41. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANTZIN

Ordenantza, Estellerrian barna Vasco-Navarro trenaren Bide Berdearen erabilera eta funtzionamendua arautzen dituena

Antzingo Udalak, 2010eko azaroaren 16an egin osoko bilkuran, behin betikoz onetsi zuen aldaketa Estellerrian barna Vasco-Navarro trenaren Bide Berdearen erabilera eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan.

Espedientea jendaurrean paraturik (2010eko 149. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 8koa), inork ez du alegaziorik aurkeztu; beraz, hura behin betikoz onetsitzat har daiteke.

Ordenantza osoa ematen da ondotik, onetsitako aldaketak sartuta.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Antzinen, 2011ko otsailaren 11n.-Alkatea, Francisco Javier Lizarraga Mansoa.

SARRERA

Vasco Navarro trenaren bide berdeak, Estellerrian barna pasatzean, 3km luze ditu lehen tarteunean, Lizarrako udal mugapean, eta 14km, bigarrenean, Murietako Udaletxetik Zuñigaraino. Ibilbide horrek osatzen du, gaur egun, bide berdetako berreskuratutako tarteunea, Gasteiz eta Lizarra batzen zituen trenbide zaharretik.

Bide horren kudeaketa errazteko, 2008an eratu zen Vasco Navarro Trenaren Bide Berdearen Elkartea, jarduera eremua Estellerrikoa duena; une hauetan elkartekide hauek ditu: Jurramendiko Mankomunitatea, TEDER elkartea, Lizarrako, Murietako, Antzingo eta Zuñigako Udalak eta Acedoko eta Mendilibarriko Kontzejuak. Elkartea irekia dago entitate publiko eta pribatuen partaidetzara, hala nahi badute.

Bide berde honek aukera ematen du hainbat natur eta kultur alderdi ikuskatzeko, hala nola Lokiz mendilerroaren adarrak, Lasiako sakaneko natur erreserba, bidezidor franko eta ureztalurretako ibarrak, natur korridore honen landaretza eta fauna ohikoa, lehengo trenbideko eraikinak eta geltoki zaharberritu ugariak, Arquijasko bidezubia, Uraren dorrea, hemengo herriak eta jendeak, haietan nagusitzen dela Lizarra hiria, Lizarrako Merindadeko herriburua. Xedea du jendeak erabiltzea, komunikabide gisa, helburua aisia, kirola, josteta, kultura eta ingurumenaren babesa izanik.

Vasco Navarroaren lehengo trenbidea bide berdetako erabil dadin egokituta, Vasco Navarro Trenaren Bide Berdearen Elkarteak helburu hauek ezarri ditu:

-Vasco Navarro trenaren bide zaharrari modu orokor eta jasangarrian bulkada ematea Estellerrian pasatzean.

-Vasco Navarro trenaren bide berdea erabiltzeko baldintza hoberenetan mantendu eta kontserbatzea.

-Eskualdean bide berdeen tarte berriak abiarazteari bulkada ematea.

-Bide berdeak sortu, sustatu, mantendu, sendotu, askotarikotu, ikuspegi sozio-ekonomikotik eragitera eta bide berdeak nahiz beraiei loturiko herriak garatzera etortzen diren ekintza mota guztiak bulkatzea.

-Vasco Navarro trenaren bide berdearen araudia eta hura erabiltzeko arauak proposatzea.

-Vasco Navarro trenaren bide berdeari loturiko turismoa garatzeko ekintzak eta inbertsioak garatu eta proposatzea.

-Bere xedeak bete beharrez, bertzelako entitate publikoekin zein pribatuekin elkarlanean aritzea.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1.1. Ordenantza honek Vasco Navarro trenaren bide berdearen erabilera, babesa eta funtzionamendua arautzeko esparru komuna ezartzea du xede, bide berde batek berezko dituen erabilerekin bat.

1.2. Bide berde hau udalerri hauetan barna pasatzen da: Lizarra, Murieta, Antzin, Mendaza eta Zuñiga. Bat egiten du izen bereko lehengo trenbidearen trazadurarekin.

1.3. Ordenantza hau Vasco Navarro trenaren bide berdeko lurzoru urbanizaezinari bakarrik aplikatzen zaio, eta ez hiri lurzoruko tarteei.

2. artikulua. Arauen esparrua.

2.1. Ordenantza hau nahitaez bete behar dute Vasco Navarro trenaren bide berdearen erabiltzaileek eta Vasco Navarro Trenaren Bide Berdearen Elkarteko entitate bazkideek eta kideek, eta orobat ondasun publiko honen funtzionamendu eta zainketan nola edo hala eragina izan dezaketen banako edo talde guztiek.

2.2. Estellerrian barna pasatzean, Vasco Navarro trenaren bide berdearen antolamendua eta erabilera honako hauen bidez gobernatuko dira: ordenantza honetan xedatzen dena, toki entitate bakoitzaren gainerako arauak, lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko legeria, ingurumenari buruzkoa eta kasu bakoitzean aplikatzekoa dena.

II. KAPITULUA

Bide berdearen erabilerak

Vasco Navarro trenaren bide berdea honetarako erabiliko da: bide turistikoa eta ekologikoa izanen da, baita kirol bidea ere, senderismoa, paseoa eta zikloturismoa egiteko.

3. artikulua. Erabilera onartuak.

3.1. Oinezkoen, bizikleten eta motorrik gabeko bestelako ibilgailuen joan-etorriak, baita bertzelako garraiobideena, hala nola zaldiena, gehieneko abiadura eta ezarritako bertze baldintzak betez.

3.2. Atsedenguneak eta azpiegituraren erabilera, bide berdearen erabiltzaileen aldetik.

3.3. Nekazaritza, abeltzaintza eta oihaneko jarduerei lotutako ibilgailuak igarotzea, nagusiek beren ustiategira joateko bide berdea erabili behar badute.

Bide berdearen erabilera ezinbertzekotzat jotzen da nekazaritza, abeltzaintza eta oihaneko jarduerekin zerikusia duten ibilgailuentzat, beren tamainari egokitutako bertze biderik ez dutenean.

3.4. Azienden pasaera; bakar-bakarrik kasuan kasuko udalerriak baimentzen dituen bizilagunenak badira.

3.5. Toki entitateek ehiztari elkarte bati, arrantza elkarte bati edo berariaz baimendutako bertze jarduera batzuei emandako erabilera baimen partikularrak.

3.6. Larrialdiko ibilgailuen joan-etorriak.

3.7. Salbuespenez baimentzen ahal diren bertzelako ibilgailuen joan-etorriak une berezi baterako.

4. artikulua. Baimentzen ahal diren erabilerak.

4.1. Erabilera baimenduekin bateragarriak diren kirol probak.

4.2. Erabilera baimenduekin bateragarriak diren aisia eta jostetarako ekintza guztiak.

4.3. Mantentze lanetako eta zerbitzuetako ibilgailuen joan-etorria bide berdean barna.

4.4. Bide berdean edozein motatako eraldatze, bertzelakotze edo aldatzea ekartzen duten jarduketa guztiak, baita esku-hartze guztiak ere, obra egitea edo muntadura paratzea ekartzen badute.

Jarduera horietakoren bat egin nahi duen pertsona edo entitateak idatziz eskatu beharko dio toki entitateari, xehe-xehe adieraziz zer nahi duen, gutxienez ere hamar egun lehenagotik. Erantzunik ez egotea isilbide positibotzat hartuko da.

5. artikulua. Erabilera debekatuak.

Erabilera hauek berariaz debeku dira:

5.1. Bide berdean edozein ibilgailu motordunez zirkulatzea (motoak, motozikletak, autoak, quadak etab.), 3. artikuluan aipatu erabilera baimenduak izan ezik.

5.2. Ibilgailuen joan-etorria, baita motorrik gabeko tramankuluena ere, haien luze-zabalak, pisua edo abiadura direla-eta, erabiltzaileen segurtasuna arriskuan jartzen ahal badute.

5.3. Tunelean barna argirik gabe ibiltzea, baimena duten ibilgailuetan.

5.4. Bide barnean eta haren ezpondetan barna aziendekin ibiltzea, non ez duen espresuki baimendu dagokion toki entitateak.

5.5. Bizikletetarako eta baimendutako bertze ibilgailu batzuetarako ezarritako abiadura mugak gainditzea.

5.6. Tunela aziendendako aterpetako erabiltzea.

5.7. Ehiza.

5.8. Baimenduen artean sartzen ez diren bertzelako erabilera guztiak.

6. artikulua. Bide berdearen erabilera desegokia.

Aurreko artikuluan aipatuekin batera, debekatuen artean sartzen dira bide berdea egoki mantendu eta kontserbatzeko kaltegarriak diren ekintza guztiak, bereziki hauek:

6.1. Bide berdean eta haren bazterretan botatzea hondakin toxikoak edo arriskutsuak, hiri hondakin solidoak, eraispenetako hondakinak, ur zikinak, zaborrak, paperak, plastikoak etab.

6.2. Bide berdeko seinale, hiri hornigarri, atsedengune eta azpiegituren kontra eta orobat landaredia eta faunaren kontra basatiki aritzea, pinturaz zikintzea, puskatzea edo hondamena eragitea.

6.3. Inguruko lurzatietako nekazaritza jardueraren ondoriozko jarduketak, ingurumenaren zainketari edo bide berdeko azpiegituren mantentzeari eragiten badiete.

III. KAPITULUA

Araubide juridiko eta zehapenekoa

7. artikulua. Xedapen orokorrak.

7.1. Elkarte honek eta bera osatzen duten entitatek eginahal bereziak eginen dituzte, bide berdea ondasun publikoa dela kontuan hartuz, bidearen izaera ekologikoa eta txukuntasun irudia mantentzeko, eta, beraz, gogor jokatuko da egoki mantendu eta erabiltzeko kaltegarriak izan daitezkeen ekintzen aurrean, erabiltzaileek berek nahiz bertzelako pertsona edo entitateek eragiten dituztenean.

7.2. Ordenantza honetan xedatua hausten bada, dela eginez dela ez eginez, zehapena jarriko da, kapitulu honetan ezarritakoaren arabera, deusetan ukatu gabe erantzuleek izan dezaketen erantzukizun zibil, penal edo bertzelakoa.

7.3. Erantzukizuna solidarioa izanen da, baldin eta arau-hausleak bat baino gehiago badira eta ezin bada zehaztu haietako bakoitzaren erruduntasun maila.

7.4. Non egiten den arau-haustea, bertako toki entitateari dagokio zehapen ahalmena erabiltzea. Zehapen Ahalmenaz Baliatzeko Prozeduraren Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/93 Errege Dekretuan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

7.5. Bide berdea zaintzeaz arduratzen diren agenteek salatuko dituzte, beren eginkizunetan ari direla, ikusten dituzten arau-hausteak.

8. artikulua. Arau-hausteak.

Bertako zehapen araubidea ezarri da, 1.500 euroko administrazio zehapenik handiena aurreikusten duena, deusetan ukatu gabe, kasu guztietan, arau hausleak egindako kaltea konpontzeko duen obligazioa.

Arau-hausteen sailkapena:

8.1. Arau-hauste oso larritzat joko dira:

a) Bide berdearen erabilera galarazten duten ekintzak eta bidea baimenik gabe okupatzea.

b) Bide berdeko zuhaitzak edo landareak baimenik gabe moztea.

c) Bide berdean sutea eragiten duten eginak edo ez eginak, edo sute arriskua dakartenak, sutea zabaltzen ez bada ere.

d) Bide berdean edo haren bazterretan hondakin toxikoak edo arriskutsuak botatzea.

e) Bide berdean barna ibilgailu motordunez ibiltzea, baimendutako kasuetan izan ezik.

f) Eginez edo ez eginez bide berdean hondamen fisikoa edo ingurumen arlokoa, neurriz handia, eragiten duen bertze edozer.

g) Urte berean bi arau-hauste larri egitea, halakotzat hartu badira ebazpen irmoaren bidez.

8.2. Arau-hauste larritzat joko dira:

a) Bide berdean eta haren bazterretan botatzea hiri hondakin solidoak, eraispenetako hondakinak, ur zikinak eta bertzelako edozein isurkin.

b) Bide berdearen jabari publikoko landareen kontra basatiki jotzea (zuhaitzak, zuhaixkak nahiz bertzelako espezieak).

c) Bide berdeko seinaleen kontra basatiki aritzea, pinturaz zikintzea, puskatzea edo hondatzea.

d) Bide berdeko eta haren atsedenguneetako hiri hornigarrien kontra basatiki aritzea, pinturaz zikintzea, puskatzea edo hondamena eragitea.

e) Bizikleta eta gainerako ibilgailu baimenduendako ezarritako abiadura muga (20 kilometro/ordua) gainditzea.

f) Ibilgailuen joan-etorrietarako ezarritako aginduetariko bat ez betetzea.

g) Oso larrien artean sartzen diren arau-hausteetakoren bat egitea, baldin eta neurria edo kopurua txikia izateagatik oso larriaren kalifikazioa merezi ez badu.

h) Urte berean bi arau-hauste arin egitea, halakotzat hartu badira ebazpen irmoaren bidez.

i) Bide berdean eta haren ezpondetan barna aziendekin ibiltzea, baimenik gabe.

8.3. Hauek arau-hauste arintzat joko dira:

a) Baimenetan ezarritako baldintzak ez betetzea.

b) Larrien artean sartzen diren arau-hausteetakoren bat egitea, baldin eta neurria edo kopurua txikia izateagatik larriaren kalifikazioa merezi ez badu.

c) Ordenantza honetan ezarritako bertzelako edozein agindu, baldin eta ez bada oso larri edo larritzat hartzen, aurreko ataletan aipatzen denari segituz.

9. artikulua. Zehapenak.

9.1. Vasco Navarro trenaren bide berdea ondasun publikoa eta ingurumen eremua denez gero, aurreko artikuluan aipatzen diren arau-hausteak egiten dituztenei ezartzen ahalko zaizkie ondotik aipatzen diren zehapenak. Zehapenaren zenbatekoa erabakitzeko, kontuan hartuko da zein neurritan eragiten duten pertsonen edo ondasunen segurtasunean, nolako egoeran gertatu den erantzulea, haren erruduntasun maila, zenbat aldiz hautsi duen araua, zenbateko parte-hartzea izan duen eta zer onura atera duen ekintzatik.

A atala: Arau-hauste mota: oso larria, 701etik 1.500 eurora bitarte.

B atala: Arau-hauste mota: larria, 301etik 700 eurora bitarte.

C atala: Arau-hauste mota: arina, 60tik 300 eurora bitarte.

Proposatutako zehapenek %50eko hobaria izanen dute, baldin eta interesdunak zehapena onartu eta bere borondatez ordaintzen badu.

9.2. Kasu bakoitzean dagozkion zehapen penal edo administratiboengatik ere, arau-hausleak, gainerakoez gainera, eragindako kaltea ere konpondu beharko du. Halaber, ukituriko toki entitateek konpontzen ahal dute kaltea, subsidiarioki, arau-hauslearen kontura.

9.3. Zehapenengatik jar daitezkeenez aparte, organo eskudunek hertsatzeko isunak ere paratzen ahalko dituzte, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeari jarraikiz, betiere dagokion errekerimenduan aipatzen diren urratsak egin ondotik.

9.4. Ordenantza honetan zehaztutako arau-hausteak direla-eta isuna ezarri bazaie, interesdunek behar den administrazio errekurtsoa aurkez dezakete, arau-haustea ezarri zuen toki entitateari zuzendua.

Iragarkiaren kodea: L1102879