikoak Udal Administrazioak formatu elektronikoan kontserbatzeko.

h) Udal Administrazioaren fitxategi eta aplikazioen sistemetan dauden datuen segurtasun eta konfidentzialtasunaren bermea izateko.

i) Baliabide elektronikoen bidez emaniko zerbitzu publikoen kalitaterako.

2. Bereziki, herritarrak eskubidea du informazio hau eskuratzeko baliabide elektronikoen bitartez:

a) Udal zerbitzuak berdintasun baldintzetan eskuratzeko, haietan parte hartzeko edo haietaz baliatzeko behar diren prozedura eta tramiteak.

b) Zerbitzu horiek egiteko ardura duten agintari eta organoak, horiekin ikusteko duten elkarte eta erakundeak eta, auzirik izanez gero, errekurtsoak aurkezteko bideak.

HIRUGARREN KAPITULUA

Sarbide izateko baliabideak eta egoitzaelektronikoa

6. artikulua. Zerbitzu elektronikoetan sarbide izateko baliabideak.

Udal Administrazioak eta bere erakunde publikoek herritarraren sarbidea bermatuko dute beren esparruan ematen diren zerbitzu elektronikoetan, baliabide hauek izatea bermatu ere:

a) Cadreitako Udaleko buruz buruko harrera bulegoek langileak jarriko dituzte herritarraren eskura, egoitza elektronikoaren funtzionamenduaz aholku eta laguntza eman diezaioten.

b) Sarbide elektronikorako lekua, Cadreitako Udalaren egoitza elektronikoa izanen baita.

c) Telefonoz harrera egiteko zerbitzuak, aukera ematen duteak, segurtasun irizpideek eta aukera teknikoek horretarako bidea ematen duten heinean, herritarrari informazio eta zerbitzu elektronikoetan sarbide emateko.

7. artikulua. Egoitza elektronikoa.

1. Egoitza elektronikoak dira herritarraren eskura jartzen diren helbide elektroniko guztiak, titulartasuna, kudeaketa eta administrazioa administrazio organo, alor edo entitate edo erakunde publiko batena duten telekomunikazio sareen bidez.

2. Ordenantza honen bidez ezartzen dira Cadreitako Udalaren egoitza elektronikoaren sorrera eta funtzionamendua; hura Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 10, 11 eta 12. artikuluetan xedatzen denaren mende egonen da.

3. Cadreitako Udalari dagozkio egoitza eleketronikoaren titulartasuna, kudeaketa eta administrazioa; hura honetan datza: herritarraren eskura jarritako helbide elektronikoa, Udalak erabakitzen eta aditzera ematen dituen telekomunikazio sareen bitartez, eta betiere udal webgunearen bitartez: www.cadreita.es.

4. Cadreitako Udalaren egoitza elektronikoak, bere burua identifikatzeko eta herritarraren komunikazio segurua bermatzeko, sinadura elektronikorako sistemak erabiliko ditu, gailu seguruaren ziurtagirietan edo balio bereko baliabideetan oinarrituak, beren izaeragatik horrela behar duten harremanetan; haien ezaugarriak egoitza elektronikoan berean argitaratuko dira.

8. artikulua. Egoitza elektronikoan dagoen informazioa.

1. Egoitza elektronikoaren bidez herritarrak sarbide libre eta iraunkorra izanen du ondotik ematen den informazioan. Hura pixkana-pixkanak sartuko da egoitza elektronikoan. Hona hemen:

a) Udalaren arauak, ordenantza fiskalak barne.

b) Udal Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen egitura organikoa eta arduradunak.

c) Onetsitako aurrekontua eta kontu orokorrak.

d) Herritarrarendako zerbitzu gutuna; aditzera emanen da zein zerbitzu dituen eskura eta formato elektronikoan zer prozedura egin ditezkeen.

e) Sarbidea aldizkari eta egunkari ofizialen bertsio elektronikora.

f) Udalerriko hirigintzaren planeamendu osoa, eguneratua.

g) Iragarki edo ediktuen ohol elektronikoa.

h) Kontratatzailearen soslaia.

i) Kexa, iradokizun eta erreklamazioetarako postontzia.

j) Udalaren kale izendegia.

k) On-line ordainketarako zaldaina.

l) Interes orokorrekotzat hartzen diren bertze jakingarri batzuk, eta legeak edo erregelamenduek eskatzen dituztenak.

3. Iragarki eta ediktu ohol elektronikoak aukera emanen du sarbide elektronikoa izateko arau juridiko baten eta epailearen ebazpen baten ondorioz argitaratu edo jakinarazi behar den informaziora. Udalaren webgunearen bidez izanen da sarbidea delako ohol elektronikora, eta horretarako ez da beharko herritarrak bere nortasuna egiaztatzeko inolako mekanismo berezirik.

4. Edukiaren benetakotasuna, osotasuna eta kontserbazioa ziurtatuko duten sistemak eta mekanismoak izanen ditu ohol elektronikoak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 45.5 artikuluan aurreikusitako baldintzetan. Bereziki, epeak kontatzeari dagokionez, denbora zigilatzeko mekanismoa ezarriko da, ediktuen argitalpenaren data eta ordua egiaztatuko duena.

5. Iragarki eta ediktuen ohol elektronikoa eskura egonen da egunaren 24 orduetan, urteko egun guztietan, Udalaren webgunearen bidez. Arrazoi teknikoak direla-eta iragarki eta ediktuen ohol elektronikoa ez badabil, erabiltzaileei horren berri emanen zaie, eskura dauden ordezko baliabideak zein diren adierazita.

6. Cadreitako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez zabalduko da kontratatzailearen soslaia, kontratazio publikoaren araudian ezartzen diren norainoko eta baldintzetan, eta betiere Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko 30/2007 Legearen 42. artikulua beterik.

7. Halaber, egoitza elektronikoak, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 10.3 artikuluan xedatzen denari jarraikiz, leku bat izanen du, bide elektronikoaren bitartez kontsultak, iradokizunak edo kexak egiteko.

9. artikulua. Identifikazio eta autentifikazio moduak.

1. Cadreitako Udalak, bide elektronikoaren bitartez dituen harremanetan, sinadura elektronikorako sistema hauek onartuko ditu, herritarraren identifikaziorako eta haren dokumentuen autentifikaziorako:

a) Nortasun agiri nazional elektronikoak (NAN-e) bereganatu dituenak, pertsona fisikoendako, erabakitzen diren baldintzetan eta halabereko ondorioekin.

b) Sinadura elektronikorako sistema aurreratuak, egoitza elektronikoan argitaraturik eta jasorik egonen direnak.

c) Identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bertze sistema batzuk, Udalak ezartzen dituenak, kasu bakoitzean erabakitzen diren baldintzetan.

2. Egoitza elektronikoan ziurtatze zerbitzuen hornitzaile baimenduen zerrenda eguneratua izanen da, eta bertze bat egiaztapen mota onartuena, baita Udalaren eta edozein pertsona fisiko edo juridikoaren arteko eskaerak, idazkiak eta komunikazioak bildu eta ateratzeko euskarri, baliabide eta aplikazio informatiko eta telematikoena ere.

LAUGARREN KAPITULUA

Herritarren karpeta

10. artikulua. Helburua eta edukia.

1. Egoitzako elektronikoko herritarren karpeta Udal Administrazioarekin komunikazio pertsonala izateko baliabide birtuala da. Herritarren karpetan sarbide izateko, nortasunaren autentifikazioa egin beharko da NAN elektronikoaren bidez edo, bertzenaz, egoitza elektronikoan sinadura elektronikorako onartzen diren sistemetariko bat erabiliz.

2. Herritarren karpetaren bidez, pertsona fisikoek eta haien ordezkari erregistratuek sistema eta prozedura telematikoak erabiltzen ahalko dituzte, Udal Administrazioaren jarduketan bidezko interesa badute, honako hauetarako:

a) Udal Administrazioaren datu baseetan erregistraturik dagoen enpresaren informazio partikularrean sarbide izateko.

b) Haren gaineko informazio orokorrean modu pertsonalizatuan sarbide izateko.

c) Administrazio eragiketa eta/edo tramiteak egiteko, Udal Administrazioak ezari-ezarian herritarren karpetan sartzen dituen zerbitzuei buruz.

3. Herritarren karpetan sarturik ulertuko da erabiltzaileak espresuki, osorik eta erreparorik gabe onartzen dituela sartzeko mementuan egoitza elektronikoan erabiltzeko argitaraturik dauden arau eta baldintza guztiak.

11. artikulua. Interesdunak tramitazio egoeraren inguruko informazioan sarbide izatea.

1. Herritarren karpetaren bidez prozedura tramitatzen duen organoak berari buruzko informazioa jarriko du interesdunaren eskura, aplikatzen ahal diren arauek informazio hori jasotzeko murriztapenak ezarri ezik.

2. Prozeduraren tramitazio egoeraren gaineko informazioak eginiko tramite egintzen zerrenda jasoko du, adierazita haren edukia zein den eta zein egunetan eman ziren, baita prozedura zein fasetan dagoen eta zer organo edo unitate arduratzen den hartaz.

BORZGARREN KAPITULUA

Komunikazio elektronikoak

12. artikulua. Komunikazio elektronikoak.

1. Udal Administrazioarekin harremanetan jartzeko herritarrak duen eskubidea bermatzeko, telematika bidezko komunikazioa bermatuko da, ondorio juridiko osoekin, ordenantza honek ezartzen duenaren babesean.

2. Lege mailako arau batek elektronikoa ez den baliabide bat erabiltzeko agintzen duenean izan ezik, herritarrak noiznahi hautatzen ahalko du Udal Administrazioarekin baliabide elektronikoaren bidez komunikatzeko manera. Baliabide batzuen edo bertzeen bidez komunikatzeko hautuak ez du herritarra lotuko, honek noiznahi hautatzen ahalko baitu hasieran hautatu ez bertzeko baliabidea.

3. Herritarrak berariaz eskatu edo onartu duenean baizik ez ditu Udal Administrazioak baliabide elektronikoak erabiliko herritarrarekiko komunikazioetan.

4. Baliabide elektronikoen bidez eginiko komunikazioak baliozkotzat hartuko dira betiere baldin eta gelditzen bada egiaztatuta eta jasota bidali direla eta jaso direla eta haiek egin diren eguna eta komunikazioen eduki osoa, baita modu fedemailean identifikatzen badira igorlea eta hartzailea ere.

5. Udal Administrazioak baliabide elektronikoen bidez eginiko komunikazioen segurtasuna eta osotasuna begiratuko ditu, neurri egokiak ezarrita haien xede diren datuen izaeraren arabera.

6. Berarekin komunikatzeko eskubidea erabiltzeko herritarrek eskura dituzten baliabide elektronikoen berri emanen du Udal Administrazioak bere egoitza elektronikoan.

SEIGARREN KAPITULUA

Erregistro elektronikoa

13. artikulua. Cadreitako Udalaren erregistro elektronikoa.

1. Xedapen honen bidez sortu da Cadreitako Udalaren erregistro elektronikoa; Udalaren erregistro orokorraren bulego osagarria izanen da, erregistro orokorraren inguruko eskumenak une bakoitzean dituen zinegotzigoaren zuzendaritzapean.

Erregistro elektronikoaren bidez biltzen ahalko dira Cadreitako Udalari zuzendutako eskaera, idazki eta komunikazioak, betiere onarturik badaude egoitza elektronikoko herritarrarendako zerbitzu gutunean, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 24. eta ondoko artikuluetan ezarritako betebeharrak beterik.

2. Erregistro elektronikoa euskarri informatikoan paratzeak bermatuko du haren lotura eta integrazio osoa Cadreitako Udalaren erregistro orokorrarekin.

14. artikulua. Araubidea eta funtzionamendua.

1. Cadreitako Udalaren egoitza elektronikoan herritarrarendako zerbitzu gutuna agertuko da, erran nahi baita, erregistro elektronikoaren bidez aurkez daitezkeen eskaera, idazki eta komunikazio normalizatuen zerrenda eguneratua.

2. Cadreitako Udalaren erregistro elektronikoak, bertzeak bertze, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Aurkezten direnen gordekinak jasotzea.

b) Aurkezten direnen gordekinak luzatzea.

c) Sarrera erregistroen idatz-oharra eta idazki, eskari eta komunikazio horien igorpena haien hartzaile izan behar duten organo, departamentu edo bertzelako zerbitzuetara.

d) Baliabide elektronikoen bidez egiten diren idazki eta komunikazioen igorpena.

e) Legeak edo erregelamenduek aitortzen dioten bertze edozein.

3. Erregistro elektronikoak, automatikoki, gordekin bat luzatuko du, kasu bakoitzeko idazki, eskaera edo komunikazioaren kopia kautotua izanen dena, aurkezpenaren data eta ordua eta erregistroko sarrera zenbakia barne. Aurkezpenaren data eta ordua zerbitzuaren hornitzaileak emandako denbora-zigilatze baten bidez egiaztatuko da; hura espresuki ezarriko da entitatearen egoitza elektronikoan. Egoitza elektronikoan argitaratuko da denbora-zigilatze zerbitzuak aldi bakoitzean eman zituen erakundea. Zigilatzea teknikaren aldetik ahal den denbora laburrenean eginen da Udalaren egoitza elektronikoan eskaera osoa jasotzen denetik; horiexek izanen dira legezko epeak kontatzeko kontuan hartuko diren data eta ordua.

Erabiltzaileari ohartarazi beharko zaio ez dela mezua jasotzat hartu, berrespen mezurik hartzen ez bada edo, bertzenaz, transmisioan akatsa edo hutsa gertatu dela adierazten duen mezurik hartzen ez bada; halakoetan aurkezpena errepikatu beharko da bertze memento batean edo bertzelako baliabideak erabiliz.

4. Mantentze tekniko edo operatiboko arrazoi justifikatuak daudenean baizik ez da eteten ahalko erregistro elektronikoaren eskuragarritasuna, eta soilik haiek konpontzeko behar den denboran. Ahalik eta antzinatasunik handienaz emanen da etete horren berri.

5. Erregistro elektronikoaren funtzionamenduan iragarri gabeko etetea gertatuz gero, eta betiere horren arrazoiek horretarako aukera ematen badute, erabiltzaileari mezu bat igorriko zaio horren berri emateko.

6. Kasuan kasuko eskabide, idazki edo komunikazioarekin batera bertze dokumentu batzuk aurkezten ahalko dira, betiere bat etortzen badira egoitza elektronikoaren bidez argitaratzen diren estandarrekin eta betiere bat egiten egiten badute Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legea betez ezartzen diren elkarreragingarritasun eskemekin. Erregistro elektronikoak gordekinak sortuko ditu, dokumentuak entregatu direla eta aurkeztu diren dokumentuak atzera bota ez direla egiaztatzeko. Nolanahi ere, Udal Administrazioak jaso duen dokumentuaren formatua birmoldatzen ahalko du hura irakurri, jaso eta artxibatzeko beharrezkotzat hartzen duenean, haren funtsezko edukia aldatu gabe.

7. Udal Administrazioak deuseztatzen ahalko ditu sistemaren segurtasunerako arriskua ekartzen duten dokumentuak. Halakoetan dokumentua ez da aurkeztutzat joko eta bidaltzailea identifikatua badago, haren deuseztapenaren berri emanen zaio.

15. artikulua. Erregistro elektronikoan eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztea.

Ondorio juridiko berak izanen dira erregistro elektronikoan eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1982 Legearen 38.4 artikuluan onartzeko diren gainerako baliabideen bidez egiten denean.

Erregistro elektronikoak aukera emanen du eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkezteko, eguneko hogeita lau orduetan eta urteko egun guztietan.

Epeak egun baliodun edo naturaletan kontatzeari dagokionez eta interesdunek epeak betetzeaz den bezainbatean, egun baliogabe batean egiten den aurkezpena hurrengo lehen egun balioduneko lehen orduan egintzat joko da, egun baliogabean jasoltzeko berariazko aukera emanen lukeen arau bat dagoenean izan ezik.

16. artikulua. Idazki eta komunikazioen irteera erregistro elektronikotik.

Epea kontatzeari dagokionez, erregistro telematikoan egun baliogabe batean jasotzen den idatzi edo jakinarazpenaren irteeraren oharra hurrengo lehen egun balioduneko lehen orduan jaso dela ulertuko da.

17. artikulua. Egun baliogabeak eta epeen kontaketa erregistro elektronikorako.

1. Erregistro telematikorako eta haren erabiltzaileendako, egun baliogabeen urteko egutegian lurralde nazional osorako ezartzen diren egunak baizik ez dira izanen baliogabe, baita Nafarroako Foru Komunitateko lurralde esparruan eta Cadreitako udalerrian tokiko jaiegun gisa deklaratuak ere.

Egoitza elektronikoan (www.cadreita.es) agertuko dira urte zehatz bakoitzeko egun baliogabeak.

2. Epeen kontaketari dagokionez, erregistro elektronikoa egoitza elektronikoko denbora-zigilatzearen hornitzailearen data eta ordu ofizialek gobernatuko dute; horrek behar diren segurtasun neurriak izanen ditu bere segurtasuna bermatzeko eta ikusgai egoteko. Betiere, epeen kontaketaren hasierako dataren berri eman beharko zaio idazkia, eskaera edo komunikazioa aurkeztu zuenari.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.-Ordenantzaren aplikazioa.

Tramite eta prozedura telematiko berriak bereganatzeko, Cadreitako Udalaren zerbitzu gutunean ezari-ezarian inskribatuko dira; hura haren egoitza elektrinikoaren bitartez egonen da eskura.

Udalaren erregistro elektronikoa, seigarren kapituluan arautua dagoena, ezartzeko baldintza izanen da ahalbide teknologikoak izatea eta aurrekontuetan dirua izatea.

Bigarrena.-Ordenantzaren garapena.

Ordenantza honen edukien arauzko garapena, hartan aurreikusia ez dagoen orotan, Alkatetza Udalburutzaren dekretuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz eginen da; Osoko Bilkurari horien berri emanen zaio.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1103030