29. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRURTZUN

Udalaren Musika Eskolako tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. Behin betiko onespena

Irurtzungo Udalak, 2010eko azaroaren 2an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aipatu ordenantza. Iragarki hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenetik jendaurrean egoteko 30 egun balioduneko epea iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi da. Haren testu osoa ondotik ematen da.

ORDENANTZA FISKALA, UDALAREN MUSIKA ESKOLAKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza honetako tasa ezarri da martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak aldatu zuen Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza da Irurtzungo Udalaren Musika Eskolan matrikulatzea eta hartan ematen diren eskoletara agertzea.

Zerga ordaindu beharra eta tasaren sorrarazpena

3. artikulua. Ordaindu beharra sortzen da Irurtzungo Udalaren Musika Eskolan izen ematean eta matrikula egitean.

4. artikulua. Tasa sortuko da delako eskolan izen eman eta matikula egiten den unean berean.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Ondoko hauek daude beharturik ordenantza honetan ezarritako tasak ordaintzera:

a) Irurtzungo Udalaren Musika Eskolan izen eman eta matrikula egiten duten ikasleak.

b) Ikasleak adin txikikoak badira, haien legezko ordezkariak.

Kuotak

6. artikulua.

a) Irurtzungo Udalak osoko bilkuran eta erregelamenduari jarraikiz hartzen duen erabakiaren bidez zehaztuko da, urteoro, Irurtzungo Udalaen Musika Eskolara agertzeagatik ikasle bakoitzak ordaindu behar dituen tasen zenbatekoa, betiere irakasgai bakoitzari (musika tresna, solfeo, etab.) dagokienez.

b) Tasen diru-bilketa hilero eginen da eta urte osoa ordaindu beharko da, salbu eta Udalak zehazten dituen ezinbesteko kasuetan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua aplikatuko da.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

ERANSKINA

A) 2010/2011 ikasturteko kuotak.

-Irurtzun, Itza, Imotz eta Arakilgo ikasleak: 34,40 euro irakasgai bakoitzeko hilean.

-Irurtzun, Itza, Imotz eta Arakilgo ikaslea, familia ugarikoak badira edota familia bateko bigarren kidea bada: 20 euro irakasgai bakoitzeko hilean.

-Beste tokietako ikasleak: 74 euro irakasgai bakoitzeko hilean.

-Irakasle diren ikasleak: 33,40 euro irakasgai bakoitzeko hilean.

B) Matrikula: 30 euro/ikastaroa.

C) Atakondoa Ikastetxeko musika lantegia: 90 euro/ikasturtea.

Irurtzunen, 2011ko urtarrilaren 26an.-Alkatea, Juan José Iriarte Vitoria.

Iragarkiaren kodea: L1101423