32. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

194/2011 EBAZPENA, otsailaren 2koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, irakaskuntza ez-unibertsitarioko irakasle funtzionarioei 2011-2012 ikasturterako behin-behineko destinoak, praktikaldikoak eta zerbitzu-eginkizunetakoak esleitzeko jarraibideak eta irakasleen lanaldia murrizteko eskaeren prozedura onesten dituena.

Administrazio honen menpeko ikastetxe eta programetan aurreikusitako eskolatzearen bilakaerak eta administrazioan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko deialdien ebazpenak neurriak hartzera behartzen dute, irakaskuntza ez-unibertsitarioko irakasle funtzionarioei, azkar eta modu eraginkorrean, 2011-2012 ikasturterako behin-behineko lanpostua esleitu ahal izateko.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeen sarea berrantolatzeko arauak ematen dituen martxoaren 13ko 69/1995 Foru Dekretuak, martxoaren 13ko 150/1996 Foru Dekretuaren bidez aldatu zenak, adierazten du zenbait neurri hartu behar direla, aplikagarria den araudi osagarria Administrazio honen benetako egoerari egokitzeko.

Horretarako, bidezkoa da 2011-2012 ikasturterako behin-behineko destinoak, praktikaldikoak eta zerbitzu-eginkizunetakoak esleitzeko jarraibideak ematea. Horrela, batetik, funtzionarioek herrian edo eskualdean segitzeko eskubidea badute, eskubide hori bermatuko zaie eta, bestetik, funtzionarioek euskaraz irakasteko konpromisoa hartu badute, konpromiso hori betetzen dela ziurtatuko da.

Apirilaren 28ko 113/1997 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen lanaldia murrizteko arauak ematen ditu eta 4. artikuluan ezartzen du irakasle ez-unibertsitarioen lanaldiaren murrizketa ikasturtea amaitu arte izanen dela. Modu berean, eskatzen diren luzapenak ikasturte osorako izanen dira.

Irakasleen lanaldi murrizketak onartzeak eragina izan dezake ikastetxeetako plantillak zehazterakoan eta, horrenbestez, destinoko ikastetxea behin-behinekoz aldatzea ekar dezakeen egoera batek ukitzen dituen irakasleak zehazterakoan. Horregatik, komeni da plantillak eratu aurretik ezartzea lanaldi murrizketak eskatzeko prozedura, ahalik eta lekualdatze gutxien izan dadin. Lanaldi murrizketak ematerakoan lehentasuna izanen du beti ikasleek hezkuntzarako duten eskubideak.

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak irailaren 19an emandako 155/2007 Ebazpenaren bidez eskuordetutako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Irakaskuntza ez-unibertsitarioko irakasle funtzionarioei 2011-2012 ikasturterako behin-behineko destinoak, praktikaldikoak eta zerbitzu-eginkizunetakoak esleitzeko jarraibideak eta irakasleen lanaldia murrizteko eskaeren prozedura onestea. Hona oinarriak:

I.-Behin-behineko destinoak, praktikaldikoak eta zerbitzu-eginkizunetakoak esleitzeko jarraibideak.

II.-Ikastetxe publikoetako zuzendaritza karguen izendapena.

III.-2011-2012 ikasturterako lanaldi murrizketak eskatzeko prozedura.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela adieraztea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusira, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusira, Giza Baliabideen Zerbitzura eta Hezkuntza Ikuskapen eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiko Hezkuntza Ikuskapen Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzaten.

OINARRIAK

I.-Behin-behineko destinoak, praktikaldikoak eta zerbitzu-eginkizunetakoak esleitzeko jarraibideak.

Hezkuntza Departamentuak 2011-2012 ikasturterako behin-behineko destinoa, praktiketakoa edo zerbitzu-eginkizunetakoa esleituko ditu, oinarri hauetan ezarritako arauei jarraikiz.

Lehena.-Arau komunak.

Behin-behineko destinoak, praktiketakoak eta zerbitzu-eginkizunetakoak hautatzeko, jendaurreko ekitaldi batean esleitzen direnean, honako hurrenkerari jarraituko zaio:

1. Funtzionarioen osasun-arrazoien ondoriozko zerbitzu-eginkizunak.

2. Irakastordu nahikoa ez izateagatik beren ikastetxetik beste batera aldatutako irakasleen zerbitzu-eginkizunak.

3. Euskaraz irakasteko konpromisoa betetzeko, beren ikastetxetik beste batera aldatutako irakasleen zerbitzu-eginkizunak.

4. Behin-behineko destinoa duten funtzionarioak.

5. Salbuespeneko gorabeheren ondoriozko zerbitzu-eginkizunak.

6. Praktiketako funtzionarioak.

7. Irakaskuntzako lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaiak.

Irakastordu nahikoaren ezak eta euskaraz irakasteko konpromisoa bete beharrak sorrarazitako zerbitzu-eginkizunak bigarren eta hirugarren arauetan ezarritakoaren arabera esleituko dira. Antolamendu arrazoien eta hautetsi karguaren ondoriozko zerbitzu-eginkizunak ikastetxe jakin baterako esleituko dira. Osasun-arrazoien eta salbuespeneko gorabeheren ondoriozko zerbitzu-eginkizunak ikastetxe jakin baterako edo jendaurreko ekitaldian esleituko dira, oinarri honetako bosgarren arauko 5. puntuan aurreikusitako Ebaluazio Batzordeak ezarritakoaren arabera.

Lanpostuak hautatu ahal izateko dagokien gaikuntza eduki behar da edo espezialitate eta hizkuntzako titularra izan. Beren espezialitate eta hizkuntzako lanpostu hutsik ez badago, beste lanpostu bat esleitzen ahal zaie, espezialitateko titular diren irakasleei destinoa hautatzeko lehentasuna bermatuta eta Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen irizpideei jarraituz; horrela, galarazi eginen da irakasleak bere destinoko herritik mugitzea irakastordu nahikoa ez izateagatik.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailetako lanpostuak eskuratzen ahalko dituzte, bakar-bakarrik, behin betiko destinoa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailetan izan arren, irakastordu nahikoa ez izateagatik lekuz aldatu diren maisu-maistrek. Halaber, Pedagogia Terapeutikoaren espezialitateko titulua edo beharrezko gaikuntza duten maisu-maistrek aukera izanen dute Bigarren Hezkuntzako Institutuetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuetan lanpostuak eskatzeko.

Euskaraz irakasteko lanpostuak aukeratu ahal izateko, EGA agiria edo baliokidea eduki beharko da.

Lanpostuak esleitzeko jendaurreko ekitaldiak zein egunetan eginen diren garaiz jakinaraziko da iragarkia Hezkuntza Departamentuaren web orrian jarrita: www.educacion.navarra.es.

Lanpostuak aukeratzeko jendaurreko ekitaldietan parte hartzen ahalko du interesdunak berak edo bere ordezkari batek, betiere interesdunaren nortasun agiriaren fotokopia eta ordezkariari baimena emateko idazki bat, ordezkatuak sinatua, aurkezten baditu.

Eskaintzen diren lanpostuak, eta 2011-2012 ikasturterako behin-behineko beste destino bat aukeratu behar duten edo zerbitzu-eginkizunetan izanen diren funtzionarioen izen-deiturak, jarraibide hauetan aipatzen diren jendaurreko ekitaldi orotan, jendaurrean paratuko dira Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuaren web orrian (www.educacion.navarra.es), betiere destinoak esleitzeko jendaurreko ekitaldiak egin baino lehenago.

Bigarrena.-Irakastordu nahikoa ez izateagatik beren ikastetxetik beste batera aldatutako irakasleak.

1.-Behin betiko destinoa duten irakasleek euren ikastetxean segituko dute 2011-2012 ikasturtean, non ez duten bertan irakastordu nahikorik.

2.-Behin betiko destinoko irakasleak, 2010-2011 ikasturtean irakastordu nahikoa ez izateagatik beste batera aldatu badituzte eta 2011-2012 ikasturtean egoera horretan segitzen badute, destinoko ikastetxean bertan zerbitzu-eginkizunetan egonen dira, eman dezaketen espezialitate batean behar beste ordu izanez gero, non eta ez duten idatziz adierazten, 2011ko martxoaren 15a baino lehen, beste lanpostu bat hautatu nahi dutela.

3.-Ikastetxez aldatu berriak.

Behin betiko destinoko irakasleek, beren behin betiko destinoko ikastetxetik edo 2010-2011 ikasturtean aritu zireneko ikastetxetik beste batera aldatu behar badute, hurrengo ikasturtean zerbitzu-eginkizunetan aritzeko lanpostu bat aukeratuko dute horretarako propio deituko den jendaurreko ekitaldian, zehaztuko den egunean.

4.-Hezkuntza maila berean espezialitate eta hizkuntza bereko lanpostuak ikastetxe berean dituzten Maisu-maistren eta Bigarren Hezkuntzako Katedradunen eta Irakasleen Kidegoetako irakasle batzuen artean erabaki behar denean zein joanen den zerbitzu-eginkizunetan behin betiko destinotik behin-behineko batera, baldin eta horietako bakar batek ere bere borondatez lekuz aldatu nahi ez badu, irizpide hauek aplikatuko dira:

-Ikastetxez aldatzea dakarren irakastordu murrizketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren kurtsoan soilik izaten bada, Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioak aldatuko dira, arau honen 5. atalean kidego horretarako orokorki ezarritako irizpideei jarraikiz.

-Ikastetxez aldatzea dakarren irakastordu murrizketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren kurtsoan eta/edo Batxilergoan soilik izaten bada, Bigarren Hezkuntzako Katedradunen eta Irakasleen Kidegoetako funtzionarioak aldatuko dira, arau honen 5. atalean kidego horietarako orokorki ezarritako irizpideei jarraikiz.

-Ikastetxez aldatzea dakarren irakastordu murrizketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta/edo Batxilergoan batera izaten bada, Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioak aldatuko dira, arau honen 5. atalean kidego horretarako orokorki ezarritako irizpideei jarraikiz.

5.-Espezialitate eta hizkuntza bereko lanpostuak betetzen dituzten irakasle batzuen artean erabaki behar denean zein dagoen behartua behin betiko destinotik behin-behinekoz ikastetxez aldatzera (zerbitzu-eginkizunetan) eta, horri jarraikiz, irakasle horietako batek ere ez badu bere borondatez ikastetxez aldatzea erabakitzen, bata bestearen jarraian aplikatuko dira hurrengo irizpideak berdinketa kasuetan:

-Toki entitateetatik heldu diren Maisu-maistren Kidegokoak eta irakasleak:

1. Ikastetxean behin betiko lanpostuan etengabeko antzinatasun txikiena. Ondorio hauetarako, toki entitateetatik heldu diren funtzionarioen antzinatasun data, Maisu-maistren Kidegoan sartu gabeak badira, Nafarroako Gobernuan integratu zirenekoa izanen da.

2. Maisu-maistren Kidegoan karrerako funtzionario gisa zerbitzuak ematen benetako denbora laburrena. Kidegoan abenduaren 30eko 31/1991 Legearen xedapen gehigarrietako 29.ari jarraikiz sartu ziren irakasleei dagokienez, Maisu-maistren Kidegoko karrerako funtzionario gisa zuten antzinatasunari lan-kontratudun finko gisa egiaztaturik dutena gehituko zaie, lehen zerbitzu urtea kenduta.

Toki entitateetatik heldu diren funtzionarioei, Maisu-maistren Kidegoan sartu gabeak badira, toki entitatearekin lan kontratu finkoa sinatu ondoren emandako zerbitzuak konputatuko zaizkie benetako zerbitzu gisa, lehen zerbitzu urtea salbu.

3. Kidegoan sartzeko urterik hurbilena.

Irizpide hau ez zaie aplikatuko toki entitateetatik heldu diren funtzionarioei. Kasu hauetan, aplikatuko den irizpidea izanen da kasuan kasuko hautapen prozeduran lortutako puntuazio txikiena.

4. Kidegoan sartzeko hautapen prozeduran erdietsiriko zerrenda-zenbakirik altuena edo puntuaziorik txikiena.

Ekainaren 5eko 1746/2008 ESD Aginduaren bidez irakasle kidegoetan sartutako langileei aurreko irizpideak aplikatzeko, aipatu ESD Aginduan ageri den ordenatze data hartuko da kontuan.

Aipatu irizpideak aplikatuz berdinketa hautsi ezin bada, Iruñeko Udalarentzat lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak hartuko dira kontuan, lehen zerbitzu urtea kenduta.

-Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleen, Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradun eta Irakasleen, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradun, Irakasle eta Tailer Maisuen eta Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradun eta Irakasleen Kidegoak:

1. Bere kidegoan karrerako funtzionario gisa zerbitzuak ematen benetako denbora laburrena. Abenduaren 30eko 31/1991 Legearen xedapen gehigarrietako 29.ari jarraikiz kidegoetan sarturiko irakasleei dagokienez, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoetako karrerako funtzionario gisa zuten antzinatasunari lan-kontratudun finko gisa egiaztaturik dutena gehituko zaie, lehen zerbitzu urtea kenduta.

2. Ikastetxean behin betiko lanpostuan etengabeko antzinatasun txikiena.

3. Kidegoan sartzeko urterik hurbilena.

4. Halakorik bada, dagokion Katedradunen Kidegokoa ez izatea.

5. Kidegoan sartzeko hautapen prozeduran erdietsiriko puntuaziorik txikiena.

Ekainaren 5eko 1746/2008 ESD Aginduaren bidez irakasle kidegoetan sartutako langileei aurreko irizpideak aplikatzeko, aipatu ESD Aginduan ageri den ordenatze data hartuko da kontuan.

Aipatu irizpideak aplikatuz berdinketa hautsi ezin bada, Iruñeko Udalarentzat lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak hartuko dira kontuan, lehen zerbitzu urtea kenduta.

Hori dena, Katedradunen Kidegoko funtzionarioei dagozkien eskubideak galarazi gabe, baldin eta Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Lege Organikoak indarra hartu aurretik erdietsi bazuten lanpostua.

-Teknologia ematen duten irakasleak:

Teknologiako lanpostuak betetzen dituzten hainbat irakasleren artean erabaki behar denean zein dagoen behartua behin betiko destinotik behin behinekoz ikastetxez aldatzera (zerbitzu-eginkizunetan) eta, horri jarraikiz, irakasle horietako batek ere ez badu bere borondatez ikastetxez aldatzea erabakitzen, Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleen eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen kidegoetarako ezarritako irizpide orokorrak aplikatuko dira, inola ere galarazi gabe, hala behar denean, kasuko espezialitatearen titular den funtzionarioari onartuko zaion lehentasuna.

-Lanbide Hastapeneko Programetako irakasleak:

Ikastetxe batean, Lanbide Hastapeneko Programetan behin betiko destinoa duten irakasle guztiek bertan eskola eman ahal izateko adina irakastordu ez baldin badago, irakastordurik gabe gelditutako irakasleak, titulazio egokia ez dutenak salbu, behartuak izan daitezke ikastetxez aldatzera, edo curriculum aniztasuneko zein curriculum egokituko unitateetan edo lanbide heziketako heziketa zikloetan eskola ematera.

Lanbide Hastapeneko Programetako lanpostuak betetzen dituzten zenbait irakasleren artean erabaki behar denean zein dagoen behartua behin betiko destinotik behin-behinekoz ikastetxez aldatzera (zerbitzu-eginkizunetan) eta, horri jarraikiz, irakasle horietako batek ere ez badu bere borondatez ikastetxez aldatzea erabakitzen, Bigarren Hezkuntzako Katedradunen eta Irakasleen eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoetarako ezarritako irizpide orokorrak aplikatuko dira.

6.-Lehentasun hurrenkera.

Irakastordu nahikoa ez izateagatik beren ikastetxetik beste batera aldatutako irakasleek lanpostuak aukeratzeko hurrenkera zehazterakoan, behin betiko destinoko herria edo eskualdea izanen da kontuan eta, berdinketarik gertatzen bada, hurrengo irizpideak aplikatuko dira bata bestearen jarraian:

1. Beraiei dagokien kidegoan zerbitzuak ematen denbora luzeena. Abenduaren 30eko 31/1991 Legearen xedapen gehigarrietako hogeita bederatzigarrenari jarraikiz, kidegoetan sartutako irakasleei lehenengo zerbitzu urtea kenduko zaie, praktikalditzat jotzen baita. Ondorio horietarako, 2011ko maiatzaren 1a arte emandako zerbitzuak kontatuko dira.

Toki entitateetatik heldu diren funtzionarioei, irakasle kidegoetan sartu gabeak badira, toki entitatearekin lan kontratu finkoa sinatu ondoren emandako zerbitzuak konputatuko zaizkie benetako zerbitzu gisa, lehen zerbitzu urtea salbu.

2. Antzinatasun handiena kidegoan. Ondorio hauetarako, toki entitateetatik heldu diren funtzionarioen antzinatasun data, irakasle kidegoetan sartu gabeak badira, Nafarroako Gobernuan funtzionario bihurtu zirenekoa izanen da.

3. Maisu-maistren Kidegoan sartzeko hautapen prozeduran erdietsitako zerrenda-zenbaki baxuena edo lanpostuan sartzeko hautapen prozeduran erdietsitako puntuaziorik altuena.

Toki entitateetatik heldu diren funtzionarioei, irakasle kidegoetan sartu gabeak badira, aplikatuko zaien irizpidea izanen da kasuan kasuko hautapen prozeduran lortutako puntuazio txikiena.

Behin betiko destinoko herrian edo eskualdean irakaslearen espezialitateko lanpostu hutsik ez badago, beste lanpostu bat esleitzen ahalko zaio, baina irakastordu nahikoa ez izateagatik beste batera aldatutako irakasleek (kasuan kasuko espezialitateko titularrek) lehentasuna izanen dute destinoa hautatzerakoan.

Hirugarrena.-Euskaraz irakasteko konpromisoa betetzeko ikastetxez beste batera aldatutako irakasleak.

I.-Euskaraz irakasteko konpromisoa bete behar duten irakasleek, hots, behin betiko destinoa dutenek, beren destinoko ikastetxean berean beteko dute konpromisoa, betiere irakats dezaketen espezialitate batean nahiko ordu emateko aukera badute.

Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioek euskarazko lanpostuetan ere eman dezakete eskola. Orobat, Euskal Hizkuntzako plazak aukeratzen ahal dituzte Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren kurtsoetan, haietan behin betiko destinorik badute. Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko funtzionarioek ere Euskal Hizkuntza eta Literaturako lanpostuetan ematen ahal dute eskola, A ereduan.

2.-Behin betiko destinoko irakasleek, 2010-2011 ikasturtean konpromiso hori betetzeko aldarazi badituzte eta egoera horretan segitzen badute, ikastetxe berean segituko dute zerbitzu-eginkizunetan, eman dezaketen espezialitate batean behar beste ordu egonez gero, non eta ez duten idatziz adierazten, 2011ko martxoaren 15a baino lehen, beste lanpostu bat hautatu nahi dutela.

3.-Ikastetxez aldatu berriak.

Konpromiso hori hartu duten irakasleek, behin betiko destinoa badute eta beren ikastetxean berean betetzerik ez badute, zerbitzu-eginkizunetan aldatuko dituzte. Destinoa aldatu behar duten irakasleek jendaurreko ekitaldi batean aukeratuko dute hurrengo ikasturterako lanpostu berria.

4.-Lehentasun hurrenkera.

Euskaraz irakasteko konpromisoa betetzeko beren ikastetxeetatik aldatzen diren irakasleek lanpostuak aukeratzeko hurrenkera zehazterakoan, destinoko herria edo eskualdea izanen da kontuan, eta berdinketarik gertatzen bada, hurrengo irizpideak aplikatuko dira bata bestearen jarraian:

1. Euskaraz irakasteko konpromisoaren antzinatasunik handiena.

2. Beraiei dagokien kidegoan zerbitzuak ematen denbora luzeena. Abenduaren 30eko 31/1991 Legearen xedapen gehigarrietako 29.ari jarraikiz kidegoetan sartutako irakasleei lehenengo zerbitzu urtea kenduko zaie, praktikalditzat jotzen baita. Ondorio horietarako, 2011ko maiatzaren 1a arte emandako zerbitzuak kontatuko dira.

3. Antzinatasun handiena kidegoan.

4. Maisu-maistren Kidegoan sartzeko hautapen prozeduran erdietsitako zerrenda-zenbaki baxuena edo lanpostuan sartzeko hautapen prozeduran erdietsitako puntuaziorik altuena.

Laugarrena.-Behin-behineko destinoak eta praktikaldikoak esleitzea.

Behin-behineko destinoa duten irakasleek eta praktiketako funtzionarioek, baldin eta Maisu-maistren Kidegoan, Bigarren Hezkuntzako Katedradunen eta Irakasleen Kidegoan, Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoan, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradunen eta Irakasleen Kidegoan, Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradunen eta Irakasleen Kidegoan eta Arte Plastikoetako edo Diseinuko Katedradunen, Irakasleen eta Tailer Maisuen Kidegoetan badaude, destino berria aukeratu beharko dute 2011-2012 ikasturterako, horretarako eginen den jendaurreko ekitaldi batean.

Ondotik aipatzen diren irakasleek aukeratuko dituzte behin-behineko destinoak, hurrenkera honi jarraituz:

1. 2010-2011 ikasturtean behin-behineko destinoa duten irakasle kidegoetako funtzionarioek eta praktikaldian gai kalifikazioa jaso dutenek, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak azaroaren 5eko 2905/2010 Ebazpenaren bidez deitutako lekualdatze lehiaketan behin betiko destinoa lortu dutenak izan ezik.

Langile horiek Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak azaroaren 5eko 2905/2010 Ebazpenaren bidez dei egindako lekualdatze lehiaketan ateratako behin betiko puntuazioaren araberako hurrenkeran agertuko dira zerrendan.

Langileek destinoa aukeratuko dute, zerbitzuaren beharrak kontuan izanik, kidegoko, espezialitateko eta hizkuntzako lanpostu hutsetan edo aldi baterako ordezkapenetan, edo bestela, kidego bereko edo beste irakasle kidego batzuetako antzeko espezialitateetan.

2. Praktiketako funtzionarioak.

Funtzionario horiek zerbitzuko beharren arabera hautatuko dute destinoa, zein kidego, espezialitate edo hizkuntzatarako izan ziren hautatuak, haietako lanpostu hutsetan edo aldi baterako ordezkapenetan; bestela, kidego bereko edo beste irakasle kidego batzuetako antzeko espezialitateetan, hautapen prozeduran guztira ateratako puntuazioa kontuan hartuta.

%33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa duten izangai hautatuek lehentasuna izanen dute sarrera libreko prozeduraren bidez hautatutako langileen aurretik.

Giza Baliabideen Zerbitzuak ebazpen bat emanen du, praktiketako funtzionarioek zein hurrenkeran hautatuko duten jarraibide eta irizpideak finkatzeko.

3. Behin betiko destinoa galtzea ekarri dien edozein egoera administratibotatik heldu diren irakasle kidegoetako funtzionarioek aukeratuko dute destinoa, baldin eta Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 5eko 2905/2010 Ebazpenaren bidez onetsitako lekualdatze lehiaketan behin betiko destinoa eskuratu ez eta jardunean berriz hastea eskatu badute.

Langile horiek kidegoan duten antzinatasunaren arabera agertuko dira zerrendan, antzinatasun handienekoa lehenengoa dela. Horretarako, 2011ko maiatzaren 1a arte emandako zerbitzuak hartuko dira kontuan. Berdinketarik izanez gero, hautapen prozeduran zerrenda-zenbaki baxuena edo kidegoan sartzeko hautapen prozeduran puntuaziorik altuena lortu duen funtzionarioak izanen du lehentasuna.

Funtzionarioak lehentasunezko eskubideen titular izanik, kontuan hartuko zaizkie.

Bosgarrena.-Zerbitzu-eginkizunetako destinoen esleipena.

1.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren 1. artikuluan ezarritakoa eta ebazpen hau oinarri harturik, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak 2011-2012 ikasturterako zerbitzu-eginkizunak ematen ahal dizkie irakaskuntza ez-unibertsitarioko irakasle kidegoetako karrerako funtzionarioei, baldintza hauek betetzen badituzte:

-Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publiko ez-unibertsitarioren batean behin-behineko edo behin betiko destinoa izatea.

-Jardunean egotea eta 2011-2012 ikasturterako beste zerbitzu-eginkizunik ez izatea.

Beste zerbitzu-eginkizunik ematen bazaio, arau hauetan xedatutakoa izanen da kontuan.

2.-Zerbitzu-eginkizunen arrazoiak.

Giza Baliabideen Zerbitzuak, salbuespen gisa, honako kasuotan ematen ahalko ditu zerbitzu-eginkizunetan aritzeko baimenak:

a) Antolamendu arrazoien ondoriozko zerbitzu-eginkizunak, Hezkuntza Departamentuak proposatuak.

Zerbitzu-eginkizun horiek Hezkuntza Departamentuko zerbitzuek proposamen arrazoitua egin ondoren baizik ez dira emanen, honako arrazoi hauengatik:

1. Hezkuntza Departamentuan irakaskuntzako aholkulari lanetan aritzeko zerbitzu-eginkizuna.

2. Ikastetxe batean programa jakin batean irakasle gisa parte hartzeko zerbitzu-eginkizuna.

2011ko martxoaren 31a baino lehen, zerbitzu-eginkizunak zein programatarako eskatu diren, haietako arduradunek Giza Baliabideen Zerbitzuari bidali beharko diote proposatutako zerbitzu-eginkizunen zerrenda bakar bat, eta hari erantsi zerbitzu-eginkizun horiek beren gain hartzeko interesdunen adostasuna.

Atal honetan adierazitako epeaz kanpo, zerbitzuek proposatutako zerbitzu-eginkizunak eta interesdunek zuzenean eskatutakoak besterik gabe ezetsiko dira.

b) Interesdunek eskatutako zerbitzu-eginkizunak.

Organikoki eta funtzionalki Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mende dauden irakasle funtzionarioek honako arrazoi hauengatik bakarrik eska ditzakete zerbitzu-eginkizunak:

1. Herri bateko korporazioko kide izateagatik ikastetxe batean irakasle jarduteko zerbitzu-eginkizunak.

2011ko maiatzeko udal hauteskundeen ondorioz herri bateko korporazioko kide izendatuko diren funtzionariek zerbitzu-eginkizunak eskatu ahalko dute.

Arrazoi hori dela medio ematen diren zerbitzu-eginkizunak ikastetxe jakin baterako esleituko dira, kontuan harturik zein herritakoa den korporazioa eta zer distantzia dagoen eskatzailearen destinoko ikastetxeraino, betiere ebazpen honen seigarren oinarrian ageri den baldintza betetzen bada.

2. Eskaera egin duen funtzionarioaren osasun arrazoiak direla medio.

Osasun arrazoien ondoriozko zerbitzu-eginkizunetarako baimena emateko, laneko arriskuei aurrea hartzeko araudiari jarraituko zaio.

Zerbitzu-eginkizunetarako baimen hori eskatzen duten funtzionarioek medikuaren agiri eguneratua erantsi beharko diote eskabideari, baimena zein egoeragatik eskatzen den azaltzeko. Medikuaren agiria gutun-azal itxian aurkeztuko da.

Gero, Hezkuntza Departamentuko Laneko Arriskuen Prebentziorako Ataleko fakultatiboek peritazioa egin eta txostena igorriko diote Ebaluazio Batzordeari, eskatu diren zerbitzu-eginkizunei buruzko ebazpena eman dezan.

3. Salbuespeneko gorabeherak.

Eskatzailearen ezkontidearen, aurrekoen edo ondorengoen eritasun larria edo edozein mailako mendekotasun handiagatik eta funtzionarioaren destinoko herrian eri hori behar bezala zaintzerik ez denean.

Gorabehera hori frogatzen duten egiaztagiri mediko gaurkotuak alde batera utzita, eskatzaileak bi ziurtagiri ekarri beharko ditu: bata, zerbitzu-eginkizunetarako baimena zein herritan eskatu, eria hartan bizi dela frogatzen duena, eta bestea, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek edo Osasun Etxeetako gizarte langileek emandakoa, eria eskatzaileak zaindu behar duela frogatzen duena eta eskatzaileak zaindu behar duen pertsonaren mendekotasun maila agertzen duena.

Eskabidean alegatutako datuak faltsuak badira, eman den zerbitzu-eginkizunetarako baimena deuseztatu eginen da, eska dakizkiokeen erantzukizunak galarazi gabe, hala behar denean.

Salbuespeneko gorabehera horiengatik subjektu eragile bakoitzeko eta arrazoi bakoitzeko behin baino ez da esleitzen ahalko zerbitzu-eginkizunetarako destinoa, eta ikasturte bakarrerako.

3.-Osasun arrazoiengatik edo salbuespeneko gorabeherengatik zerbitzu-eginkizuna eskuratzen duten funtzionarioek lehenengo arauan ezarritako hurrenkeran hautatuko dute destinoa, espresuki deitutako jendaurreko ekitaldian. Kasu horietan, 5. atalean aurreikusitako ebaluazio batzordeak zilegi du beharkizunak ezartzea edo eskatzaileak lanpostuak esleitzeko jendaurreko ekitaldian zein har ditzakeen erabakitzea.

Osasun arrazoien eta salbuespeneko gorabeheren ondoriozko zerbitzu-eginkizunak irakasleek lanpostuak aukeratzeko hurrenkera zehazterakoan, bigarren arauaren 6. atalean ezarritako irizpidei jarraituko zaie.

4.-Interesdunek berek eskatutako zerbitzu-eginkizunak.

Osasun arrazoien eta salbuespeneko gorabeheren ondoriozko zerbitzu-eginkizunetarako eskabideak ondoko toki hauetakoren batean aurkeztu beharko dira: Hezkuntza Departamentuko Erregistroan (Santo Domingo, zk.g., Iruña), Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetan (zerrenda 2010eko 25. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 24an) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz, jarraibide hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hamar egun balioduneko epean, ebazpen honen I. eranskinean argitaratzen den ereduaren arabera.

Epez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira baloratuko.

Interesdunek beren eskaerari uko egiten ahalko diote haiek aurkezteko epearen barrenean. Epe hori bukatutakoan, beste lanpostu bat zerbitzu-eginkizunetan betetzeko hautatzen diren funtzionarioen ukoak baino ez dira onartuko, osasun arrazoien eta salbuespeneko gorabeheren ondoriozko zerbitzu-eginkizunetarako 5. oinarrian ezarritakoa galarazi gabe.

Toki entitate bateko kide izanik ikastetxe batean irakasle jarduteko zerbitzu-eginkizunetarako eskaerek aurkeztu beharko dira udal hauteskundeak izan eta biharamunetik hasita hamar egun balioduneko epean.

5.-Ebaluazio Batzordea.

Osasun arrazoien eta salbuespeneko gorabeheren ondoriozko zerbitzu-eginkizunen eskaerak kide hauek osatutako batzordeak ebatziko ditu:

Batzordeburua: Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusia edo bere ordezkoa.

Batzordekidea: Hezkuntzako ikuskatzaile bat.

Batzordekidea: Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiari atxikitako funtzionario bat.

Batzordekideak: Irakaskuntza ez-unibertsitarioko langileen batzorderako azken hauteskundeetan boto gehien lortu zuten sindikatuetako hiru ordezkari.

Idazkaria: Giza Baliabideen Zerbitzuari atxikitako funtzionario bat.

Batzordeak aholkulari espezialistak ekartzea proposatzen ahalko du, beren eskumeneko arloen balorazioa egin dezaten, batez ere salbuespeneko gorabeheren ondoriozko zerbitzu-eginkizunak emateko. Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu aholkulari horiek.

Batzorde horrek hartutako erabakiak, eskatzen diren zerbitzu-eginkizunen ingurukoak, jendaurrean jarriko dira Hezkuntza Departamentuaren iragarki oholean (Santo Domingo kalea, zk.g., Iruña) eta Hezkuntza Departamentuaren web orrian: www.educacion.navarra.es. Zerbitzu-eginkizunen behin-behineko zerrendaren kontra interesdunek zilegi izanen dute, hiru eguneko epean, erreklamazioak aurkeztea eta eman zaizkien zerbitzu-eginkizunei uko egitea. Erreklamazioak ebatzita, proposatutako zerbitzu-eginkizunen behin betiko zerrenda argitaratuko da, eta Giza Baliabideen Zerbitzura bidaliko, baimena eman dezan.

Seigarrena.-Zerbitzu-eginkizunen araubidea.

Zerbitzu-eginkizunak emateko ezinbestekoa izanen da ikastetxe horretan kasuan kasuko espezialitate eta hizkuntzako lanpostu hutsen bat izatea, 2011-2012 ikasturterako hezkuntza plagintzaren arabera aurreikusitako beharrak zein diren zehaztu eta gero.

Toki entitate bateko kide izanik ikastetxe batean irakasle jarduteko zerbitzu-eginkizunak baimendu aurretik, interesdunek 2011ko ekainaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dute hautetsi karguaren jabetza hartu dutela ziurtatzen duen agiria, Toki entitateak luzatuta.

Behin zerbitzu-eginkizunen bat baimenduz gero, ez dago hari uko egiterik, eta funtzionarioa dagoen lanpostua 2011-2012 ikasturtean funtzionarioek edo aldi baterako lan-kontratudunek betetzeko eskainiko da.

Zazpigarrena.-Esleitutako destinoak argitara ematea.

Funtzionarioei esleitzen zaizkien destinoak (ebazpen honen xedekoak, alegia) Hezkuntza Departamentuaren web orrian (www.educacion.navarra.es) argitaratuko dira, destinoak esleitzeko 2011-2012 ikasturteko ekitaldi publikoak eginik. Orobat, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ebazpena emanen du, propio, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, interesdunendako banan-banako jakinarazpenaren ordez.

II.-Ikastetxe publikoetako zuzendaritza karguen izendapena.

2011ko maiatzaren 1a baino lehen, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak Giza Baliabideen Zerbitzuari igorriko dio ikastetxeetako zuzendaritza-karguetarako ezohiko bidetik porposatutako langileen zerrenda, eta bertan adieraziko da proposatutako funtzionarioak lanpostua zein ikastetxetan duen eta zuzendaritza-kargu gisa zein ikastetxetarako proposatzen den.

Epe horretantxe, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak Giza Baliabideen Zerbitzuari igorriko dio Hezkuntza Lege Organikoaren babesean deitutako merezimendu lehiaketen ondorioz zuzendaritza-taldekide gisa proposatutako funtzionarioen zerrenda.

Zuzendaritza-taldeen izendapena ikastetxeko zuzendaria izendatzen den epe bererako eginen da, eta betiere zuzendaritza-taldeko gainerako kideen izendapen hori eginkizuna bete behar duen eperako lanpostu hutsa egotearen baldintzapenan izanen da, ikasturte bakoitzeko hezkuntza-plangintzaren arabera.

III.-2011-2012 ikasturterako irakasle funtzionarioek, lan-kontratadun finkoek eta lan-kontratu mugagabea dutenek lanaldi murrizketak eskatzeko prozedura.

Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko irakasle ez-unibertsitarioek lanaldiaren heren bat edo erdia murrizteko eskaera egiten ahalko dute, apirilaren 28ko 113/1997 Foru Dekretuan ageri diren kasu eta baldintzetan badaude.

Organikoki eta funtzionalki Hezkuntza Departamentuaren mende dauden irakasle funtzionario ez-unibertsitarioek, lan-kontratadun finkoek eta lan-kontratu mugagabea dutenek, baldin eta lanaldi murrizketa eskatu nahi badute edo lehendik duten baimena 2011-2012 ikasturtera luzatu nahi badute, Giza Baliabideen Zerbitzuari jakinarazi behar diote 2011ko apirilaren 15a baino lehen.

Egun horren ondotik beste destino bat lortu dutenek hiru egun balioduneko epea izanen dute, Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta web-gunean lekualdatze lehiaketa behin betiko ebatziko duen ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, lanaldi murrizketa edo lehendik zuten murrizketaren luzapena eskatzeko. Epe berean, 2011ko apirilaren 15a baino lehen aurkeztutako eskaerari uko egiten ahalko zaio.

Halaber, destinoa jendaurreko ekitaldian lortzen duten irakasleek lanaldi murrizketa edo murrizketaren luzapena eskatzen ahalko dute hiru egun balioduneko epean, 2011-2012 ikasturterako destinoak esleitzeko jendaurreko ekitaldia egin eta biharamunetik hasita. Epe berean, 2011ko apirilaren 15a baino lehen aurkeztutako eskaerari uko egiten ahalko zaio.

Lanaldi murrizketa edo murrizketaren luzapena eskatzeko, ebazpen honen II. eranskineko ereduaren araberako eskabidea bete beharko da.

Epe horretan eskatzen diren lanaldi murrizketak 2011ko irailaren 1etik 2012ko abuztuaren 31ra bitartekoak izanen dira, murrizketarako arrazoia epe laburragoan bukatzen ez bada behintzat.

Ezarritako epetik kanpo eskatzen diren lanaldi murrizketak, apirilaren 28ko 113/1997 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, ez dira baliatzen hasiko harik eta lanaldi-murrizketaren baimena jakinarazten den eguna arte, zeina arauz ezarritako epean jakinaraziko baitzaie.

Betiere, aurreko paragrafoan adierazitako lanaldi murrizketak 2011-2012 ikasturtea bukatu arte emanen dira, murrizketaren arrazoia epe laburragoan bukatzen ez bada behintzat.

Iruñean, 2011ko otsailaren 2an.-Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Begoña Unzué Vela.

I. ERANSKINA

Irakaskuntza ez-unibertsitarioko irakasle funtzionarioek 2011-2012 ikasturterako zerbitzu-eginkizunak eskuratzeko eskaera

Deiturak:

Izena:

NANa: .............................................................. Telefonoa:

Kidegoa: ............................ Espezialitatea:

Hizkuntza:

Destinoa (adierazi behar dena): Behin-behinekoa [ ] Behin betikoa [ ]

Destinoko ikastetxea: .............................. Herria:

ESKATZEN DUT:

Zerbitzu-eginkizunak, arrazoi honengatik: (bidezkoa dena adierazi).

[ ] Eskatzailearen osasun egoera.

[ ] Salbuespeneko gorabeherak.

[ ] Udal korporazio bateko hautetsia.

..................................... (e)n, 2011ko ................... aren ........(e)an.

(Sinadura, ezinbestekoa)

GIZA BALIABIDEEN ZERBITZUKO ZUZENDARIA.

II. ERANSKINA

Irakasle funtzionario ez-unibertsitarioek, lan-kontratadun finkoek
eta lan-kontratu mugagabea dutenek 2011-2012 ikasturterako lanaldia murrizteko eskaera

-Norberaren datuak:

Izen-deiturak: ........................................... NANa:

Helbidea: Herria

Telefonoa: ................................ Posta kodea:

-Lanpostuaren datuak:

Kidegoa: ................................ Espezialitatea:

Hizkuntza:

-2011-2012 ikasturterako honako hau eskatzen du:

  • Lanaldi murrizketa:

[ ] 12 urtetik beherako haurraren legezko zaintzarako.

[ ] Legez onarturiko desgaitasun fisiko, psikiko edo zentzumenekoa duen norbait zaintzeko.

[ ] Ezkontidearen edo bizikidearen, edo odol nahiz ezkontza bidezko lehen graduko ahaideen ezintasun kasuetan. Era berean, funtzionarioak adineko gaixo kroniko edo ezgai batekin bizi eta hura zaindu behar badu, odol edo ezkontza bidezko bigarren gradura arteko ahaidea bada.

[ ] 1/3 edo [ ] 1/2 (Adierazi bidezkoa dena).

  • Lanaldi murrizketa (zerbitzu beharren araberakoa):

[ ] 12 urtetik 16 urtera bitarteko haurraren legezko zaintzarako.

[ ] 55 urteko edo hortik gorako langilea.

[ ] Lanerako aldi baterako ezintasuna edo iraunkorra sor ez dezakeen eritasuna duen langilea.

[ ] Langilearen interes partikularragatik, baimena emateak ez badu zailtasunik sortzen zerbitzuen funtzionamenduan.

[ ] 1/3 edo [ ] 1/2 (Adierazi bidezkoa dena).

........................................ (e)n, 2011ko ................... aren ........(e)an.

(Sinadura, ezinbestekoa)

GIZA BALIABIDEEN ZERBITZUKO ZUZENDARIA.

Oharra: eranskin honetan aipatzen diren lanaldi murrizketek ordainsariak eta kotizazio sozialak murriztea ekarriko dute, eta epe horretan ezin izanen da bestelako jarduera profesionalik edo lanik egin, apirilaren 28ko 113/1997 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F1102098