29. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

1846/2010 EBAZPENA, abenduaren 29koa, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, behin betiko onesten duena Cortesen (Nafarroa) paratu beharreko "Ebroko korridorea Logistika eta Garraio Zentroa" izeneko UPSaren urbanizazio proiektua. Sustatzailea Sociedad Centro Logístico y del Transporte Corredor del Ebro, S.L. (CELTCE, S.L.) da.

Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusiaren apirilaren 12ko 517/2010 Ebazpenaren bidez, hasiera batean onetsi zen Cortesen (Nafarroa) paratu beharreko "Ebroko korridorea Logistika eta Garraio Zentroa" izeneko UPSaren urbanizazio proiektua. Sustatzailea Sociedad Centro Logístico y del Transporte Corredor del Ebro, S.L. (CELTCE, S.L.) da. Ebazpen hori 2010eko 54. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 3an.

Aurkezturiko alegazioak.

Jendaurreko informazio aldian, Lodosako Ubidearen Ureztatzaileen Komunitateak alegazio-idazki bat aurkeztu du. Hona horren edukia eta erantzuna:

Edukia:

Lodosako Ubidearen Ureztatzaileen Komunitateak adierazi du bera dela urbanizazio proiektuan B kolektore izendatu den kolektorearen titularra. Kolektore hori dago euri-uren isuria eta N-232 errepide azpiko fabrika-obretako ura jasotzea aurreikusia dagoen tokian.

Ukipen horren aurrean, ingeniari batek prestatutako txostena aurkeztu dute, xede honekin: urbanizazio proiektua berrikustea, zehazki, kolektorean, aipatu dokumentuan adierazitako isurketagunean, jasoko den euri-uren emaria kuantifikatzen duen atala.

Azterlan horrek ondokoa ondorioztatzen du:

-Gaur egun dauden isurbideei buruzko datuetatik ondorioztatzen denez, 25 urteko birgertatze-aldia duen prezipitazioak sortuko lituzkeen emariek ekarriko lukete isurbideek gainezka egitea, 2004an gertatu zen moduan.

-Urbanizazio proiektuan jasotako kalkulu hidrologiko eta hidraulikoak, gure ustez, zuzenak dira funtsean. Era berean, proiektu horretan euri-urak geruzatan biltzeko jasotzen den tankearen tamaina zuzena da.

-Alabaina, N-232 errepidearen azpitik igarotzen den isurketa ura hartu eta poligonoaren azpian hodiak jartzean, nabarmen areagotuko da gaur egun isurketa gunetik igarotzen den emaria, ura ez baita, orain gertatzen den bezala, modu naturalean geruzatan bilduko poligonoak ukituko dituen lurretan (egindako kalkuluen arabera, emaria 4,6 m³/s-tik 10,4 m³/s-ra igaroko da).

-Komenigarria litzateke, ahal izanez gero, kolektorea estaltzea eta zabaltzea, Acequión izenekoarekin elkartzen den arte, 850 m-ko luzeran, kolektore horren ahalmena handitzeko.

Erantzuna:

Urbanizazio proiektua prestatzen ari zen bitartean, eta Nafarroako Ureztalurrak, S.A. enpresak ekialdean, mendebaldean eta iparraldean kokatutako lurrak ureztatzeko obrak egiten zituen bitartean, urbanizatutako CELTCE-tik B kolektorera gehituko ziren euri-uren emaria zein izanen zen jakinarazi zion sustatzaileak sozietate honi, eta honek ez du inolako eragozpenik jarri.

Bestalde, alegatutakoa ikusirik, sustatzaileak txosten bat aurkeztu du, non zehazten baitira urbanizatu gabeko CELTCE-tik ateratzen den emaria, kanpoko arroen emaria eta etorkizuneko egoera, eta horrez gain, txosten horretan gaur egungo egoeraren eta etorkizunekoaren arteko erkaketa egiten da. Txosten horrek ondorioztatzen du azterlanean arro naturalei egozten zaizkien emariak gehiegi balioetsi direla, eta hori bateraezina dela hidraulika arrazionalaren postulatuekin: 10 m³/sg arteko garraioa, 1.200 cm-ko diametroa, kilometro bat baino gehiagoko luzera eta 4 m-ko karga. Ildo horretan, txosten horretan arrazoitzen da proiektuaren arabera ez direla aldatzen B kolektorearen abiapuntuko emarien ekarpenak, gaur egungo egoera eta etorkizunekoa alderatuta, behin CELTCEaren eremua urbanizatzen denean.

Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusiaren apirilaren 12ko 517/2010 Ebazpena betetzea.

Urbanizazio proiektu hau hasiera batean onesten duen ebazpenak zenbait zehaztapen ezartzen ditu, jarraian transkribatzen eta erantzuten direnak:

-"Sustatzaileak urbanizazio proiektua aldatu beharko du, NILSAk 2010eko martxoaren 1ean eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak urte bereko martxoaren 29an egindako txostenetan ezarritakoaren arabera".

Txosten horrek honela zioen: "Kalkulatutako emariak berriz azter daitezela proposatu da, dagoeneko funtzionamenduan dauden industrialdeen egoerara hurbiltzeko... Oro har, ez da arazorik izaten hiriko araztegietan langileen higiene zerbitzuetatik datozen isuri guztiak jasotzeko. Isurketa industrialei dagokienez, industria bakoitzak baimena eskatuko dio ingurumen agintariari, eta horrek jakinaraziko dio zer egin bere urekin. Euri-urez betetako aintziretako isurketa kontrolatuak ere ez du araztegira joan beharko, biodegradagarritasun gutxiko kutsadura duten urak baitira, oro har.

Zehaztapen hori aintzat hartuta, sustatzaileak "Euri uren kudeaketa" izeneko eranskina igorri du eta, bertan, "Hondakin urak" atalean, langileko aurreikusitako hondakin uren emaria aldatu da -200 litrotik 67 litrora pertsonako eta eguneko-, eta NILSAren txosteneko gainerako oharrak jaso dira.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak, 2010eko abenduaren 20an, aipatutako dokumentazioaren aldeko txostena eman zuen, eta adierazi zuen Uraren Zerbitzuaren abenduaren 17ko txostenean jasotako zenbait alderdi, jarraian adierazten direnak, aintzat hartu beharko direla:

"1. Ez dago ez araudi zehatzik ez legedirik euri uren kudeaketarako sistemen kalkulua egiteko. Hortaz, aintzat hartuta alegatzaileek azaldutako planteamentuak, ukitutako arroaren ezaugarri hidrologiko, hidrogeologiko eta geomorfologikoak eta proiektuan proposatutako irtenbidea, kalkulatzen da eragina garrantzirik txikikoa izanen dela, dokumentu honetan aurreikusitakoaren ildotik. Ur Baliabideen Atalak egokitzat jo du aipatutako azterlanaren edukia, uren gaineko ondorio hutsetarako, betiere emaitzak honakoa badakar:

a) Ahalik eta zehatzen berreskuratuko da urbanizazioaren edo giza ekintzaren aurretik zegoen ziklo hidrologiko naturala. Bestalde, hirigintza garapenaren inpaktuak minimizatuko dira isurketaren kalitateari dagokionez. Hortaz, aintzat hartuko dira beti horri buruz Nafarroako Ibaien Seneamendurako Plan Zuzentzailean azaltzen dena eta Ebroko Ur Konfederazioaren arauak.

b) Euri uren kantitatea dela-eta sortutako arazoei konponbidea emanen zaie, eta uholde lokalizatuen arriskua murriztuko da ura geruzatan biltzea ahalbidetzen duten sistema horiei esker, gehieneko emaria kontrolatuz eta dagokion kontzentrazio denbora handituz; beste balio erantsi batzuk ere ahalbidetuko dira, hala nola, akuiferoak kargatzea, paisaia integratzea eta jarduketak gizartearen eta ingurumenaren aldetik duen balioa.

c) Argi eta garbi adieraziko dira sistema hauek eraiki eta mantentzeko kostuak ezarri eta beren gain hartuko dituzten arduradunak, eta balio-bizitza ere finkatuko da.

d) Sistema hauetan diharduten prozesu ezberdinak hobetze aldera portaerak ebaluatzeko eta kuantifikatzeko erabiltzen diren teknikak (hidrogeologia, hidrologia eta hidraulika) etengabe bilakatzen ari direnez (infiltrazio putzuak eta zangak, infiltrazio biltontziak, drainatze iragazleak, ura geruzatan biltzeko putzuak, hezegune artifizialak eta abar), beharrezkoa da aurrera eramaten diren esperientziak monitorizatzea edo ikuskatzea, beren funtzionamendua eta erabilgarritasuna frogatzeko, sor daitekeen edozein akats kontrolatuz eta prozedura zuzenduz azken emaitzara heldu baino lehen.

e) Ondoko hauen ingurumen-kontrolerako programa bat izanen da: arroan bertan eta beherago egon daitezkeen uholdeak, karga eta infiltrazioa, kutsatzaileen ezabapena, hezkuntza arloko onurak eta abar.

f) Aurreko guztia kontuan izanda, urtero, laburpen txosten bat eginen da, lortutako emaitzak eta izandako gorabeherak jasoko dituena.

2. Hori guztia administrazio publikoetako beste organo batzuek, beren eskumenak erabiliz, eman beharreko lizentziak edo baimenak kontuan hartu gabe."

-"Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak 2005eko irailaren 26ko txostenean eskatutako neurriak hartu beharko dira urbanizazio obretan."

Bidezko da zehaztapen hori espedientearen ebazpenean jasotzea.

-"2. Sustatzaileari adieraztea urbanizazio proiektua behin betiko onetsi baino lehen honako hauek txostena eman beharko dutela: Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak eta Kultura eta Turismo Departamentuak.

Dagoeneko adierazi den moduan, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko buruak, 2010eko abenduaren 20an, espedientean dagoen dokumentazioaren aldeko txostena eman zuen, eta betetzat jo zituen Ingurumen ondorioen adierazpenean eta proiektu hau hasiera batean onetsi zuen apirilaren 12ko 517/2010 Ebazpenean jasotako zehaztapenak.

Bestalde, 2010eko ekainaren 8an, Herri Lanetako zuzendari nagusiak txosten bat igorri zuen, non zenbait zehaztapen ezarri ziren, urbanizazio proiektu honetan edo obrak egitean aintzat hartu beharrekoak. Jarraian, garrantzitsuenak transkribatzen edo aipatzen dira:

-Bide azpiegiturak: egokitzat jo dira aurkeztutako trafikoari buruzko azterlanean lortutako zerbitzu mailak, eta beraz, baita bi biribilguneen diseinua ere, eta horiek bete beharreko zenbait ezaugarri ezarri dira. Halaber, ezartzen da aldatutako lotunea poligonoaren urbanizazio proiektua baino lehen eginen dela, eta egin baino lehen, aipatu txostenean adierazitako zehaztapenekin bat datorren sarbide proiektua aurkeztu beharko dela.

-UPSan sartutako eta Foru Komunitatearen jabetzakoak diren lurrek, aurretik desjabetu badira A-68ko zerbitzugunerako, beste edozein jaberi bezala dagokion aprobetxamendua sortuko dute edo lur horien sailkapen berriaren arabera eguneratutako desjabetze prezioan ordainduko dira.

-Zortasun akustikoa: proposamena A-68ko zortasun akustikoaren eremuaren barnean dagoenez, zarataren ingurumen eraginaren azterlana erantsiko da, eta kasua bada, hartu beharreko neurri zuzentzaileak jasoko dira.

-Berriro aipatzen da Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 100. artikuluan ezarritakoa betetzeko beharra, hots, jarduketaz kanpoko sistema orokorrekiko loturako azpiegiturak ordaintzea eta, hala behar denean, exekutatzea.

-Trenbide azpiegiturak: gogorarazten da administrazio-baimena eskatu behar zaiola trenbide azpiegituren administratzaileari.

Azkenik, 2010eko maiatzaren 14an, Ondare Historikoaren Zerbitzuak aditzera eman zuen ez dagoela inolako ondasun arkeologikorik katalogatuta ukitutako eremu horretan -nahiz eta, ukitutako eremuaren zabalera dela-eta, Valdenavarroko villa erromatarra gertu egon-, eta aipatu foru legearen 59.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, txosten honek jasotzen du goldearekin iraulitako lur geruza kentzeko lanei jarraipen arkeologikoa eginen zaiela.

Azken oharra.

Adierazi beharra dago, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ekainaren 28ko 1593/2006 Ebazpenean ezartzen den moduan, aparte tramitatu dela zentro berrira energia elektrikoa eramateko argindar harien proiektua . Ebazpen haren bidez Cortesen (Nafarroa) paratu beharreko "Ebroko korridorea Logistika eta Garraio Zentroa" izeneko UPSaren ingurumen eraginaren adierazpena egin zen. Ildo horretan, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren apirilaren 27ko 275/2010 Ebazpenaren bidez (2010eko 66. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 31koa), Ingurumen ukipenetarako baimena eman zen Cortesen Ebroko Korridorea Logistika eta Garraio Zentroa hornitzeko zirkuitu bikoitzeko 13,2 kV-eko aireko eta lurpeko linearen proiekturako. CELTCE, S.L. enpresak (Centro Logístico y del Transporte del Corredor del Ebro, S.L.) sustatu zuen. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren abenduaren 21eko txostena aintzat hartuta, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean agindutakoarekin bat,

EBATZI DUT:

1. Cortesen (Nafarroa) paratu beharreko "Ebroko korridorea Logistika eta Garraio Zentroa" izenekoaren urbanizazio proiektua behin betiko onestea. Sustatzailea Sociedad Centro Logístico y del Transporte Corredor del Ebro, S.L. (CELTCE, S.L.) da. Hala ere, zehaztapen hauek ezarri dira:

-Sustatzaileak administrazio-baimena eskatu beharko dio trenbide azpiegituren administratzaileari trenbideak ukitzen dituzten obrak egiteko (ADIFen Linea Arrunten Proiektuetarako, Programaziorako eta Eraikuntzarako Zuzendaritza Nagusia).

-Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak 2005eko irailaren 26ko txostenean eskatutako neurriak hartu beharko dira urbanizazio obretan.

-Herri Lanetako zuzendari nagusiaren 2010eko ekainaren 8ko txostenean xedatutakoa beteko da.

-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Uraren Zerbitzuaren 2010eko abenduaren 17ko txostenean xedatutakoa beteko da.

2. Sustatzaileari adieraztea ezen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 134. artikuluarekin bat, ezin izanen direla urbanizazio obrak hasi kudeaketa tresnak behin betiko onetsirik izan arte, salbu urbanizazio proiektuaren sustatzaileak fidantza erregelamenduarekin bat jartzen badu, urbanizazioaren kostuaren %20koa, eta berariazko adostasuna adierazten badute ukitutako lurzatietako jabeek, erregistroan jabe gisa agertzen direnek.

3. Egin nahi diren instalazioetan eragina izan edo horiek baldintzatu ditzaketen azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, garaia denean, behar diren baimen guztiak eskuratu beharko ditu kasuan kasuko organo eskudunetatik.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Herri Lan eta Kultura zuzendaritza nagusiei, Ingurumen Kalitatearen eta Uraren zerbitzuei, ADIF-i, NILSA-ri, Cortesko Udalari, alegatzaileei eta enpresa sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2010eko abenduaren 29an.-Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusia, Jesús Javier Ascunce Elizaga.

Iragarkiaren kodea: F1021534