Iragarkia
31. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 15a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
25/2011 EBAZPENA, urtarrilaren 18koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren errektoreak emana, Unibertsitateko Irakaskidegoetako bost lanpostu sarbide-lehiaketa publikoaren bidez betetzeko deialdia egiten duena.
Ikusirik Gobernu Kontseiluak 2010eko azaroaren 11n hartutako erabakia, unibertsitateko irakaskidegoetako lanpostuetarako deialdia egitekoa.
Apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatutako Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 lege organikoaren 62. artikuluan ezarritakoarekin bat. Gaikuntza nazionala ezartzen duen urriaren 5eko 1312/2007 Errege Dekretua, eta unibertsitateko irakaskidegoetan sartzeko lehiaketen araubidea arautzen duen urriaren 5eko 1313/2007 Errege Dekretua aplikatuz, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak onesten dituen maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren 80. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa kontuan hartuz, eta, halaber, Gobernu Kontseiluak 2009ko otsailaren 25ean onetsitako erabakiaren bidez onetsi eta Gobernu Kontseiluak 2009ko maiatzaren 7an onetsitako erabakiaren bidez aldatutako Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitateko Funtzionarioen Irakaskidegoetako sarbide-lehiaketen Arautegian ezarritakoarekin bat, bidezkoa da lehiaketa baterako deialdia onestea, Unibertsitateko Irakaskidegoetako lanpostuetara sartzeko.
Ikusirik Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren txostena.
Irakasleen Gaietarako errektoreordeak proposaturik,
Kontu-hartzailearen txostena izanda,
Lege indardunek eman dizkidaten eskurantzak erabiliz,
EBATZI DUT:
Lehenbizikoa.-Lehiaketa publikorako deialdia egitea Unibertsitate Irakaskidegoetako lanpostuak, deialdiaren I. Eranskinean datozenak, betetzeko.
Bigarrena.-Ebazpen honekin batera datozen oinarriak onestea.
Hirugarrena.-2011ko gastuen aurrekontuetako I. kapituluan xede horretarako aurreikusita dauden kontu-sailei egotziko zaie lanpostuak betetzeko egindako gastua:
-Oinarrizko lansariak honako kontu-sail honetan: 21/21.00/120.01.
-Lansari osagarriak honako kontu-sail honetan: 21/21.00/121.01.
Laugarrena.-Ebazpen hau eta deialdiaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratzeko agintzea.
Bosgarrena.-Ebazpen honek administrazio-bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz, eta aukeran, berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Deialdiaren oinarriak
1. Arau orokorrak.
Lehiaketa hau ondoko hauetan xedatutakoak arautuko du: apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatzen duen Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa; urriaren 5eko 1312/2007 Errege Dekretua, gaikuntza nazionala ezartzen duena, urriaren 5eko 1313/2007 Errege Dekretua, Unibertsitateko irakaskidegoetan sartzeko lehiaketen araubidea arautzen duena, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Gobernu Kontseiluak 2009ko otsailaren 25eko erabakiaren bidez onetsi eta Gobernu Kontseiluak 2009ko maiatzaren 7ko erabakiaren bidez aldatutako erabakia eta oinarri hauek. Ordezko izaerarekin Estatuko funtzionario zibilen legeria orokorrean aurreikusitakoa eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitakoa aplikatuko da.
2. Izangaiek bete beharrekoak.
2.1. Lehiaketa honetan parte hartzeko, baldintza orokor hauek bete behar dira:
a) Espainiarra izatea. Nolanahi ere, Europar Batasuneko gainerako estaturen bateko herritarrek edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen bateko herritarrek baldintza berberetan parte hartu ahalko dute. Halaber, Espainiako eta Europar Batasuneko estatuetako edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen bateko herritarren ezkontideek parte hartu ahal izango dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude; nazionalitatea duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, beraien kontura bizi badira.
Hautaprobetan parte hartzeko eskaera aurkeztean, nazionalitatea egiaztatu behar da, bai eta, bidezkoa bada, ahaidetasun-harremana eta gurasoen kontura bizitzearen harremana ere, maiatzaren 18ko 543/2001 Errege Dekretuak 8. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Dekretu horrek langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen bateko herritarrak Estatuko Administrazio Orokorreko eta bere organismo publikoetako enplegu publikora sartzeko modua arautzen du.
Nazionalitatea eta deialdian eskatutako gainerako betekizunak dagozkien dokumentuen bidez egiaztatuko dira, beren jatorrizko herrialdeko agintari eskumendunek egiaztaturik eta gaztelaniara itzulita.
b) Hamasei urte beteta izatea, eta nahitaezko erretirorako gehieneko adina beteta ez edukitzea.
c) Diziplinako espedientearen bidez edozein Administrazio Publikotako zerbitzutik bazterturik ez egotea, eta funtzio publikoak garatu ahal izateko ezgaitua ez egotea. Espainiakoa ez beste nazionalitatea dutenek ere diziplina-zehapen edo zigor kondenaren bidez beren estatuetako funtzio publikoetan aritzeko gabetuta ez daudela egiaztatu beharko dute.
d) Deialdiaren xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik, muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.
2.2. Eskatzaileek ondotik aipatzen diren berariazko betebeharrak bildu beharko dituzte:
a) Hautagaiak gaituta egongo dira dagokion Unibertsitateko Irakaskidegorako, urriaren 5eko 1312/2007 Errege Dekretuak, unibertsitateko kidegoetara sartzeko gaikuntza nazionala ezartzen duenak, 12 eta 13. artikuluetan eta lehen, bigarren eta hirugarren xedapen gehigarrietan xedatutakoari jarraikiz.
Halaber, lehiaketa hauetara aurkeztu ahalko dira dagozkien irakaskidegoetan sartzeko gaikuntza dutenak, uztailaren 26ko 774/2002 Errege Dekretuak, gaikuntza nazionalaren sistema arautzen duenak, ezarritakoarekin bat etorriz, zein arlotan lortu zuten gaikuntza baldintza izan gabe deitutako lanpostuetako batean lehiatzeko. Bestetik, ulertuko da Unibertsitate Eskolako katedradun izateko gaituak, Unibertsitateko irakasle titular izateko ere gaituta daudela.
Gainera, dagozkien kidegoetan deitutako lanpostuetan lehiatu ahalko dira maila bereko edo handiagoko unibertsitateko irakaskidegoetako funtzionario direnak, eta kasu horretan, sarbide lehiaketaren bidez lortutako lanpostua bi urtez bete beharko da gutxienez (urriaren 5eko 1313/2007 Errege Dekretuaren 9.4 artículo).
b) Era berean, dagozkien kidegoetara aurkeztu ahalko dira Unibertsitateko katedradun edo irakasle titular lanpostuaren baliokidea lortu duten Europar Batasuneko Estatuetako unibertsitateko irakasleak, Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak, interesdunak eskatuta, emandako ziurtagiriarekin bat etorriz. Kasu hauetan, lehiaketa ebatziko duen batzordeak erabakiko du beren irakaslana betetzeko beharrezkoa den ezagutza-maila gaztelaniaz.
c) Hizkuntza gaitasuna euskaraz duten lanpostuetarako, izangaiek hizkuntza gaitasuna frogatu beharko dute Gobernu Kontseiluak 2004ko maiatzaren 25ean onetsitako erabakian, Gobernu Kontseiluan 2009ko maiatzaren 7an aldatutakoan, ezarritakoarekin bat etorriz. Erabaki horrek arautzen du irakasleen hizkuntza gaitasuna balioetsi eta egiaztatzeko prozedura Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakaskuntza euskaraz eskainiko den lanpostuetan.
Euskarazko hizkuntza gaitasuna agirien bidez frogatu ezin duten izangaiek eskaera egin beharko dute, beren ezagutza maila proba baten bidez egiaztatzeko. Proba Euskararen Ezagutza Balioesteko Batzordeak egingo du. Izangaiek proba egiteko eskabidea eredu ofizialean beteko dute, oinarri hauekin batera II. eranskin gisa doan horretan.
Bigarren oinarrian zerrendatutako betekizunak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean edukiko dira, eta karrerako funtzionarioaren lanpostuaz jabetu arte beteko dira.
3. Eskaerak.
3.1. Sarbide lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek, deialdi hau "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, 15 egun balioduneko epean, ondoko dokumentu hauek aurkeztuko dizkiote Nafarroako Unibertsitate Publikoaren errektoreari, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrera igorri, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein prozeduraren bidez:
a) Behar bezala betetako eskabidea, II. Eranskineko ereduaren arabera.
b) Nortasun Agiri Nazionalaren, pasaportearen edo nortasun txartelaren fotokopia.
c) Deialdiaren 2.2 oinarrian lehiaketa honetan parte hartzeko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten egiaztagirien jatorrizkoak edo kopia kautotuak.
d) Ordaindu beharreko tasa ordaindu dela egiaztatzen duen agiria.
e) Euskarazko hizkuntza gaitasuna egiaztatzen duen dokumentazioa edo berariazko eskaera eskabidean, maila egiaztatzeko proba egiteko, betekizun hori eskatzen den lanpostuetan.
Izangaiek 40 euro ordainduko dizkiote Nafarroako Unibertsitate Publikoari azterketarako eskubide gisa, Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazioaren tasei eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 07/2001 Foru Legean ezarritakoarekin bat etorriz. Diru-sarrera edo banku-transferentzia Nafarroako Rural Kutxan egingo da, 3008.0001.18.0700190523 zenbakidun kontu korrontean, honako hau adierazirik: "Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Irakasle funtzionario izateko lehiaketa". Eskubide hauek ez badira ordaintzen eskaerak aurkezteko epean, ezin da zuzendu, eta, beraz, izangaia baztertua izango da.
4. Izangaiak onartzea.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren errektoreak ebazpena emango du, onartuen eta baztertuen zerrenda onetsitzat emanez. Ebazpen hori, onartuen eta baztertuen zerrenda osoekin batera, eta baztertu izanaren zergatikoekin batera, Administrazio eraikineko (Arrosadiko campusa z/g) iragarki-oholean jarriko da, eta Interneteko helbide honetan argitaratuko: http://www.unavarra.es. Gainera, izangaiei jakinaraziko zaie eskaeran agertzen den helbidera bidaliz.
4.2. Ebazpen horren aurka, interesdunek erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute, errektorearen aurrean, hamar eguneko epean, jakinarazpena jaso, eta biharamunetik kontatzen hasita, edo, bestela, epe berean, baztertzearen arrazoia zuzentzeko aukera izango dute. Epea amaitu eta gero, baztertzeko arrazoia zuzendu ez duten izangaiak behin betiko baztertuko dituzte lehiaketatik.
4.3. Epe hori igaro eta gero, erreklamaziorik aurkeztu ez bada, edo aurkeztu direnak ebatzi ondoren, errektoreak ebazpena emango du, izangaien zerrendak behin betiko bihurtuko dituena. Zerrenda horiek oinarri honetako 1. idatz-zatian ezarritako moduan argitaratu eta jakinaraziko dira.
4.4. Hizkuntza gaitasuna euskaraz esleituta daukaten lanpostuak direnean, betekizun hori nahitaez frogatu beharko da eta frogatu ezean izangaia kanporatu egingo da. Egiaztatzeko proba egiteko eskaera eginez gero, proba hori onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratu aurretik egingo da.
5. Hautapen batzordeak.
5.1. Batzordeen osaera deialdi honen III. Eranskinean dator.
5.2. Urriaren 5eko 1313/2007 Errege Dekretuak, unibertsitateko irakaskidegoetara sartzeko lehiaketen araubidea arautzen duenak, 6.4 artikuluan xedatzen duenaren babesean, batzordekideen curriculuma interesdunen eskura dago Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
5.3. Batzordea gehienez bi hilabeteko epean eratu beharko da, deialdia "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratzen denetik kontatzen hasita (abuztua hil baliogabea izango da horretarako bakar-bakarrik). Horretarako, batzordeburu titularrak, Batzordeko gainerako kideei aurretik kontsultatu eta gero, ebazpen bat emango du, interesdun guztiei jakinaraziko zaiena deia egin dien egintzaren eguna baino hamabost egun natural lehenago gutxienez, eta deitutakoak honako hauek izango dira:
a) Batzordeko kide titular guztiak eta, bidezkoa bada, beharrezkoak diren ordezkoak, batzordearen eraketa-egintza burutu ahal izateko. Eraketa-egintzaren eguna, ordua eta tokia jakinarazpenean jasoko dira.
b) Lehiaketan parte hartzeko onartuak izan diren izangai guztiak, lehiatzaileen aurkezpen-ekitaldia egiteko. Adierazi egingo zaie zer egun, ordu eta tokitan egingo den. Horri begira, batzordearen eraketa-egintzaren egunetik aurkezpen ekitaldia egiteko ezartzen den egunera arteko epea ez da izango bi egun baliodun baino luzeagoa.
5.4 Eraketa-egintzan finkatu eta jendaurrean jarriko dira lehiatzaileak balioesteko erabiliko diren irizpideak, deialdian ezarritako lanpostuaren xehetasunei egokituz, bai eta irizpide horietako bakoitzari dagokion zenbakizko balioespena ere, 2009ko maiatzaren 7ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiarekin bat, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitateko irakaskidegoetan sartzeko lehiaketen Arautegiaren 10.5 artikuluari idazketa berria ematen baitio.
6. Lehiaketa nola egingo den.
6.1. Aurkezpen ekitaldian, jendaurrekoa izango baita, lehiatzaileek ondoko dokumentazioa aurkeztuko diote Batzordeko buruari:
a) Lanbide, ikasketa, irakaskuntza eta ikerketa historia, hiru aletan, eta horri erantsiko zaizkio beren merezimenduen egiaztagiriak eta argitalpenen, garatutako patenteen eta beren partaidetza izan duten ikerketa-proiektuen zerrenda.
b) Zein lanpostutarako lehiatzen den izangaia, lanpostu hori esleitzen bazaio, garatuko lituzkeen irakaskuntza-proiektua, lanpostu horri dagokion irakasgai edo berezitasun baten programaren berri emango duena, eta ikerketa-proiektua, hiru aletan.
6.2. Aurkezpen ekitaldian finkatuko da, zozketaren bidez, izangaiak zein hurrenkeratan arituko diren, bai eta proba hasteko tokia, eguna eta ordua ezarri ere, eta Batzordeak inguruabar horren berri emango du. Era berean, izangaiek gainontzeko izangaiek aurkezturiko dokumentazioa aztertzeko izango duten epea ezarriko da. Proba hamabost egun naturaleko epean hasiko da, aurkezpen ekitaldia egiten den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
7. Azterketa nola egingo den.
7.1. Sarbide lehiaketak bi proba izango ditu.
Lehen proba jendaurrekoa izango da. Batzordeak Unibertsitateko Irakaskidegoetako Sarbide-Lehiaketen Arautegiaren 11. artikuluko 2. idatz-zatiarekin bat etorriz ezarritako moduari jarraikiz, gehienez ere ordubeteko adierazpena egingo du izangaiak batzordearen aurrean, eta gehienez ere ordubeteko eztabaida egingo du batzordekideekin gero, lanbide, ikasketa, irakaskuntza eta ikerketa historian alegatutako merezimenduei buruz, bai eta aurkeztutako irakaskuntza eta ikerketa proiektuei buruz ere. Bigarren probara pasatzeko, izangaiek Batzordeko bi kideren aldeko txostenak eduki behar dituzte gutxienez. Lehen probako emaitzak argitaratu ondoren, Batzordeak argitaratuko du noiz, non eta zer ordutan egingo den bigarren proba.
7.2. Bigarren proba jendaurrekoa izango da. Unibertsitateko irakasle titular izateko lehiaketetan, gehienez ere ordubeteko adierazpena egingo du izangaiak Batzordearen aurrean, eta gehienez ere ordubeteko eztabaida izango du batzordekideekin gero, izangaiak irakaskuntza-programan aurkeztu eta berak aukeratutako programako gai bati buruz.
Unibertsitateko katedradun izateko lehiaketetako bigarren proban, gehienez ere ordubeteko adierazpena egingo da Batzordearen aurrean, eta gehienez ere ordubeteko eztabaida izango da batzordekideekin, izangaiak egindako ikerketa-lan bati buruz.
Lehen probaren emaitza jakin ondoren, gainditu duten izangaiek lan horren laburpena emango diete batzordeko kideei, hiru aletan. Bigarren proba amaitu ondoren, Batzordeko kide bakoitzak batzordeburuari txosten bat emango dio. Txosten horretan, banan-banan balioetsiko da izangai bakoitza, arrazoiak emanez eta ezarritako irizpideei egokituta.
Bigarren proba gainditzeko, izangaiek batzordeko bi kideren aldeko txostenak eduki behar dituzte gutxienez.
7.3. Sarbide lehiaketa egin eta gero, izangai bakoitzaren balioespenaren emaitzak argitaratuko dira, batzordeak ezarritako irizpideekin bat etorriz balioetsitako alderdi bakoitza bereizirik.
7.4. Deitutako lanpostua ez betetzeko erabakiak eman ahalko dio amaiera prozesuari.
8. Lanpostuak betetzeko proposamena.
8.1. Batzordeak zazpi egun balioduneko epean, proba amaitzen denetik kontatzen hasita, errektoreari proposatuko dio, arrazoiak emanez eta izaera loteslearekin, izangai guztien zerrenda, izendatzeko lehentasun ordenaren arabera sailkatuta. Izangaiak ez dira lehiaketara deitu diren lanpostuak baino gehiago izango. Proposamena Errektoretza eraikineko iragarki oholean argitaratuko da.
8.2. Proposamenarekin batera, Hautapen Batzordeko idazkariak, Batzordearen jarduera amaitu eta hurrengo zazpi egun baliodunetan, aurkeztu behar du Unibertsitateko Idazkaritza Nagusian lehiaketaren administrazio-espedientea, Hautapen Batzordearen jarduerari buruzko dokumentazio guztia agertuko duena, bai eta izangai bakoitzak aurkezturiko dokumentazioaren ale bat ere, Sarbide lehiaketetako Arautegiaren 14.1 idatz-zatian aipatzen diren dokumentuak gordailuan egongo dira bi hilabetez, batzordeak proposamena egindako egunetik aurrera, salbu eta errekurtsoren bat jartzen bada, zeren, kasu horretan, gordailuan egongo baitira behin betiko ebazpena eman arte. Lehiaketaren prozesua amaitu eta irmo bihurtzen denean, hautagaiek emandako dokumentazioa itzuli egingo zaie hala eskatzen badute. Beste sei hilabete igaro eta gero, interesdunak dokumentazio hori jaso gabe jarraitzen badu, Unibertsitateak dokumentazioa suntsitzeko agindu ahalko du.
9. Lanpostuak betetzeko proposamenaren aurkako errekurtsoak.
9.1. Izangaiek Hautapen Batzordearen proposamenaren aurka erreklamazioa aurkezteko aukera dute, errektorearen aurrean, gehienez ere hamar eguneko epean. Erreklamazioa tramitatzeko onartuz gero, izendapen guztiak etengo dira behin betiko ebazpena eman arte.
9.2. Urriaren 5eko 1313/2007 Errege Dekretuaren 10. artikuluan eta sarbide-lehiaketetako Arautegiaren VI. kapituluan ezarritako Erreklamazio Batzordeak balioetsiko du erreklamazioa. Erreklamazio Batzordeak berretsiko du, edo ez, erreklamaturiko proposamena, gehienez ere, hiru hilabeteko epean. Ondotik errektoreak ebazpena emango du, Batzordearen proposamenarekin bat.
9.3. Erreklamazio Batzordearen ebazpenak onesteko, gutxienez aldeko lau boto behar dira, eta Batzordearen kideek ez dute kalitatezko botorik izango edozein kasutan. Erreklamazio Batzordearen erabakia arrazoitua izango da, eta aurkako botoak jasoko dira, halakorik bada.
9.4. Hiru hilabeteko epean ez bada berariazko ebazpenik ematen, erreklamazioari ezezkoa eman zaiola ulertuko da.
9.5. Errektorearen ebazpenek, 9.2 oinarrian aipatzen diren horiek, administrazio bidea bukatzen dute, eta Administrazioarekiko Auzi-eskumenaren aurrean aurkatu ahal dira zuzenean, uztailaren 13ko 29/1998 Administrazioarekiko Auzi-eskumenari buruzko Legean ezarritakoarekin bat etorriz.
10. Dokumentuak aurkeztea.
10.1. Lanpostua betetzeko proposatu den izangaiak, Batzordeak jarduera amaitu eta hurrengo hogei egun balioduneko epean, ondoko dokumentu hauek aurkeztuko ditu Unibertsitatearen Erregistro Orokorrean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein bitarteko erabiliz:
a) NAN edo agiri baliokidearen fotokopia konpultsatua, Espainiako nazionalitatea ez badu.
b) Mediku-ziurtagiri ofiziala Unibertsitateko irakaslearen lanpostuko eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela adierazten duena.
c) Zinpeko aitorpena edo hitzematea, adierazteko lehiakidea ez dagoela bereizita diziplina espedientearen bidez inongo administrazio publikotatik, eta ez dagoela ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko. Nolanahi ere, Europar Batasuneko gainerako estaturen bateko herritarrek edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen bateko herritarrek egiaztatu egin beharko dute, maiatzaren 18ko 543/2001 Errege Dekretuaren 7.2 artikuluak ezarritakoarekin bat etorriz, ez dutela bere Estatuan funtzio publikora sartzea galarazten dien diziplina-zigorrik edo kondena penalik.
d) Bateraezintasunik ez daukala adierazten duen aitorpena jarduera publikoren bat betetzen edo pentsioren bat jasotzen ari bada.
Karrerako funtzionarioak diren espainiarrek ez dituzte a), b) eta c) idatz-zatietako dokumentuak eta baldintzak justifikatu behar, eta funtzionarioak direla eta beren zerbitzu orrian agertzen diren inguruabarrak egiaztatzen dituen ministerioaren edo organismoaren egiaztagiria aurkeztu behar dute.
Atzerrian emandako agiri guztiak ofizialak izango dira, autoritate eskumendunak emanak eta bide diplomatikoz legeztatuak. Behar izanez gero, dokumentu horiek gaztelaniazko itzulpen ofizialarekin aurkeztuko dira.
11. Izendapena.
11.1. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren errektoreak izendatuko du izangaia karrerako irakasle funtzionario, izangaiak aurreko oinarrian ezarritako baldintzak eta epeak bete eta gero.
11.2. Proposaturiko izangaiak eskatutako dokumentazioa aurkezten ez badu, Unibertsitatearen errektoreak funtzionario izendatuko du Batzordearen proposamenean ezarritako lehentasun-hurrenkeran hurrengo postuan agertzen den lehiatzailea.
11.3. Izendapenak zehaztuko du lanpostuaren izena: kidegoa, jakintza-arloa eta saila, bai eta lanpostuaren kodea ere Langileen Lanpostu Zerrendan. Langileen Erregistro Nagusian izendapenaren berri emango da, Langileen Erregistro zenbakia emateko eta dagokien kidegoan inskripzioa egiteko, eta Unibertsitateen Kontseiluaren Idazkaritza Nagusian ere bai. Izendapena "Estatuko Aldizkari Ofizialean" eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
11.4. Gehienez ere 20 eguneko epean, izendapena "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, hartu beharko du lanpostuaren jabetza proposaturiko izangaiak, eta orduan ere hartuko du dagokion unibertsitate-irakaskidegoko funtzionarioaren izaera, horrek dakartzan eskubide eta betebeharrekin.
12. Datuen babesa.
12.1. Norberaren Datuak Babesteko 15/1999 Lege Organikoak (BOE 298 zk., abenduaren 14koa) ezarritakoarekin bat etorriz, izangaiek emandako datuak Langileen fitxategian jasoko dira. Fitxategi horren helburua da Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileen kudeaketa, irakaskuntzaren eta ikerketaren kudeaketa, langileen parte-hartzea kudeatzea Unibertsitateko zerbitzuetan eta ekitaldietan, bai eta izangaien parte-hartzea kudeatzea ere hautaketa-prozesuetan. Fitxategi honetan jasotako datuak erabili ahalko dira historiaren, estatistikaren edo zientziaren arloko helburuetarako.
Azken xedapena
13.1. Lehiaketa burutu artean, Batzordeak erabakiko ditu arauak aplikatzean sortzen diren zalantzak, bai eta arau horietan ezarri gabeko kasuetan jarraitu behar den bidea zein den ere. Batzordearen jarduera Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legera egokituko da beti.
13.2. Hautapen Batzordearen egintzen aurkako errekurtsoak aurkezteko modua izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarritako kasuetan eta forman, 9. oinarrian ezarritakoa izan ezik.
13.3. Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du eta bere aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke hura argitaratu eta biharamunetik aurrera bi hilabeteko epean, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegien aurrean; eta aukeran berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Errektoretzaren aurrean, hilabeteko epean, argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Kasu honetan, ezingo da aurkeztu lehen aipaturiko administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, berariaz erabaki artean edo berraztertzeko errekurtsoa presuntzioz ezetsi artean.
Iruñean, 2011ko urtarrilaren 18an.-Errektorea, Julio Lafuente López.
I. ERANSKINA
Unibertsitateko irakasle titularrak
Lanpostu-zenbakia: 4164. Lanpostu-kopurua: Bat. Saila: Ekonomia. Jakintza-arloa: Historia eta Erakunde Ekonomikoak.
Lanpostu-zenbakia: 4165. Lanpostu-kopurua: Bat. Saila: Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa. Jakintza-arloa: Seinalearen Teoria eta Komunikazioak. Ikerketa-eskakizuna: Mikrouhinak eta Irrati-komunikazioak.
Lanpostu-zenbakia: 4166. Lanpostu-kopurua: Bat. Saila: Landa Ingeniaritza eta Proiektuak. Jakintza-arloa: Adierazpen Grafikoa. Ikerketa-eskakizuna: Teledetekzio radarra nekazaritzan eta hidrologian.
Lanpostu-zenbakia: 3016. Lanpostu-kopurua: Bat. Saila: Matematika. Jakintza-arloa: Analisi Matematikoa.
Lanpostu-zenbakia: 2334. Lanpostu-kopurua: Bat. Saila: Nekazaritza Ekoizpena. Jakintza-arloa: Mikrobiologia.
II. ERANSKINA


III. ERANSKINA
Batzordeen osaera.
Unibertsitateko irakasle titularrak
Lanpostu-zenbakia: 4164. Saila: Ekonomia. Jakintza-arloa: Historia eta Erakunde Ekonomikoak.
-Batzorde titularra:
Epaimahaiburua: Joseba de la Torre Campo dk., Unibertsitateko katedraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
Batzordekide idazkaria: Joan Roses Vendoiro dk., Unibertsitateko irakasle titularra Carlos III. Unibertsitatean.
Epaimahaikidea: Josep Pujol Andreu dk., Unibertsitateko katedraduna Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan.
-Ordezko Batzordea:
Epaimahaiburua:
- Vicente Pinilla Navarro dk., Unibertsitateko katedraduna Zaragozako Unibertsitatean.
- Albert Carreras Odriozola dk., Unibertsitateko katedraduna Pompeu i Fabra Unibertsitatean.
Batzordekide idazkaria:
- Fernando Guirao Piñeiro dk., Unibertsitateko irakasle titularra Pompeu i Fabra Unibertsitatean.
- Manuel Jesús González González dk., Unibertsitateko katedraduna Unibertsitate Konplutentsean.
Epaimahaikidea:
- Sebastián Coll Martín dk., Unibertsitateko katedraduna Kantabriako Unibertsitatean.
- Montserrat Gárate Ojanguren dk., Unibertsitateko katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean.
Lanpostu-zenbakia: 4165. Saila: Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa. Jakintza-arloa: Seinalearen Teoria eta Komunikazioak. Ikerketa-eskakizuna: Mikrouhinak eta Irrati-komunikazioak.
-Batzorde titularra:
Epaimahaiburua: Mario Sorolla Ayza dk., Unibertsitateko katedraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
Batzordekide idazkaria: José M.ª Lopetegui Beregaña dk., Unibertsitateko irakasle titularra Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
Epaimahaikidea: María Vera Isasa dk., Unibertsitateko irakasle titularra Vigoko Unibertsitatean.
-Ordezko Batzordea:
Epaimahaiburua:
- Javier Martí Sendra dk., Unibertsitateko katedraduna Valentziako Unibertsitate Politeknikoan.
- Adolfo Comerón Tejero dk., Unibertsitateko katedraduna Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan.
Batzordekide idazkaria:
- Ramón Gonzalo García dk., Unibertsitateko katedraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
- Carlos del Río Bocio dk., Unibertsitateko irakasle titularra Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
Epaimahaikidea:
- Magdalena Salazar Palma dk., Unibertsitateko katedraduna Carlos III Unibertsitatean.
- Mateo Burgos García dk., Unibertsitateko irakasle titularra Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan.
Lanpostu-zenbakia: 4166. Saila: Landa Ingeniaritza eta Proiektuak. Jakintza-arloa: Ingeniaritzaren Adierazpen Grafikoa. Ikerketa-eskakizuna: Teledetekzio radarra nekazaritzan eta hidrologian.
-Batzorde titularra:
Epaimahaiburua: José Luis Torres Escribano dk., Unibertsitateko katedraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
Batzordekide idazkaria: José Javier Crespo Ganuza dk., Unibertsitate Eskolako katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean.
Epaimahaikidea: María González de Audicana Amenábar dk., Unibertsitateko irakasle titularra Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
-Ordezko Batzordea:
Epaimahaiburua:
- Joaquín Ordieres Mere dk., Unibertsitateko katedraduna Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan.
- Irakasleak: Félix Sanz Adán dk., Unibertsitateko katedraduna Errioxako Unibertsitatean.
Batzordekide idazkaria:
- Marta Benito Amurrio dk., Unibertsitateko irakasle titularra Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
- Javier Arlegui Jiménez dk., Unibertsitateko irakasle titularra Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
Epaimahaikidea:
- José Javier Doria Iriarte dk., Unibertsitateko irakasle titularra Euskal Herriko Unibertsitatean.
- Amaya Pérez Ezcurdia dk., Unibertsitateko irakasle titularra Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
Lanpostu-zenbakia: 3016. Saila: Matematika. Jakintza-arloa: Analisi Matematikoa.
-Batzorde titularra:
Epaimahaiburua: Francisco Luis Hernández Rodríguez dk., Unibertsitateko katedraduna Madrileko Unibertsitate Konplutentsean.
Batzordekide idazkaria: Camino Leránoz Istúriz dk., Unibertsitateko irakasle titularra Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
Epaimahaikidea: Julio Flores Álvarez dk., Unibertsitateko irakasle titularra Madrileko Rey Juan Carlos Unibertsitatean.
-Ordezko Batzordea:
Epaimahaiburua:
- José Galé Gimeno dk., Unibertsitateko katedraduna Zaragozako Unibertsitatean.
- Jesús María Fernández Castillo dk., Unibertsitateko katedraduna Extremadurako Unibertsitatean.
Batzordekide idazkaria:
- Olga Raquel García Catalán dk., Unibertsitateko irakasle titularra Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
- Pedro José Miana Sanz dk., Unibertsitateko irakasle titularra Zaragozako Unibertsitatean.
Epaimahaikidea:
- María Luisa Rezola Solaun dk., Unibertsitateko irakasle titularra Zaragozako Unibertsitatean.
- Bienvenido Cuartero Ruiz dk., Zaragozako Unibertsitateko katedraduna.
Lanpostu-zenbakia: 2334. Saila: Nekazaritza Ekoizpena. Jakintza-arloa: Mikrobiologia.
-Batzorde titularra:
Epaimahaiburua: Iñigo Lasa Uzcudun dk., Unibertsitateko katedraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
Batzordekide idazkaria: José Berenguer Carlos dk., Unibertsitateko katedraduna Madrilgo Unibertsitate Autonomoan.
Epaimahaikidea: Concha Gil García dk., Unibertsitateko katedraduna Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean.
-Ordezko Batzordea:
Epaimahaiburua:
- Antonio Gerardo Pisabarro de Lucas dk., Unibertsitateko katedraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
- Ricardo Amils Pibernat dk., Unibertsitateko katedraduna Madrilgo Unibertsitate Autonomoan.
Batzordekide idazkaria:
- José Joaquín Moreno Casco dk., Unibertsitateko katedraduna Almeriako Unibertsitatean.
- Juan Manuel García Lobo dk., Unibertsitateko katedraduna Santanderreko Unibertsitatean.
Epaimahaikidea:
- José Antonio Salas Fernández dk., Unibertsitateko katedraduna Oviedoko Unibertsitatean.
- Antonio Ventosa Ucero dk., Unibertsitateko katedraduna Sevillako Unibertsitatean.
Iragarkiaren kodea: F1101450
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
