38. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 24a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

KANTAURI ALDEKO UR KONFEDERAZIOA

Jendaurreko informazioa

Maiatzaren 25eko 916/1985 Errege Dekretuaren 6. artikuluan (1985eko ekainaren 22ko Estatuko Aldizkari Ofiziala), Proiektuen Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 9. artikuluan (2008ko urtarrilaren 26ko Estatuko Aldizkari Ofiziala), eta energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta hornitzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluan xedatutakoarekin bat, jendaurrean jartzen dira, Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Energia, Meategi, Telekomunikazio eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuarekin batera, ondoko ezaugarriak dituen aprobetxamendu hidroelektrikoa zaharberritzeko eskaeraren proiektua eta ingurumenaren eraginaren azterlana:

Erreferentzia: H/31/2º0194.

Aprobetxamenduaren xedea: energia elektrikoa sortzea.

Urak ur laster hauetatik hartuko dira: Arano ibaia osatzen duten Zamiola eta Latxe errekak.

Lanak eginen diren udal mugapea: Arano.

Probintzia: Nafarroa.

Zamiola eta Latxe erreken aprobetxamendua berritzea proiektatu da, 203,45 m-ko jauzi erabilgarriarekin. Hartu beharreko gehieneko emaria 150 l/s-koa izanen litzateke era instalatu beharreko potentzia 250 kW-ekoa.

Zamiola errekako presak (Amuelako presa) neurri hauek ditu: 4,50 metroko luzera, 0,80 metroko altuera eta 0,35 metroko zabalera. Hormak harrizkoak dira, hormigoiz estaliak, eta urak hartzeko ubideak eskuineko estriboan du abiapuntua.

Latxe errekako presak (Anbeltzako presa) neurri hauek ditu: 7,50 metroko luzera, 3 metroko altuera eta 0,40 metroko zabalera. Hormak harrizkoak dira, hormigoiz estaliak, eta urak hartzeko ubideak ezkerreko estriboan du abiapuntua.

Arrainentzako eskala bat proiektatu da presa bakoitzean, jarraian dauden hormigoizko urmaelekin.

Ubidea 2.180 metro luze da, eta 0,60 m x 0,70 m-ko sekzio errektangeluarra du; harrizkoa da, hormigoiarekin sendotua eta harrizko lauzekin estalia.

Kargarako ganbera Etzabalen dago, eta oin-planta errektangeluarra du, neurri hauekin: 140 m x 5,40 m eta 2,70 metroko altuera librearekin. 2.041 m³-ko a edukiera du.

Azalerako hodi behartua berria izanen da, burdinurtu nodularrekoa, 500 mm-ko diametroarekin eta 358 metroko luzerarekin.

Zentralaren eraikinak bi solairu ditu eta kanpoko neurri hauek: 17,20 x 10,90 x 5,60 m. Bertan ezarriko da ekipo elektromekanikoa, hau da, Pelton motako turbina bat, 656 kW-ko potentziakoa, eta sorgailu asinkrono trifasiko bat.

Zirkuitu hidraulikoaren azken osagaia ubidea da, ur-emaria Latxe errekara berriz isurtzen duena. Horrez gain, presetarako, kargarako ganberarako eta zentralaren eraikinerako sarbideak egokitu eginen dira.

INGURUMEN ERAGINAREN GAINEKO AZTERLANA

Aurkeztu den Ingurumen eraginaren gaineko azterlanean ingurune fisikoaren, lanen eta ekintzen deskribaketa jaso da, bai eta zenbait neurri zuzentzaile, eta Ingurumen Zaintzarako Plana.

Argitara ematen da orok jakin dezan, eta hilabeteko epea irekitzen da, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eskatutako kontzesioak kaltetzen dituela uste dutenek alegazioak edo erreklamazioak aurkez ditzaten epe horretan, Kantauri aldeko Ur Konfederazioan (Ur Komisaria, Errotaburua pasealekua, 1, 8. solairua, 20071 Donostia), edo Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuan ( Energia, Meategi, Telekomunikazio eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua, Tomás Caballero parkea, 1, Fuerte del Príncipe II eraikina. 31005 Iruña), bertan egonen baitira ikusgai espedientea, proiektua eta ingurumen eraginaren azterlana, aztertu ahal izateko. Aipatutako tramitea Aranoko udaletxean ere egin ahal izanen da.

Donostian, 2011ko otsailaren 8an.-Energia, Meategi, Telekomunikazio eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua. Zerbitzuko zuzendaria, Iñaki Morcillo Irastorza.-Kantauri aldeko Ur Konfederazioa ordezkatuz, idazkari nagusia, hura ordezkatuz, zerbitzuko burua, (2004ko abenduaren 13ko Ebazpena, 2005eko urtarrilaren 11ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua, indardun deklaratua 2008ko uztailaren 25eko Ebazpenaren bidez), Noemí López Fernández.

Iragarkiaren kodea: E1102359