31. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Udal ordenantza, Bildumazaletasunaren, antzinako gauzen
eta artesautzaren azoka arautzen duena. Behin betiko onerspena

Tuterako Udalak, 2010eko irailaren 24an egin osoko bilkuran, legeak eskatutako gehiengoa zuela erabaki zuen hasiera batean onestea Tuterako Udalaren (Nafarroa) Bildumazaletasunaren, antzinako gauzen eta artesautzaren azoka (Herrerías) arautzen duen udal ordenantza.

Delako ordenantzaren hasierako onespenaren eta erregelamenduzko jendaurreko epearen iragarkia argitara eman zen 2010eko 130. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 27an, eta Udalaren iragarki oholean. Jendaurreko epea inolako erreklamazio, kexa edo oharrik gabe iraganik, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Dena dela, ordenantzak bidezko ondorio juridikoak izan ditzan, argitara ematen da haren testu osoa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Tuteran, 2010eko abenduaren 13an.-Herritarren Babeseko zinegotzi delegatua, María Isabel Echave Blanco.

ORDENANTZA, TUTERAKO UDALAREN BILDUMAZALETASUNAREN, ANTZINAKO GAUZEN
ETA ARTESAUTZAREN AZOKA (HERRERÍAS) ARAUTZEN DUENA

Zioen azalpena

Herrerías karrika Tuterako biztanleen topagune izan da betidanik, are gehiago oinezkoendako eremu bilakatu denetik. Toki horretan egiten ari dira, 2008ko apirilaz geroztik, Tuterako Udalaren Bildumazaletasunaren, antzinako gauzen eta artesautzaren azoka. Enplegua eta Merkataritza Kudeatzeko Zentroak prestatutako baldintzen agiria da azoka horretan produktuak erakusgai eta salgai jartzeko araubidea. Bi urte baino gehiagoko ibilbidearen ondotik azoka sendotuta, mahai gainean jarri da udal ordenantza baten prestaketa, aplikatzekoa den araudiarekin bat, jarduera modu zehatzagoan arautu eta gaur egungo baldintzen agiriaren gabezia batzuk zuzendu beharrez.

I. KAPITULUA

Salgaiak eta trukagaiak

1. artikulua. Honako hauek salgai edo trukagai jartzen ahalko dira:

-Bigarren eskuko gauzak, hala nola altzari eta apaingarri erabiliak, biriziklatuak edo berriztatuak. Horiek guztiek gutienez ere 30 urteko antzinatasuna izan behar dute. Antzinako gauzen erreplikek horren berri ematen duten errotuloak izan beharkio dituzte, gauza zaharrak ez direla aditzera emateko.

-Bildumazaletasuneko gauzak, hala nola: filatelia, numismatika, binilozko diskoak, bestetako eta zezenketetako txartelak, posta txartelak, kromoak, liburuak, aldizkariak, komikiak eta zinema programak. Bideojokoen eta PC-rako jokoen bildumazaletasunari dagokionez, arau hauek bete beharko dira.

-PC-rako jokoek gutienez ere 12 hilabete izan beharko dituzte deskatalogaturik eta ez dute dendetan eskura egon behar (non denda ez dagoen bigarren eskuko gauzetan eta bildumazaletasunean espezializatua).

-Bideojokoek plataforma deskatalogaturik izan beharko dute eta ez dute dendetan eskura egon behar (non denda ez dagoen bigarren eskuko gauzetan eta bildumazaletasunean espezializatua), bertzenaz ez da onartuko horiek saltzea.

Erran denaz landa, Udalari beharrezkoa iruditzen bazaio, salgai jarriko dituen bideojokoen zerrenda eskatuko dio titularrari.

-Eskuzko artisautzako gaiak, hala nola bisuteriakoak, zurezkoak, larruzkoak, kortxozkoak eta gisakoak, betiere saltzaile artisauaren esku lanetik heldu badira. Berariaz debekaturik dago edozein produktu saltzea, modu industrialean egina bada.

2. artikulua. Hauek saltzea berariaz debekaturik dago:

-Armak (erreplikak salbu, eta horiek erakusgai jarri beharko dira jendearendako inolako arriskurik ez sortzeko maneran).

-Arrazakeriaren, nazismoaren edo terrorismoaren apologia zabaltzen duen sinbologia duten gauzak, edo krimena goresten edo haren egilea txalotzen dutenak.

-Gai pornografikoak.

-Elikagaiak eta mota guztietako edariak.

-Arropak eta oinetakoak (ez berriak ez erabiliak).

-Jostailuak (zaharrak ez badira, bilduma egiteko horietakoak).

-Animaliak bizirik.

-Betaurrekoak (ez berriak ez erabiliak).

-Gai berriak, oro har.

3. artikulua. Nolanahi ere, titularrek erantzukizuna izanen dute salgai jartzen dituzten gaien legezko jatorriaz, eta ez da herriko merkataritzari lehia bideagabea egiten ahal dionik onartuko.

4. artikulua. Tuterako Udalak beretako gordeko du salgai jartzen ahal diren produktuak zehazteko, zabaltzeko edo murrizteko ahalmena, kalitateari, herritarren segurtasunari eta bidezko den bertze edozein arrazoiri begiraturik.

II. KAPITULUA

Salguneak

5. artikulua. Azoka kokatzeko tokia Tuterako Herrerías karrika da, horretarako mugaturiko aldeetan. Hori ukatu gabe ere, Udalak beretako gordeko du tokiz aldatzeko ahalmena, erabilgarritasun publikoko edo interes orokorreko arrazoiek hartaratuz gero; hala egiten bada, ukitutako salguneen titularrek ez dute inolako eskubiderik izanen kalte-ordainak jasotzeko.

6. artikulua. Salgune finkoen kopurua 31 izanen da, guztira. Gainera, bertze 5 salgune gehiago izanen dira (izenez, A letratik hasi eta E letrara), halako egun batzuetan beteko direnak Udalak horrela erabakitzen duenean. Salguneen kokalekua ordenantza honi eranskin gisa erantsi zaion planoan agertzen da. Gisa berean, Udalak salgune kopurua handitu edo murriztuko du, inguruabarrek hartaratzen badute.

7. artikulua. Parte hartzaile bakoitzak salgune bakarra paratuko du eta ezin izanen ditu handitu ez aldatu finkaturiko neurriak (5 metro luze bider 1,5 metro zabal). Altzari zaharrak eta/edo gauza handi-handiak dituenean baizik ez da onartuko titular berak bi salgune izatea, eta betiere salgune librerik bada.

8. artikulua. 1,5 metro zabal eta 5 metro luze baino handiagoak ez diren astoak dituzten mahai edo tauletan eginen da jarduera. Salgai jartzen diren produktuak, gutienez ere, lurretik 80 zentimetroko garaierara paratu beharko dira, haien tamainak eta pisuak horretarako bide ematen badute. Parte hartzaileek esleitu zaien lekua baizik ez dute hartu behar, eta etxebizitza eta negozioetarako sarbideak libre gelditu beharko dira betiere. Ez da hiri altzaririk erabiltzen ahalko (bankuak, paperontziak) produktuak erakusgai jartzeko euskarritako.

9. artikulua. Salguneak eta haien muntadurak desmuntagarriak izanen dira; debeku da lurrean edozein gauza landatzea zoladurari kalte egiten ahal badio, eta orobat debeku arbola, zutoin, kale-argi, banku, hesi edo eremu honetan dagoen bertze edozein muntaduratan lotzea edo finkatzea. Udalak, bidezkoa iruditzen zaionean, agintzen ahalko du forma bereko salgunea azoka osorako; titularrek, orduan, halakoxea paratu beharko dute ematen zaien epean.

10. artikulua. Salguneak finkoak edo behin-behinekoak izaten ahalko dira. Salgune finkoak dira, behar bezala baimendurik, antzinako gauzen azokan modu iraunkorrean paratzen direnak, baimenak irauten duen 2 urtean. Behin-behinekoak, berriz, noizbehinka paratzen dira; haien titularrek banakako baimena eskatzen dute azoka egun bakoitzerako edo gehienez ere 6 hilabetarako.

III. KAPITULUA

Baimenak eta izena emateko epea

11. artikulua. Azokan, salgune baten titularra izateko, ordenantza honek eskatzen dituen baldintzak bete beharko dira eta hartan deskribatzen den baimena izan.

12. artikulua. Posible izanen da salguneen titularrek laguntzaile bat izatea, baina horretarako salgunea eskatzeko eskabidean horrela inskribatu beharko da eta horretarako baimena jaso (karneta).

13. artikulua. Baldintza hauek betetzen dituztenak baizik ez dira baimenen titular izaten ahalko:

-Adinez nagusiak izatea edo, bertzenaz, lan egiteko adina izatea.

-Atzerritarrak baldin badira, hemen bizitzeko baimena izatea.

14. artikulua. Azokan salgune bat eskuratu ahal izateko, izangaiak Tuterako Udaleko Merkataritza Departamentura etorri beharko du, NANa eta 2 argazki aldean dituela, eta honako hau jasoko duen eskabidea bete

-Izangaiaren datu pertsonalak.

-Salgai jarri nahi dituen gauzak.

-Zer epetarako eskatzen duen baimena; behin-behineko salgunea bada zehaztuko beharko du zer data zehatzetan paratu nahi duen salgunea.

-Aintzineko guztia ukatu gabe ere, salgunearen titularrak, laguntzaile bat izan nahi badu, haren NANa eta karnet tamainako bi argazki aurkeztu beharko ditu, eskabidean haren datu pertsonalak jartzeaz gain.

15. artikulua. Bi urtetik behin, izen emateko epea irekiko da, urte bakoitietako apiril guztian. Salguneak izena emateko ordenari jarraikiz emanen dira; titularrak kokalekua hautatzen ahalko du, eskura bat baino gehiago baldin bada.

16. artikulua. Eskatzaileen kopurua salguneena baino handiagoa bada, erreserba batera pasatuko dira. Titularrak agertzen ez direlako nahiz salguneari uko egiten diotelako salgune libreak gelditu ahalean, erreserban gelditu direnak horiek eskuratzen joanen dira, ordena hori jarraikiz:

1. Erreserban dauden titularrak, salgune finkoa eskatu dutenak. Bat baino gehiago bada, izen ematearen ordenari begiratuko zaio.

2. Erreserban dauden titularrak, halako egun batzuetarako behin-behineko salgune bat eskatu dutenak. Bat baino gehiago bada, izen ematearen ordenari begiratuko zaio.

17. artikulua. Izen emateko epea bukatuta salgune librerik gelditzen bada, urtean zehar eskatzen duten interesdunei esleituko zaizkie. Salgunearen hautapena izen ematearen ordenaren arabera eginen da.

18. artikulua. Paratzeko baimenak (karnetak) pertsonalak eta eskualdaezinak izanen dira; inor ez da jardueran ariko titular edo laguntzaile baimenduak ez badira. Baimen horrek bi urterako balioa izanen du salgune finkoetarako. Behin-behineko salguneetan, berriz, saltzaileak zer denboratarako eskatzen duen salgunea, epe horrexetarako balioko du baimenak (inoiz ez hilabete baino gutiago ezta sei hilabete baino gehiago ere); hura iraganik baimenak ez du balio gehiagorik izanen. Baimenean titularraren datu pertsonalak eta argazkia jasoko dira, eta orobat salgai dauden artikuluen laburpena, okupatzen duen salgunea zein den eta zer helbidetan eginen zaien harrera kontsumitzaileen erreklamazioei, indarra duen legeriak ezarri bezala.

19. artikulua. Salgunera ezin etortzea gertatuz gero, baimenaren titularrak behar bezalako antzinatasunez emanen du aditzera (beranduenez, azoka aitzineko ortzegunean), Tuterako Udalera (Merkataritza) telefonoz dei eginez eta ez etortzearen eta horretarako arrazoien berri emanez. Ustekabea asteburuan gertatuz gero, titularrak azoka egin ondoko astelehean deitu beharko du, faltarik gabe, ez etortzeko arrazoien berri eman beharrez.

20. artikulua. Baimenaren esleipen hartzaileak salgunea abandonatu nahi badu antzinako gauzen azokan, Tuterako Udaleko Merkataritza Departamentuari aditzera eman beharko dio, behar bezalako antzinatasunez eman ere.

21. artikulua. Udaltzaingoak zainduko du ordena publikoa, zaindu ere titularrek betetzen dituztela arau hauek eta hemendik aitzina gai honen gainean ematen direnak, aplikatzekoak diren arauei jarraikiz.

22. artikulua. Salguneen titularrek, halakoak izateagatik, men eginen diote ordenantza honi, baita hura aplikatzeko diren xedapen edo ebazpen guztiei ere.

IV. KAPITULUA

Azoka egiteko egunak eta orduak

23. artikulua. Bildumazaletasunaren, antzinako gauzen eta artesautzaren azoka hilabete bakoitzeko lehen igandean eginen da, urte osoan. Aldizkakotasun hori Tuterako Udalak erabakitzen dituen aldaketen mendean geldituko da. Gainera, Udalak erabakitzen ahalko du azoka ez egitea bertze jarduketaren bat egiten denean edo komenigarria denean bertzelako inguruabarrak direla-eta.

24. artikulua. Salmentarako ordutegia 9:00etatik 14:00ak arte izanen da. 8:30etik 10:00ak arte salguneak paratuko dira eta salgaiak deskargatuko; ordu horretatik goiti debeku da jarduketa horietan aritzea. 14:00etatik 15:00ak arte kenduko dira salgaiak eta muntadurak desmuntatuko. Kontzesio-hartzaileek okupatutako espazioa eta haren ingurua garbitu beharko dituzte, ordu horretatik aitzina ezin hobeki egon beharko dira. Inolako arrazoirik gabe titularrak 10:00etarako okupatu ez duen salgunea Udaleko agente edo ordezkariaren esku gelditu da, hura betetze aldera.

25. artikulua. Debeku da edozein ibilgailu mota azokarako zedarrituriko eremuaren barnean egotea; ezinbertzekoak diren zamalanetarako baizik ez dira egonen, horretarako ezarritako ordutetan betiere. Agindu hori urratzeak baimena deuseztatzea ekarriko du.

V. KAPITULUA

Funtzionamendu arauak

26. artikulua. Salgunearen titularrak aldean izan beharko du izen ematea formalizaturik eskatzailearen eskutan jartzen den baimen pertsonala (karneta), eta agintaritzaren agenteek errekerimendu egiten badiote, hura egiaztatzen utzi beharko die.

27. artikulua. Azoka bururatuta, parte hartzaile bakoitzak tokia garbi eta baldintza egokietan utzi beharko du. Baimena baliogabetzeko arrazoia izaten ahalko da arau hori behin eta berriz ez betetzea.

28. artikulua. Kalteak ordaindu beharko ditu espaloi, pareta, arbola, lorategi, banku, kale-argi eta bertzelako instalazioak hondatzen dituenak, egindako arau-hausteagatik dagokion zehapenaz landa.

29. artikulua. Ez da onartuko gauzak oihuka saltzea, ezta horien iragarpena egitea ere bozgorailua, mikrofonoa edo zalaparta edo nahasmendua eragiten ahal duen bertze edozein baliabide erabiliz. Bizilagunei traba egiten dien edozein gauza saihestuko da.

31. artikulua. Salguneen titularrak erantzule izanen dira muntaduraren beraren ondorioz norbaitek istripurik badu.

VI. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

31. artikulua. Lizentzien titularrak erantzule izanen dira, ordenantza honetako xedapenak hausten badituzte haiek berek eta beren laguntzaileek.

32. artikulua. Tuterako Udalak azoka egiteko espazio fisikoa baizik ez du lagatzen; ez du, ordea, inola ere parte hartzen hartan egiten den salmenta edo elkar truke jardueran. Beraz, ez du erantzukizunik batere izanen salmenta edo elkar truke jarduera horretan aritzean istripurik edo ezbeharrik gertatuz gero.

33. artikulua. Indarra duten foru legeetan ezarritakoaren arabera, arau-hausteak mota hauetakoak izan daitezke:

A) Arau-hauste arinak: arau-hauste arintzat hartuko da ordenantza honetan ezarritako baldintzetako edozein ez betetzea, ondotik ematen direnak barne direla:

1) Baldintza-agiri honetan ezartzen den orduan salgunean zerbitzu egiten ez hastea.

2) Hiru egun edo gutxiagotan, salgune finkoa baimenik gabe itxirik edukitzea edo hartara bidezko arrazoirik gabe ez agertzea.

3) Azoka egiten den egunetan baimenaren karneta aldean ez eramatea.

B) Arau-hauste larriak: hona hemen:

1) Arau-hauste arinetan berrerortzea.

2) Udal agintari edo funtzionarioei beren eginkizunak betetzen ari direnean argibiderik ukatu edo ez ematea, baita argibide okerrak edo gezurrezko dokumentazioa ematea ere.

3) Merkataritzaren xede diren gaiak arautzen dituen araudiak eskatutako baldintzak ez betetzea.

4) Ordenantza honetan salgaien artean jasotzen ez diren produktuen salmenta.

C) Arau-hauste oso larriak: Hona hemen:

1) Arau-hauste larrietan berrerortzea.

2) Salgune bat okupatzea Udalaren baimen pertsonalik (karneta) gabe.

3) Udal agintari, funtzionario edo agenteei haien eginkizunak betetzen ari direnean aurre egitea, larderiatzea edo mehatxatzea.

34. artikulua. Zehapenak:

-Arau-hauste arinak ohartarazpenez edo 150 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira.

-Arau-hauste larriak 150,01 eurotik 600 eurorainoko isunarekin zehatzen ahalko dira.

-Arau-hauste oso larriak 600,01etik 3.000,00 eurorainoko isunarekin zehatzen ahalko dira eta, kasuan-kasuan, saltzeko baimena aldi baterako kendu edo baliorik gabe utzita.

-Arau-hauste arinak sei hilabeteren buruan preskribatuko dira, larriak bi urteren buruan eta oso larriak hiru urteren buruan.

-Alkatetzak arau-hauste arinei dagozkien zehapenak eta Udalaren Gobernu Batzordeak larriei eta oso larriei dagozkienak ezarriko dituzte.

35. artikulua. Aurreneurri gisa, merkataritza gaiak saltokitik jasotzen ahalko dira, egindako jarraipena eta gero merkatuan saltzeko galdatzen diren gutieneko baldintzak ez dituztela betetzen uste denean; dekomisatuko dira produktua saltzeko behar den baimena izan ezean.

36. artikulua. Espediente zehatzaileen prozedura indarra duten xedapenetan ezarritakoari lotuko zaio.

-Arau-hauste arin, larri eta oso larriengatik zehapenak ezartzeko, espedientea beharko da aldez aurretik; hura tramitatuko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruz indarra duen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Zehapen ahalmenaren prozedurarako Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat.

-Kasuak arras larriak direnean, organo eskudunak jarduera etetea erabaki dezake, badaezpadako neurri gisa, arau-hauste larri edo oso larriak egin direla-eta irekitako zehapen espedientea tramitatzen den bitartean.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena. Tuterako Udalak egokiak iruditzen zaizkion aldaketa guztiak sartzen ahal ditu ordenantza honetan. Salguneen titularrei aldaketa horien berri emanen zaie, behar bezalako antzinatasunez eman ere.

ERANSKINAK

Herrerías karrikaren planoa, salguneen kokalekuarekin

L1101373_0.pdf

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du bere testu osoa Nafarroako Aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunean, Udal honek osoko bilkuran behin betikoz onetsi ondoan.

Iragarkiaren kodea: L1101373