38. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

"Zuhaitzaren Eguna. 2011" marrazki eta pinturako
eskola lehiaketa, Iruñeko ikastetxe publiko eta itunduetako
Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendua

Iruñeko Udalaren Hezkuntza eta Gazteria Alorreko zinegotzi delegatu jaunak 2011ko otsailaren 9an onetsi zuen Iruñeko Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko eta itunduetako ikasleei zuzendutako "Zuhaitzaren Eguna. 2011" Marrazki eta Pinturako Eskola lehiaketaren deialdia.

Iruñeko Udalak "Zuhaitzaren eguna. 2011" marrazki eta pinturako eskola-lehiaketa deitu du, Iruñeko ikastetxe publiko eta itunduetako Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendurik, norgehiagokako araubidean, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak xedatutakoarekin bat, zeina Udalbatzak 2005eko azaroaren 3an egindako Osoko Bilkuran onetsi eta 2006ko otsailaren 17ko 21. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen.

1.-Xedea.

Hona deialdi honen xedea: Iruñeko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleek egindako marrazkirik hoberenak saritzea.

Landu beharreko gaia "Bertako zuhaitzak" da; egileek gai honetaz bezainbatean duten ikuspegia eman behar dute, zeinek berea. Ikasleek lan bana aurkeztuko dute, betiere aldez aurretik ezein lehiaketara aurkeztu gabea.

Jatorrizko lanek, gehienez ere, 35 x 50 cm izanen dituzte luze-zabal.

2.-Sariaren kategoriak.

Hona kategoriak:

-A kategoria: Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako ikasleei zuzendua.

-B kategoria: Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailako ikasleei zuzendua.

-C kategoria: Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleei zuzendua.

3.-Diru zuzkidura.

Deialdi honi 1.875,00 euro esleitu zaio, gehienez ere, sarietarako, eta 1.200,00 euro, plaketarako, Iruñeko Udalaren Aurrekontu Orokorreko 71 42230 480000 kontusailaren kargura.

Ondoko sariak ezarri dira, kategoria bakoitzeko, betiere 2. puntuarekin bat:

-Lehen saria: Oroit-plaka eta 300 euro, eskola-materialetan, ikastetxerako, eta oroit-plaka eta 150 euro, eskola-materialetan, egilearendako.

-Bigarren saria: Oroit-plaka eta 100 euro, eskola-materialetan, egilearendako.

-Hirugarren saria: Oroit-plaka eta 75 euro, eskola-materialetan, egilearendako.

Baldin eta lan batean ez badira egilearen datuak behar bezala ematen, lana ezin izanen da lehiaketan onartu.

Saridunak sari-banaketako ekitaldira joanen dira.

4.-Izangaien betekizunak.

Iruñeko ikastetxe publiko eta itunduetako Lehen Hezkuntzako ikasleek hartzen ahalko dute parte lehiaketa honetan.

Ikastetxe parte-hartzaileek gehienez ere hamar (10) lan aurkeztuko dituzte 2. atalean aipatutako kategoria bakoitzeko, betiere haien irakasleek aldez aurretik hautatuak.

Saridunei ez zaizkie aplikagarri izanen Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10.2. artikuluak ezarritako debekuak.

5.-Eskatzaileek zer agiri aurkeztu behar duten, zein epetan eta non.

Ikastetxeek Iruñeko Udaleko Hezkuntza eta Gazteria Alorrean aurkeztuko dituzte lanak (Zapateria kalea, 40-2.a), behar bezala paketaturik, banan-banan edo kategoria bereko multzoak osatuz.

Lanek behar bezala errotulaturik egon behar dute, atzeko aldean ondoko datuak adierazita: Egilearen izen-deiturak, adina eta ikasmaila, helbidea eta telefonoa, ikastetxea eta irakaslearen izen-deiturak.

Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emango delarik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71. artikuluak aurreikusitakoarekin bat.

Jasotako izaera pertsonaleko datuak babestu eginen dira, Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hori garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat. Aipatu Lege Organikoan xedatutakoa betez, deialdi honetan jasotako datu pertsonalak sari hau kudeatzeko baino ez dira erabiliko. Datu horiek Iruñeko Udalaren datu-basea osatzen duten fitxategietan bildu ahalko dira. Hain zuzen ere, Iruñeko Udalera zuzenduta gauzatzen ahalko da datuetan sartu, datuak zuzendu, ezereztu eta haien kontra egiteko eskubidea, Erregistro Orokorrera joaz.

6.-Epaimahaia.

Epaimahaia Iruñeko Udalak izendatuko du, eta ondoko pertsonek osatuko dute:

-Epaimahaiburua: Hezkuntza eta Gazteria zinegotzi delegatua.

-Ordezkoa: Hezkuntza zinegotzi berezia.

-Epaimahaikideak:

  • Marrazketa eta pintura irakasle bat, Iruñeko Udaleko Arte Eskolak proposaturik.
  • Udaleko pedagogoa.

-Idazkaria: Hezkuntza eta Gazteria Alorrari atxikitako pertsona bat, izendatzeke.

Baldin eta sari bat egile batek baino gehiagok egindako lan bati ematen bazaio, ex aequo banatuko da, egileen artean.

Epaimahaiak eman gabe uzten ahalko du modalitatate eta kategoria ezberdinetako edozein sari.

Epaimahaiak sariak emateko proposamena eginen du, eta organo eskudunari aurkeztuko dio, horren gainean ebatz dezan.

7.-Ebatzi eta jakinarazteko epea.

Ebatzi eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, gehienez ere. Epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hortik aitzina hasiko da kontatzen.

Diru-laguntzak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio-bideari, eta interesdunei jakinaraziko zaie, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. eta 59. artikuluek agindutakoarekin bat.

Saritu gabeko lanak Iruñeko Udaleko Hezkuntza eta Gazteria Alorretik (Zapateria k., 40,2.a) erretiratu ahalko dira, lehiaketaren epaia argitara eman eta hilabete bateko epean. Hortik aitzina, Udalak libreki erabiltzen ahalko ditu erretiratu gabe utzitako lanak.

Iruñeko Udalak, saria ordainduta, lan saridunari dagozkion jabetza intelektualeko eskubide ekonomiko guztiak eskuratuko ditu egilearengandik, beretako bakarrik eta mundu mailan; orobat, lan horiek erreproduzitu, banatu, jendaurrean paratu eta eraldatu ahalko ditu, libreki eta ezer gehiago ordaindu gabe, Jabetza intelektualari buruzko Legearen Testu Bateratuaren 26. artikuluak ezarritako epearen barruan, halako maneran non eskubidea izanen baitu lana gaur ezaguna den edozein bitarteko edo euskarri ukigarri edo ezin ukituzkotan aurkezteko. Horrek barne hartzen ditu ustiatzeko modalitateak oro, hau da, lana edozein euskarri edo formatotan erreproduzitzekoa, eta horien artean bereziki, hala liburu batean edo euskarri digital edo zenbakizko batean egitekoa nola lana banatzeko eta jendaurrean paratzeko eskubideak, mundu osoko merkatuetan ustiatze aldera. Eskubide horien artean berariaz daude sarturik hala lanak on-line eran igorri eta zabaltzea nola internet bezalako sare digital elkarreragileetan eskura jartzea.

Lehiaketa honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek erabat onartzea, bai eta Iruñeko Udalaren erabakiak ere, oinarriok interpretatzean sor litekeen edozein zalantzaren aurrean.

8.-Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri hauen eta horiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka, ondoko errekurtsoak paratzen ahalko dira, aukeran:

-Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Iruñean, 2011ko otsailaren 9an.-José Iribas Sánchez de Boado, zinegotzi delegatua.

Iragarkiaren kodea: L1102685