2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
VALTIERRA
Valtierrako egoitza elektronikoa sortzea
Herritarrak zerbitzu publikoetara bide elektronikoz sartzeari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legea bete beharrez, eta gure herritarrei gure entitatearekin komunikatzeko sistema telematiko bat eman nahian, erabaki honen bidez sortzen da Valtierrako egoitza elektronikoa, bai eta egoitza elektroniko horri lotutako erregistro elektronikoa ere.
Indarra duen legediaren indarrez, 2010eko abenduaren 2an egin bilkuran, Valtierrako Udalaren Gobernu Batzarrak hartu du ondoko:
ERABAKIA:
1.-Valtierrako Udalaren egoitza elektronikoa eta horri lotuta dagoen erregistro elektronikoa sortzea, erabaki honen eranskinean zehazten diren ezaugarriekin, www.valtierra.es helbide elektronikoan.
2.-Egoitza elektronikoak indarra hartuko du erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, une horretara arte diseinatu diren prozedura telematikoak edukita.
3.-Agintzea erabaki hau eta Egoitza elektronikoa eta erregistro elektronikoa sortzeari buruzko eranskin osoa argitara daitezela Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
4.-Udalaren alor guztiei jakinaraztea, baita Valtierrako Udalaren webgunean argitaratzea ere, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean.
5.-Informazio Sistemen eta Komunikazioaren Departamentuko arduradunari esleitzea egoitza elektronikoa zuzendu eta koordinatzeko eginkizunak.
Valtierran, 2010eko abenduaren 10ean.-Alkatea, Alfonso Mateo Miranda.
ERANSKINA
1.-Egoitza elektronikoaren ezaugarriak.
1.1. Egoitza elektronikoa aplikatzeko eremua Valtierrako Udalaren toki entitatea izanen da, eta haren erakunde autonomoek ere erabiltzen ahalko dute.
1.2. Helbide elektronikoa www.valtierra.es izanen da, Interneteko domeinu hori Valtierrako Udalaren jabetza baita. Egoitza horren titularra Valtierrako Udala da, eta kudeaketaren eta zerbitzuen organo arduradunak dira Udalaren organo guztiak eta haien funtzio-alorrak, Alkatetza-Udalburutzak koordinatuta, ANIMSAren bitartez.
Egoitzan identifikatuko dira sartzeko bide erabilgarri guztiak.
Egoitza elektronikoan zehaztuko dira zein diren iradokizunak eta kexak egiteko moduak, eta, betiere, eskura jarraituko dute modu tradizionalek, sarreren Erregistro Orokorrean bertan aurkeztu beharrekoek.
2.-Erregistro elektronikoaren sorrera.
Egoitza elektronikoari lotutako erregistro elektronikoa sortu da. Erregistro elektronikoa sarrera eta irteeren erregistro orokorrean sartuko da, erregistro integratu bakar bat osatuz. Erregistro elektronikoak bide telematikoa ematen dio sarrera eta irteeren erregistro orokorrari. Antolakuntzaren aldetik, sarrera eta irteeren erregistro orokorra Idazkaritza Nagusiaren arloan dago sartuta, eta erregistro elektroniko hau sortzeak ez du mendetasun organiko hori aldatzen.
3.-Prozedura elektronikoak.
Informazio Sistemen eta Komunikazioaren Departamentuaren bidez, Alkatetza Udalburutzaren zuzendaritza politiko eta organikoaren azpian eta Informazio Sistemen eta Komunikazioaren Departamentuko arduradunaren zuzendaritza teknikoarekin, egoitza elektronikoan zehaztu eta argitaratuko dira bide telematikoaren bidez kudeatzen ahal diren prozedurak.
Baliabide teknikoak urriak izanik eta prozedura administratibo eta eragileak konplexuak direnez gero, erabaki da herritarrek estatistikoki gehien eskatzen dituzten prozedurak lehenestea.
Iragarkiaren kodea: L1020336