30. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

36/2011 FORU AGINDUA, otsailaren 3koa, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak emana. Honen bidez ezartzen da nahitaezkoa dela administrazio prozedura elektronikoaz baliatzea Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko laguntzak tramitatzeko eskaerak, komunikazioak eta beste agiri batzuk aurkezteko, onuradunak lanbide edo enpresa jarduerak garatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak direnean, autonomoak barne, eta beste edozein pertsona juridikoren kasuan.

Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren urriaren 4ko 622/2010 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren laguntzak eta diru-laguntzak kudeatzeko prozedura elektronikoaren ezarpena onetsi zen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan Administrazio Elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Foru lege horren 23.2 artikuluak xedatzen du ezen, foru dekretu edo agindu bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ezarri ahalko duela, justifikatuz gero, administrazio prozedura elektroniko jakin batzuk bete beharra, interesdunak, lanbideagatik, gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik edo beste arrazoi batzuengatik, behar diren baliabide teknologikoak erabili eta eskura izateko aukera bermaturik duten pertsona juridikoak edo pertsona fisikoen taldeak direnean.

Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak enpresei, autonomoei eta zenbait entitateri informazioaren gizartean sartzen laguntzeko neurri batzuk garatu ditu orain arte. Gaur egun, pertsona eta entitate horiek informazioaren teknologiak maila egokian erabiltzen ikasi dute eta, beraz, gorabeherarik gabe erabil ditzakete. Tramitazio elektronikoaren bidez errazago eta kostu txikiagoekin eginen dituzte tramiteak Administrazioan. Kudeaketa administratiboan eraginkortasun eta eragimen handiagoa izaten ere lagunduko du. Horregatik bidezkoa da administrazio prozedura elektronikoa jarraitu beharra ezartzea diru-laguntzak tramitatzeko, onuradunak aipatu diren pertsonak eta entitateak direnean.

Halaber, bide telematikoak erabiltzen laguntzearren, foru agindu honek laguntzarako sistema bat ezarri du, eskaerak, komunikazioak eta beste agiri batzuk hirugarren pertsonak ordezkatuz telematika bidez aurkezteko, eta aholkuak eman eta tramite horietarako puntu batzuk hirugarrenen eskura jartzeko.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluarekin bat,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Administrazio prozedura elektronikoaz nahitaez baliatzea.

1. Administrazio prozedura elektronikoaz nahitaez baliatu beharko da Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko laguntzak tramitatzeko eskaerak, komunikazioak eta beste agiri batzuk aurkezteko, onuradunak lanbide edo enpresa jarduerak garatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak direnean, autonomoak barne, eta beste edozein pertsona juridikoren kasuan.

2. Hala ere, aurreko atalean aipatutako agiriak bertaratuz aurkeztu ahalko dira, aurkezpen telematikoa zailtzen edo bereziki nekeza bihurtzen duten egoerak izaten direnean.

2. artikulua. Eskaerak, komunikazioak eta beste agiri batzuk aurkezteko laguntza.

Foru agindu honen eranskin gisa onesten da kanpoko laguntzaren agiria, horrela eskaerak, komunikazioak eta beste agiri batzuk, aurreko artikuluan aipatu pertsonak eta entitateak ordezkatuz, bide telematikoz aurkezteko, eta horiei laguntza emateko, tramiteak zuzen egin ditzaten.

Xedapen gehigarri bakarra.-Laguntzarako beste akordio batzuk.

1. Orobat, laguntzaile gisa aritu ahalko dira, foru agindu honetan ezarritako ondorioetarako, egoera hauetakoren batean dauden pertsonak eta entitateak:

a) Erakunde laguntzaile gisa atxikia egotea Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak tramitatutako deialdietako laguntzen kudeaketarako.

b) Erakunde laguntzaile gisa gaituta egotea Nafarroako Gobernuak tramitatutako beste edozein laguntzatarako.

c) Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan ageri den banakako atxikipen agiria sinatua izatea. Agindu horren bidez, kanpoko laguntzarako akordioa onetsi zen hirugarren pertsonak ordezkatuz telematika bidez aurkezteko aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk, eta telematika bidez tramitatzeko tributu zorren ordainketa.

2. Aurreko ataleko b) eta c) letretan aipatutako egoeretan dauden entitateek adierazi beharko dute, soilik, zein esparrutan aritzen diren dagoeneko erakunde laguntzaile gisa. a) letran ageri diren entitateak foru agindu honetan ezarritako tramitazio sistemari automatikoki atxikitzat joko dira.

Xedapen iragankor bakarra.-Foru agindu honetan ezarritako tramitazio elektronikoa nahitaez egiteko jarri diren epeak.

1. Nahitaezkoa izanen da eskaerak, komunikazioak eta beste agiri batzuk bide elektronikoa erabiliz aurkeztea foru agindu honek indarra hartzen duenetik hasita, prozedura hauetan:

-Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKTak) Nafarroako ETEetan eta langile autonomoen artean sartzeko diru-laguntzen 2011ko deialdia.

-Enpresak kanpoan sustatzeko ekintzetarako diru-laguntza 2008-2011 aldirako, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren ekainaren 12ko 192/2008 Foru Aginduaren bidez arautua.

-Nazioartekotzen laguntzeko zerbitzuetarako diru-laguntza 2008-2011 aldirako, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren uztailaren 3ko 224/2008 Foru Aginduaren bidez arautua.

-Txikizkako saltokiak modernizatzeko diru-laguntza 2008-2011 aldirako, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren ekainaren 12ko 195/2008 Foru Aginduaren bidez arautua.

-Merkataritzako enpresetan inbertsioak egiteko finantza kostua murrizteko diru-laguntza 2008-2011 aldirako, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren ekainaren 12ko 196/2008 Foru Aginduaren bidez arautua.

-Saltokien berrikuntza eta kalitate proiektuetarako diru-laguntza 2008-2011 aldirako, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren ekainaren 12ko 197/2008 Foru Aginduaren bidez arautua.

-Nafarroarentzat interesgarri diren atzerriko merkatuen arloko teknikariak prestatzeko 2. faserako diru-laguntzen deialdia.

-Laneko ekipoak egokitzeko inbertsioetarako diru-laguntzen deialdia.

-Lanean aukera berdintasuna sustatzen duten inbertsioetarako diru-laguntzen deialdia.

-Enpresen gizarte erantzukizuna sustatzeko laguntzen deialdia.

2. Gainerako prozeduretarako, foru agindu honetan ezarritako tramitazio elektronikoa ez da 2012ko urtarrilaren 2ra arte eskatuko, ez bada behintzat laguntzen deialdietan edo oinarri arautzaileetan nahitaezkotzat jotzen tramitazio elektronikoa.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko otsailaren 3an.-Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilaria, José María Roig Aldasoro.

ERANSKINA

Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko laguntzei dagozkien eskaerak, komunikazioak eta beste agiri batzuk bide telematikoa erabiliz aurkezteko kanpoko laguntzarako agiria

Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak otsailaren 3an emandako 36/2011 Foru Aginduaren bidez ezarri zen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan Administrazio Elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 23.2 artikuluarekin bat, nahitaezkoa dela administrazio prozedura elektronikoaz baliatzea Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko laguntzak tramitatzeko eskaerak, komunikazioak eta beste agiri batzuk aurkezteko, onuradunak lanbide edo enpresa jarduerak garatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak direnean, autonomoak barne, eta beste edozein pertsona juridikoren kasuan.

Nahiz eta departamentu horrek talde horiei informazioaren gizartean sartzen laguntzeko ekimenak garatu dituen, bidezkoa da sistema bat ezartzea, interesdunek hirugarrenen laguntza izan dezaten tramiteak egiteko.

Laguntza hori honela emanen da:

Lehena.-Agiriaren edukia.

1. Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren bidez (www.navarra.es) banakako atxikipen agiria sinatzen duten pertsonek edo entitateek laguntza eman ahalko dute Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko laguntzak tramitatzeko eskaerak, komunikazioak eta beste agiri batzuk bide telematikoa erabiliz aurkezteko, onuradunak lanbide edo enpresa jarduerak garatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak direnean, autonomoak barne, eta beste edozein pertsona juridikoren kasuan. Horrela erraztu eta arindu eginen da laguntzen kudeaketa.

2. Laguntza esparru hauetan guztietan edo batzuetan eman ahalko da:

a) Eskaerak, komunikazioak eta beste agiri batzuk hirugarrenak ordezkatuz aurkeztea.

b) Aholkuak ematea eta eskaerak, komunikazioak eta beste agiri batzuk aurkezteko puntu batzuk hirugarrenen eskura jartzea.

3. Atxikitako entitateak betebehar hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro elektronikoari buruzko ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren 9. artikuluan aipatzen diren baliabideak izatea.

b) Datu pertsonalen tratamendu automatizaturako egungo araudian eskatzen diren baldintzak betetzea eta, bereziki, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eskatutakoak.

c) Gizarteko, laneko, enpresako edo lanbideko sektoreak edo interesak ordezkatzen dituen entitate bat ez denean, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren edo Lizentzia Fiskalaren tarifak eta jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legeko talde edo epigrafe batean alta emanda egotea.

Bigarrena.-Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren eta banakako atxikipen agiria sinatu duten entitateen konpromisoak.

1. Agiri honek Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko diru-laguntzak kudeatzen dituzten organoak eta banakako atxikipen agiria sinatu dutenak elkarri laguntzera behartzen ditu, helburuak lortu ahal izateko.

2. Halaber, atxikiek Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari jakinarazi beharko diote atxikipen agiriaren edukia uki dezakeen edozein aldaketa garrantzitsu eta, bereziki, helbide elektronikoaren aldaketa.

3. Banakako atxikipen agiria sinatu duenak agiri honetan aipatutako betebeharrak betetzen ez baditu, ordezkaritzarako eta laguntzarako sistema honetatik kanpo geratuko da. Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak baztertzeko ebazpena emanen du, interesdunari entzun ondoren, eta interesdun horrek bidezkoak diren errekurtsoak jartzeko aukera izanen du.

4. Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak, aurrekontuetan erabilgarri dagoen diruaren arabera eta informazioaren gizartea sustatzeko neurrien barruan, lagundu eginen die aholkuak ematen eta aurkezpen telematikoak egiteko puntu batzuk hirugarrenen eskura jartzen laguntzen dutenei.

Hirugarrena.-Eskaerak, komunikazioak eta beste agiri batzuk aurkezteko ordezkaritzaren norainokoa.

Hirugarren pertsonen eskaerak, komunikazioak eta beste agiri batzuk bide telematikoa erabiliz aurkezten badira agiri honetan xedatutakoari jarraituz, ordezkariek ez dute erantzukizunik izanen ordezkatuen izenean aurkeztutako agirien edukiaren ondorioz, ulertuko baita agiriak aurkeztu baino ez dutela egiten.

Laugarrena.-Baja borondatez hartzea.

Laguntza sistema honi atxikitakoak edozein unetan eman dezake baja.

Bosgarrena.-Argitara ematea.

Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak sistema honi atxikitako pertsonak eta entitateak zein diren argitara emanen du.

Seigarrena.-Jarraipena.

Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak badu konpromisoa agiri honi atxiki zaizkion pertsonekin komunikazio jarraitua izateko, batzuen eta besteen arteko harremanak eta laguntza ematea errazteko, sortzen diren arazoak konpontzeko eta edukia gauzatu dadin bultzatzeko.

Iragarkiaren kodea: F1102126