45. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

21/2011 EBAZPENA, urtarrilaren 26koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak abuztuaren 28ko 688/2009 Ebazpenaren bidez emandako Ingurumen ukipenetarako baimena aldatzen duena. Baimen hura eman zen "Aderizko Jaurerriko (Nafarroa) finkak hobetzeko hondakin inerteak botatzeko 2009ko proiekturako" Sustatzailea Joaquín Elizalde Urdánoz da.

2011ko urtarrilaren 19an, Joaquín Elizalde Urdánoz jaunak ebazpen honen idazpuruan azaltzen den espedienteko Ingurumen ukipenetarako baimena aldatzeko eskaera egin zuen. Eskaerarekin batera, "Aderizko Jaurerria (Nafarroa) 2009" Finkak Hobetzea eranskineko dokumentazio teknikoa aurkeztu zuen. Nekazaritzako topografiaren hobekuntza bukatzeko material ekarpenaren aldi baterako luzapenerako eskaera, 688/2009 Ebazpenari loturik.

2009ko proposamenean ageri zen Ezkabarteko katastroko 9. poligonoko 108., 150. eta 153. lurzatien aldaketa topografikoa, indusketako 467.000 m³ lur soberakin bota eta zabalduz, azkenik 2009ko abuztuan tramitatutako dokumentazioarekin batera aurkeztutako kartografiaren arabera. Horrek ekarri zuen 6 bat hektarea okupatzea, gehienez ere 15 m-ko lodierarekin. Kartografian eremu horren hedadura eta amaierako lehengoratzea azaltzen ziren. Proposamena gauzatzeko epea, baimenean jasotakoaren arabera, 2009ko urriaren 31 zen.

Hala ere, sustatzaileak adierazi du 2009an, azkenik, 204.500 m³ lur bakarrik bota zirela eta lurrez betetako eremua desegonkortzeko arriskuarekin gelditu zela, azkeneko lanak presaka egin zirelako. Tramitatutako dokumentazioan hasiera batean adierazitako moduan, berriz ezarri da Aderiztik Makirriainera doan bide zaharra.

2010eko udan, sustatzaileak eremua berregokitzeko lanak hasi zituen, eta, besteak beste, 18 m-ko zabalerako zerrenda bat trinkotu zuen beheko aldean, jarduketa osoa eta betelanerako proposamen berria egonkortzeko.

Aldaketarako proposamenak berarekin dakar 2009an tramitatutako hobekuntza topografikoaren proiektuari berriz heltzea (indusketako lur soberakinak botatzea). Gaur egun lur eremu horrek duen %20ko malda %15era jaitsi nahi da, 2009ko proiektuan erabilitako alorren 25.000 m²-tan, gutxi gorabehera. Horiek Aderiztik Makirriainera joateko bide zaharra berriz ezartzeko ireki den bidearen hegoaldean eta NA-4211 errepidearen iparraldean daude.

Espedientea osaturik dago eta nahikoa da, eta bertan dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 28ko 688/2009 Ebazpena aldatzea. Haren bidez, Ingurumen ukipenetarako baimena eman zen, zenbait baldintzarekin, "Aderizko Jaurerriko (Nafarroa) finkak hobetzeko hondakin inerteak botatzeko 2009ko proiekturako", Joaquín Elizalde Urdánozek sustaturik. Aldaketa eginen da sustatzaileak berak "Aderizko Jaurerria (Nafarroa) 2009" Finkak Hobetzea eranskineko dokumentazioan 2011ko urtarrilaren 19an aurkeztutako amaierako topografiaren arabera. Nekazaritzako topografiaren hobekuntza bukatzeko material ekarpenaren aldi baterako luzapenerako eskaera egin da, 688/2009 Ebazpenari loturik.

2. Aldaketa hori 2011ko urtarrileko dokumentazio berrian proposatutako zuzenketa neurriak eta lehengoratze neurriak betetzearen mende dago, eta baldintza hauek bete beharko dira:

-Eremu horretara eramaten diren landare lurrak 9. poligonoko 153. finkaren goi aldeetan pilatuko dira, bidearen hegoaldean, lanen amaieran lehengoratzea egiten denean hedatzeko.

-Betelana ez da eginen lurrak maldaren norabidean botaz, baizik eta behetik gora. Kamioiek, hasieran, lurzatiaren beheko aldean botako dute lurra, lur trinkotuko 15 m-ko zerrendan. Han hedatu eta trinkotu eginen da, horretarako behar diren makinak erabiliz. Lurrak jasotzen dituen eremu horrek geruzaz geruza eginen du gorantz, lurzatiaren iparrerantz, metodo horren bidezko ekarpena bideragarria bada, lurrak egonkortuz betiere.

-Jarduketaren bukaeran, bertako belar espezieak ereinen dira edo hidroereintza eginen da plataforma berriaren iparraldean eta mendebaldean sortzen den ezponda berrian.

-Ezin izanen da hondakin inerterik erabili proiektu honetan agertzen den betelanean.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimen aldatua eskuratzeko, ezinbestekoa da 30.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, horiek konpondu edo murriztuko direla bermatzeko, kontuan izanik Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 109. artikulua.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazioek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hura jakinarazi eta hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau sustatzaileari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Ezkabarteko Udalari igortzea.

Iruñean, 2011ko urtarrilarern 26an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1101600