Iragarkia
31. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 15a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ZIZUR
Kirol instalazioak arautzen dituen udal ordenantza.
Behin betiko onespena
Zizur Zendeako Udalak, 2010eko urriaren 14an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Kirol instalazioak arautzen dituen udal ordenantza.
Onespenaren erabakia 2010eko 135. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 5ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Gazolatzen, 2011ko urtarrilaren 12an.-Alkate udalburua, José Ricardo Pérez Torrano.
ZIZUR ZENDEAKO KIROL INSTALAZIOAK
ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA
LEHEN TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza hau Zizur Zendeako Udalaren kirol instalazioen araubide juridikoa, kudeaketa eta erabilera arautzeko egin da, ondoko xedapen hauetan udalei ematen zaizkien eskumenak erabiliz: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4.a), 22., 25.2.m), 26.1.c) eta 49. artikuluak; Toki Araubidearen arloko xedapen indardunen testu bategina onesten duen apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren 55. artikulua; eta Toki Entitateen Antolaketari, Funtzionamenduari eta Araubide Juridikoari buruzko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 50.3 artikulua.
Ordenantza hau Udalaren kirol instalazio guztietan aplikatuko da, hirugarren artikuluan aipatzen diren horietan, hain zuzen.
2. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, kirol instalaziotzat joko dira kirolerako eta jarduera fisikorako erabiltzen diren instalazio, zelai, areto edo eremu guztiak, dituzten ezaugarriak dituztela, zeru zabalekoak izan nahiz estaliak, itxiak nahiz irekiak, kirolaren edo jarduera fisikoaren modalitate, aukera eta xede guztiak barne hartuta, baita ekipamendu eremuak, eremu osagarriak edo kirolean aritzeko funtzionalki beharrezkoak direnak ere.
3. artikulua. Aurreko artikuluan definitutako kirol instalazioei Udalaren kirol instalazioak deituko zaie haien titularra Zizur Zendeako Udala den kasuetan.
Edozein titulu juridikoren bidez Zizur Zendeako Udalari kudeatzeko edo ustiatzeko lagatakoak ere Udalaren kirol instalaziotzat jo ahalko dira. Instalazio horiek ordenantza honen bidez arautuko dira, lagapen tresnan ez bada berariazko araubiderik ezartzen haiek kudeatzeko edo ustiatzeko.
4. artikulua. Ordenantza hau aplikatzeko eta nola betetzen den kontrolatzeko ardura Zizur Zendeako Udaleko langileei dagokie, kasuan kasuko jarduketa administratiboaren arabera, eta bereziki Kultura eta Kirol Arloko langileei, deusetan ukatu gabe Udalak bere kirol zerbitzu publikoa emateko ezarritako moduaren ondorioz izan daitezkeen berezitasunak.
5. artikulua. Toki entitateen ondasunei buruzko araudian ezarritakoarekin bat, Udalaren kirol instalazioak jabari publikoko ondasunak dira, erabilera publikoari edo kirol zerbitzu publikoari lotuak.
Halakoak dira Udalaren kirol instalazioren bati modu iraunkorrean lotutako ondasun higigarriak ere, bai kirolean aritzeko erabiltzen direnak, bai instalazioen eta ekipamenduen mantentze-lanetarako direnak.
Udalaren kirol instalazio guztiek bete beharko dituzte hirigintzako arauak, segurtasun eta higienekoak, ingurumen arlokoak, irisgarritasunari buruzkoak eta urritasuna edo ezgaitasuna duten pertsonentzako egokitzapenari buruzkoak, eta bai Kirol Instalazioen Oinarrizko Araudia ere, kirol instalazio eta ekipamenduen eraikuntza, erabilera eta mantentze-lanak direla eta.
Lehiaketa ofizialak egiten direnean, Udalaren kirol instalazioak kirol modalitate bakoitzeko federazioaren erregelamenduaren arabera egokitu ahal izanen dira.
6. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusi bezala, Udalaren kirol instalazioak jarduera fisikorako eta kirolerako erabiliko dira, dela aisia eta astialdian, dela irakaskuntzan, entrenamenduetan, lehiaketetan edo kirol agerraldietan, instalazio bakoitzaren diseinuari dagokion modalitatean edo beste batzuetan, beren ezaugarriengatik harekin bateragarriak badira (aldez aurretik Zizur Zendeako Udalaren baimena beharko da).
Udaleko Batzorde edo Lantaldearen baimena dela medio, Udalaren kirol instalazioetan bestelako kirol ekitaldiak ere egin ahalko dira aurreko lerroaldean aipatutakoez gain, bai eta kultur edo gizarte jarduerak ere.
Baimen hori nahierara emanen da, kasu bakoitzean egin nahi den jardueraren arloko arau espezifikoari loturik.
7. artikulua. Udalaren kirol instalazioak kudeatzeko modua edozein izanda ere, herritar guztiek erabili ahalko dituzte inolako mugarik gabe, salbu eta legeetan edo ordenantza honetan ezarritako mugak, instalazio bakoitzaren erabilerari dagozkionak eta kasuan kasuko jarduerarako indarra duen prezio publikoa ordaindu beharra.
Beraz, instalazioak zabalik egonen dira herritarrak kirolean aritzeko, aisiarako, kiroleko sustapen, hastapen, entrenamendu edo lehiaketa programak garatzeko, Udalarenak izan edo ez, eta 6. artikuluan aipatzen diren beste ekitaldietarako. Federazio, klub eta gainerako kirol elkarteek, ikastetxeek eta, oro har, pertsona fisiko edo juridikoek beti izanen dituzte eskuragarri, ordenantza honetan araututako baldintzak betetzen badituzte haietan sartzeko edo haien erabilera hitzartzeko.
Udaleko Batzorde edo Lantaldeak instalazioak ireki eta ixteko onetsitako ordutegiak ikusgai jarriko dira instalazioetan, erabiltzaile guztien informaziorako. Ahalik eta ordutegi zabalena ezarriko da beti, instalazioen errentagarritasunik handiena lortzeko kirol eta gizarte jardueretan.
8. artikulua. Udalaren kirol instalazio guztietan, jendeak erraz ikusi eta irakurtzeko moduko toki nagusi batean, Zizur Zendeako Udalean indarra duen araudiari jarraituz egindako kartela egonen da ikusgai, argibide hauek emateko:
-Instalazioaren izena.
-Udala dela instalazioaren titularra eta, hala denean, ustiapenarena.
-Gehieneko edukiera.
-Instalazioak erabiltzeko ordutegiak, jardueren eta jendearentzako arretaren irekiera eta itxiera orduak.
-Indarra duten tarifak.
-Erabilera eta funtzionamendu arauak.
9. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan, barnealdeko nahiz kanpoaldeko seinale guztiek bete beharko dituzte dagokien udal araudia eta Udaleko Batzorde edo Lantaldeak ezartzen dituen gidalerroak.
Betiere, seinale horietan agertu beharko du instalazioaren titulartasuna Udalari dagokiola.
10. artikulua. Udalaren kirol instalazio bakoitzak bere ezaugarrien araberako larrialdi eta ebakuazio plana eta suteen aurkako babes plana izanen ditu. Plan horiek instalazioaren erabilera arrunta kontuan hartuz eginen dira. Erabilera bereziek, berriz, berariazko planak beharko dituzte, eta ekintza antolatzen duen entitateak egin beharko ditu.
11. artikulua. Elementu teknikoekin zein naturalekin egindako publizitate elementu iraunkorrak edo behin-behinekoak, mugikorrak edo egonkorrak Udalaren kirol instalazioetako mugen barnean erakusteak sortzen dituen eskubide ekonomiko guztiak titulartasun publikokoak dira oro har, salbu eta kontratuetan besterik zehazten denean, eta kontratuok ez dute salbuetsiko Zizur Zendeako Udalak ezarritako tributu edo prezio publikoak ordaindu beharretik.
Betiere, Europar Batasuneko araudia beteko da alkoholaren eta tabakoaren erabilerari dagokionez.
12. artikulua. Instalazioa bera edo hartan ematen diren zerbitzuak aipatzen dituen informazio orotan adierazi beharko da Udala dela instalazioaren titularra, eta instalazioaren izen ofiziala erabili beharko da.
13. artikulua. Udaleko organo eskudunak baimena eman ahalko du aldi baterako publizitatea jartzeko kirol ekitaldiak antolatzen direnean. Entitate antolatzaileak eskatu beharko du baimena. Baimena jasoz gero, dagozkion tributu edo prezio publikoak ordaindu beharko dira.
BIGARREN TITULUA
Udalaren kirol instalazioen kudeaketa
14. artikulua. Udalaren kirol instalazioak zuzenean edo zeharka kudeatu ahal izanen dira, hurrengo artikuluan azaltzen den moduan.
Beste administrazio publiko batek Udalari kirol instalazio bat lagatzen dionean kudeatzeko edo ustiatzeko, erregelamendu honen 3.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lagapena arautzen duen tresnan hitzartutako moduan kudeatuko da instalazioa, edo, horrelakorik ezean, erregelamendu honetan ezarritakoari jarraituko zaio.
15. artikulua. Udalaren kirol instalazioak zuzenean kudeatzen dira erakunde autonomo batek edo Udalak berak egiten badu zerbitzua.
16. artikulua. Udalaren kirol instalazioak zeharka ere kudeatu ahalko dira, toki entitateen zerbitzuei eta Administrazioaren kontratuei buruzko arauei jarraikiz, baita kirol arloko legeria indardunak onartutako moduetatik edozeinetan ere.
Zeharka kudeatzen diren instalazioetan, Udaleko Batzorde edo Lantaldeak ahalmena izanen du kudeaketaren esleipen-hartzaileak egiten duen lana gainbegiratu eta kontrolatzeko bere alderdi tekniko eta juridiko guztietan.
Zeharkako kudeaketaren ardura duten pertsona natural edo juridikoek beren akordio edo kontratuetako baldintzetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte. Betiere, ondoko eskubide eta betebeharrak izanen dituzte:
a) Eskubideak:
-Instalazioak erabiltzea beren kirol eta kultur jardueretarako, jardueren ordutegiak eta egutegiak betez, eta, betiere, Udalaren baimenarekin.
-Instalazioa erabiltzeko irizpide partikularrak prestatzea, ordenantza honen edukia eta Udaleko Batzorde edo Lantaldeak ezarritako gainerako erabilera-baldintzak kontuan hartuz.
-Behar diren teknikariak, langile kualifikatuak eta kualifikatu gabeak kontratatzea, beren kontura.
-Instalazioa nola erabiliko den zehaztea beste entitate batzuekin, betiere Udalaren baimenaz.
-Beste kirol jarduera batzuk ezartzea, hasieran aurreikusi gabeak, kudeaketaren xede diren jarduerei kalterik egin gabe.
b) Betebeharrak:
-Instalazioaren publikotasuna eta Udalaren titulartasuna errespetatzea.
-Alkatetzaren eta Udaleko Batzorde edo Lantaldearen aginduak betetzea, ordenantza honetako arauez gainera.
-Udaleko Batzorde edo Lantaldearen orientabideei jarraitzea, eta, udal interesekotzat jotzen badira, hark ezarritako programak betetzea.
-Instalazioa hobetzeko obren onespena eskatzea Udaleko Batzorde edo Lantaldeari eta behar diren lizentziak eskuratzea.
-Instalazioak izan litzakeen kalteak bere gain hartzea. Aseguru poliza ere eginen dute, sute arriskua, lapurretarena, kalteak gertatzeko arriskua eta abarrekoak bermatu eta estaliko dituena, baita erabiltzaileen erantzukizun zibila ere.
-Inbentario liburuak eguneratuta edukitzea, ondasunak, haien balorazioa eta instalazioaren eta haren ekipamenduen unean uneko erabilera-egoera zehaztuko dituzten idatzoharrekin.
c) Kontratua hutsaltzea. Honako eginbehar hauek ez betetzea kontratua hutsaltzeko arrazoia izanen da:
-Aurreikusita eta hitzartuta dauden kirol programei ekin beharra.
-Udalak onetsitako prezio publikoak aplikatu beharra.
-Urteko lehen hiruhilekoan Udaleko Batzorde edo Lantaldeari kirol kudeaketaren eta kudeaketa ekonomikoaren gaineko memoria aurkeztu beharra.
-Baldintza-agirian ezarritako kanona ordaindu beharra.
-Instalazioa mantentzeko eta kontserbatzeko eginkizunak behar bezala bete beharra.
-Herritar guztiei instalazioa erabiltzen eta kirol programetan parte hartzen utzi beharra, baldintza bakarrak izanik prezioa ordaintzea eta instalazioaren edo programen edukiera ez gainditzea.
17. artikulua. Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean edo udalerriko lurzoruaren erabilera arautzen duten beste hirigintza-tresna batzuetan kirol ekipamenduetarako gordetzen diren lurretan kirol instalazioak eraikitzeko eta kudeatzeko ekimen pribatua sustatu ahal izanen da, antolamendu juridikoak onartzen dituen moduetatik edozeinetan.
Aurreko lerroaldean ezarritakoa ahalbidetzeko bitarteko juridiko eta teknikoak proposatu, bultzatu, gainbegiratu eta kontrolatzea Udaleko Batzorde edo Lantaldearen eginkizuna izanen da.
HIRUGARREN TITULUA
Kirol instalazioen erabilera
I. KAPITULUA
Erabiltzaile motak
18. artikulua. Udalaren kirol instalazioetara sartzeko, bakarka edo taldean, ordenantza honetako arauak onartu behar dira, baina zilegi da ordenantza hau aurkaratzea zeharbidez, haren aplikazioaren ondoriozko egintzengatik.
Halaber, Udalaren kirol instalazioetara sartu aurretik prezio publikoak ordaindu behar dira, ordenantzetan aurreikusitako salbuespen, murrizketa eta hobari kasuak salbu.
19. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, Udalaren kirol instalazioen erabiltzailetzat joko da antolatutako kirol programetan parte hartuz edo kirol eremu horien lagapen-hartzaile gisa haiek erabiltzen dituen pertsona edo entitate oro.
Laguntzaile eta ikusleak, berriz, erabiltzaile pasibotzat joko dira, eta arau hauek aplikatuko zaizkie instalazioan dauden bitartean izan dezaketen erantzukizunaren mugaraino. Erabiltzaileek soilik erabili ahalko dituzte Udalaren kirol instalazioak eta horiei atxikitako zerbitzuak.
20. artikulua. Erabiltzaile mota hauek bereiziko dira:
1. Abonatuak.
2. Abonatu gabeak.
3. Kirol elkarteak.
4. Ikastetxeak.
5. Beste talde batzuk.
21. artikulua. Abonatuak izan ahalko dira hala eskatu eta onartu eta ezarritako baldintza guztiak betetzen dituzten pertsonak. Bereziki, afiliazioaren eta datu pertsonalen inguruko baldintzak bete beharko dituzte eta legez ezarritako tasa edo prezio publikoa ordaindu beharko dute.
Abonamenduak hainbat motatakoak izan ahalko dira. Haien onurak, ezaugarriak eta prestazioak berariaz arautuko dira zerga ordenantzetan.
22. artikulua. Erroldatuek, erretiratuek eta beren egoeragatik kostua murrizteko eskubidea duten guztiek kasu bakoitzean behar diren frogagiriak aurkeztuko dituzte.
23. artikulua. Txartela pertsonala eta aldaezina da. Titularra ez den norbaitek erabiltzen badu, hilabeterako kenduko da eta Udalak ez du horregatik dirurik itzuli beharko. Behin baino gehiagotan egiten bada, hutsegite larritzat joko da eta behar den zehapena ezarriko da.
24. artikulua. Abonatu txartela galdu edo hondatuz gero, berehala horren berri emanen zaio Udalari eta hark beste txartel bat emanen du. Legez ezarritako prezio publikoa ordaindu beharko da aldez aurretik.
25. artikulua. Abonatu gabeko erabiltzaileak dira abonatuak izan gabe instalazioak erabili edo programatutako kirol jardueretan parte hartzen dutenak. Kirol instalazioak eta haien zerbitzuak erabili ahalko dituzte, ordenantzan kasuan kasuko zerbitzurako ezarritako tasa edo prezio publikoa ordainduz gero.
26. artikulua. Kirol elkarteak eta ikastetxeak erabiltzaile kolektiboak dira, beren jarduerak egiteko Udalaren kirol instalazioak erabiltzen dituztenean.
Klub eta elkarte mota hauek bereiziko ditugu:
a) Tokiko kirol klub eta elkarteak: Zizur Zendeako Udalaren Elkarteen Erregistroan inskribaturik daude, kirolzaleen elkarteak dira, irabazteko asmorik gabekoak, haien kide eta kirolarien %75, gutxienez, instalazioetako abonatuak dira, eta udalerriaren barnean eta udalerriaren barnerako sustatzen eta egiten dituzte beren kirol jarduerak.
b) Tokikoak ez diren kirol klub edo elkarteak: aurreko kasuan ezarritako baldintzak betetzen ez dituztenak.
27. artikulua. Taldea da deitura baten pean kirol lehiaketa batean parte hartzen duten pertsonen multzoa.
Tokiko taldea da federazioen, Udalaren edo amateurren kirol lehiaketa batean deitura baten pean parte hartzen duten pertsonen multzoa. Taldeko kideetatik gutxienez %75ek izan behar dute instalazioetako abonatuak.
28. artikulua. Tokiko ikastetxeak udal mugapean kokatuta daudenak dira.
29. artikulua. Erabiltzaileek eskubide hauek dituzte, ezertan ukatu gabe araudi indardunak administrazio publikoekiko harremanetan aitortzen dizkienak:
-Kirol instalazioetako langileek errespetuz eta adeitasunez hartzea.
-Zizur Zendeako Udalak ematen dituen zerbitzu guztiak erabili eta gozatu ahal izatea, kudeaketa mota edozein dela ere, ezarritako erabilera arauak betez eta prezio publikoa ordaindu ondoren.
-Erabiltzen dituzten instalazio, altzari eta kirol ekipamenduak erabiltzeko egoera onean egotea.
-Komenigarritzat jotzen dituzten kexa, iradokizun edo erreklamazioak aurkeztu ahal izatea, idatziz, instalazioetan eskura egonen diren orrietan edo Zizur Zendeako Udalaren bulego nagusietan, edo bestela telefonoz, 012 zenbakira deituta.
-Informazioa jasotzea Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko baldintzei eta haietan eskaintzen diren kirol programei buruz.
30. artikulua. Erabiltzaileek betebehar hauek dituzte:
-Instalazioak erabiltzean ordenantza honen xedapenak eta Udaleko Batzorde edo Lantaldearen jarraibideak betetzea.
-Instalazioak eta haietako ekipamendua behar bezala erabiltzea.
-Funtzionamenduaren anomaliak, hausturak, akatsak edo ordenantza honetan xedatutakoaren kontrako arau-hausteak instalazioetako langileei jakinaraztea.
-Beste erabiltzaileen eskubideak errespetatzea, batik bat instalazioetarako erreserbetan eta lagatako gune komunetan.
-Instalazioetan beti gizabidez jokatzea, langileen jarduna eta beste erabiltzaileekiko bizikidetza erraztuz.
-Zizur Zendeako Udalak eskaintzen dituen instalazio eta zerbitzuen truke eskatzen diren prezio publikoak ordaintzea.
-Instalazioetako funtzionamendu ordutegiak errespetatzea, kasu eginez horretarako langileek egiten dizkieten oharrei.
-Udalaren kirol instalazioen erabiltzaile guztiek eraman beharko dute txartela, sarrera, baimena edo bestelako agiria, erabiltzaile direla frogatzeko.
-Indarra duen legerian edo ordenantza honetan ezarritako beste betebehar guztiak.
II. KAPITULUA
Erabilera motak
31. artikulua. Erabilera, jarduera edo egintza arruntak dira:
-Halako batean kirol instalazio edo eremu bat erabiltzea bere xederako, bakarka edo taldean, prezioa ordaindu eta gero.
-Behin, denboraldi batean zehar edo urte batean zehar, kirol instalazio edo eremu bat bere xederako erabiltzea, taldean, kirol instalazioak erabiltzeko prezio publikoei buruzko ordenantzan ezarritako ordainketa-baldintzak betez.
-Kirol instalazio edo eremu bat erabiltzea, behin, denboraldi batean zehar edo urte batean zehar, bere xedea ez izan arren bateragarria eta baimendua den beste modalitate baterako, ezarritako ordainketa-baldintzak betez.
-Kirol instalazio edo eremu bat erabiltzea, behin, denboraldi batean zehar edo urte batean zehar, kirola ez izan arren parekoa eta bateragarria den beste jarduera baterako, eskumena duen organoak ezarritako baldintzak betez.
Erabilera, jarduera edo egintza bereziak dira:
-Kirol instalazio edo eremu bat erabiltzea bakarka edo taldean, behin edo aldi batean zehar, haren xedea ez den eta Zizur Zendeako Udalaren baimena behar duen kirol jarduera baterako, eta zehazten diren baldintza ekonomikoak betez.
-Kirol instalazio edo eremu bat erabiltzea, behin edo aldi batean zehar, kirola ez den eta Zizur Zendeako Udalaren baimena behar duen jarduera baterako, eta zehazten diren baldintza ekonomikoak betez.
Erabiltzeko lagapen edo baimenak ezarritako epearekin batera amaituko dira. Zizur Zendeako Udalak, hala ere, epea amaitu baino lehen indargabetu ahalko ditu, ordenantza honetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira.
32. artikulua. Zilegi izanen da Udalaren kirol instalazioak lagatzea hala eskatzen duen edozein pertsona edo entitateri. Instalazio bakoitzean sartzeko baldintzak eta lehentasunak ezarriko dira beraren ezaugarriak kontuan hartuz.
33. artikulua. Instalazio bera erabiltzeko bi eskaera edo gehiago aldi berean jasotzen direnean ondoko irizpideak erabiliko dira, azaltzen diren hurrenkera berean, eskatzaileak ados jarri ezean:
-Kirol ekitaldiak lehenetsiko dira bestelakoen gainetik.
-Gertakariaren garrantzia.
-Kirol elkartearen helburu soziala.
-Maila handiagoko lehiaketak, apalagoen gainetik.
-Herriko kirolariek soilik parte hartzen duten jarduerak, besteen gainetik.
-Eskaera noiz aurkeztu den.
34. artikulua. Instalazio bat, kirolerako edo bestelako jardueretarako, pertsona fisiko, entitate, klub edo horrelako bati lagatzeak ez du Zizur Zendeako Udala behartuko inolako asegururik kontratatzera erabiltzaileentzat. Berek kontratatu beharko dute asegurua, eta egintza edo jardueren ondorioz sor daitekeen erantzukizun osoa erabiltzailearen kontura izanen da.
III. KAPITULUA
Tarifen araubidea
35. artikulua. Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko ordaindu beharrekoak prezio publikoak izanen dira, eta organo eskudunak onetsiko ditu, dagokien ordenantzaren bitartez.
36. artikulua. Erabiltzaile, klub, entitate, elkarte, kirol sozietate, ikastetxe, federazio eta abarrekoek, Udalaren kirol instalazioak erabili ahal izateko, Udalak onetsitako prezio publikoak ordaindu beharko dituzte nahitaez.
37. artikulua. Prezio publikoak unean uneko ordenantza indardunaren bidez arautuko dira.
38. artikulua. Kirol instalazio edo eremu bat erabiltzeko, dagozkion prezioak ordaindu beharko dira ordenantza fiskalean ezarritako moduan. Prezioak aditzera emanen dira eta ikusgai jarriko dira Udalaren kirol instalazio guztietan.
39. artikulua.
1. Udalaren kirol instalazioetan egiten diren partidak, lehiaketak eta entrenamenduak ikustera edonor sartu ahal izanen da.
2. Udaleko Batzorde edo Lantaldea izanen da ekitaldi horietarako sarrerak kobratzeko baimena emanen duena, kirol jarduerak hirugarrenek sustatzen dituztenean.
40. artikulua.
a) Erabiltzeko tiketak edo bestelakoak salduz Udalaren kirol instalazioetan biltzen diren diru sarrerak Zizur Zendeako Udalarentzat izanen dira oso-osorik.
b) 39.2 artikuluan aipatutako sarreren salmentan biltzen diren diru sarrerak entitate antolatzailearentzat izanen dira oso-osorik. Aldez aurretik, betiere, entitate horrek instalazioa erabiltzeko prezioa eta behar diren zerga atxikipenak ordainduko dizkio Zizur Zendeako Udalari. Gai horri buruz gaur egun dagoen legeria aplikatu beharko da.
IV. KAPITULUA
Udalaren kirol instalazioak mantentzea
41. artikulua. Udaleko Batzorde edo Lantaldea arduratuko da Udalaren kirol instalazioen eta haiei atxikitako materialen kontserbazio eta mantentze egokiez. Horrela, eraikinaren eta tresneriaren bizitza baliagarrian zehar uneoro bermatuko da eraiki edo eskuratu zirenean xedetzat ezarri zitzaien zerbitzua eman ahal izatea.
42. artikulua. Udaleko Batzorde edo Lantaldeak berariazko arau egokiak zehaztu eta emanen ditu, bai instalazioak erabiltzeko bai mantentzeko, eta arau horiek nahitaez bete beharko dira.
43. artikulua. Instalazio bakoitzak bere mantentze plana izanen du, eta bertan jasoko dira, behar adinako maiztasunarekin, azpiegitura, material, makina eta abarrekoetan egin beharreko lanak, banan-banan; hartara beti ezagutuko da elementu bakoitzaren kontserbazio egoera.
Plan hori denboraldi bakoitzaren hasieran, gutxienez, aurkeztu beharko da.
44. artikulua. Instalazio bakoitzak izanen du, etengabe eguneratua, berari atxikitako ondasunen inbentario zehatza, gertatzen diren gorabeherekin. Inbentario hori Udaleko Batzorde edo Lantaldearen urteko memoriaren atal izanen da, eta haren kopia bidaliko da urtero Udaleko Idazkaritza Nagusira, Udalaren Inbentario Orokorrean sartzeko.
V. KAPITULUA
Udalaren kirol instalazioen errolda
45. artikulua. Udaleko Batzorde edo Lantaldeak bere gain hartuko du Zizur Zendeako udalerriko kirol instalazioen errolda egiteko eta etengabe eguneratzeko eskumena.
46. artikulua. Udalaren kirol instalazioen erroldari instalazio pribatuena edo beste administrazio batzuenak gehitzeko bideak ezarri beharko dira.
47. artikulua. Errolda eguneraturik eduki beharko da eta hiru urtean behin argitaratu beharko da.
VI. KAPITULUA
Eskaerarako, lagapenerako eta instalazioak erabiltzeko baldintzak, hainbat entitaterentzat
48. artikulua. Kirol denboraldia irailaren 1ean hasi eta hurrengo urteko ekainaren 15ean bukatzen da, eskola ordutegian markatutako opor egunak kenduta. Udaleko Batzorde edo Lantaldeak baimendu beharko ditu denboraldi horretatik kanpoko erabilerak eta luzapenak. Baimen hori behin-behinekoa izanen da, eta ezin du aipatu epea gainditu.
Kirol denboraldian entrenamendu eta lehiaketak egiteko eskaerak Zizur Zendeako Udalaren bulegoetan egin beharko dira, urtero, ekainaren 1etik 20ra bitartean. Abuztuaren 15a baino lehen, Udaleko Batzorde edo Lantaldeak erabilera-planaren proposamena eginen du.
Eskaera horiek eskuragarri dagoen eredu ofizialean eginen dira, eta kirol elkarte edo klubeko buruak sinatuta aurkeztu beharko dira.
Eskabidean jaso behar da talde eskatzailearen gaineko informazioa, helbidea, telefonoa, arduraduna, garatu beharreko kirol jarduera, kategoria, erabiltzaile kopurua, ziurtagiriak eta abar. Eskaera hori ez da loteslea. Udalerriaren beharrak, lehenik, eta demanda, bigarrenik, hura onartzeko baldintza izanen dira. Hileko abonamenduak egin nahi dituzten entitateek banku-kontuaren zenbakia eman beharko dute ordainagiria helbideratzeko.
49. artikulua. Irizpide tekniko hauen arabera emanen dira baimenak:
-Entitate, klub edo taldearen egoitza Zizur Zendeako udalerrian egotea.
-Haren jarduera bat etortzea Udaleko Batzorde edo Lantaldearen helburu eta xedeekin.
-Hura Udalaren interesen alde lankidetzan aritzea.
-Aldez aurretik ezarritako betebeharrak betetzea (kuotak ordaintzea eta arau eta xedapenak betetzea).
-Instalazioak doan erabiltzeko kontzesioen kasuan, 56. artikuluko a) letran sartutako klub edo entitateak bakarrik izan daitezke onuradun.
Denboraldiko behin-behineko taulak abuztuaren 15a baino lehen argitaratuko dira. Finkatutako epeetatik kanpo ere erreserbak egin ahalko dira, instalazioren bat hutsik gelditzen bada.
Denboraldiko behin betiko taulak irailaren 30a baino lehen argitaratuko dira.
Erabileraren kontzesioa onartzeko beharrezkoa izanen da entitate eskatzaileak ordaindurik izatea Udalaren edozein kirol instalazio erabiltzeagatik ordaindu beharrekoa.
Talde bakoitzeko (edo kirolari multzo bakoitzeko) inprimaki bat beteko da kirol instalazioa erabiltzeko.
50. artikulua. Lehiaketa edo entrenamenduetan ikusleek eta kirolariek egiten dutenaren erantzuleak entitateak izanen dira, Kirolari buruzko 10/1990 Legearen 63. artikuluaren arabera. Lehiaketa ofizialetan egiten diren kalteak federazioari eta klubari jakinaraziko zaizkie, eta kalteak eragin dituen klubeko kirolariei ez zaie instalazioetan sartzen utziko kalteak ordaindu arte.
51. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan bere lehiaketak jokatzeko baimena eskatu eta lortzen duen talde orok bere lehiaketa-egutegiaren kopia aurkeztuko du.
52. artikulua. Talde edo klub batek, edozein arrazoirengatik, erabilera-baldintzak aldatu behar baditu, hala erabakita edo ezinbestez (deuseztapenak barne), Zizur Zendeako Udalaren bulegoetara jo beharko du eta zazpi egun lehenago aldaketa iragarri beharko du idatziz. Aldaketa telefonoz edo idatzia ez den beste edozein modutan jakinarazten bada, ez da onartuko.
53. artikulua. Adiskidantzako partidak, atzeratutakoak eta abar, arrazoi bereziengatik, asteko entrenamenduen ordutegian egin beharra dagoenean, baimena eskatu beharko da behar adina denbora lehenago. Ahal dela, beste jarduera paralelo batzuei traba egiten ez zaien orduan eginen dira, eta taldeak instalazioak eskura dituen orduan. Ez da bermatuko harmailak eskuragarri egotea ikusleentzat.
54. artikulua. Hitzartutako orduan instalazioa ez erabiltzea, aurrez abisatu gabe, hiru aldiz gertatzen bada, kontzesiorako eskubide guztiak galduko dira, eta jokabide hori kontuan hartuko da geroko kontzesioetarako. Klub, entitate eta gainerakoek behar beste denbora lehenago jakinarazi beharko dute halako egunetan ez dituztela erabiliko laga zaizkien instalazioak.
55. artikulua. Mota guztietako jarduera arruntetarako erreserbak deuseztatzeko eskaerak idatziz egin beharko dira, programatutako kirol gertakari edo ekitaldirako ezarritako eguna baino berrogeita zortzi ordu lehenago, gutxienez. Hori egin ezean, ekitaldiaren ardura duen pertsona edo entitateak lagapenaren prezio osoa ordaindu beharko du. Instalazioaren erreserbak eragindako gastuak beti ordaindu beharko dira.
56. artikulua. Eguraldiagatik edo ezinbesteko arrazoiengatik, instalazioko zuzendaritzak zerikusirik izan gabe, aurretik hitzartutako partida, entrenamendu edo ekitaldiren bat egiterik ez badago, zuzendaritza konponbidea bilatzen saiatuko da, beste egun batean egin ahal izan dadin instalazio berean edo beste batean.
VII. KAPITULUA
Erabilerari buruzko arauak erabiltzaile guztientzat
57. artikulua. Instalazioetara sartzea.
Erreserba eginez gero, ez da tasa edo prezio publikoaren itzulketarako eskubiderik izanen.
Sarrera guneetatik sartuko da instalazioetara, eta erabiltzaile txartela, ordainagiria, sarrera, baimena edo dena delakoa erakutsi beharko da, zerbitzuko langileek hala eskatzen duten guztietan.
Bederatzi urtetik beherakoei adin nagusiko pertsonaren batek lagundu beharko die instalazioetara sartu ahal izateko, eta barnean dauden bitartean haien erantzukizuna izanen du.
Erabilera-ordutegiak behar bezala eta liskarrik gabe bete daitezen, bai eskola eta entrenamendu saioetan, bai pisten alokairuan eta, batez ere, hainbat talde, klub edo jarduerak partekatu behar dituzten instalazioetan, ondokoa errespetatu beharko da:
-Jarduera hasi baino hamar minutu lehenago arte ez da sartuko instalaziora.
-Aldagela, kantxa, pista, areto, igerileku eta abarretara sartzeko, beti erabiliko dira horretarako seinalatutako sarrera guneak.
-Saioa edo jarduera hasteko eta amaitzeko orduak zorrotz errespetatu beharko dira.
-Eguneko jarduerak bukatzeko eta instalazioa ixteko ordutegia errespetatu beharko da, eta garaiz joanen da aldageletara, instalaziotik itxiera ordua baino lehen irteteko.
-Kirol materiala erabili behar den kasuetan kontuan hartuko da jarduera lehenago amaitu beharko dela materiala biltzeko.
-Instalaziora sartzeko eta jarduerak hasteko eta amaitzeko erreferentzia-orduak instalazioko erlojuarenak izanen dira, edo, horrelakorik ezean, instalazioko arduradunaren erlojuarenak.
-Kirol kontuengatik edo arrazoi teknikoengatik, Udalak zilegi izanen du instalazioak ixtea, garaiz iragarrita.
-Zerbitzuaren ardura duten langileek instalazioak itxi ahal izanen dituzte edozein momentutan, segurtasunagatik, eguraldiagatik, edo pertsonei eta/edo instalazioei kalte egin diezaieketen inguruabarrengatik.
58. artikulua. Portaera kirol instalazioan.
Instalazioko toki guztietan portaera egokia izan beharko da eta langileen aginduak bete beharko dira.
Gaizki edo errespeturik gabe jokatu edo desobeditzen duenari zehapena ezarri ahalko zaio.
Bizikidetza arauak betez jokatuko da uneoro. Ekintza gaitzesgarri edo bandalikoak, instalazioen erabilera okerra, langileei kasurik ez egitea eta horrelako jokabideak aski arrazoi izan daitezke egilea jardueratik kanporatzeko.
Udalak programatutako jardueretan parte hartu nahi duten guztiek jarduera bakoitzaren baldintzak bete beharko dituzte.
Instalazioetan ez da onartuko hitz zakarrik edo iskanbila larria eragin dezakeen eztabaida gordinik.
59. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.
Ezin izanen da instalazioetara objekturik sartu (baloiak, irristailuak, bizikletak eta abar), berariaz baimenduta jardueretarako erabiliko direnak izan ezik.
Ezin izanen da janari edo edari ontzirik, kristalezko ontzirik edo horrelakorik atera, kafetegian edo berariaz seinalatutako guneetan izan ezik.
Erabiltzaileek instalazioen barnean ezin izanen dute politika, erlijio edo merkataritza jarduerarik egin, Udalak aldez aurretik baimendutakoak izan ezik.
Debekaturik dago aldageletan, komunetan eta igerilekuko zabalguneetan kristalezko elementuak edo antzekoak sartzea (botilak, poteak, ispiluak, edalontziak), hausten badira erabiltzaileak zauritzeko arriskua dagoelako.
Paperak-eta ez dira lurrera bota behar. Horretarako zakarrontziak eta hautsontziak erabili behar dira.
Kirol instalazioetan debekaturik dago erretzea (abenduaren 26ko 28/2005 Legea) eta edari alkoholdunak sartzea (Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legea, IX. titulua, 67. artikulua, 1. idatz-zatia).
Erabiltzaileek ez dute instalazioen elementurik manipulatu behar. Edozein arazo sortzen bada, instalazioko langileengana jo behar dute.
Erabiltzaileak egoki jantzi behar dira, kirol arropa egokiak erabiliz, bereziki oinetakoak, eta higiene eta garbitasunerako ohiko neurriak hartu behar dituzte.
Debekaturik dago animaliak kirol instalazioetan sartzea.
60. artikulua. Udalak ez du erantzukizunik izanen instalazioak erabiltzeko arauak ez betetzeak ekar ditzakeen ondorioengatik. Axolagabekeriaz eragindako istripu edo lesioengatik ere ez du erantzukizunik izanen.
61. artikulua. Zizur Zendeako Udalak ez du erantzukizunik izanen kirol istripu edo lesioen ondorioz beharrezkoa izan daitekeen laguntza medikoagatik (Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legea, VIII. titulua, 59. artikulua, 1. idatz-zatia: herritarraren kirol jarduera orokorraren ondoriozko osasun laguntza sektore publikoaren osasun aseguruko araubidearen prestazio arrunta da).
62. artikulua. Zizur Zendeako Udalak ez du erantzukizunik izanen erabiltzaileek objektu baliotsuren bat edo dirua galtzen badute, eta instalazioetara horrelakorik ez eramatea gomendatzen die. Hala ere, lapurretak eragozteko, ahalik eta instalazio gehienetan doako armairuak egonen dira erabiltzaileentzat.
Udalaren kirol instalazioetan biltzen diren gauza galduak instalazioetako argibide zerbitzuan utziko dira, 15 egunean.
Behin epe hori iraganez gero, instalazio bereko biltegian utziko dira 30 egunean.
63. artikulua. Udalak ahalmena du nahi duen egunean eta orduan instalazioak bere jardueretarako gordetzeko, aldi baterako edo denbora mugarik gabe, eta halaber, baldintza berberetan, instalazioak erakunde pribatuei lagatzen ahal dizkie gizarte edo kirol intereseko jardueretarako. Klub, erabiltzaile eta abarrekoak behar beste denbora lehenago ohartaraziko ditu instalazioetako iragarki oholetan.
VIII. KAPITULUA
Abonatu eta erabiltzaileentzako arauak
64. artikulua. Abonatu txartela urtekoa da. Alta egunetik hasita, urte bereko abenduaren 31ra arte balio du.
Abonatua izateari utzi nahi dionak kirol instalazioetan edo udaletxean jakinarazi beharko du, abonatu txartelaren indarraldia amaitu baino hamabost egun natural lehenago, gutxienez. Bestela, hurrengo urtean ere abonatua izan nahi duelakoan, txartela besterik gabe berrituko zaio eta hurrengo urteko tasa kobratuko zaio.
Abonatu kuotaren ordainagiriren bat itzultzen bada, adierazten diren moduan eta epean ordaindu beharko da. Ezarritako epean ordaintzen ez bada, besterik gabe baja emanen zaio txartelari, zor den diru kopurua eta 90 euroko errekargua ordaintzen diren arte.
65. artikulua. Ikastaro edo jarduera batean inskribatuz gero, kuota osoa ordaindu behar da. Ordaindu gabeko kuotak premiamendu bidetik kobratuko dira.
IX. KAPITULUA
Aldagelak erabiltzeko arau orokorrak
66. artikulua. Arropa aldatzeko eta garbiketarako lokalak dira, eta gehienek badituzte armairuak, bertan gordetzeko kaleko arropak, poltsak eta garbitasunerako gauzak. Funtsean hiru gune dituzte: aldagela, dutxak eta komunak.
67. artikulua. Erabiltzaileek ez dute arropaz aldatzeko eta garbiketarako behar duten denbora baino gehiago eman behar aldageletan.
Aldagelan erabiltzaileek zorrotz kontrolatu beharko dute oinetakoen aldaketa. Gomendatzen da oinutsik ez ibiltzea eta dutxetan txankletak erabiltzea.
Edozein erabiltzailek erabili ahalko ditu aldagelak arropa aldatzeko, dutxatzeko etab., betiere kirol jardueraren bat egiten badu.
68. artikulua. Ezin da inolako jakirik sartu, ezta kristalezko ontzirik edo gainerako erabiltzaileei min egin diezaiekeen beste ezer ere.
Ez da onartuko inolako jolasik, zalapartarik edo besteak gogaitarazten ahal dituen ekintzarik.
Ez da onartuko aldageletan bizarra egin, depilatu eta horrelako higiene jarduera pertsonalak egitea.
Ez da arropa, bota edo oinetakorik garbitu behar dutxa eta konketetan, ezta oinetakoak hormen edo zoruaren kontra jo ere.
69. artikulua. Laguntzaileak ez dira inoiz aldageletan sartuko, zortzi urtetik beherako ikasleekin doazenak izan ezik. Itxarongunean egonen dira (sekula ere ez aldageletan) eskolak bukatu arte, eta orduan berriz sartu ahal izanen dira.
70. artikulua. Armairuak:
Armairu txanpondunak hutsik utzi behar dira jarduera bukatutakoan. Instalazioa ixteko ordua baino lehen, zerbitzuaren arduradunek ireki eginen dituzte hutsik utzi ez diren armairuak.
I. KAPITULUA
0. Padel pistak eta pilotalekua erabiltzeko arauak
71. artikulua. Pistak erabiltzeko erreserba:
-Pista erabiltzeko erreserba zuzenean eginen da instalazioko harreraleku edo kontrolgunean.
-Erreserbak instalazioa irekitzen den ordutik aurrera egin ahalko dira. Oro har, egun bererako edo biharamunerako izanen dira, baina abonatu txartela duten erabiltzaileek berrogeita zortzi ordu barrurako egin ahalko dituzte.
-Erabiltzaile eta egun bakoitzeko bi orduko alokairua eginen da gehienez, eta orduko lau erabiltzaile onartuko dira gehienez.
-Pista erabili behar duen pertsonaren nortasun agiriaren zenbakia edo abonatu txartel indardunarena idatziko da taulan, kontrolerako.
-Edonork erreserbatu ahalko du pista beste erabiltzaile batentzat, haren nortasun agiriaren edo abonatu txartel indardunaren zenbakia ematen badu.
-Jarduera hasi baino bost minutu lehenago, pistaren erreserba berretsi beharko da, tiketa aurkeztuz; bestela, pista gainerako erabiltzaileen eskura jarri ahalko da.
-Ezin izanen da laguntzailerik sartu pistetara.
72. artikulua. Argia piztuko da ongi ikusteko beharrezkoa denean.
73. artikulua. Lehiaketen garaian (ranking-a) ranking-eko jokalariek ezin izanen dute pistarik alokatu partidaren bat programatua duten egun eta tarte berean. Eguna bi tartetan zatituko dugu: goizeko bederatzietatik arratsaldeko ordu bietara eta arratsaldeko ordu bietatik gaueko hamarretara.
I. KAPITULUA
1. Igerilekuak erabiltzeko arauak
74. artikulua. Hemezortzi urtetik beherakoak igerilekuetara sartzeko arauak.
1. Bederatzi urtera artekoek adin nagusiko pertsonaren batekin joan behar dute, eta berak erantzunen du adingabekoen portaeraz.
2. Hamar eta hamazazpi urte bitartekoek nortasun agiria edo familia liburua aurkeztu beharko dute adina egiaztatzeko, eta igeri egiten badakitela aitortu beharko dute.
75. artikulua. Osasun eta higienerako neurri gisa, ez zaie igerilekura sartzen utziko gaixotasun infekzioso kutsakorrak dituzten pertsonei, kontrako txosten medikorik ezean.
Ez da onartuko igerilekuko zabalguneetan edo uretan jatea, erretzea eta isur daitezkeen edariak sartzea, horretarako egokituta eta seinalatuta dauden piknik guneetan izan ezik.
Ezin da mahairik eta horrelako elementurik sartu, aulkiak eta eguzkitakoak salbu.
76. artikulua. Erabiltzaileek igeriketa librerako erabili ahalko dituzte beste zerbaiterako (ikastaroak, entrenamenduak etab.) mugatuta ez dauden aldeak soilik, eta ez dira igaroko mugatutako alde horietatik, jardueretan traba ez egiteko.
Ez da onartuko:
-Kirol eskolako materialak (oholak, mahukak etab.) erabiltzea.
-Aipatu zonak mugatzen dituzten kortxeretatik zintzilikatzea edo gainera igotzea.
77. artikulua. Igeri-ontziak eta zabalguneak.
Erabiltzailea ezin da igerilekura sartu kaleko arropa eta oinetakoekin. Aparteko kasuetan, kaleko oinetakoak plastikozko kaltzaz estalita sartu ahalko da. Mantentze-lanetako edo osasun arloko langileek ia beste inork ez du eginen.
Uretan sartu aurretik dutxatik pasatu behar da, eta komeni da bainatu ondoren ere dutxa hartzea.
Komeni da bainu-betaurrekoak eta belarrietako tapoiak erabiltzea.
Ezin da korrika, saltoka, bultzaka ibili edo gainerako erabiltzaileak gogaitu edo arriskuan jarri.
Ezin da ikusteko betaurrekorik edo eguzki-betaurrekorik erabili, berariaz baimendutakoak izan ezik.
Igerilekuko langileen eta sorosleen jarraibideei kasu eginen zaie uneoro.
Ezin da inolako arroparik uretara bota edo uretan sartu, ezta objekturik ere, igeriketan erabiltzen direnak izan ezik.
Debekaturik daude urpeko betaurrekoak, hegatsak, aire-koltxoiak eta horrelakoak, jarduera antolatuetan izan ezik.
Ahal dela, eguzkitarako olioak eta gainerako kremak saihestuko dira, ura zikindu eta zerbitzua degradatzen dutelako. Horrelakoak erabiltzen dituztenak behar bezala dutxatuko dira uretan sartu aurretik.
Plisti-plastako igerilekuak 6 urtetik beherakoentzat bakarrik izanen dira, eta beti lagundu beharko die adin nagusiko pertsona batek, haien ardura hartzeko. Plisti-plastako igerilekuan flotagailuak, burbuilak eta mahukak erabili ahal dira.
I. KAPITULUA
2. Futbol zelaiak erabiltzeko arauak
78. artikulua.
1. Kirol oinetako egokiak jantzi beharko dira futbol zelaia erabiltzeko:
-Futbolerako oinetako takodunak.
-Takorik gabeko kirol oinetakoak.
Erabat debekaturik daude:
-Kaleko oinetakoak eta mendikoak.
2. Joko zelaia zapaldu aurretik garbitu ongi oinetakoak, belarra hondatzen duen elementurik ez sartzeko.
3. Debekaturik dago zelaia zikintzen duen edozer botatzea:
-Pipita eta fruitu lehorren azalak.
-Zigarretak eta zigarrokinak.
-Paperak.
-Txikleak, etab.
4. Baimendutako klub, entitate eta abarrekoek ez dituzte erabiliko beste instalazioak.
I. KAPITULUA
3. Muskulazio gelako araudia
79. artikulua. Janzkera.
1. Erabiltzaileek kirol arropa egokiak eta garbiak erabiliko dituzte.
2. Kirol oinetako malguak erabiliko dira. Muskulazio gelarako soilik jantziko dira eta azpiak garbi edukiko dira.
3. Ezin izanen da sartu txankleta, igerilekurako oinetako edo antzekoekin.
4. Erabat debekaturik dago elastikorik gabe entrenatzea.
5. Erabiltzaileei gomendatzen zaie bigarren elastiko bat erabiltzea, jarduera aerobikoak luzaroan eginez gero.
6. Gelan eskuoihala erabili behar da nahitaez.
7. Komeni da eskularruak erabiltzea.
80. artikulua. Ekipamenduaren erabilera.
1. Bai makinetan bai koltxoietan gorputzak ukitzen duen aldea eskuoihalaz estaliko da.
2. Erabiltzaileen txandak arindu eta erabilera hobetze aldera, arren eskatzen da ez egoteko makinetan hizketan edo atseden hartzen.
3. Plakak eta makinak ez dira kolpeka eta zakar erabiliko.
4. Ariketa amaitutakoan kirol materiala bere lekuan utziko da.
5. Musika aparatuak, telebistak, ordenagailua eta abarrekoak instalazioko langileek soilik erabiliko dituzte.
6. Debekaturik dago kirol poltsa gelara sartzea.
7. Diskoak eta mankuernak ongi zaindu eta kontserbatzeko, ezin dira aulki eta aparatuen gainean utzi.
8. Gomendatzen da ekipamendua zentzuz erabiltzea, entrenatzaileen jarraibideak kontuan hartuz, minik ez hartzeko. Makinaren baten funtzionamendua ezagutzen ez denean, galdetu entrenatzaileei.
81. artikulua. Ariketa eta osasuna.
1. Muskulazio geletan ez zaie sartzen utziko 16 urtetik beherakoei, ez bada medikuaren agiri batekin eta, halaber, gurasoek edo adin nagusiko norbaitek lagunduta eta zainduta.
2. Arren eskatzen da erabiltzaileek beren gaitz edo lesioen berri eman diezaietela entrenatzaileei, bakoitzaren egoera fisikoa ebaluatzeko eta jarraitu beharreko entrenamendua zuzen programatzeko.
3. Larruazaleko gaitzen bat dutenek lesioa aposituz estali beharko dute eta entrenatzaileak jakinaren gainean jarri beharko dituzte.
4. Instalazioak nork bere kabuz ez erabiltzea gomendatzen da. Minen bat sentituz gero, esan lasai entrenatzaileei, eta eskatu aholku teknikoak edo kirolerako orientabideak.
5. Saioa hasi aurretik berotze ariketa egokiak egin behar dira, gero lesiorik ez izateko. Bukatutakoan estiramenduak ezinbestekoak dira muskuluak erlaxatzeko.
I. KAPITULUA
4. Erabilera anitzeko gelako araudia
82. artikulua. Instalazio hauek programa orokorreko jarduera arautuetarako dira soilik. Beraz, ikasle taldeak ez direnek ezin dituzte noiznahi erabili, baizik eta programa orokorreko jarduerarik ez dagoen urte-sasoietan, betiere instalazioa erabiltzeko moduan badago.
1. Jarduerarako oinetako egokiak erabili behar dira eta ezin da gelara sartu kaleko oinetakoak jantzita.
2. Arreta berezia jarri behar da materiala behar bezala erabiltzen, alferrikako matxurak eta kalteak saihesteko.
3. Materialak (koltxoiak, stepak, mankuernak eta abar) erabili ondoren bildu eginen dira eta bakoitza dagokion lekuan utziko da.
4. Komeni da eskuoihala erabiltzea koltxoian edo lurrean izerdirik ez uzteko.
I. KAPITULUA
5. Harmailak erabiltzeko araudia
83. artikulua. Ikusleentzako aldea da. Kirol gertakariak, partidak, kirol agerraldiak edo emanaldiak eta horrelakoak egiten direnean erabiltzen da.
Pabiloietan, igerileku estalietan eta harmailak dituzten instalazioetan, harmailak itxita egonen dira klaseen, kirol eskolen eta entrenamenduen ordutegian.
Ez da onartuko:
-Instalazio estalietako harmailetan erretzea.
-Harmailak zikintzea eta haietan hondakinak uztea.
-Beirazko ontziak, latak edo erabiltzaile eta kirolariak zauritu ditzaketen beste objektu batzuk sartzea.
-Korrika, jolasean edo mailaz maila saltoka aritzea, eta beste erabiltzaileak gogaitarazten dituzten gauzak egitea.
-Objektuak jaurtitzea harmailetatik pistara eta alderantziz.
-Palkoak, kabinak edo erreserbatutako guneak baimenik gabe erabiltzea.
I. KAPITULUA
6. Arau-hausteak
84. artikulua. Araudi honen kontrako arau-hausteak dira bertan zehaztutako ekintzak edo omisioak, deusetan ukatu gabe beste arau, ordenantza edo lege batzuetan aurreikusitakoak.
85. artikulua. Arau-hauste arinak.
Arau-hauste arinak dira instalazio edo zerbitzuaren funtzionamendua eteten edo eragozten ez duten eta laster konpontzen diren ekintzak edo omisioak. Besteak beste, honako hauek:
a) Lehenbiziko aldiz ez betetzea 30. artikuluan, 59.ean eta 64.-82. bitartekoetan azaldutako betebeharrak, deusetan ukatu gabe larritzat edo oso larritzat jotzen direnak.
b) Ezarritako betebeharrak edo aurreikusitako debekuak ez betetzea berekin dakarren edozein jokabide, larritzat edo oso larritzat jotzerik ez dagoenean.
86. artikulua. Arau-hauste larriak.
Arau-hauste larriak dira, behean adierazitakoez gainera, instalazio edo zerbitzu baten funtzionamendua eragozten dutenak, hura egun berean konpondu eta abian jarri ahal bada eta hirugarrenei kalterik egiten ez bazaie.
a) Ordutegiak, kantxak edo pistak baimenik gabe edo prezio publikorik ordaindu gabe erabiltzea.
b) 300 eurotik beherako kalteak eragitea.
87. artikulua. Arau-hauste oso larriak.
Arau-hauste oso larriak dira, behean adierazitakoez gainera, instalazio edo zerbitzu baten funtzionamendua eragozten dutenak, hura ezin bada egun berean konpondu eta abian jarri, eta hirugarrenei kalte egiten bazaie.
a) 300 eurotik gorako kalteak eragitea.
I. KAPITULUA
7. Zehapenak
88. artikulua. Arinak.
Arau-hauste arinak idatzizko ohartarazpenez eta 150 euro arteko isunarekin zehatuko dira.
89. artikulua. Larriak.
Arau-hauste larriengatik honako zehapen hauetakoren bat ezarriko da:
a) Instalazioak erabiltzeko baimena etetea, gehienez urtebeterako.
b) Instalazioan sartzeko debekua, hilabete eta urtebete bitarteko aldirako.
c) 150 eta 750 euro bitarteko isuna.
90. artikulua. Oso larriak.
Arau-hauste oso larriengatik honako zehapen hauetakoren bat ezarriko da:
a) 750 eta 3.000 euro bitarteko isuna.
b) Instalazioak erabiltzeko baimena etetea urtebete eta bost urte bitarteko aldirako.
c) Instalazioan sartzeko debekua, urtebete eta bost urte bitarteko aldirako.
91. artikulua. Kalteak konpontzea eta fidantza konfiskatzea.
Erabilera pribatiboak edo aprobetxamenduak berekin dakarrenean udal ondasun edo instalazioen suntsiketa erabatekoa edo partziala, onuraduna aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostua ordaintzera beharturik dago, behar den prezio publikoa ukatu gabe ere.
92. artikulua. Erantzuleak.
Erabiltzaileak, kirolariak, entrenatzaileak, irakasleak, taldeak eta taldeetako kideak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.
93. artikulua. Organo eskuduna.
Ikuskapena, zaintza eta kontrola Zizur Zendeako Udaleko langileei dagozkie.
94. artikulua. Zehapen espedienteak tramitatzea.
Salatzen diren ekintzen ondorioz zehapen espedientea irekiko da eta abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan ezarritako printzipio eta prozeduren arabera tramitatuko da.
95. artikulua. Behin-behineko neurriak.
Zehapen espedientea hasita, noiznahi hartu ahal izanen dira behin-behineko neurriak, ezinbestekoak badira prozedura behar bezala bideratzeko, ezar litekeen zehapenaren prozedura bermatzeko edo arau-hauste gehiago egin dadin eragozteko.
96. artikulua. Behin-behineko neurriak.
Egindako arau-hausteen ezaugarrien eta larritasunaren araberakoak izanen dira, eta aurreneurriak ere izan daitezke, bereziki honakoak:
a) Instalazioetara sartzeko debekua.
b) Erabiltzaile txartela, kirol fitxa, abonamenduak eta instalazioak erabiltzeko baimena etetea.
c) Hitzarmena etetea.
97. artikulua. Presako kasuetan, arau-haustea larritzat edo oso larritzat jo ahal denean, prozedura hasteko eskumena duen organoak edo instrukzio organoak behar diren behin-behineko neurriak hartu ahalko ditu.
98. artikulua. Ordaina ematea eta kalte ordainketa.
Zehatutako jokabideek kalte edo galerarik eragin badiote Udalari, honako hau deklaratzen ahal da prozeduraren ebazpenean:
a) Arau-hausleari eskatzea arau-haustearen ondoriozko egoera lehengora itzultzeko.
b) Sortutako kalte eta galerak ordaintzea, haien zenbatekoa prozeduran zehazten denean.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan hartuko du indarra eta sortuko ditu erabateko ondorio juridikoak.
Iragarkiaren kodea: L1100568
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
