45. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

132/2011 EBAZPENA, urtarrilaren 21ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena, aldekoa, Larragako Udal Planak "Los Pinos" banaketa eremuan izanen duen aldaketa egituratzaileari buruz. Sustatzaileak Conrado García Napal eta Miguel Angel Suescun López dira.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 31.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, udal plan orokorren aldaketek, lurzoru urbanizaezina ukitzen dutenean, Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, aldaketak onestearekin batera edo lehenago.

Larragako Udalak, 2008ko martxoaren 28an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Larragako Udal Planak "Los Pinos" banaketa eremuan izan beharreko aldaketa, eta espedientea jendaurrean jarri zuen, 2008ko 87. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 16an, iragarkia argitaratuz. Jendaurreko aldian ez zen alegaziorik jaso.

Udal Planaren aldaketaren xedea da Los Pinos izeneko banaketa eremua mugatzea, 707B, 708 B eta C lurzatiak eta 763. lurzatiko herrilurraren parte bat gehitu ondoren (denak 2. poligonokoak), gehienez 16 etxebizitza eraikitzeko. Hiri lurzorua handitzeak hiri sareari jarraipena ematea eta herrigunea ipar-mendebalderantz ixtea dakar. Banaketa eremua osatzen duten lurzatiak 708A eta 707A hiru lurzoru gisa sailkatutako lurzatiak dira, eta gaur egun lurzoru urbanizaezin generiko gisa sailkatuak, 707B, 708 B eta C eta 763. lurzatia, lurzoru urbanizagarri gisa sailkatuko lirateke.

Proposamenaren eremua iparretik hegorantz doan muino txiki baten ipar-ekialdeko norabidean dago. Mendebaldean eta iparraldean Pinar kalea eta San Andrés kalea ditu muga, eta ipar-ekialdean eta ekialdean, berriz, landatutako pinudi bat (Pinus halepensis). Gaur egun nekazaritzarako erabiltzen diren lurzatiak bi terrazatan kokatuta daude eta bien mailen artean alde handia dago, 5 m-koa ere izan baitaiteke kota desberdintasun handieneko tokian.

Aldaketak planteatzen du jatorrizko erliebea aldatzea eta lurzatiaren azalera homogeneizatzea, bi etxebizitza lerro eraikitzeko Pinar kalearen parean, eta tartean bereizte bide bat, San Andrés kaletik proiektatua.

2008ko abuztuaren 21ean, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, Larragako Udal Planaren aldeketaren inguruan aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, txosten bat egin zuen eta haren bidez sustatzaileari eskatu zion Ingurumen ondorioen azterlana osa zezala.

2010eko irailaren 20an, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan aurkeztu zen eskatutako dokumentazioa.

Ingurumen ondorioen azterlanak ingurune fisikoaren deskribapen labur bat jasotzen du, bai eta ingurumenaren gaineko ondorioak gutxitzeko neurriak ere, batez ere paisaiaren gaineko ondorioei dagokienez. Aipatzekoa da, besteak beste (7.12 puntuko araudia), debekatuta dagoela 0,50 metrotik gorako eustormak egitea, baita 1,50 metrotik gorako harri-lubetak ere, eta argiteria Argiteria Gaueko Ingurumena Babestearren Antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legearen eta hori garatzeko erregelamenduaren (irailaren 17ko 199/2007 Foru Dekretua) arabera egokitu dela.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txosten baten bidez adierazi du zein den prozeduraren garapena, eta uste du dokumentazioak egokiro baloratzen duela proposamenean ageri den ingurumenaren gaineko eragina.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpena egitea, aldekoa, Larragako Udal Planak "Los Pinos" banaketa eremuan izanen duen aldaketa egituratzaileari buruz. Sustatzaileak Conrado García Napal eta Miguel Angel Suescun López dira.

2. Ingurumen ondorioen adierazpen hau onesteko, ingurumen arloko alderdi hauek sartu beharko dira banaketa eremua garatuko duen urbanizazio proiektuan:

-Ingurumen ondorioen azterlanean identifikatutako zuzenketa neurriak sartuko dira paisaiaren integrazioari dagokionez, batez ere urbanizatu beharreko lurzoruaren eta ondoko espazioaren (lurzoru urbanizaezina) arteko ukipen eremuetan. Maila aldaketak, ahal dela, gehienez ere 2 horizontal 1 bertikal malda izanen duten lurrezko ezpondekin eginen dira.

-Eremu horretako iparraldeko eta ekialdeko arboladiak mantendu eginen direla bermatuko da, esparru horretako eremu libreen artean sartuz.

-Indusketako lurrak kudeatzean lehentasunezkoa izanen da ahalik eta gutxien izatea, berrerabiltzea eta aldaketaren esparruan bertan konpentsatzea; horretaz gainera, zabortegi baimendu batera eraman beharko dira soberakinak.

-Sustatzaileak Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (Kultura eta Turismo Departamentua) txosten arkeologikoa eskatu beharko dio. Txosten hori Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalean aurkeztuko da, obrak hasi aurretik.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 34. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Larragako Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko urtarrilaren 21ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1101605