38. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FITERO

Garbiketari buruzko ordenantzaren behin betiko onespena

Ordenantza behin betikoz onetsirik, legean ezarritakoari jarraikiz, argitara ematen da.

FITEROKO GARBIKETARI BURUZKO ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da ondotik ematen diren jarduketa eta jarduerak arautzea, Fiteroko Udalaren eskumenen esparruan eta bere udal mugapearen barnean:

1. Eremu publikoaren garbiketa, herritarren erabilera arrunt eta orokorraz den bezainbatean. Halaberean, Udalaren orubeen ikuskapena eta garbiketa. Halaberean, jabetza publiko nahiz pribatuko orubeen ikuskapena eta modu subsidiarioan garbiketa egitea.

2. Udalerrian, karrikan manifestazio publikoak egitearen ondorioz gelditzen den zikinkeriari aitzintzea, eta udal jabariko ondasunen garbiketa, haren erabilera arrunt, berezi eta pribatiboaz den bezainbatean.

3. Etxeko kontsumoaren ondorioz sortzen diren zaborrak eta hondakin solidoak biltzea, baita berennizaera dela-eta horiekin parekatzen ahal diren hondakin guztiak eta, orokorrean, hiri barnean sorrarazten diren zabor eta hondakin guztiak ere, legez haien bilketa Udalei badagokie.

4. Hondakinak eta beren ekoizle edo edukitzaileek abandonatzen dituzten gaiak biltzea eta garraiatzea, aitzineko ataletan berariaz sarturik ez dauden arren, indarra duen legeriaren ariora udal eskumenekoak badira.

5. Bere eskumena den neurrian, aitzineko ataletan aipatu diren hondakin guztiak tratatu, aprobetxatu, bota eta deuseztatzeko diren sistema eta ekipamenduak kudeatzea, kontrolatzea eta ikuskatzea.

2. artikulua. Aitzineko artikuluan jasotzen diren jarduerak, eta horiek egitean Fiteroko Udalari dagozkion eskumemen barnean, Udalak berak kudeatuko ditu, dela zuzenean dela mankomunitate, batasun edo eskualde batean sarturik, dela horien esleipen hartzen duen hirugarren baten bitartez.

3. artikulua. Ordenantza honetako arauak analogiaz aplikatuko dira, izaeragatik ordenantzaren ezarpen esparruan izanik espresuki araututa ez dauden kasuetan.

4. artikulua.

1.-Udalerriaren garbiketari dagokionez, Fiteroko biztanle guztiek izan beharko dute zikinkeria saihestu eta hari aitzintzeko jokamoldea.

2.-Halaber, udal agintaritzari salatu beharko diote, garbiketa publikoaren alorreko arau-hausterik ikusten badute, edo egiazki haien berri badute.

3.-Udalak herritarrek salatu eta iradokitako erreklamazioei harrera egin beharko die, eta kasu bakoitzean behar den ekintzak egin.

5. artikulua.

1.-Herritar guztiak beharturik daude ordenantza hau eta garbiketa orokorraren arloko xedapenak zehatz-mehatz betetzera eta, hartara, udalerriaren estetikak -edo Alkatetzak edo udal zerbitzuak, eta zerbitzu hauek egiteko Udala sarturik dagoen entitateak, bakoitzaren ahalmenen ariora jokatzean- aldi bakoitzean agintzen duen apaintasun publikoa mantentzera.

2.-Udaleko agintariek noiznahi galdatzen ahalko du arau hauek istanteko betetzeko, eta kaltearen eragilea behartzen ahalko du ez egitekoa zena konpontzeko, dagokion zehapena ezartzea deusetan ukatu gabe.

3.-Arau hauetan xedatuaren kontra jokatzen dutenak zehatuko ditu Alkatetzak, "Garbiketa arloko arau-hausteek dakartzaten zehapenen taula" izeneko eranskinean ezartzen denari jarraikiz zehatu ere.

4.-Behar den zehapen espedientea aitzinetik tramitatuta aplikatuko ditu zehapenak Alkatetzak, dagokion entitateak proposaturik nahiz ofizioz.

6. artikulua.

1.-Udal zerbitzuak edo udalerriaren garbiketa esleiturik duen enpresak subsidiarioki egiten ahalko ditu arau hauen ariora zuzenean herritarrei dagozkien garbiketa lanak, eta ordenantza fiskalekin bat egindako zerbitzuen kostua egotziko zaie, deusetan ukatu gabe kasu bakoitzean tokatzen diren zehapenak eta ikuspegi zibiletik galda daitekeena.

2.-Udal zerbitzuak edo udalerriaren garbiketa esleiturik duen enpresak behar den guztietan garbitzen ahalko du ukitutako eremu publikoa edo haien egiturazko elementuak, baita higiezinen elementu eta kanpo aldea mantendu, konpondu eta garbitzen ahalko ere, eta abandonatutako hondakinak kargatu, eraman, garraiatu eta deuseztatzen ahalko ere bai.

3.-Udal zerbitzuak edo udalerriaren garbiketa esleiturik duen enpresak udalerriaren interesetarako aldi bakoitzean komenigarri juzgatzen diren prozedura tekniko eta kudeaketa moduak erabiliz eginen ditu zerbitzuak, arau hauetan aurreikusten diren kasu guztietan.

7. artikulua.

1.-Udalak, bere eskumenen barnean, komenigarri iruditzen zaizkion laguntzak ezartzen ahalko ditu, bere biztanleen portaera sustatzeko udalerriaren garbiketaz den bezainbatean.

2.-Partikularrek garbiketa publiko kolektiboaren arloan aitzina eramaten dituzten ekintzei bulkada emanen zaie eta, hartara, Fiteroko bizi kalitatea hobetzeko jarduketak sustatuko.

II. TITULUA

Eremu publikoaren garbitasuna

I. KAPITULUA

Eremu publikoaren garbitasuna, herritarren erabilera
orokor eta arruntaren ondorioz

8. artikulua. Garbitasunari begira, honako hauek hartzen dira eremu publikotzat: etorbideak, pasealekuak, karrikak, plazak, espaloiak, zeharkaleak, bideak, lorategiak eta berdeguneak, lurguneak, zubiak, mota askotako tunelak eta zuzenki herritarren erabilera arrunt eta orokorrerako diren erabilera publikoko gainerako ondasunak.

9. artikulua.

1.-Debeku da eremu publikoan nolanahiko hondakin solido, likido eta gaseosoak botatzea eta uztea. Tamaina tikiko hondakin solidoak, hala nola paperak, bilgarriak eta gisakoak, horretarako dauden paperontzietan bota beharko dira, eta horiek bertzerik ez, zeren debeku baita bertan bertzelako hondakinak eta zabor poltsak botatzea.

2.-Hondakinak bolumen handikoak badira, edo tamaina tikikoak izan arren multzo handia osatzen badute, debeku da eremu publikoan uztea, eta modu berezian bilduko dituzte horretarako antolatutako zerbitzuek.

3.-Debeku da paperontzietan zigarroak, puruak, zigarro-muturrak edo bertze zernahi botatzea, piztuta egonez gero. Botatzekotan, itzalita bota beharko dira.

4.-Orobat, debeku da ibilgailuetatik edozein hondakin mota lurrera botatzea, horiek geldirik egon edo abian egon.

5.-Debeku da eremu publikoaren gainean edo balkoi eta terrezatetatik arropak eta alfonbrak inarrostea, Alkatetzak aldi bakoitzean ezartzen duen ordutegitik kanpora bada. Nolanahi ere, lan hori, gaur egun, goizeko 8etatik 10etara egin beharko da, eta jendeei eta gauzei kalte edo traba ez egiteko maneran.

6.-Debeku da eraikinen kanpo aldean paraturiko landareak ureztatzea, lan horien ondorioz eremu publikoaren edo haren elementuen gainera ura isurtzen edo zipriztintzen bada. Ureztaketa Alkatetzak aldi bakoitzean ezartzen duen ordutegiaren barnean egin beharko da eta betiere kasu emanez, auzoei eta oinezkoei trabarik ez egiteko; gaur egun, gaueko 12etatik goizeko 7etara da ordutegi hori.

7.-Orobat debeku da eremu publikoan animalia hilak abandonatzea, horiekin bilketa berezia egin beharko baita, horretarako antolatzen diren zerbitzuen bitartez.

8.-Debeku da eremu publikoan animaliak nahiz ibilgailuak garbitzea.

10. artikulua.

1.-Partikularrei dagokie pasabide partikularrak, etxe sailetako barne patioak, orube partikularrak eta gisakoak garbitzea.

2.-Udalak, udal zerbitzuaren bidez, aitzineko 1. zenbakiko elementuen garbiketa egoeraren kontrola eta ikuskapena eginen du, eta horien arduraduna bortxaz behartzen ahalko du garbitzera, horretarako ematen diren jarraibideekin bat.

3.-Udal zerbitzuari edo kudeaketa hori manatzen zaionari dagokio galtzadak, zintarriak eta zirkulazio azkarreko bideen arteko loturak, gaineko pasabideak, arboletako txorkoak, lurguneak eta paperontziak garbitzea, egoera berezietan erabakitzen ahal diren zerbitzu aldaketak deusetan ukatu gabe.

11. artikulua.

1.-Ondoko hauei espaloiak garbitzea dagokie, eta hori egin ezean udal administrazioaren aitzinean erantzun beharko dute:

a) Eraiki gabeko orubeei dagozkien espaloietan, negozioaren titularrei, aplikagarri izanen baitzaie.

b) Eraiki gabeko orubeei dagozkien espaloietan, jabeei, bidezko bada aplikagarri izanen baitzaie ordenantza honen 26. artikuluan aurreikusten den salbuespena.

2.-Eremu publiko batean espaloiak oraindik egin ez badira, eraikinetatik hurbilen dagoen karrika puskara gibelatuko da garbitzeko betebeharra, gutienez ere hiru metro zabal baldin bada, aitzineko 1. zenbakian egindako erantzukizun banaketari jarraikiz.

3.-Partikularrek eremu publikoa eskobatu eta garbitzean sortzen diren hondakinak ezin izanen dira, inoiz ere, karrikan utzi. Ontzi homologatuetan jaso beharko dira edo, bertzenaz, beren pisu eta neurriarengatik hala behar badu, etxez etxeko zabor bilketako zerbitzuaren esku jarri beharko dira.

12. artikulua. Etxe sailetako barne patioak, orube partikularrak eta berdegune partikularrak direnean, garbiketa jabeei dagokie. Aipatu elementuak jabekidetzan direnean, garbitzeko erantzukizuna komunitate osoari dagokio, modu solidarioan. Etxebizitzetako barne patioak horietara sarbide pribatu eta esklusiboa dutenek garbitu beharko dituzte, eta debeku da halakoak gauzak, trasteak, hondakinak etab. gordetzeko biltegitako erabiltzea, baita zakur eta bertzelako animalien aterpetako ere. Beheko pisuetako jende edo gauzei trabarik ez kalterik ez egiteko maneran hedatuko dira arropak.

13. artikulua. Zintarrien eta galtzadaren garbiketa posible egiteko, ibilgailuak kenduko dira udaltazainek eskatuta, eta haien jarraibideen ariora kokatuko dira.

14. artikulua. Herritarren zerbitzurako izanik ere Udalaren ardurapean ez dauden elementuen garbiketa zerbitzu bakoitzaren titular administratiboei dagokie.

II. KAPITULUA

Eremu publikoko zikinkeria, obrek eta bertzelako jarduerek sortua

15. artikulua.

1.-Eremu publikoan zikinkeria eragin dezaketen jarduerak egiten badira, nonahi eginak izanagatik eta batere ukatu gabe kasu bakoitzean behar diren lizentziak edo baimenak, titularrak behartuak daude aldez aurreko neurriak hartzera eremu publikoan zikinkeriarik izan ez dadin, eta orobat behartuak daude bai eremu publikoa bai bertako egitura-elementuak garbitzera, eta gelditu diren materialak jasotzera.

2.-Alkatetzak eta udal zerbitzuak noiznahi galdatzen ahalko ditu behar diren garbiketa lanak, kontuan harturik aitzineko 1. zenbakian ezarritakoa.

16. artikulua.

1.-Zikinkeriarik ez sortzeko, obrak egiten ari direnek eremu publikoa babestu beharko dute, elementu egokiak paratuz eraisketen, lurren eta obran sobratutako materialen inguruan, ez daitezen barreia eta heda lanek hartzen duten esparru-esparrutik kanpora.

2.-Bereziki, eremu publikoan egiten diren zanga, kanalizazio eta lotura lanen inguruak, beti garbi eta inolako hondakinik gabe eduki beharko dira. Ateratako lurra aurreko 1. zenbakian zehaztu bezala babestu beharko da.

3.-Obrak eremu publikoan edo alboko lekuren batean egiten direnean, hesiak eta babes elementuak nahiz seinaleak ezarri beharko dira. Horietaz gain, hodiak ere bai, eraisketako materialen eta produktuen zamalanetarako, behar diren baldintzak betetzen dituztenak, eremu publikoa ez zikintzeko eta jendeari edo gauzei kalterik ez egiteko.

Eraikinak jaso bitartean, eremu publikoa garbitzeko betebeharra, 15. artikuluan ezarritako esparru material osoan, obrako kontratistarena da.

17. artikulua.

1.-Debeku da eremu publikoan nahiz bertako edozein elementutan hondakinak zuzenean utzi, hustu edo botatzea. Betiere, hondakinak eremu publikoan uzteko, Udalak edo kasuan kasuko entitateak homologatutako edukiontziak erabili beharko dira.

2.-Eremu publikoan abandonatutako materialak, Hiri hondakin solidoei buruzko azaroaren 19ko 42/1975 Legeari jarraikiz, udal jabetzako bihurtuko dira, eta interesdunak ezin izanen dio ez Udalari ez egiteko horren ardura hartu duenari deus erreklamatu egin dutena egiteagatik, material horiek bertatik kentzeagatik, eta gainera aplikatzen ahalko zaio egindako zerbitzuari dagokion tasa fiskala edo kasurako dagozkiokeen zehapenak.

18. artikulua. Behar diren zerbitzuak bildu zain eremu publikoan utzitako hondakinetan debeku da bilaka ibiltzea eta handik deus hartzea.

19. artikulua.

1.-Eremu publikoa zikin dezakeen edozein ibilgailuk zamalanak, obra nahiz biltegietako sartu-aterak etab. bukatutakoan, lan horietaz arduratu diren langileek eta, bertzenaz, horiek egin diren establezimendu edo obren titularrak eta, azken finean, ibilgailuaren jabeak edo gidariak garbitu beharko dituzte eremu publikoa eta bertan zikindutako elementuak, eta botatako materiala jasoko dute.

2.-Aurreko zenbakian aipatutako pertsonak izanen dira, aipatu hurrenkera berean, ordenantza honetako xedapenak haustearen eta gerta daitezkeen kalteen erantzule.

20. artikulua. Erakusleiho, denda, saltoki, merkataritzako establezimendu eta abarretan partikularrek garbiketa egiten badute, kasu emanen dute eremu publikoa ez zikintzeko, eta horren erantzukizuna jardueraren titularra izanen da.

III. KAPITULUA

Eraikin higiezinetako elementuen eta kanpoaldeen
garbitasuna eta mantentze lana

21. artikulua.

1.-Higiezinen jabeak behartuak daude horiek behar bezalako baldintzetan mantentzera, segurtasunari, garbitasunari eta apaindura publikoari dagokienez.

2.-Debeku da jendeen ikuspegian izatea etxeen irekiduretan eta terrazen kanpoko barandetan arropa hedatua, zikina nahiz garbitua, edo eremu publikoaren hondatzeari edo hiri estetikaren mantentzeari kalte egiten dion edozein gauza.

Patioetan edo karrikatik ikusten ez diren bertze lekuetan arropa hedatzeko tokirik ez duten etxebizitzen eraikinetarako, Alkatetzak behar den modua edo baimena ezartzen ahalko du, txosten teknikoen ondoan, horrela behar badu.

22. artikulua.

1.-Establezimendu, finka eta etxebizitzen jabeak behartuak daude garbi edukitzera fatxadak, karrikako zenbakien errotuluak, ageriko mehelinak, sarrerak eta sarbideko eskailerak eta, orokorrean, eremu publikotik ikus daitezkeen eraikin zati guztiak.

2.-Honen aurreko 1. zenbakiari dagokion guztian, jabeek egin beharko dituzte mantendu, garbitu, eraberritu eta iztukatze lanak, apaindura publikorako beharrezko denean eta udal agintaritzak, dagokion udal zerbitzuak aldez aurretik txostena egin ondotik, hala agintzen duenean.

3.-Orobat, jabeek hauek ere garbi atxiki behar dituzte: tximiniak, biltontziak, patioak eta argi patioak, ur eta gas hodiak, hustubideak, tximistorratzak, telebista antenak edo higiezinen muntadura osagarri guztiak.

IV. KAPITULUA

Orubeen garbitasuna eta mantentze lana

23. artikulua.

1.-Jabeek zabor eta hondakinik gabe eduki beharko dituzte orube eta lursailak, eta behar bezalako baldintzetan, higienearen, osasungarritasunaren, segurtasunaren eta apaindura publikoaren aldetik.

2.-Aitzineko aginduan sartzen da orubeetako arratoi garbiketa eta desinfekzioa egin beharra.

3.-Udalak ahalmena du aurreko 1. eta 2. zenbakietan aipatutako garbiketa lanak ikuskatu eta subsidiarioki eginak izan daitezela agintzeko, orubeak publikoak nahiz pribatuak izan.

24. artikulua. Udal zerbitzua edo udalerria garbitzeko lana esleitua duen enpresa arduratuko da aitzineko 23. artikuluan aipatutako lanen ordezko betearazpenaz, gastuak kargatuz egiteko betebeharra zuenari eta ordenantza fiskalek xedatzen dutenaren arabera, eta, gainera, ezartzen ahalko zaizkio dagozkiokeen zehapenak.

25. artikulua.

1.-Hirigintzako planeamenduak ukitutako finkak badira eta jabeek erabilera publikorako lagapena egina badute, Udalak, interesdunek diotena entzun ondotik, bere gain har dezake, guztiz edo partez, 24. artikuluan aipatu baldintzak betetzeko ardura.

2.-Aitzineko 1. puntuan aipatutako kasuan, Udaleko organo eskudunek, beren ahalmenak erabiliz, erabakiko dute zer egin behar den, herritarren interesei begira.

V. KAPITULUA

Animaliak eremu publikoan edukitzeak
garbitasunaren gainean duen eragina

26. artikulua.

1.-Jabeak dira beren jabetzapeko animaliek pertsona eta gauzen gainean eragindako kalte edo hondamenen zuzeneko erantzuleak, bai eta eremu publikoa zikinduz egiten duten edozein egintzarenak ere.

2.-Jaberik agertu ezean, zikinkeria sortutakoan animalia zeraman pertsona izanen da erantzule subsidiarioa.

27. artikulua.

1.-Higiene neurri utziezina denez, eremu publikoan zakurrak edo bertzelako animaliak daramatzaten pertsonak behartuak daude beren animaliei iraizkinak egiten ez uztera, eremu publikoko oinezkoen ibiltoki, parterre eta berdeguneetan, eta eremu publikoan herritarren pasabide, egonleku eta jostaleku diren gainerako tokietan. Orobat, beharturik dago iraizkina biltzera, animaliak iraizkin hori bera egitea galarazi ahal izan ez badu.

2.-Zakur guztiak bere udalean zentsaturik eta identifikaturik egon beharko dute, mikrotxip bat ezarrita; horretarako, hilabeteko epea izanen da sortzen denetik edo erosten denetik. Sistema horrekin errazagoa izanen da animalia aurkitzea, galduz gero, eta aldiz zailago eginen du hura ebastea. Lekuz edo jabez aldatuz gero, edo kenduz gero, horren berri eman beharko da.

3.-Jendea ibiltzen den tokietan, hala nola bide eta parkeetan, zakurrak loturik eraman beharko dira gehienez ere bi metroko kate edo uhala erabiliz horretarako.

4.-Zakur guztiek erantzukizun zibileko asegurua izan behar dute, sorraraz ditzaketen kalte eta galerak berdintzeko.

5.-Zakur pasaitan ateraten denean, plastikozko poltsa bat eraman beharko da, iraizkinak bildu eta zaborrontzietara botatzeko. Hala egitea funtsezkoa da eritasun garrantzitsu batzuei aitzintzeko, hala nola kiste hidatidikoari.

VI. KAPITULUA

Herritarrak elurteetan egin beharrekoak eremu
publikoa garbi egon dadin

28. artikulua. Elurtea izan eta sortzen den egoera larrialdikotzat jotzen denean, udalerrian ukiturik gertatzen den alderdiak larrialdian segituko du harik eta Alkatetzak espresuki normaltasuna itzuli dela adierazten duen arte.

29. artikulua.

1.-Elurte kasuetan, 11. artikuluan aipatzen diren pertsonek eta, subsidiarioki, eraikinen arduradunek, ondoko 2 eta 3. zenbakietan aipatzen direnak egin beharko dituzte.

2.-Finketako enplegatuek edo, bertzenaz, higiezinetan halakorik ez duten bizilagunek edo eraikinak garbitzeko ardura duten pertsonek elurra eta horma kendu beharko dituzte fatxada aitzinean dagokien espaloi zatian, oinezkoak pasatu ahal izateko behar duten lekua libre utzi beharrez.

3.-Elurra eta horma espaloian pilatuko dira, galtzadan utzi gabe eta gisa honetara:

a) Aparkaturiko ibilgailuen gainean utzi gabe.

b) Uraren eta ibilgailuen ibilia eragotzi gabe.

c) Estolderia sareko kainozulorik hurbilenaren sarbidea estali gabe.

30. artikulua. Eremu publikoan elurra garbitu eta biltzeko lanek dirauten bitartean, ibilgailuen jabe eta gidariek kasu egin beharko diete udal agintariek aparkatzeari buruz ematen dizkieten jarraibideei.

31. artikulua. Inola ere ez da eremu publikora botako zabaltza, terraza, balkoi eta eraikinen bertzelako irtenguneetan pilatu den elurra, Alkatetzak kontrako xedapenik eman ezean.

III. TITULUA

Udalerriaren garbitasuna, erabilpen arrunt, berezi eta pribatiboari
eta karrikako agerpen publikoei dagokienez

I. KAPITULUA

Baldintza orokorrak eta aplikazio esparrua

32. artikulua. 1. artikuluaren 2. zenbakian ezartzen denarekin bat, titulu honek arauak ematen ditu udalerriko garbitasuna mantentzeko, honako hauei dagokienez:

a) Udal jabari publikoko ondasunen erabilpen arrunt, berezi eta pribatiboa.

b) Karrikan egiten diren ekitaldi publikoen eta publizitateko zenbait jardueren ondoriozko zikinkeriari udalerrian aitzintzea.

33. artikulua.

1.-Erabilpen arrunt eta pribatiboaren ondorioz eremu publikoan zikinkeria sortzen denean, erabiltzaile titularrak izanen dira haren erantzule.

2.-Finkoak izan ala ez, establezimenduetako titularrek, hala nola ostatu, kafetegi, kiosko, salmentako postu eta gisakoetakoek behar bezain garbi eduki beharko dituzte bai instalazioak bai haien eraginpeko hiri espazioa.

3.-Udal zerbitzuak edo hiri hondakin solidoen bilketako esleipena hartzen duen enpresak, aitzineko 2. zenbakian aipatutako titularrak behartu ditzake kontsumoagatik beren establezimenduetan sortutako hondakinak edukitzeko elementu homologatuak paratzera. Horrez landa, titular horiei dagokie, baita ere, elementu horiek zaintzea eta garbitzea.

34. artikulua.

1.-Karrikan ekitaldi publikoren bat antolatzen dutenak ekitaldi hori egiteagatik sortzen den zikinkeriaren erantzule izanen dira.

2.-Udalerriaren garbitasuna dela eta, ekitaldi publikoen antolatzaileek ekitaldiaren leku, ibilbide eta ordutegiaren berri eman behar diote Udalari. Udalak eskatzen ahalko die eskudiruzko fidantza eratu edo bankuko abala aurkezteko, ekitaldi publikoak sortzen duen zikinkeriaren ondorioz antolatzaileei legokiekeen garbiketarako zerbitzu subsidiarioen kostua kitatzeko adinakoa.

35. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, honela ulertuko da:

1.-Kartelak dira iragarkiak -inprimatuak nahiz pintatuak-, paperean edo sendotasun tikiko bertze material batean eginda badaude. Kartelak formatu tikikoak eta eskuz banatzekoak badira, esku orriak direla erranen dugu.

2.-Errotuluak dira iragarkiak, finko edo mugikorrak, pintura, baldosa eta iraupen luzea emanen dieten bertzelako materialez eginda badaude.

3.-Pankartak dira tamaina handiko iragarki publizitarioak, eremu publikoan noizbehinka eta ekitaldi publikoren bat egin behar dela-eta gehienez ere hamabortz egunean egoten direnak.

4.-Pintaketak dira eremu publikoan egindako eskuzko inskripzioak, herriko murru edo paretetan, espaloi edo galtzadetan, edo egiturazko elementuren batean eginak.

5.-Opuskuloak eta liburuxkak dira paperez nahiz antzeko materialez egindako argitalpenak, edozein agerpen publiko nahiz pribatutan herritarrei eremu publikoan eman edo banatzen zaizkienak.

6.-Errotulutzat hartuko dira kartelak, instalazio edo babes aldetik hamabortz egunetik goitiko iraupena izateko baldintzetan ezartzen direnean.

36. artikulua. Kartel eta pankartak paratzeko eta itsasteko, esku orriak banatzeko eta titulu honetan araututako bertze edozein publizitate jarduera egiteko, beharrezkoa izanen da Alkatetzak edo, hala badagokio, Gobernu Batzordeak aurretiaz udal baimena ematea.

37. artikulua.

1.-Errotuluak eta aitzineko 36. artikuluan aipatutako gainerako publizitate elementuak paratu edo banatu ahal izateko baimena jasotzeak berekin dakar erantzuleak bere gain hartu beharra eremu publikoan zikindu diren espazioak garbitzeko eta erabilitako publizitate elementuak eta haien osagarri guztiak biltzeko obligazioa.

2.-Eremu publikoan 36. artikuluan aipatutako publizitate elementuak paratu edo banatu ahal izateko, Udalak eska dezake eskudiruzko fidantza eratzea edo bankuko abala ekartzea, zikinkeria sor dezaketen elementuak garbitu eta biltzeko aurreikus daitezkeen kostuak kitatzeko adinakoa.

II. KAPITULUA

Eremu publikoan kartelak eta pankartak paratzea

38. artikulua.

1.-Debeku da kartelak eta eranskailuak udal agintaritzak bereziki baimendutako tokietatik aparte paratzea eta itsastea.

2.-Debeku dira ordenantza honetan arautzen diren publizitate jarduerak kalifikazioa duten eraikinetan. Salbuespen izanen dira eraikin horietan bertan egitekoak diren ekitaldiei dagozkien pankartak eta errotuluak, betiere ekitaldi horien erantzuleen ekimenez paratuak izan direnean.

39. artikulua.

1.-Udalak hartarako erabakitako tokietan paratzen diren kartel eta eranskailuek herritarrentzat interesgarriak diren ekitaldien edo jardueren berri eman beharko dute.

2.-Ez da kartelik paratzen hasten ahal aitzinetik udal agintariei behar den jakinarazpena egin gabe. Arau-hausleei zehapena ezartzen ahalko zaie.

40. artikulua.

1.-Eremu publikoan pankartak paratzea baimenduko da soilik:

a) Hauteskunde garaian.

b) Auzoetako besta herrikoi eta tradizionaletan.

c) Alkatetzak espresuki baimentzen dituenetan.

d) Alderdi politiko, sindikatu eta auzo elkarteek ez dute Alkatetzaren baimenaren beharrik izanen beren jarduerekin ikusteko duten pankartak paratzeko edo propaganda banatzeko.

2.-Alkatetzak kasu bakoitzean arautuko du nolako baldintzetan erabiltzen ahalko diren udal toki eta espazioetan publizitatea egiteko, eta nolako tramiteak egin behar diren horretarako baimena lortzeko.

3.-Pankartak paratzeko baimenaren eskaeran, honako hauek adieraziko dira:

a) Pankartaren edukia eta neurriak.

b) Zein tokitan paratu nahi den.

c) Zenbat denbora egonen den emana.

d) Erantzulearen konpromisoa, eremu publikoan edo bertako egiturazko elementuetan egindako kalteak konpontzeko, eta pankarta paratzearen ondorioz sor daitezkeen kalte eta galerak ordaintzeko.

41. artikulua. Eremu publikoko egiturazko elementuei estekatutako pankartek, nolanahi ere, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ez da pankartarik paratzen utziko farola artistikoetan.

b) Zuhaitzetan lotutako pankartei dagokienez, zuhaitzaren zirkunferentzia 50 zentimetro izanen da gutienez. Pankarta adarrei lotua baldin badago, hauek gutienez 30 zentimetroko zirkunferentzia izan beharko dute.

c) Pankartaren azalerak behar adina zulo izanen ditu haizearen eragina apaltzeko.

d) Nolanahi ere, paratzeko gutieneko altuera, punturik apalenean neurtuta, 5 metro izanen da pankartak galtzada alderik alde zeharkatzen duenean, eta 3 metro espaloi, pasealeku eta oinezkoen bertze gune batzuetan.

42. artikulua.

1.-Pankartak interesdunek kendu beharko dituzte, haiek paratzeko eskatutako epea bururatu bezain laster. Hala egiten ez badute, udal zerbitzuek kenduko dituzte eta zerbitzu horren kostua erantzuleei ordainaraziko zaie, legokiekeen zehapenaz gainera.

2.-Pankartak eremu publikoan baimenik gabe emanez gero, udal agintariek zehapena ezarriko diete erantzuleei.

III. KAPITULUA

Pintaketak

43. artikulua.

1.-Debeku da eremu publikoan pintaketak egitea, hala haren egiturazko elementuetan, galtzada, espaloi eta hiri altzarietan, nola herriko kanpoaldeko murru eta paretetan.

2.-Salbuetsita daude, aurreko 1, zenbakian xedatuari dagokionez, honako hauek:

a) Orubeetako hesietan egindako horma-pintura artistikoak, baina horretarako Udalaren eta orubearen jabearen baimena beharko da aitzinetik.

b) Publizitatearen udal ordenantzak horren gainean baimentzen dituenak.

IV. KAPITULUA

Esku orrien banaketa

44. artikulua.

1.-Debeku da esku orriak, nolanahikoak direla, eta gisako materialak barreiatzea eta botatzea. Salbuespen izanen dira Alkatetzak bertzela baimendutako kasuak.

2.-Zehatuak izanen dira esku orriak baimenik gabe barreiatzen edo banatzen dituztenak.

3.-Udal zerbitzuek garbituko dute esku orriak banatzearen eta barreiatzearen ondorioz zikindutako hiriko alderdia, eta zerbitzu horien kostua erantzuleei ezarriko zaie, deusetan ukatu gabe legozkiekeen zehapenak ere ezartzea.

4.-Alderdi politikoek eta auzo elkarteek ez dute baimenik eskatu beharko eta, beraz, baimendua dute esku orriak banatzea.

IV. TITULUA

Hiri hondakinen bilketa

I. KAPITULUA

Baldintza orokorrak eta zerbitzuak agiteko esparrua

45. artikulua. Hiri hondakin solidoen bilketa eta horien tratatamendua eta deuseztapena, hiri hondakin solidoen kudeaketa arautzen duen udal ordenantzan agindutakoaren arabera eginen da.

II. KAPITULUA

Hondakinen sortzaileen erantzukizuna

46. artikulua.

1.-Sortzailea edo edukitzailea hondakinek eragin ditzaketen kalte guztien erantzulea izanen da, salbu eta Udalak pertsona baimenduen esku utzi badituzte, tratatuak eta deuseztatuak izan daitezen.

2.-Hondakinen sortzaile edo edukitzaileek baimenik gabeko hirugarrenen eskuetan uzten badituzte, garraiatuak, tratatuak eta deuseztatuak izan daitezen, erantzule solidarioak izanen dira horren ondorioz edozein kalte gertatuz gero.

3.-Hondakinak tratatzen edo deuseztatzen dituztenak ez dira kalteen erantzule izanen utzitako hondakinen ezaugarrien gaineko informazioan akatsak izateagatik sortu badira, edo sortzaile edo edukitzaileak fede txarrez jokatzeagatik, salbu eta hondakinen deuseztatzaileak ez badu behar den baimenik bere jardueran aritzeko, aitzineko 2. zenbakian adierazitakoaren ildotik.

4.-Hondakinen sortzaile edo edukitzaileak beharturik daude hondakinak segurtasun osoko baldintzetan tratatuak edo deuseztatuak direla segurtatzeko behar diren neurriak hartzera, salbu eta udal zerbitzuen edo hiri hondakin solidoen esleipena duen enpresaren eskuetan uzten dituztenetan.

V. TITULUA

Zehapenak

47. artikulua. Ordenantza honetako arauak hausten dituztenei 6tik 180 eurorainoko isunak ezarriko dizkie Alkatetzak, eta, gainera, erantzuleei erreklamatzen ahalko zaie, egoki den maneran, garbiketako eta konponketako gastuen ordainketa eta, hala behar badu, salatu eta auzitara eramanak ere izan litezke ondorio guztietarako.

Fiteron, 2011ko otsailaren 9an.-Alkatea, Francisco Javier Yanguas Fernández.

Iragarkiaren kodea: L1102462