32. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2010eko abenduaren 27an hartua, Orbaitzetako udalerriaren izena aldatzea xedatzen duena. Hemendik aurrera Orbaizeta izanen da.

Ikusi da Orbaitzetako Udalak Nafarroako Toki Administrazioko Departamentuan aurkeztu duen eskaera, zeinaren bidez Nafarroako Gobernuari eskatu baitio udalerri horren izena aldatu eta Orbaizeta izena onets dezala.

AURREKARIAK

Orbaitzetako Udalaren osoko bilkurak onetsi du, legeak eskatutako gehiengoaz hartutako erabakiaren bidez, udalerri horren izena aldatzea; hala, Orbaitzeta izatetik Orbaizeta izatera pasatuko da. Horretarako honako hauek hartu ditu kontuan: urtarrilaren 19ko 16/1989 Foru Dekretua, udalerriaren izen ofiziala Orbaitzeta zela ezarri zuena, eta irailaren 12ko 270/1991 Foru Dekretua, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen babesean onetsitako izen ofizialen erabilera arautzen duena. Kontuan hartu du, halaber, Euskaltzaindiak, berriki, Nafarroako Udalerrien Izendegia prestatu duela eta, horretan, herriaren izena aldatu egin dela eta Orbaizeta ageri dela.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 21.1 artikuluak ezartzen du, izen aldaketei dagokienez, "ezin dela udalerri baten izena aldatu, hartu nahi den izen berria lehendik dagoen beste baten berdina bada edo zerbitzu publikoen antolamenduan nahasketak sor baditzake". Espedientean ageri da, Toki Administrazioko Departamentuko idazkari tekniko nagusiaren ziurtagiri baten bidez, Nafarroako Toki Entitateen Erregistroan ez dagoela inolako entitaterik orain ezarri nahi den izenarekin inskribaturik.

2. Irailaren 10eko 183/2007 Foru Dekretuaren 16 k) artikuluaren arabera, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren eginkizunen artean dago "Nafarroako Foru Komunitateko toki izenen gainean jardutea, indarra duen legediarekin bat"; hori hala, 2010eko urriaren 7an, izen aldaketaren bidezkotasunari buruzko txostena eskatu zen, eta aipatu erakundeak horren alde emandako txostena jaso zen, 2010eko abenduaren 20an.

3. Izena aldatzeko prozedurari dagokionez, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 22. artikuluak dio "udalerrien izena aldatzeko udalek hartutako erabakia beharko dela, aurretik jendaurrean gutxienez hilabete egonda. Erabakia Foru Komunitateko Administrazioari igorri beharko zaio, Nafarroako Gobernuak onets dezan, eta hori emandakotzat hartuko da hilabeteko epean ebazpenik ematen ez bada."

4. Espedientean jaso da Orbaitzetako Udalak 2010eko ekainaren 7an hartutako erabakia, zeinaren bidez jendaurrean jarri baitzen, hilabetez, proposatutako izen aldaketa, beharrezkoak ziren iragarkiak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaraturik.

5. Jendaurreko aldia alegaziorik jaso gabe bukatu zenez, Orbaitzetako Udalak, 2010eko irailaren 20ko bilkuran, legeak eskatutako gehiengoaz erabaki zuen behin betiko onestea Orbaitzetako Udalaren izen aldaketa eta, beraz, Orbaizeta izena ezartzea, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 25.1 artikuluan ageri denarekin bat.

6. Horrenbestez, horretarako lege oztoporik ez baitago, bidezkoa da organo eskudunak, hots, Nafarroako Gobernuak, izena aldatzeko onespena ematea.

7. Nafarroako Gobernuak onetsi ondoren, Estatuko Administrazio Nagusiari igorriko zaio, Toki Entitateen Erregistroan inskriba dezan, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Toki Entitateen Erregistroan inskribatuko da.

8. Azkenik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 23. artikuluak honako hau ezartzen du: "udalerrien izen aldaketek ofizialtasuna lortzeko ezinbestekoa da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 14. artikuluak aipaturiko erregistroan jasotzea eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea". Hortaz, bidezkoa da onetsitako izen aldaketa aldizkari ofizial horietan argitaratzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Orbaitzetako Udalak eskatutako izen aldaketa onestea. Hemendik aurrera Orbaizeta izanen da udalerri hori.

2. Izena aldatzeko erabaki hau Estatuko Administrazio Nagusiari igortzea, Administrazio Publikoetako Ministerioaren Toki Entitateen Erregistroan inskriba dezan eta, halaber, Toki Administrazioko Departamentuko Nafarroako Toki Entitateen Erregistroan inskribatzea.

3. Erregistro horietan inskribatu ondoren, Estatuko eta Nafarroako aldizkari ofizialetan argitaratzea.

4. Erabaki hau Orbaizetako Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2010eko abenduaren 27an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1102058