30. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

12/2011 EBAZPENA, urtarrilaren 5ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Doneztebeko Udal Planaren aldaketari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Aldaketa herriko udalak sustatu du, 2. poligonoko 249. lurzatian ekipamenduetarako kirol eremu bat sortzeko.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 31.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, udal plan orokorren aldaketek, lurzoru urbanizaezina ukitzen dutenean, Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, aldaketak onestearekin batera edo lehenago.

Doneztebeko Udalak, 2010eko martxoaren 31n egindako bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea udal planaren egiturazko aldaketa puntual hori, aipatutako lurzatian egin beharrekoa. Doneztebeko Udalak, 2010eko 54. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 3an, argitaratutako iragarkiaren bidez, espediente hori jendaurrean jartzea erabaki zuen. Jendaurrean egoteko epe horretan ez da alegaziorik jaso.

2010eko ekainaren 28an, espedientea aurkeztu zen Ingurumen ondorioen adierazpena egiteko.

Udal planaren aldaketa puntualak bi alderdi ezberdin ukitzen ditu. Batetik, 2. poligonoko 249. lurzatiari emandako sailkapena aldatzen da (Aparanzoko alderdia), nekazaritzako eta abeltzaintzako produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezin izatetik hiri-lurzoru finkatua izatera igaroko baita (AD1.D unitatea, kiroleko eta erabilera anitzeko ekipamenduetarako eremua). Lurzati horren azalera 32.299,66 m²-koa da. Bestalde, Elizangibela alderdian etxebizitza bloke bat eraikitzea proposatzen da. Lan horrek ez du ingurumen ukipen nabarmenik eraginen, hiri-lurzorua baita (kiroleko eta aisialdiko erabileretarako hiri-lurzorua izatetik etxebizitzetarako hiri-lurzoru finkatua izatera igaroko da, ACB-2 unitatea, blokeak eraikitzeko eremu finkatua).

Dokumentazioari egin litekeen bide bati buruzko txostena erantsi zaio. Bide hori Doneztebeko hegoaldeko saihesbidea izanen litzateke, eta Bidasoa ondoan biribilgune bat izanen luke. Helburua da kiroleko eta erabilera anitzeko ekipamenduetarako eremuan azpiegitura horretarako lurzorua erreserbatzea, nahiz eta saihesbidea eta balizko biribilgunea ez diren espediente honen xede.

2010eko azaroaren 17an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak egindako txostenean ingurumen arloko dokumentazioa eskatu zuen, bereziki 249. lurzatiko kartografia eta hango natur landareen balorazioa, hantxe kokatuko baita kirol eremua, luzetarako profilak (sortuko diren lur erauzketetako ezpondak adierazita) eta paisaian txertatzeko neurriak.

2010eko abenduaren 13an, Doneztebeko Udalak aurkeztu zuen eskatu zitzaion dokumentazioa. Dokumentazioa azterturik, ondorioztatu da Udal Planaren aldaketak ez duela eraginik sortuko inguruneko zuhaixka eta zuhaitzetan, eta futbol zelaia mendi-mazelan txertatzeko ahaleginak egin direla, bi konponbide hauen bitartez: eustormak edo euskarriak ahalik eta gehien murriztuz eta, horretarako, mailetan ezpondak eginez, eta eusteko obra batzuk harmailetan eta aldageletan integratuz.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak azaldu du Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura bete dela eta aldeko txostena eman du, betiere planaren aldaketari ingurumen arloko baldintza batzuk erantsiz gero.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Doneztebeko Udal Planaren aldaketaren aldeko Ingurumen ondorioen adierazpena egitea. Aldaketa herriko udalak sustatu du, 2. poligonoko 249. lurzatian ekipamenduetarako kirol eremu bat sortzeko.

2. Paisaian txertatzeko neurri hauek gehitu beharko dira, Ingurumen ondorioen adierazpen honetarako baldintza gisa:

-Sortzen diren lur-erauzketetako eta lubetetako ezponda guztietan ereitea edo ereite hidraulikoa egiteko behar den landare-lurra zabalduko da. Lur erauzketetako eta lubetetako ezpondak ahalik eta etzanenak izanen dira (2 horizontal: 1 bertikal, gutxienez). Harmailek estaltzen duten tartean salbuespen bat egin liteke (1. ardatzaren zeharkako profila, pk 20, 85). Ezponda etzanak izan daitezen, litekeena da aparkatoki batzuk beste toki batean kokatu behar izatea. Ezpondetan, lur eremu naturalarekin elkartzeko ertza biribildu eginen da.

-Eustormak edo harri-lubetak ere landareztatu beharko dira, edo paisaian txertatu. Hego-ekialdeko ertzean, harri-lubeta handiena aurreikusten da, 5 metrokoa. Gomendagarria litzateke horretarako beste konponbide batzuk aztertzea, konparazio batera, hesi berde bat egitea, erdiraino landareztatua dagoen berma bat jartzea edo harri-lubetaren oinarrian landatzea, lurrarekin zanga bat prestatuz.

-Proiektuan aurreikusita dagoen bezala, ahaleginak eginen dira lur-erauzketetako eta betetze-lanetako bolumenak lurzati berean konpentsatzeko. Soberako materialik izanez gero, hondakindegi kontrolatu batera eramanen dira.

-Bidasoa ibaiaren naturgunea hurbil dagoenez, behar diren neurriak hartuko dira argi-kutsadura saihesteko. Irailaren 17ko 199/007 Foru Dekretua aplikatuko da, azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena. Aipatu legea argiteria gaueko ingurumena babestearren antolatzeari buruzkoa da.

-Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (Kultura eta Turismo Departamentua) txosten arkeologikoa eskatu beharko zaio.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 34. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Doneztebeko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko urtarrilaren 5ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1100235