44. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

298/2011 EBAZPENA, otsailaren 22koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Castejongo udal mugapean 800 MW-eko ziklo konbinatuko zentral termiko batean energia elektrikoa ekoizteko instalaziorako. Eléctrica de la Ribera del Ebro S.A.k (Elerebro, S.A.) sustatu du.

Espediente mota: Ingurumen baimen integratua.

Espedientearen kodea: 283/09.

Aplikatu beharreko araua: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea.

Eranskina eta epigrafea: 2B - 1.1.b

Instalazioa: Ziklo konbinatuko zentral termikoa.

Titularra/k: Eléctrica de la Ribera del Ebro, S.A. (Elerebro).

Zentroaren zenbakia: 3107000894.

Kokalekua: "Castejón" Eskualdeko Industrialdea.

UTM koordenatuak (Huso 30N, Datum ED50): X = 607.971; Y = 4.670.544.

Udalerria: Castejón

Eskaeraren data: 2009/7/31.

2009ko uztailaren 31n, Elerebro, S.A.k Ingurumen baimen integratua eskatu zuen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, Castejongo Ziklo Konbinatuko 800 MW-eko Zentral baterako. 400 MW-eko bi multzok osatzen dute zentral hori.

Instalazio hori Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 2B eranskineko 1.1.b) epigrafean jasota dago, "300 MW-etik gorako potentzia termikoa duten errekuntza instalazioak" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren araubidearen menpe dago. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Halaber, instalazio hori Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 1.1.a) epigrafean dago jasota ("Energia elektrikoa erregimen arruntean zein erregimen berezian ekoizteko instalazioak, non erregai fosilak, hondakinak zein biomasa erretzen diren"). Hortaz, Ingurumen baimen integratua behar du, aipatutako legean aurreikusitako prozedurarekin bat.

Halaber, instalazio proiektu hau sarturik dago Ingurumenaren Gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren I. eranskineko 3. taldeko b) Lehena atalean (legegintzako errege dekretua maiatzaren 8ko 6/2001 Legeak aldatu zuen), eta beraz, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren araubidearen mende jarri da.

Ziklo Konbinatuko Zentral Termikoak 400 MW-eko bi multzo ditu, 1. multzoa eta 3. multzoa (lehen "2. multzoa" deitu zitzaion) izenekoak. Eginak daude, eta martxan.

2000ko martxoaren 24ko Ebazpenaren bidez, Ingurumen Ministerioko Ingurumen Idazkaritza Nagusiak 1. multzoaren Ingurumen eraginaren adierazpena egin zuen (2000. urteko 101. Estatuko Aldizkari Ofiziala, apirilaren 27koa), proiektua ingurumenaren aldetik bideragarria zela ulertuta.

2005eko apirilaren 18ko Ebazpenaren bidez, Ingurumen Ministerioko Kutsadurari eta Klima Aldaketari Aurrea Hartzeko Idazkaritza Orokorrak 3. multzoaren Ingurumen eraginaren adierazpena egin zuen (2005eko 129. Estatuko Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 31koa), zentral termikoa handitzeko proiektua ingurumenaren aldetik bideragarria zela ulertuta.

2010eko uztailaren 16an, Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioak txostena egin zuen, eta hartan adierazi zuen 1. eta 3. multzoei buruz egindako Ingurumen eraginaren adierazpenak indarrean zeudela.

Baimen horren barnean dago isurketak Ebro ibaira botatzeko baimena, Uren Legearen Testu Bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarriarekin bat; horren ondorioetarako, isurketak egitearen gaineko onargarritasunari buruzko txostenaren edukia erantsi da. Txostena Ebroko Ur Konfederazioak eman zuen.

Industria establezimendua ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan dago. Gai arriskutsuak tarteko diren kasuetan istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen dekretu horrek.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduan (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsia) ezarritakoarekin bat tramitatu da espedientea, eta prozeduran sartu dira urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusi ziren ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.

Egin den tramitazio administratiboaren laburpena ebazpen honen IV. eranskinean dago eta, V. eranskinean, sustatzaileak entzunaldi tramitean egindako alegazioei emandako erantzunak. Ez da proiektuari buruzko alegaziorik aurkeztu jendaurrean egon den denboran.

Ingurumenaren arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendariaren, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten dituen urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen baimen integratua ematea Castejongo udal mugapean 800 MW-eko ziklo konbinatuko zentral termiko batean energia elektrikoa ekoizteko instalaziorako. Sustatzailea Eléctrica de la Ribera del Ebro S.A. (Elerebro, S.A.) da.

2. Jarduera hori Ingurumen baimen integratuaren eskaeraren oinarrizko proiektuan eta 283/09 espediente administratiboko gainerako agirietan aipatzen diren baldintzei jarraikiz garatu beharko da, betiere ebazpen honen II., III. eta IV. eranskinetako neurriak betez.

3. Ingurumen baimen integratu honek zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 30. artikuluko administrazio prozedurarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen. Zehazki, titularrak hondakin uren isurketen ezaugarri gaurkotuei buruzko azterlan teknikoa aurkeztu beharko du eta, kasua bada, neurri zuzentzaileak hobetzea proposatu, Ebroko Ur Konfederazioak isurketei buruzko beste txosten bat egin dezan.

4. Ingurumen baimen integratu honi lotutako isurketa baimenak bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketek aldian-aldian indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen badituzte. Indarraldi honetan zehar legeriak isurketa baimenetarako epe handiagoa ezarriko balu, ez litzateke eragozpen teknikorik izanen hasierako epea arauak ezartzen duen gehieneko eperaino automatikoki zabaltzeko. Nolanahi ere, legeek ezarritako kasuetan, Ebroko Ur Konfederazioak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio Ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko (uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 26. artikulua eta uztailaren 2ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua). Salbuespenezko kasuetan, lehorteengatik edo muturreko egoera hidrologikoengatik, arroko erakundeak isurketa baldintzak aldatzen ahalko ditu kalitate helburuak bermatzeko. Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriz ez betetzea isurketarako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.

5. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.

6. Instalazioa hondakin arriskugarrien ekoizleen erregistroan inskribatzea 15P01070008942011 erregistro zenbakiarekin. Sortzen ahal dituen hondakin arriskugarriak Ingurumen baimen integratu honen III. eranskinean jaso dira. Hondakin arriskugarrien sorreran egiten diren aldaketak jakinarazi egin beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatutako III. eranskinean sartzeko.

7. Hondakin arriskugarriak ahalik eta gehien gutxitzeko azterlana onestea, ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat. Azterlaneko neurriak titularrak aurkeztutako dokumentazioan sartu dira.

8. Ebazpen hau jakinarazi eta hiru hilabeteko epean, instalazioa irekitzeko baimena eskatu beharko du titularrak, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 40. artikuluan eta ebazpen honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

10. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

11. Ebazpen hau jakinaraztea Eléctrica de la Ribera del Ebro S.A.ri, Castejongo Udalari, Ebroko Ur Konfederazioari, Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioari, Nafarroako Gobernuaren Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari, Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren Energia Politika eta Meatzeetarako Zuzendaritza Nagusiari, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Energiaren, Meatzaritzaren, Telekomunikazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren Babes Zibilerako Zuzendaritzari, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko otsailaren 22an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas, 9-behea), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1103561