2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MENDABIA
Aldaketak Mendabiako udal mugapeko "Eremu publikoko txukuntasuna" eta "Trafikoaren eta bide publikoen antolaketa" izeneko ordenantzetan. Behin betiko onespena
Mendabiako Udalak, 2010eko azaroaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zituen hainbat aldaketa, "Eremu publikoko txukuntasuna" izeneko ordenantzan, eranskinean heldu bezala, eta "Trafikoaren eta bide publikoen antolaketa, Mendabiako udal mugapean" izeneko ordenantzan, 13.15 artikuluari dagokionez, honako testu honekin:
"toki berean 15 egun baino gehiago jarraian, abandonaturik dagoela ematen ez badu"
Hasierako onespenaren testua 2010eko 155. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abenduaren 22an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aipatu ordenantzako aldaketak behin betiko onetsi dira, eta argitaratzeko agindu, behar diren ondorioak izan ditzan.
Mendabian, 2011ko urtarrilaren 28an.-Alkatea, Miguel Ángel de Carlos Zúñiga.
ERANSKINA
ORDENANTZA, EREMU PUBLIKOAREN
TXUKUNTASUNAREN GAINEKOA
XEDAPEN OROKORRA
1. artikulua. 1.-Ordenantza honek arautzen du Mendabiako udal mugapeko etorbide, pasealeku, karrika, plaza, herrilur, zubi, lorategi eta gainerako udal ondasun publikoen erabilera komuna eta pribatiboa.
I. TITULUA
I. KAPITULUA
Errotuluak eta zenbakiak
2. artikulua. Eremu publikoak bereizi eta identifikatuko dira, bakoitza bere izen propioaren bitartez. Eraikin eta karriken errotuluak eta zenbakiak alor horretako legeriari jarraikiz paratuko dira.
3. artikulua. 1.-Higiezinen jabeak behartuak daude dagozkien zortasun administratiboak onartzera eta beren fatxada, burdinsare edo hesietan errotulazioa, zirkulazio arauak edo zerbitzu publikoaren aipua egiten duten elementuak paratzera uztera.
2.-Zortasun hau doakoa izanen da eta ofizioz ezartzen ahalko da, horren jakinarazpena eginez jabe interesdunari eta ordain bakarra obrak eragindako kalteen adinakoa izanen da. Udal Administrazioaren betebeharra izanen da udal lizentziarekin egiten diren aldaketetara edo eraikuntza berrietara zortasun hori egokitzea.
3.-Karrikaren izenaren plaka adierazlea fatxadan duen eraikin higiezinen bat eraisten bada, nahitaez hura jaso eta Herriko Etxera eraman behar du.
II. KAPITULUA
Eremu publikoen kontserbazioa
4. artikulua. 1.-Mendabiako Udalari dagokio begiratzea udal mugapeko plaza eta karrikak, hiri altzariak eta eremu publikoetako elementu egiturazkoak eta apaingarriak zainduak izan daitezen.
2.-Lizentziarik gabe bederen, ezin izanen du inork, hobe beharrez izanda ere, elementu horiek zaharberritzeko edo konpontzeko lanik egin.
5. artikulua. 1.-Etxegile, sustatzaile eta ondasun higiezinen jabeei dagokie eraikinen kanpo aldeko urbanizazio lanak egitea, Udalak onetsitako proiektuari jarraikiz.
2.-Obrako enpresa arduradunek nahitaez lehengoratu beharko dituzte zoladura, espaloiak eta pasabideak.
3.-Udalerrian higiezinen jabeak eta bertan eraikinak egiten dituzten enpresak behartuak daude zortasunak onartzera eta argindar, telefono, telebista, etab., eramateko kableak paratzera uztera, eta bai horretarako behar diren euskarri eta elementu guztiak ere.
Zortasuna doakoa izanen da eta ofizioz errarri ahalko da, ukitutako jabearen jakinarazpena eginda, inolako kalte-ordainik gabe, salbu eta izandako hondamenen gainekoa.
II. TITULUA
I. KAPITULUA
Eremu publikoaren garbiketa
6. artikulua. 1.-Eremu publikoa Mendabiako Udalak garbituko du, edo zerbitzu horren esleipena hartzen duen enpresak.
2.-Hondakin solidoen bilketa Udalak eginen du, edo zerbitzu horren esleipena hartzen duen enpresak nahiz dagokion Mankomunitateak..
7. a) artikulua Debeku da hormigoia garraiatzea eremu publikoan barrena, hormigoirik erortzea eragozteko hormigoi-ibilgailuak tapakia itxita izan gabe. Dagokion zehapenaz gain, hormigoi-ibilgailuaren enpresa jabeak eremu publikoa garbitzeagatik eragindako lanaren kostua ordaindu beharko dio Udalari.
b) Halaber, debeku da obrako materiala (legarra, harea, gorotzak, etab.) garraiatzea, karga hori olanaz ongi estali gabe edota eremu publikora deus ere ez erortzeko moduan antolaturik eraman gabe.
c) Aurreko a) eta b) puntuak aplikatuko dira beste edozein gai edo produktu garraiatzen denean.
II. KAPITULUA
Eremu publikoaren erabilera
8. artikulua. Debeku da:
a) Eremu publikoa erabiltzea beste lan edo zereginetarako, hala nola, ibilgailu konpontzea, zurgintza eta iturgintza lanak, bizikletak edo horrelakoak konpontzea, edo biltegi gisarako, alegia, lehengaiak, paketeak edo ontziak, edozein industri, saltoki, ostatu edo antzekoetakoak direnean.
b) Eremu publikoan utzi eta aparkatzea laborantzako tresnak edo nekazaritzako beste zernahi lanabes (ildoak egiteko makinak, alperrak, eraiteko makinak, egurra, atoiak eta bestelako gauzak...), karabanak eta ferietako trasna edo jostetako tramankuluak, salbu eta Udalak propio horretarako baimena ematen badu.
c) Hazienda taldeka eta zaldiak lauhazka lasterrean iragatea, zaldunarekin edo gabe.
d) Toki debekatuetan aparkatzea.
e) Eremu publikora botatzea zernahi hondar, solidoa nahiz likidoa, hala nola, paperak, kartoiak zolak, garbitu ondoko ur zinikak, etab.
f) Etxolak, arropa hedatzekoak etab. altxatzea.
g) Loreontziak, lore-askak edo bestelakoak jartzea, eta zuhaitzak landatzea.
h) Ibilgailuak eremu publikoan garbitzea.
9. artikulua. Debeku da eremu publikoan kaleko salmenta egitea, salbu eta Udalak propio zehazten duen egunetan.
10. artikulua. Eremu publikoan mahaitxoak eta aulkiak jartzeko, kasuan kasuko ordenantza fiskaleko arauak bete beharko dira.
11. artikulua. Obretako hesiak jartzen direnean bide publikoa hartuta, Udalaren Hirigintza Baztordeak emaniko jarraibideak bete beharko dira.
III. TITULUA
I. KAPITULUA
Herritarren jokabidea
12. artikulua. 1.-Jendeak eremu publikoan izan behar duen portaera ondoko arau hauetara moldatuko da:
a) Gizabidea gorde beharko dute eta portaerari dagokionez, hitz edo oihu gordinik sortu gabe, eta moralaren edota ohitura onen aurka doan ezer egin gabe.
b) Jendeak zintzo beteko ditu herritarren jokabideaz Alkatetzak ematen dituen eta bandoetan adierazten diren xedapenak.
c) Udaltzaingoan emanen dute parte, eremu publikoan arau-hausterik egin dela ikusi badute.
II. KAPITULUA
Asotsak
13. artikulua. 1.-Eremu publikoan asotsik sortuz gero, ez dira gaindituko herritarren bizikidetzak behar dituen mugak. Asotsak sortzen badira eraikinetan eta jarduketetan, Nafarroako arlo horretako erregelamenduari jarraikiko zaio
2.-Debeku da:
a) Eremu publikoan kantatzea edo oihukatzea, modu gogaikarrian edo itsuski.
b) Sobera gora kantatzea edo solas egitea eraikin partikularren barrenean, ezarritako asots mailak gaindituta.
c) Etxebizitzetan musika-tresnak jotzea, gela behar bezala intsonorizatu gabe.
d) Patioetan, galerietan, tegietan edo eraikinetan beren asots eta oihuekin auzoaren atsedenari traba egiten dioten animaliak edukitzea.
e) "Garibaldi" motako petardoak erabiltzea eta, oro har, suziriak botatzea horretarako propio bamenik izan gabe.
14. artikulua. Irrati, telebista, transistore eta abarren jabeek, Ekidegoko sektoreko legerian baimendutako asots mailak gaindituko ez dituen bolumena erabili beharko dute.
III. KAPITULUA
Arloteak eta eskalek
15. artikulua. Debeku da kalean eskale ibiltzea udal mugape osoan.
16. artikulua. Herritarrek ez dute limosnarik emanen eremu publikoan. Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoak bitartekoak jarriko ditu gai horri irtenbidea bilatzeko.
IV. KAPITULUA
Parkeak eta lorategiak
17. artikulua. Udalaren eskumenekoa da eremu publikoko parkeak eta lorategiak mantentzea. Jende orok errespatuko ditu zuhaitzak. Parke edo lorategietako arbolak nahikeriaz bota edo mozten dituenak, kaltetu edo botatako arbola bakoitzeko bertze lau arbola landatzeko gastuak ordaindu beharko ditu. Landaketa lana udal zerbitzuek eginen dute.
18. artikulua. Debeku da:
a) Zuhaitzetara igotzea.
b) Txoriak harrapatzea eta hiltzea.
c) Hondarrak paperontzi eta edukiontzitik kanpo botatzea
d) Azienda alhatzeko asmoz sartzea.
e) Animaliei (zakurrak, katuak..) jatera ematea eremu publikoan, parke, lorategietan eta abarretan..
e) Perdigoi eskopetak edo antzekoak erablitzea
19. artikulua. Debeku da pixa egitea eta iraizkinez edozein eremu publiko edo jende guztiak erabiltzekoak diren lekuak zikintzea. Halakorik egiten duena zehatua izanen da, non ez duen frogatzen salbuesten duen eritasunen bat jasaten ari dela.
V. KAPITULUA
Zehapenak
20. artikulua. Ordenantza honetako arauak hausten dituztenei 30etik 300 eurorainoko isunak ezarriko dizkie Alkatetzak, eta, gainera, erantzuleei erreklamatzen ahalko zaie, egoki den maneran.
Iragarkiaren kodea: L1101613