42. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

6E/2011 FORU AGINDUA, otsailaren 21ekoa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, irabazi asmorik gabeko entitateei Gizarte Integraziorako Etxebizitzen (GIE) eta Gizarte Integraziorako Errentako Etxebizitzen (GIEE) Programaren funtzionamendu gastuetarako diru-laguntzak emateko 2011. urteko deialdia onesten duena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak ezartzen duenez, botere publikoen jarduketek funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste, gizarte zerbitzuen arloan: pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, partaidetza eta integrazioa bultzatzea gizartean, politikan, ekonomian, lan arloan, kulturan eta hezkuntzan, autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena bultzatzea, kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea, pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartzea eta haietaz arduratzea, eta gizarteak eta, bereziki, talde ahulenen entitate ordezkariek behar sozialak konpontzen parte har dezaten bultzatzea.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onetsi zen. Bertan, gizarte integraziorako etxebizitzak eskuratzeko laguntzak gizarteratze arloan bermatu gabeko prestaziotzat jotzen dira.

Arau horretako aurreikuspenek bat etorri behar dute Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legekoekin. Foru lege horretan, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik emandako diru-laguntzei dagokien araubide juridiko orokorra ezarri da. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, halako jarduerak egiten dituztenek eta deialdiaren xedeko egoeran daudenek aukera izan dezaten diru-laguntza eskuratzeko.

Urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuak, etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak eta etxebizitzetarako eraikinen sustapena arautzen dituenak, bere III. eta IV. kapituluetan gizarte integraziorako etxebizitzen araubidea eta integrazio sozialeko etxebizitza babestuak sustatzeko laguntza ekonomiko orokorrak arautzen ditu.

Deialdi honen helburua da Gizarte Integraziorako Etxebizitzen Programaren funtzionamenduko gastuetarako diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea.

Deialdi honek bide ematen die entitate interesdun guztiei berdintasunez parte har dezaten eta, era berean, bermatzen du diru-laguntzak irizpide objektiboei jarraituz emanen direla. Irizpide horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gizarte politika orokorraren esparruan ezartzen dituen jarraibideekin bat lehenetsiko dira, Nafarroako Parlamentuak 1999ko otsailean onetsi zuen Gizarte Bazterketaren aurkako Planaren edukiaren arabera.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoak ikusita, hurrenez hurren adierazten dute diru-laguntza hauek egokiak eta interes publikokoak direla, eta deialdia eta bere oinarri arautzaileak legezkoak.

Halaber, deialdia PFEZeko %0,7ko Funtsetik ateratako funtsez hornitutako kontu-sail baten bidez finantzatuta dagoenez (Foru Komunitateko zergadunek gizarte-intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen %0,7 arautzeari buruzko ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legeak ezartzen duen moduan), Gizarte Ongizateko Kontseiluak aho batez onetsi du, 2010eko abenduaren 17ko bilkuran, deialdiaren oinarri arautzaileen egokitasuna.

Gobernuak, 2011ko urtarrilaren 24ko Erabakiaren bidez, baimena eman zion Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari irabazi asmorik gabeko entitateei Gizarte Integraziorako Etxebizitzen Programaren funtzionamendu gastuetarako diru-laguntzak emateko deialdia tramitatzeko, banakako ebaluazio araubidean.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Irabazi asmorik gabeko entitateei Gizarte Integraziorako Etxebizitzen Programaren funtzionamenduko gastuetarako diru-laguntzen 2011. urteko deialdia onestea. Oinarri arautzaileak foru agindu honen eranskinean daude.

2. 368.500 euroko gastua baimentzea, 2011ko aurrekontuko "PFEZeko %0,7ko funtsa. GIE eta GIEE programaren entitate laguntzaileei diru-laguntzak ematea" izeneko 900003 91600 4819 231604 kontu-sailaren kargura.

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

368.500,00

G/900003/4819/231604: PFEZeko %0,7ko funtsa. GIE eta GIEE programaren entitate laguntzaileei diru-laguntzak ematea

2011

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

5. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi izanen dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2011ko otsailaren 21ean.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Irabazi asmorik gabeko entitateei Gizarte Integraziorako Etxebizitzen Programaren funzionamenduko gastuetarako 2011n diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak

1.-Xedea.

Deialdi honek xedea du 2011n irabazi asmorik gabeko entitateei Gizarte Integraziorako Etxebizitzen Programaren funzionamenduko gastuetarako diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea.

Diru-laguntza horien bidez aipatutako entitateen gastuak, Gizarte Integraziorako Etxebizitzen Programarako langileei eta funzionamenduari dagozkionak, finantzatuko dira, erosketaren, zaharberritzearen, alokairuaren eta alokairu publikoa lortzearen modalitateetan.

2.-Jarduketa eremua eta helburua.

Diru-laguntzen xedeko proiektuak eta jarduketak Nafarroako Foru Komunitatean garatuko dira eta horien helburua izanen da Gizarte Integraziorako Etxebizitzen Programa garatzea.

3.-Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskuratzen ahal dituzte baldintza hauek betetzen dituzten gizarte ekimeneko entitateek:

a) Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuko Gizarte Zerbitzuen Erregistroan inskribatuta egotea.

b) Irabazi asmorik ez izatea.

c) Sozietatearen helbidea edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroan izatea.

d) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea.

e) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako gainerako debekuetatik kanpo egotea.

f) Gizarte Integrazioko Etxebizitzen Programaren laguntzaile gisa kalifikatuak izatea eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuarekin eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuarekin lankidetza hitzarmena sinatua izatea.

Aipatutako baldintza horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta lagundutako jarduerak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.

4.-Eskabideak aurkeztea.

4.1. Eskaerak aurkezteko tokia.

Entitate interesdunek eskaera bat aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu den ereduaren arabera. Eredua Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko bulego nagusietan (González Tablas, zk.g.) eta erakunde beraren web gunean (www.cfnavarra.es/BienestarSocial) eskuratzen ahalko da.

Eskaera entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinaturik aurkeztu beharko da. Aurkezpen hori 2011ko ekitaldiaren barnean egin beharko da.

Eskaerak aurkeztuko dira Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Erregistroan (González Tablas, 7, 31005 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako tokietako edozeinetan.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen. Gainera, entitate interesdunak, egun berean, telefax baten bidez jakinarazi beharko dio Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari eskaera igorri duela.

4.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerak horretarako ereduaren arabera prestatuko dira eta entitatearen ordezkariak behar bezala izenpetuko ditu. Haiekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Entitatearen estatutuak.

b) Helbidea Nafarroan duela edo, bestela, Foru Komunitatean ordezkaritza iraunkorra duela frogatzen duen agiria.

c) Eskaera sinatzen duen ordezkariari emandako ahalordea frogatzen duen agiria eta haren nortasun agiri nazionala.

d) Entitatea erregelamenduz dagokion erregistroan inskribatuta dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

e) Identifikazio fiskaleko txartela.

f) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, adierazten duena entitatea, administratzaileak eta ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debekuetatik kanpo daudela. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

g) Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 8. idatz-zatian eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 9. artikuluko 4. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, ez dira a), b), c), d), e) eta h) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharko Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badituzte edo administrazio horrek lehendik dauzkan datuak badira. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren adierazpen bat egiten ahalko da inguruabar hori azaltzeko, datuak zein espedientetan dauden azalduta.

Prestatutako eredu normalizatuan ezarritakoaren arabera aurkeztu beharko da eskaera eta, hura osatzeko, interesgarritzat jotzen dituen beste agiri batzuk aurkezten ahalko ditu entitate interesdunak.

4.3. Eskabideko akatsak zuzentzea.

Eskaerak ezarri diren baldintzak betetzen ez baditu edo harekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ez badira, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan xedatu bezala.

5.-Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Gizarteratze Atalari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaileotan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, atal horretaz ari da.

Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri arautzaile hauetan ezarritako irizpide eta moduak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak diru-laguntzak emateko prozedura ebatziko du.

6.-Diru-laguntzaren zenbatekoaren ebaluazioa eta esleipena.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioko araubidearen bidez tramitatuko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legean xedaturikoarekin bat.

6.1. Gizarte Integrazioko Etxebizitzen programaren funzionamenduko gastuetarako diru-laguntzak emanen dira, 368.500,00 euro, 2011ko aurrekontuen "PFEZeko %0,7ko funtsa. GIE eta GIEE programaren entitate laguntzaileei diru-laguntzak ematea" izeneko 900003 91600 4819 231604 kontu-sailaren kargura, edo ekitaldi horretan gaitzen den antzeko kontu-sailaren kargura, betiere horretarako krediturik bada.

6.2. Ebaluazioa egiteko irizpide hauek erabiliko dira:

a) Entitate bakoitzerako diru-kopuru bat ezarri da, sei jarduketa modalitateetan kudeatzen diharduten profesionalen orduen zenbatekoaren arabera:

a.1) Aurreikusiriko etxebizitzak erosteko jarduketak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak eta gizarte ekimeneko entitateek 2011rako izenpeturiko lankidetza hitzarmenean xedaturikoaren arabera:

75 ordu 2011. urterako eskatzen den etxebizitza bakoitzeko.

60 ordu 2010. urtean aldeko txostena jaso eta aurten Etxebizitza Departamentuaren oniritzia lortzen duen espediente bakoitzeko.

a.2) Egoitza bazterketak larri ukituriko familiei VINSA sozietate publikoaren alokairu programan sartzeko erraztasunak emateko jarduketak.

20 ordu 2011rako hitzartutako etxebizitza bakoitzeko, eta sei ordu hilean Etxebizitza Departamentuak espedienteari oniritzia eman ondoren, akonpainamendu sozial gisa. 2010. urtean aldeko txostena jaso eta ekitaldi honetan oniritzia aurreikusita duten etxebizitzen kasuan, 15 ordu etxebizitza bakoitzeko, eta sei ordu hilean oniritzia jaso ondoren.

a.3) VINSA sozietate publikoaren alokairu programan sartu diren familien akonpainamendu sozialerako jarduketak, entitatearen kudeaketaren bidez.

72 ordu 2010. urtean programan sartutako etxebizitza bakoitzeko, kontratua indarrean bada.

48 ordu 2009. urtean programan sartutako etxebizitza bakoitzeko, kontratua indarrean bada.

a.4) Entitatearen kudeaketaren bidez hiru urte hauetan etxebizitza erosi duten familiei laguntzeko jarduketak:

Urteko eta etxebizitzako ordu hauek ezartzen dira:

-2008. urtean: 12 ordu etxebizitza bakoitzeko.

-2009. urtean: 16 ordu etxebizitza bakoitzeko.

-2010. urtean: 20 ordu etxebizitza bakoitzeko.

a.5) Alokairuko etxebizitzetan bizi diren familiei laguntzeko jarduketak, haien titulartasuna entitatearena bada:

Jarduketa hauetan akonpainamendu sozialaren denbora 5 urtera zabaldu da. Urteko eta etxebizitzako ordu hauek ezartzen dira:

-2006. urtean: 24 ordu etxebizitza bakoitzeko.

-2007. urtean: 24 ordu etxebizitza bakoitzeko.

-2008. urtean: 24 ordu etxebizitza bakoitzeko.

-2009. urtean: 32 ordu etxebizitza bakoitzeko.

-2010. urtean: 40 ordu etxebizitza bakoitzeko.

a.6) Etxebizitzak zaharberritzeko jarduketak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, Nafarroako Mendekotasun Agentziak eta gizarte ekimeneko entitateek 2011rako izenpeturiko lankidetza hitzarmenean xedaturikoaren arabera.

40 ordu 2011. urtean zaharberritu beharreko etxebizitza bakoitzeko.

2011rako ordu bakoitzeko ezarritako diru kopurua 24,89 eurokoa da.

b) Aurreko ataleko etxebizitza bakoitzerako 75 euroko diru-laguntza ezartzen da, entitatearen funtzionamendu gastuetarako. Kontzeptu horretatik kanpo geldituko dira zaharberritzeko utzi diren etxebizitzak.

6.3. Entitate bakoitzerako diru-laguntza kalkulatzeko aurreko irizpideak aplikatuko dira, programa kudeatzen diharduten profesionalen orduen zenbatekoaren eta funtzionamenduko gastuen arabera.

6.4. Deialdirako ezarritako kreditua agortu arte emanen dira diru-laguntzak, eskaeren aurkezpen hurrenkeraren arabera.

7.-Prozeduraren gaineko ebazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaerak jaso eta aztertu ondoren, instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusita, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak ebazpena emanen du diru-laguntzen gainean.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da, eskabidea aurkezten den egunetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera. Emanez gero, diru-laguntzaren helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira.

Hori deusetan galarazi gabe, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko iragarki oholean argitaratuko da (Iruñeko González Tablas kalea, zk.g., 31005 Iruña). Argitalpen horretan deialdia, diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua eta programa, onuradunak, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua adieraziko dira.

Berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutakoarekin bat.

8.-Diru-laguntza ordaintzea.

Honela ordainduko da diru-laguntza: %25, aurrerakin gisa, kontzesioaren ebazpena sinatzen denean; gainerakoa, gastu onargarri gisa aurkezten den justifikazioaren arabera. Entitateak aurrerakin gisa izan dezakeen diru kopurua ez da inoiz %25etik gorakoa izanen.

Azken ordainketarako justifikazioa, justifikazio teknikoaren arabera eginen dena, 2011ko abenduaren 7a baino lehen aurkeztuko da.

Kopurua 60.000,00 eurotik gorakoa bada, entitate onuradunak bankuko abal bat edo antolamendu juridikoan aurreikusitako beste bermeren bat aurkeztu beharko du, aurreratu beharreko kopurua adinakoa betiere.

Aurreko atalean aurreikusitako aurrerakinak emateko beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren berariazko baimena, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.

9.-Diru-laguntzaren justifikazio ekonomikoa eta teknikoa.

a) Justifikazio ekonomikoa: diru-laguntzaren xede den proiektuari aplikatutako gastuen zerrenda; bertan, agiri zenbakia, kontzeptua, igorlea, igorri zeneko data, zenbatekoa eta egiazki pagatu zeneko data adieraziko dira. Zerrenda horrekin batera, gastuaren eta ordainketaren frogagiriak aurkeztuko dira (jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatutako fotokopiak). Banku-laburpenak, gordekinak eta fakturak, jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adieraziko dituztenak, onartuko dira bakarrik egiaztagiri gisa, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Horren bidez fakturazio betebeharrak arautzeko erregelamendua onetsi zen. Jatorrizko fakturak Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian aurkeztu izan balira bezala zigilatuko dira, hartutako diru-laguntza justifikatzearren.

Gastu onargarritzat hartuko dira Gizarte Integraziorako Etxebizitzen Programan aurreikusitako jarduerak garatzeko instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen dituen langile eta funtzionamendu gastuak.

b) Justifikazio teknikoa:

b.1) Etxebizitzaren erosketa:

15 esku-hartze ordu zenbatuko dira urtean zehar, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak aurkeztu eta txostenez lagundutako espediente bakoitzeko, eta entitate bakoitzeko eskatutako etxebizitza kopurua ezarriko da gehieneko gisa.

60 esku-hartze ordu gehiago zenbatuko dira Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren oniritzia jasotzen duen espediente bakoitzeko, espedientea 2011. urtean hasi zuten etxebizitzen kasuan, eta entitate bakoitzeko eskatutako etxebizitza kopurua ezarriko da gehieneko gisa.

60 esku-hartze ordu zenbatuko dira Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren oniritzia jasotzen duen espediente bakoitzeko, 2010. urtean Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak aldeko txostena eman eta urte horretan oniritzia lortu ez zuten espedienteen kasuan.

b.2) GIEE programan sartzea:

15 esku-hartze ordu zenbatuko dira urtean zehar, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak aurkeztu eta txostenez lagundutako espediente bakoitzeko, eta entitate bakoitzeko eskatutako etxebizitza kopurua ezarriko da gehieneko gisa.

5 ordu gehiago zenbatuko dira, 2011ko ekitaldian Etxebizitza Departamentuaren oniritzia jasotzen duten espedienteen kasuan.

Hilean 6 ordu zenbatuko dira Etxebizitza Departamentuaren oniritzia jasotzen duen espediente bakoitzeko.

b.3) VINSA sozietate publikoaren alokairu programan sartzeko aurreko urteetan egindako jarduketen jarraipena: diru-laguntzaren %100 justifikatutzat joko da baldin eta entitateak hiruhileko jarraipenaren txostena aurkezten badu 2010eko aurrekontuen kargura izenpetutako kontratua duten etxebizitzei dagokienez, eta seihilekoa 2009an eskuratuen kasuan.

b.4) Azken hiru urteotan egindako erosketa jarduketen jarraipena, edo alokairu jarduketena, haien titularra, azken bost urteetarako, entitatea denean: diru-laguntzaren %100 justifikatutzat joko da, entitateak azken hiru/bost urteotan erositako/alokatutako etxebizitza bakoitzaren jarraipen txostena aurkezten duenean.

b.5) Etxebizitzen zaharberritzea: proiektua justifikatutzat joko da, entitateak Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan zaharberritzearen txostena aurkeztu izana frogatzen duenean. Gehienez ere, 2011. urterako eskatutako esku-hartzeak hartuko dira kontuan.

Justifikazio teknikoa horrela egiten ez bada, emandako diru-laguntza aurkeztu den dokumentazioaren proportzioan egokituko da.

Justifikazio teknikoa izarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian aurkeztu beharko da 2012ko urtarrilaren 6a baino lehen, diru-laguntzaren azken ordainketa egin ahal izateko.

Proiektua bukatu eta hilabeteko epean, bukatze datatik hasita, entitateak Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian aurkeztu beharko du proiektua gauzatu dela justifikatzeko dagoen dokumentazioa, teknikoa eta ekonomikoa.

10.-Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Diru-laguntza ematea eragin duen programa deialdi honetako oinarri arautzaileen, baldintzen eta betebehar formal eta materialen arabera gauzatzea, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea.

b) Oinarri arautzaileotan aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.

c) Diruz lagundutako entitateek proiektuen zabalkundean eta publizitatean diru-laguntza nork eman duen adierazi beharko dute, uztailaren 2an Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emandako 211/2010 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat. Izan ere, foru agindu horren 2. artikuluaren baldintza orrokorrak eta 4.1 b) artikuluaren berariazko baldintzak bete beharko dituzte.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak onartzea.

e) Entitatearen izaera dela-eta, eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko betebeharrak betetzea.

f) Diru-laguntza hartu eta hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen diru-laguntzaren xede diren proiektuetako bakoitzaren betetze mailaren zenbatekoaren eta nolakoaren gaineko datuak ebaluatzen dituen memoria Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian aurkeztea, horretarako dagoen ereduaren arabera. Eredua Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko bulego nagusietan eta lehen aipatu den web orrian izanen dira entitate interesdunen eskura.

Nahi badu, entitate onuradunak bestelako agiriak, idatziak edo grafikoak, aurkezten ahalko ditu, diru-laguntzaren xede den proiektuaren bilakaera ona bermatzen dutenak.

g) Deialdian eta aplikatzekoak diren legeetan ezarritako kasuetan, hartutako funtsak itzultzea.

h) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

11.-Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

11.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, ez da bidezkoa azpikontratazioa, alegia, beste batzuekin diru-laguntzaren xede den jardueraren hein bateko gauzatzea hitzartzea.

11.2. Hornitzaileen kontratazioa.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, diru-laguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoa 30.000,00 eurotik gorakoa bada, obra egiteko kostuaren kasuan, edo 12.000,00 eurotik gorakoa, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipamendu ondasunen hornidurak edo zerbitzu emateak egiten dituztenean, onuradunak frogatu beharko du emailearen aurrean hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela.

Kasu horietan, entitate onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin gutxienez kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Entitate onuradunak kontsulta tramitearen inguruko dokumentazioa eta eskaintzak gorde egin beharko ditu. Kontu horiek agirien bidez frogatu beharko ditu diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Zenbait enpresari kontsulta egitea ez da beharrezkoa izanen, diru-laguntzaren xedeko gastuen ezaugarrien berezitasunagatik merkatuan hornidura edo zerbitzua ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

12.-Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, Estatukoek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.

Hala ere, zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua. Justifikazio hori entitatearen ziurtagiria aurkeztuz eginen da, eta programarako jasotako diru-sarrerek programak sortutako gastuak ez dituztela gainditzen adierazi beharko da.

13.-Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari.

Salbuespen gisa, diru-laguntzak hartzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, programaren garapena eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak azalduz gero.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi; betiere, diru-laguntzaren xedeko programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, administrazioak onarturik egon ala ez, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da.

14.-Dirua itzultzea.

Programa gauzatzen ez bada edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak bete ezik, hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza korrituak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedurak aipatu artikuluan xedatutakoari jarraituko dio eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

15.-Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

16.-Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoak diren administrazio errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

17.-Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaileotan ezarrita dagoenaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak ere aplikatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F1103256