31. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

814/2010 FORU AGINDUA, abenduaren 31koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituena.

I. TITULUA

Arau orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuetan aldi baterako kontratazioaren bidez aritu nahi duten izangaien zerrendak kudeatzeko arauak ezartzea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru agindu honetan jasotako arauak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta haren erakunde autonomoei atxikitako lanpostuetan aldi baterako kontratazioaren bidez aritu nahi duten izangaien zerrenden kudeaketan aplikatuko dira, lanpostu hauetakoetan izan ezik:

a) Hezkuntza Departamentuko irakasle lanpostuak.

b) Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideari atxikitako lanpostuak.

3. artikulua. Aldi baterako langileak hautatzeko printzipioak.

1. Aldi baterako langileen hautapena deialdiaren bidez eginen da, non berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publikotasun printzipioak bermatuko diren.

2. Betiere, aldi baterako langileak hautatzeko prozeduretan kontratazioa ahalik eta eraginkortasun eta arintasun handienarekin egitea bilatuko da.

II. TITULUA

Izangaiak hautatzeko prozedurak

4. artikulua. Zerrendak osatzeko prozedurak eta lehentasun hurrenkera.

Administrazioak aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak osatzen ahalko ditu. Horietan lehentasun hurrenkera hau izanen da:

a) Proba guztiak gainditu arren, lanposturik lortzen ez duten izangaien zerrendak.

b) Sartzeko hautapen prozesuetan proba guztiak gainditzen ez dituzten izangaien zerrendak.

c) Hautaprobetarako deialdi publikoaren bidez osatzen diren izangai zerrendak.

d) Nafarroako Enplegu Zerbitzuak deitutako hautaproben bidez osatutako izangai zerrendak.

5. artikulua. Proba guztiak gainditu arren, lanposturik lortzen ez duten izangaien zerrendak.

1. Zerrenda hauek osatuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan funtzionario gisa edo lan kontratatu finko gisa sartzeko deialdietan, proba guztiak gainditu arren, lanposturik lortzen ez duten izangaiekin.

2. Proba guztiak gainditu arren, lanpostua lortzen ez duten izangaien zerrenda hauetan lehentasuna finkatzeko, sartzeko hautapen prozesuan lortutako puntuazio altuenari erreparatuko zaio, 9. artikuluan ezarritakoa izan ezik.

3. Artikulu honen babesean osatzen diren zerrenden indarraldia bost urtekoa izanen da gehienez, indarra hartzen duten egunetik hasita.

Zerrenden indarraldia bitartean, halako lanpostuetarako beste zerrendaren bat osatzen bada, proba guztiak gainditu arren, lanpostua lortzen ez duten izangaiekin, berrikiago onetsitako zerrendetako izangaiak lehenetsiko dira zerrenda zaharragokoen aurretik.

6. artikulua. Sartzeko hautapen prozesuetan proba guztiak gainditzen ez dituzten izangaien zerrendak.

1. Zerrenda hauetan honako hauek sartuko dira:

a) Sartzeko deialdian aurkeztuta, prozesu osoa ez, baina proba batzuk gainditzen diuzten izangaiak.

b) Deialdiaren oinarrietan lehenengo probarako ezarritako gehieneko puntuazioaren gutxienez %30 lortzen duten izangaiak.

2. Izangai zerrenda hauetan lehentasunak finkatzeko, irizpide hauei eta aplikazio hurrenkera honi erreparatuko zaie, 9. artikuluan ezarritakoa izan ezik:

a) Nork gainditu duen proba gehien.

b) Nork izan duen puntuaziorik altuena probetan.

3. Artikulu honen babesean osatzen diren zerrenden indarraldia bost urtekoa izanen da gehienez, indarra hartzen duten egunetik hasita.

Zerrenden indarraldia bitartean, halako lanpostuetarako beste zerrendaren bat osatzen bada, hautapen prozesuan proba guztiak gainditu ez dituzten izangaiekin, berrikiago onetsitako zerrendetako izangaiak lehenetsiko dira zerrenda zaharragokoen aurretik.

7. artikulua. Hautaprobetarako deialdi publikoaren bidez osatzen diren izangai zerrendak.

1. Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda hauek osatzeko deialdiak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

2. Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendan sartuko dira hautapen probetan ezarritako gehieneko puntuazioaren gutxienez %30 lortzen duten izangaiak.

3. Izangaien zerrendan lehentasuna finkatzeko, probetan lortutako puntuazioari erreparatuko zaio, handienetik txikienera, 9. artikuluan ezarritakoa izan ezik.

4. Artikulu honen bidez osatzen diren zerrendek bost urteko indarraldia izanen dute gehienez, onesten direnetik hasita.

Zerrenden indarraldia bitartean, halako lanpostuetarako beste zerrendaren bat osatzen bada Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako hautaproben deialdi publiko baten bidez, berrikiago onetsitako zerrendetako izangaiak lehenetsiko dira zerrenda zaharragokoen aurretik.

8. artikulua. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak deitutako hautaproben bidez osatzen diren izangai zerrendak.

1. Idatz-zati honetan aurreikusitako hautapen sistema erabiliko da aurreko artikuluetan aipatutako zerrendetan deitzeko moduko izangairik ez dagoenean eta justifikatzen denean kontratatzeko premia larria dagoela edo lanpostu horiek betetzeko zailak direla, berariazko ezaugarri dituztelako.

2. Hautapen sistema hau erabiltzeko, deialdi bat onetsi beharko da, non parte hartzeko betebeharrak eta egin beharreko hautaprobak finkatuko diren. Deialdian parte hartzen ahalko dute Nafarroako Enplegu Zerbitzuan lan eskatzaile gisa edo enplegua hobetzeko egoeran inskribaturik dauden pertsonek.

3. Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendan sartuko dira hautaprobetan ezarritako gehieneko puntuazioaren gutxienez %30 lortzen duten izangaiak.

4. Izangaien zerrendan lehentasuna finkatzeko, hautaprobetan lortutako puntuazioari erreparatuko zaio, handienetik txikienera, 9. artikuluan ezarritakoa izan ezik.

5. Artikulu honen bidez osatzen diren zerrendek hiru urteko indarraldia izanen dute gehienez, onesten direnetik hasita.

Zerrenden indarraldia bitartean, halako lanpostuetarako beste zerrendaren bat osatzen bada Nafarroako Enplegu Zerbitzuak deitutako hautaprobetarako deialdi baten bidez, berrikiago onetsitako zerrendetako izangaiak lehenetsiko dira zerrenda zaharragokoen aurretik.

6. Kanpainarako kontratazioen kasuan, eta betiere behar bezala justifikatuko ohiz kanpoko presako arrazoiak badaude, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskatzen ahalko zaio izangaien zerrenda bat bidal dezan.

Horrela osatutako zerrendek indarra izanen dute zerrenda osatzea eragin zuen kanpainak iraun bitarte.

9. artikulua. Izangaien zerrendetako lehentasun hurrenkera finkatzeko araubide orokorraren salbuespenak.

1. Aldi baterako kontratatzeko zerrendetan %33ko edo gehiagoko ezgaitasuna duten izangaiek, hautapen probak gainditzen badituzte eta egiaztatzen badute desgaitasuna zenbatekoa den eta desgaitasun hori lanpostuari dagozkion lan eta eginkizunekin bateragarria dela, lehentasuna izanen dute sartuta dauden zerrendetatik deituak izateko.

2. Aldi baterako kontratatzeko zerrendetan dauden 55 urtetik gorako izangaiek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan 15 urteko edo gehiagoko zerbitzualdia egina dutenek, lehentasuna izanen dute sartuta dauden zerrendetatik deituak izateko, salbu eta 1. idatz-zatian aipatutako egoeran dauden izangaien aldean.

3. Aurreko idatz-zatietan ezarritako betebeharrak betetzearen berri eman beharko dio interesdunak zerrendak kudeatzeko eskumena duen unitateari.

10. artikulua. Zerrendak prestatzeko irizpideak.

1. Izangai asko izateagatik, lanpostuen ezaugarri bereziengatik edo administrazio eraginkortasunerako beste arrazoi batzuengatik egokia denean, aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak lehengo 6., 7. eta 8. artikuluetan jasotako sistemen bidez prestatzeko hautapen probetarako deialdian aurreikus liteke zerrenda ezberdinak prestatzea deialdian berean ezartzen diren kontratazio esparru, departamentu edo erakunde autonomo ezberdinetarako.

2. Nafarroako Foru Komunitateko udalerri batean baino gehiagotan dauden lanpostuen kasuan, udalerri horietan ohikoa baldin bada aldi baterako kontratazioetarako deiak egitea, horrelako izangai zerrendak prestatzeko deialdian izangaiek aukera ditzaketen eremuak zehaztuko dira, eremu bakoitzerako zerrenda independenteak prestatu ahal izateko. Horrelako kasuetan, deialdian ezartzen den unean, izangai bakoitzak aukeratu beharko du zein eremutako izangai zerrendetan sartu nahi duen, aldi baterako kontratatua izateko. Izangaiek nahi beste eremu aukera dezakete, ez baitira bateraezinak.

Eremu bateko zerrendak agortzen direnean, beste eremu batzuetako zerrendetan deitzeko moduan dauden izangaiei deitzen ahalko zaie.

3. Eragimena eta eraginkortasuna helburu, aldi baterako kontratazioetarako izangai zerrendak prestatzeko deialdietan lanaldi partzialean kontratatuak izateko aukera eskaintzen ahalko zaie izangaiei.

Halakoetan, izangai bakoitzak, deialdian ezartzen den unean, aukeratu beharko du horrelako kontratazioetan sartu nahi duen.

Lanaldi partzialean kontratatzeko zerrendak agortzen direnean, lanaldi osoko kontratazioetarako zerrendetan dauden izangaiei deitzen ahalko zaie. Lanaldi partzial bat onartzen den unetik, hori aukeratzen duen izangaiari aplikatuko zaion araubidea izanen da deialdian lanaldi partzialeko kontratazioa aukeratu zuten izangaiei aplikatzen zaien berbera.

III. TITULUA

Aldi baterako kontratatatzeko prozesuaren kudeaketa

11. artikulua. Deiak egiteko arau orokorrak.

1. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gainera, harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat eman ditzakete. Informazio horrek etengabe eguneratua egon beharko du.

2. Izangaiei deitzeko orduan, 4. artikulutik 10.era bitarte ezarritako lehentasun irizpideak hartuko dira kontuan.

3. Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira izangai bakoitzarekin, hark jakinarazitako bideak erabiliz, eta deiak bi eguneko epean banatuz.

Dei bakoitzaren oharra jasoko da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.

4. Eskaini beharreko kontratu kopuruagatik egokia bada, horien aukera jendaurreko ekitaldi batean egin liteke. Horrelako kasuetan, deialdia iragarki publiko baten bidez eginen da, non deituta dauden izangaiak eta eskaintzen diren kontratuak adieraziko diren.

5. Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da eta 14. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaio.

6. Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostu guztiak bete arte.

Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

7. Hasiera batean hiru hilabetekoak edo laburragoak diren kontratazioak, behin baimendu ondoren, haiekin harremanetan jarrita lanean berehala hastea onartzen duen lehenengo izangaiari eskainiko zaizkio, artikulu honen 3. idatz-zatian ezarritakoa bete behar izan gabe.

8. Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste lanpostu batean aritzeko kontraturik eskainiko, non eta deia maila edo kategoria altuagoko lanpostu bateko zerrendatik egiten ez zaien.

9. Lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan, ahaleginak eginen dira lanaldia zerbitzu berean sortzen diren beste behar batzuekin osatzeko, betiere kontratu berarekin egitea posible bada eta interesduna ados baldin badago.

12. artikulua. Deietarako lehentasun berezia.

1. Deietarako orokorrean ezarritakoa deusetan ukitu gabe, izangai bat aldi baterako kontratu baten bidez lanpostu batean aritu bada eta, kontratu hori bukatu eta hurrengo 15 eguneko epearen barruan, zerbitzu berean lanpostu berdina aldi baterako betetzea baimentzen bada, Administrazioak izangai berari eskainiko dio kontratua, betiere dei egiten zaion mementuan baldintza hauek betetzen badira:

a) Horrelako lanpostuak prestakuntzarako zerbitzu berezietan betetzeko zerrendan deitzeko moduko izangairik ez egotea.

b) Deia egiten den mementuan indarra duen zerrenda batean egotea izangaia.

c) Aurreko kontratuaren bukaeraren arrazoia ez izatea hari uko egin izana.

2. Hezkuntza Departamentuko ikastetxeetan eta Nafarroako Mendekotasun Agentziako laguntza zentroetan, zerbitzu berari dagokionez artikulu honetan egiten den aipamena zentro berari dagokiola ulertu behar da.

13. artikulua. Deiak amatasunaren edo adopzioaren lizentzia kasuetan.

1. Amatasunaren edo adopzioaren lizentzia hartzeko ezarrita dagoen epearen barruan aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jaso eta kontratua onartzen duten izangaiei lanpostu hori erreserbatuko zaie lanean benetan hasten diren arte, orduan sinatuko baitute kontratua.

2. Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta aurreikusitako iraupenak bide ematen badie lanpostuan benetan hasteko.

3. Lanpostuan sartuko dira amatasunaren edo adopzioaren lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina betiere erditu ondoren amarentzat ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatuta.

4. Horrelakoetan, amatasuna edo adopzioa gertatu izan ez balitz lanpostuan hasiko zatekeen egunetik lanpostuan benetan hasten den egunera arte doan epea Administrazioan emandako zerbitzu gisa onartuko da. Aldi hori onartuko zaio kontratua sinatzen baldin badu eta ondorioak izanen ditu lanpostuan hasten den unetik aurrera.

14. artikulua. Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.

1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendatik at geratuko da, salbu eta ondoko egoera batean dagoela frogatzen badu:

a) Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

b) Lanaldi partzialeko kontratu bati uko egitea, parte hartzeko eskabidean aukera hori hautatu ez bazuen. Lanaldi partzialeko kontratu bat onartuz gero, 10.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

c) Aukeratutako eremuan ez beste batean aritzeko kontratu bati uko egitea, lanpostu hori 10.2 artikuluan xedatutakoaren ondorioz eskainia denean.

d) Aldi baterako ezintasun egoeran izatea edo umea izan edo adoptatzeagatik lizentzia izatea. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta behar bezala frogatu arte uko egitea justifikatu zuen egoera bukatu dela.

e) 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, norberak izandakoa zein adoptatua, zaindu beharrean egotea. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat igaro arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.

f) Bigarren gradura arteko odol- edo ezkontza-ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela-kausa bere burua ezin gobernatu duena, zaindu behar izatea. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat igaro arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.

g) Izangaia ezkondu berria edo, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, parekatutako egoeran sartu berria izatea, eskainitako kontratuaren hasiera eguna bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturaletan bada.

h) Desgaitasunen bat behar bezala onartua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren ezaugarri bereziekin.

2. Aurreko idatz-zatian jasotako kasuetan, c) eta h) letretakoetan izan ezik, izangaiek zerbitzu emateko moduan daudela jakinarazi beharko dute. Jakinarazpen hori egin bitarte, izangaiak ez dira deitzeko moduan izanen, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko sartuta dauden zerrendetatik. a), e) eta f) letretako kasuetan, arrazoi eragile bera bi aldiz baino ezin izanen da erabili ukoa justifikatzeko arrazoi gisa.

3. Artikulu honetako 1. idatz-zatian adierazitako egoeretako batean, h) letrakoan izan ezik, dauden izangaiek hilabeteko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

4. Lanpostu baterako aldi baterako kontratazioak egiteko izangai zerrenda eremuka antolatua baldin badago, deien eta uko egiteen ondorioetarako, zerrenda independentetzat joko da hasierako zerrenda banatzen deneko eremuetako zerrenda bakoitza.

15. artikulua. Zerrendetatik baztertzea.

Deia eragiten duen zerrendatik baztertuko dira ondoko egoera hauetako batean dauden izangaiak:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egotzi beharreko arrazioengatik.

c) Probaldia ez gainditzea.

d) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu eta ukoaren zergatia izangaia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan funtzionario gisa edo lan kontratatu gisa sartu dela baldin bada, maila bereko edo baxuagoko beste lanpostu batean aritzeko, edo foru agindu honen 11.8 artikuluan ezarritakoaren ondorioz.

e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.

f) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan funtzionario gisa edo lan kontratatu gisa sartzea lanpostu berean edo maila altuagoko beste batean jarduteko.

g) Lanpostua bertan behera uztea.

h) Kontratua amaitzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, hain zuzen, kontratatzen den langilea lanpostuan aritzeko gaitasun edo egokitzapen faltagatik, horrek lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazten duen errendimendu eskasa badakar.

IV. TITULUA

Hezkuntzako Departamentuko ikastetxeetako eta Nafarroako Mendekotasun Agentziako laguntza zentroetako langile jakin batzuentzako arau berariazkoak

16. artikulua. Aplikazio eremua.

Titulu honetan jasotzen diren arauak aldi baterako kontratazio hauetan erabiliko dira:

a) Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxeetako OLTEUDak, fisioterapeutak eta zaintzaileak.

b) Nafarroako Mendekotasun Agentziaren menpeko haur eskoletan, zaharretxeetan eta desgaitasuna duten pertsonentzako egoitzetan diharduten langileak.

17. artikulua. Hautatzeko prozedura berezia.

1. Oso presako kasu berezietan, eta betiere indarreko zerrendetan deitzeko moduko izangairik ez badago, aldi baterako kontratazioetarako izangai zerrenda bat osatzen ahalko da, salbuespen gisa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskatuz zerrenda bat, han lan eskatzaile gisa edo enplegua hobetzeko egoeran inskribaturik dauden pertsonekin osatua.

2. Aurreko idatz-zatian adierazitako zerrenda osatzen denetik bi hilabeteko epean, tramiteak hasiko dira izangai zerrenda bat osatzeko foru agindu honen 4. artikulutik 8.era bitarte azaldutako prozeduretako bat erabiliz. Behin zerrenda hori onetsi ondoren, artikulu honen babesean osatutako zerrenda bereziak indarra galduko du.

18. artikulua. Presako deiak.

Behar bezala frogatutako presako kasuetan, kontratazioa, behin baimendu ondoren, harekin harremanetan jarrita lanean berehala hastea onartzen duen lehenengo izangaiari eskainiko zaio, 11.3 artikuluan ezarritakoa bete behar izan gabe.

V. TITULUA

Aldi baterako kontratuak amaitzeko arauak, funtzionarioak zuzendaritza lanpostuetatik eta burutzetatik kentzen dituztenean eta lanpostuaren erreserbarik gabeko eszedentzia egoera batetik lanera
itzultzen direnean

19. artikulua. Aplikazio eremua.

Titulu honetan jasotzen diren arauak aplikatuko dira funtzionarioak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zuzendaritza lanpostuetatik eta burutzetatik kentzeagatik edo erreserbarik gabeko eszedentzia berezian daudenak lanera itzultzeagatik gertatzen diren aldi baterako kontratu amaieretan, salbu eta funtzionarioa lanpostu hauetara itzultzen bada:

a) Hezkuntza Departamentuko irakasle lanpostuak.

b) Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideari atxikitako lanpostuak.

20. artikulua. Lanpostu hutsen esleipena funtzionarioak zuzendaritza postuetatik edo burutzetatik kentzen dituztenean.

1. Funtzionario bat izendapen libreko zuzendaritza postu batetik edo burutza batetik kendu eta berriz lanean hasteagatik kasuan kasuko atxikipen eremuan aldi baterako kontratu bat amaitu behar baldin bada, kontratu amaiera irizpide hauei jarraikiz eginen da:

a) Burutzatik kentzen den funtzionarioak lanean berriz hasi behar duen atxikipen esparru berean haren maila eta izendapen bereko lanpostu huts bakarra baldin badago, eta aldi baterako kontratazio baten bidez beteta baldin badago, kontratu hori amaituko da lanpostua erregelamenduz betetzen delako, Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ezartzen dituen irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuaren 5.2.c artikuluan adierazitakoari jarraikiz.

b) Berriz lanean hasten den atxikipen eremuan aldi baterako kontratazioaren bidez beteta dauden lanpostu huts bat baino gehiago badaude, aldi baterako kontratuen bidez eremu horretan etenik gabe zerbitzu ematen denbora gehien daraman pertsonaren kontratua amaituko da.

Zerbitzu etengabe ematen denbora berdina daramaten pertsona bat baino gehiago izanez gero, 4. artikulutik 9.era ezarritako lehentasun irizpideen arabera atzerago dagoen pertsonaren kontratua amaituko da. Horren ondorioetarako, langileari deitzeko erabili zen zerrenda hartuko da aintzat.

c) Salbuespen gisa, eta atxikipen eremuaren titularrak zehatz mehatz argudiatzen baditu neurria justifikatzen dituen arrazoiak, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak berariazko baimena ematen ahalko du aurreko idatz-zatian adierazitakoez bestelako irizpide objektiboak erabiltzeko.

2. Aurreko idatz-zatian finkatutako irizpideak erabiliz ezinezkoa bada lanpostu huts bat esleitzea, funtzionarioak berriz lanean hasteak berarekin ekarriko du ukitutako atxikipen eremuan, maila eta izendapen bereko lanpostu erreserbatu batean, aldi baterako kontratatua dagoen pertsona baten kontratua amaitzea, kontratazioa eragin zuten beharrak desagertzeagatik, hori guztia Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ezartzen dituen irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuaren 8.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Horren ondorioetarako, aurreko idatz-zatian aipatutako irizpideak erabiliko dira.

21. artikulua. Lanpostu hutsen esleipena, lanpostuaren erreserbarik gabeko eszedentzia egoera batetik lanera itzultzen denean.

1. Lanpostuaren erreserbarik gabeko eszedentzia egoera batetik lanera itzultzeagatik, langilea sartu behar den atxikipen eremuan aldi baterako kontratu bat amaitu beharra baldin badago, amaiera hori aurreko artikuluan ezarritako irizpide berberei segituz eginen da.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengo xedapen iragankorra.-Foru agindu honek indarra hartu aurretik onetsitako deialdien ondoriozko kontratazio zerrendak.

Foru agindu honek indarra hartzen duenetik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, aldi baterako kontratazioak egiteko izangai zerrendak osatzen ahalko dira 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, nahiz eta zerrenda horiek lehenagotik argitaratutako deialdien ondorioz etorri, betiere, foru agindu honek indarra hartzen duen egunean, oraindik onetsi ez badira deialdi haietatik datozen aldi baterako kontratazioak egiteko izangai zerrendak.

Bigarren xedapen iragankorra.-Foru agindu honek indarra hartzen duenean indarra duten kontratazio zerrenden gehieneko indarraldia.

Foru agindu honek indarra hartzen duenean indarra duten aldi baterako kontratazioetarako izangai zerrendei bertan ezarritako indarraldien araubidea aplikatuko zaie.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Agindua, lanpostuak aldi baterako betetzeko kudeaketa arauak onetsi zituena, haren xedapen gehigarri bakarra izan ezik, baita foru agindu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak ere.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko abenduaren 31n.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1101812