45. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

52/2011 EBAZPENA, urtarrilaren 14koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, ezartzen duena beste autonomia erkidego batzuetan bizi diren pazienteen errezetak finantzatzea ez dela bidezkoa, salbu hona lekualdatutako pazienteen edo iragaitzazko bidaiarien kasuetan.

Azken urteetan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua ohartu da beste erkidego batzuetako errezeta asko fakturatzen direla Nafarroako udalerrietako farmazietan.

Farmaziako prestazioaren barnean daude botikak eta osasun produktuak, eta gaixoek halakoak beren behar klinikoei egokiturik jasotzeko jarduketak, banakoaren beharren araberako dosi zehatzetan, epe egokian eta haiek eta erkidegoak kostu txikiena izateko moduan. Prestazio hori Osasun Sistema Nazionaleko ohiko zerbitzuen zorroa ezartzen duen irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuaren V. eranskinean dago, eta hartan xedatutakoaren arabera arautuko da, baita Sendagaien eta Osasun Produktuen Bermeei eta Erabilera Arrazionalari buruzko uztailaren 26ko 29/2006 Legearen eta aplikatzekoak diren xedapenen arabera ere.

Osasun Sistema Nazionalaren Kohesio eta Kalitateari buruzko 16/2003 Legearen 4. artikuluko b) eta c) ataletan, aitortzen da herritarrek badutela eskubidea osasun laguntza egoiliar diren erkidego autonomoan jasotzeko, eta lekuz aldatzen direnean osasun zerbitzua dagokion autonomia erkidegoan jasotzeko, baita iragaitzazko bidaiariek ere, legeria orokorrean eta aplikatzekoak diren lankidetza eta nazioarteko hitzarmenetan aurreikusitako moduan eta baldintzetan.

Sistema Nazionalaren Kohesio eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 57. artikuluak osasun txartela arautzen du, eta hura garatzen duen 183/2004 Errege Dekretuaren 2. artikuluak adierazten du norbanakoaren osasun txartelak balio duela laguntzarako eta farmaziako prestazioetarako eskubidea identifikatzeko eta egiaztatzeko, norbera egoiliarra den erkidegoko osasun administrazioaren aurrean, eta titulu beharrezkoa eta nahikoa dela administrazio horrek ematen dituen zerbitzuak eta osasun prestazioak eskuratzeko, baita erkidegoetako gainerako osasun zerbitzuak eskuratzeko ere, erkidego batetik besterako lekualdaketetan.

Arautze horrekin bat, Nafarroako Foru Komunitatean egoiliar izatea ezinbesteko baldintza da komunitate honetako osasun administrazioak ematen duen farmaziako prestazioa eskuratzeko.

Farmaziako prestazioen ondorioetarako, norberak ohiko bizilekua duen autonomia erkidegoa da norbera egoiliar den autonomia erkidegoa, hala eratortzen baita Sistema Nazionalaren Kohesio eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 4 b) eta c), 32.2 eta 71 g) artikuluetatik, eta haren zioen azalpenetik, baita 183/200 Errege Dekretuaren 2.1 artikulutik eta Osasun Kohesio Funtsa arautzen duen urriaren 20ko 1207/2006 Errege Dekretuaren 2. artikulutik ere.

Espedientean sartu diren txosten tekniko eta juridikoak azterturik.

Uztailaren 3ko 45/2006 Foru Dekretuan emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Xedatzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ez dituela finantzatuko Nafarroako Foru Komunitatean egoiliar ez diren pazienteei egindako edo emandako botika-errezetarik, salbu hona lekualdatutako pazienteen edo iragaitzazko bidaiarien kasuan.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua ematea.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialari, Administrazio eta Kudeaketarako Zuzendariordetzari, Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzari, Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzako Farmazia Prestazioen Zerbitzuari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Araubide Juridikoaren Zerbitzuari, eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Osasun Laguntzaren Zerbitzuari.

Iruñean, 2011ko urtarrilaren 14an.-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Carlos Garde Celigueta.

Iragarkiaren kodea: F1100891