41. ALDIZKARIA - 2011ko martxoaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2128/2010 EBAZPENA, abenduaren 31koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Odietako Udalak sustatzen duen Odietako Udal Plan Orokorrari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3A eranskinaren B) 1. atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrei Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena egin behar zaizkie, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, 2006ko martxoaren 29an, Odietako Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduaren dokumentazioa ikusirik, txosten bat eman zuen, non Ingurumen ondorioen azterlanean sartu eta Hirigintzako Udal Plana egiterakoan integratu beharko ziren ingurumen alderdiak adierazi baitzituen.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat, eta Odietako Udalak 2009ko 127. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 14koan, jarritako iragarkiaren bidez, jendaurrean jarri zen Hirigintzako Udal Plana, hasiera batez onetsi ondoren. Tramitazioak egiteko aldi horretan ez zen ingurumenari buruzko alegaziorik aurkeztu.

Odietako Udal Plan Orokorraren helburu behinenak dira egungo hiri bilbea bermatu eta gordetzea eta hedapen berriekiko lotura egokia izatea, dauden guneetako hiri/landa paisaiari eusteari uko egin gabe, bizitegitarako, ekipamenduetarako eta jarduera ekonomikoetarako lurzoru beharrei erantzutea eta kultur ondarea babestea. Udalerriaren ingurumen balioei dagokienez, honako hauek identifikatzea eta babestea da helburua: Batasunaren intereseko habitatak, Natura 2000 Sarean sarturik dauden eremu babestuak, onura publikoko mendiak eta ibaien ibilbideak eta haien urek har dezaketan eremua.

Odietako Udal Planean egindako analisiak, diagnostikoak eta proposamenek udal mugape osoa ukitzen dute, hau da, 27,1 km². Honako kontzeju hauek daude barnean: Ostitz, Erripa, Latasa, Gendulain, Anozibar, Gelbentzu, Ziaurritz eta Gaskue.

Hirigintzako proposamenak kontuan hartzen ditu oraingo populazioaren arabera izanen diren hazkundeak, eta estrategikoki hobekien kokaturik dauden eta topografian aukera gehien ematen duten kokalekuen hazkundea indartzen du. Aurreko planeamenduen aldean, hiri lurzorua 17 bat hektarea handitu da, udalerria osatzen duten 8 kontzejuetan banaturik. Nolanahi ere, Ostitzen dago azalerarik handiena, 4,5 hektarea. Industriaren garapenari dagokionez, 2,4 hektareako eremu bat proposatzen da Erripan, NA-411 errepidearen ondoan.

Ingurumen ondorioen azterlanak udalerriko ingurumen balio garrantzitsuenak identifikatzen ditu, esaterako Ultzamako Hariztia ZBE, kudeaketa plana onetsia duena, eta Gelbentzuko mugapea barnean hartzen duen Paisaia Babestuko Gune Sentibera. LAP 3-n ezarritako irizpideekin bat, Odietako udalerrian honako ingurumen unitate hauek identifikatu dira: ingurumeneko eta ekoizpenerako balioa duten oihanak, ekoizpeneko basoa, ingurumen eta babes balioak dituzten zuhaitz multzoak, larreak eta zuhaixkak, belardiak eta ibar barreneko laboreak, ibar barreneko harizti eta belardi mosaikoa, ureztaketako laboreak eta ibai sistema. Hirigintzako garapenerako proposamenak ibar barreneko harizti eta belardi mosaikoan kokatzen dira ia gehienak. Landa paisaia da, eta bat dator udalerriko unitaterik handienarekin.

Ondorioen azterlanak plana garatzearen ondoriozko ukipenak balioesten ditu. Ez dago hidrologiako eta landarediko ukipen garrantzitsurik, zeren zaindu beharreko inguru bat zehazten baita erreketan, eta bizitegitarako lurzorua handitzeko eremuak hiriguneen ondo-ondoko inguruan kokatzen baitira, nekazaritza eta abeltzaintza lurretan edo lur elkorretan.

Lurzoru urbanizaezinaren trataera Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 94. artikuluari dago lotuta. Babestu beharreko lurzoruen kategorian sartzen dira, ingurumen balioagatik, Ultzamako Hariztia Paisaia Babestua, Gelbentzun, Batasunaren intereseko habitatak eta lehentasunezko interesekoak, onura publikoko mendiak eta Ultzama, Mediano eta Arkil ibaien eta gainerako erreken ibai sarea eta horien eta Ostizko Zalduako, Pikogaineko eta Landerdiko putzuetako ur bazterrak. Duen kultura balioagatik, aztarnategien eta ermiten ingurua sartu da, baita Ultzama ibaiaren parkea ere, Ostitzeraino. Ultzama eta Mediano ibaien urek har ditzaketen eremuak ere, 500 urteko birgertatze-aldiari dagozkienak, arriskuei aurrea hartzeko lurzoru gisa sailkatu dira. Dauden iturriak azpiegituretarako lurzoru gisa sailkatu dira.

Gorde beharreko lurzoru urbanizaezinean, gainerako udal mugapeari dagokion horretan, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiapenerako egokiak diren lurzoruak sartu dira, natura ustiatzeko duten balioarengatik. Paisaia aldetik duten balioarengatik, hirigunetik eta hirigunera begiratzeko eremuak zehaztu dira, esaterako Gaskueren iparraldeko muinoa, eta Aingiruiturri errekaren eskuinaldeko bazterra Ziaurritzen. Landaguneen inguruko lurrak garapen eredua zaintzeko lurzoru gisa sailkatu dira, haiek gauzatuko baitira etorkizunean.

Udalerrian identifikatutako bizitegietako eta industriako hots eremuen kartografia ekartzen du planak.

Espedientean sartu dira Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren 2009ko azaroaren 20ko eta Uraren Zerbitzuaren 2009ko abenduaren 15eko aldeko txostenak.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2010eko apirilaren 22an eta urriaren 13an egindako eskaeren bidez, dokumentazio osagarria aurkeztu zen ingurumen alderdiei eta HUPn sartzeari buruz.

2010eko abenduaren 14an sartu zen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan Odietako Hirigintzako Udal Planaren dokumentazio osoa.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena eman du Ingurumen ebaluazio estrategikoa egiteko prozedurari buruz, eta ingurumen arloko baldintzak Odietako Hirigintzako Udal Planean sartu diren moduari buruz.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez emandako eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Odietako Udalak sustatutako Udal Planaren Ingurumen ondorioen adierazpena egitea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Odietako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko abenduaren 31n.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1100535