29. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AIEGI

Udalaren etxez etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen ordenantzaren aldaketa. Behin betiko onespena

Aiegiko Udalak, 2010eko azaroaren 9an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Udalaren etxez etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen ordenantzaren 8 erta 9. artikuluak aldatzea. Hasierako onespena 2010eko 150. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 10ean.

Jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu aipatu ordenantza horren aldaketaren edukiaren aurka.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hasierako onespena behin betikoa bihurtuko da, erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez bada.

Horrenbestez, bidezko da ordenantza horren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Ordenantzaren aldaketa honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Aiegin, 2011ko urtarrilaren 25ean.-Alkate udalburua, José Artiz Segura.

UDAL ORDENANTZA, AIEGIKO UDALAREN ETXEZ
ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA ARAUTZEN DUENA.
ALDATU DIREN ARTIKULUAK

8. artikulua. Zerbitzuen zerrenda:

8.1. Etxeko laguntzaren barrenean ondoko jarduketa hauek guztiak, edo hauetako zenbait, sartzen dira. Etxeko laguntza ez da inolaz ere izanen 2 ordutik gorakoa eguneko.

1. Sostengu eta laguntza pertsonaleko jarduketak. Hona hemen, eguneroko oinarrizko zereginetan, sostengu pertsonaleko jarduketak:

a) Norberaren higienea:

-Oinarrizko garbiketa: aurpegia, eskuak, genitalak, aho-higienea eta orraztea.

-Bizarra egitea.

-Ohean direnen garbiketa.

-Bainua/dutxa.

-Xatar aldatzea.

-Larruazala hidratatu eta zaintzea, ongi egon dadin.

-Hanka eta eskuen higienea eta zaintza (garbitu eta idortzea, azazkalak limatu eta/edo moztea, azal gogorra leuntzea, hidratazioa).

-Ilea garbitu, idortu eta zaintzea.

-Iraizkinak biltzea (pixontziak/gauontziak).

Baztertuta daude profesional kualifikatu baten esku-hartzea behar duten jarduketa/zainketak.

b) Jantzia/oinetakoak:

-Janztea/eranztea.

-Oinetakoak janztea/eranztea.

-Jantzia eta oinetakoak zaintzea.

c) Oinarrizko mugikortasuna:

-Ohetik jaikitzeko edota etzateko laguntza.

-Tokiz aldatzea (ohea, jarlekuak).

-Etxean mugitzen laguntzea.

-Etxetik kanpo mugitzen laguntzea.

-Laguntza teknikoak aplikatzea.

d) Jarduketa soziosanitarioak:

-Postura aldatzeko laguntza, ezarritako protokoloei jarraituz.

-Hainbat patologiari egokitutako dieten kontrola eta jarraipena.

-Sendagileek agindutako botikak behar bezala hartzen direla begiratzea.

-Errezeta eta botikak eskuratzea.

-Botikak prestatu eta ematea, xiringaz hartu beharrekoak izan ezik.

-Pertsonaren osasunari lotutako alderdiei (dietak, inkontinentziak, eskarak, oroimen galera...) erreparatzea, eta haren berri ematea lantalde profesionalari.

-Gaitasun fisiko eta mugimenduzkoak berreskuratu, mantendu eta hobetzeko jardueretan laguntzea, ezarritako protokoloari jarraituz (mobilizazio pasiboak, kremak, pomadak igurtziz ematea, material ortoprotesikoa jartzen laguntzea eta abar).

-Ezagutzaren gaitasunak berreskuratu, mantendu eta hobetzeko jardueretan laguntzea, ezarritako protokoloari jarraituz (oroimen ariketak, denboran eta espazioan orientatzekoak eta abar).

-Osasun arloko kontsultetara laguntzea.

-Inkontinentziarako gailuen aplikazioa (gernu biltzaileak, zundako poltsak aldatzea...).

-Aposituak aldatzea, osasun arloko profesionalen esku-hartzea behar ez denean.

-Lehen osasun laguntzetako teknikak aplikatzea larrialdietan.

2. Etxeko zeretan sostengu emateko jarduerak. Hona hemen etxeko zereginetan sostengu emateko jarduketak:

2.1. Erabiltzailearen elikadurarekin ikusteko dutenak, hala nola:

-Elikagaiak prestatzen laguntzea.

-Elikagaiak prestatzen laguntzea (berotu, mahaia jarri, otordua banatzea).

-Etxez etxeko janarien zerbitzua.

-Baxera eta otordua prestatzen erabilitako tresnak bildu eta fregatzea.

2.2. Erosketari lotuak:

-Erosteko ohiturei eta antolaketari jarraitzea.

-Erosgaien zerrenda prestatzen laguntzea.

-Erosketak egitea (oinarrizko produktuak, eguneroko bizitzarekin zerikusia dutenak).

-Erosketak etxera ekartzea.

-Erositakoa antolatzen laguntzea.

2.3. Erabiltzailearen oinetakoak, arropa eta etxea zaintzeari lotutakoak, hala nola:

-Arropa/oinetakoak garbitzen laguntzea.

-Arropa hedatu eta biltzea.

-Arropa lisatzea.

-Arropa/oinetakoak antolatu eta hautatzea.

-Armairuak txukuntzea.

-Arropa pasaratu eta konpontzea (botoiak, urratuak) joskintzako ezagutza bereziren beharrik gabe.

-Ikuztegi zerbitzua kanpoan (garbitu eta lisatzea).

Erabilera arrunteko arroparekin eginen da jarduera hau.

2.4. Bizilekuaren mantentze lanekin ikusteko dutenak, hala nola:

a) Bizitegiaren mantentze lana:

Jarduera/zeregin arruntak:

-Oheak janztea.

-Erratza pasatzea.

-Xurgagailua pasatzea.

-Mopa pasatzea.

-Hautsa kentzea.

-Lanbasa pasatzea.

-Beirak garbitzea.

-Etxetresna elektrikoak garbitzea: hozkailua, sukaldea eta mikrouhin labea.

-Sukaldea garbitzea.

-Komuna garbitzea.

Jarduera/zeregin bereziak:

-Sabaiak garbitzea.

-Errezelak garbitzea.

-Lanparak garbitzea.

-Etxetresna elektrikoak garbitzea (hozkailua, sukaldea eta mikrouhin labea izan ezik).

-Ateak, leihoak eta armairuak garbitzea.

-Orbanak garbitzea (etengailuak, eskutokiak, telefonoa, aulki-bizkarrak eta abar).

b) Etxeko konpontze lan errazak:

Etxeko konpontze lan errazetan eskulan xumea behar duten jarduerak sartzen dira, hau da, zenbait elementu ordeztu edo doitzea etxea behar bezala mantentzeko; betiere, kontuan hartuta laneko arriskuen prebentzioa langilearentzat.

Ez dira sartzen lanbideen ezagutza berariazkoa edo teknikari baten esku-hartzea behar dutenak.

c) Etxebizitzako hornidura eta azpiegituraren egoera orokorra kontrolatu eta jarraitzea.

-Etxebizitzaren egitura eta hainbat instalazio (gasa, hoditeria, elektrizitatea, berogailua eta telefonoa) behar bezala daudela eta funtzionatzen dutela egiaztatzea.

-ELZren esku-hartze egokia baloratzea, hau da, zuzenean esku-hartzea edo dagokion erabiltzaile, familia edo teknikariarengana igortzea.

3. Laguntza psikosozialeko oinarrizko jarduketak. Hona hemen etxeko zeretan sostengu emateko jarduketak:

Laguntzazko prozesu batean egiten direnak, eremu pertsonal, familiar edo sozialean azaldutako egoerak gainditzeko, lagundutako pertsonak baloratuak eta sare sozialeko kide senti daitezen.

a) Jarduketa psikosozioedukatiboak:

Hezkuntzaren ikuspegi eta estrategiatik, trebetasun, jokabide eta oinarrizko iaiotasunak eskuratu, berreskuratu, ikasi eta erabiltzera bideratutako jarduera eta lanak dira, erabiltzailearen eta bere ingurunearen autonomia ahalik eta handiena izan dadin.

-Laguntza emozionala biziaren egoeretan (bakardadea/isolamendua, menpekotasuna/ahalmenak, osasuna edo autonomia galtzea, dolua...).

-Autoestimua bultzatu eta sustatzea (norberaren irudia, onarpena, balorazioa eta konfiantza norberarengan...).

-Familiaren dinamikan agertzen diren egoerak (errespetua, onarpena, entzutea...) gainditzeko jarrera positiboak indartzea.

-Bizi ohitura osasungarriak erakustea (elikadura, norberaren higienea edo etxekoa, ariketa fisikoa...).

-Nork bere burua zaintzeko eta beregain izateko ohitura eta trebetasunak eskuratu eta garatzea. (Eguneroko bizimoduaren oinarrizko jarduerak eta tresnei lotutakoak).

-Prebentziorako trebetasunak eskuratu eta garatzea, eta etxeko jokabide eta egoera arriskutsuak aldatzea.

-Laguntza teknikoak erabiltzeko orientazioa eta trebakuntza.

-Orientazioa etxeko antolaketan (gauzak eta elikagaiak antolatzea).

-Norberaren interesen arabera, denbora okupatzeko jarduerak bultzatzea, jokabide aktiboa bultzatzearren (zaletasunak).

-Orientazioa, bizikidetza egokirako harremanak bultzatzeko (trebetasun sozialak, asertibitatea...).

-Jokabide eta egoera arriskutsuak bereiztea eta haiek aldatzeko informazioa eta orientazioa.

b) Familiari edo pertsona zaintzaileei sostengu emateko jarduerak:

Familiaren edo pertsona zaintzaileen lana lagundu eta bultzatzera bideratutako jarduera eta zereginak dira, erabiltzailea zaindu eta artatzearren.

-Laguntza emozionala zaintzaileei.

-Orientazioa, aholkua eta jarraipena erabiltzailea zaindu eta artatzeko kontuen gainean.

-Jarraibide eta trebetasunak ematea zaintze eta artatze lanaren hainbat egoerari aurre egiteko eta sortzen diren errealitate berriei egokitzen laguntzeko.

-Laguntza tekniko, baliabide eta sostengatzeko bertze modu batzuen gainean informatu eta orientatzea.

-Nork bere burua zaintzeko jarraibide, trebetasun eta jarreretan lagundu eta orientatzea, baita estresari eta gainkargari aurrea hartzeko ere.

-Jarrera positiboak bultzatzea, elkar ulertzeko, parte hartzeko eta komunikatzeko.

c) Sostengu sozio-komunitarioko jarduerak. Honako hauek sostengu sozio-komunitarioko jarduerak dira:

Erabiltzailea bizitza sozialean eta harremanetan, baita komunitatearen baliabideen ezagutzan eta erabileran parte hartzera bultzatzen duten jarduera eta zereginak. Zehazki, jarduera eta zeregin hauek dira:

-Lagun egitea etxetik kanpo, kudeaketa pertsonaletan laguntzeko.

-Gizarte, aisialdi edo denbora-pasako jarduketetan parte hartzera bultzatzea.

-Gizarte, aisialdi edo denbora-pasako jarduketetan parte hartzeko lagun egitea.

-Boluntarioen esku-hartzea erraztu eta bultzatzea, etxean lagun egiteko zereginetarako.

-Jarduera antolatuei eta baliabide komunitarioen erabilerari buruz informatu eta orientatzea.

-Komunitatea sentsibilizatzea menpekotasunean dauden pertsonei buruz.

4. Sostengu teknikoko jarduketak eta bertze baliabide batzuk. Honako hauek dira sostengu teknikoko jarduketak eta bertze baliabide batzuk:

Etxebizitza erabiltzailearen beharretara egokitzeko bideratzen diren jarduketak eta aldaketa batera edo ohiko etxebizitzatik ateratzera behartzen duten bertze bizi egoera batzuetara jotzea.

a) Sostengu teknikoa emateko jarduketak etxean:

-Etxean zaintzea eta autonomia bultzatzen duten laguntza teknikoei buruzko balorazioa, informazioa eta orientazioa.

-Etxea egokitzeko beharrei buruz eta arrisku zein oztopo arkitektonikoak kentzeko balorazioa, informazioa eta orientazioa.

-Etxea erabiltzailearen egoeraren arabera egokitu eta antolatzeko orientazioa eta laguntza.

b) Laguntzazko beste baliabide batzuk:

-Etxean sostengu emateko bertze baliabide osagarri batzuen gainean (materiala mailegatzea, larrialdiko telefonoa, eguneko zentroak...) balorazioa, informazioa eta orientazioa ematea.

-Etxean egon beharrean bertze baliabide batzuen gainean balorazioa, informazioa eta orientazioa ematea.

8.2. Zerbitzuen zerrenda aplikatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:

a) Zerbitzuen zerrenda aplikatzeak zentzua du erabiltzailearekiko laguntza harreman baten ingurumariaren barrenean, horixe baita haren xede nagusia. Horrenbertzez, zerrenda horretako jarduerak ingurumari horretan sarturik daude eta, kasu bakoitzerako abiarazi den banakako esku-hartze planean oinarriturik, haien xedea izan daiteke erabiltzailea sostengatzea, gainbegiratzea, harekin lankidetzan aritzea, lanak gauzatzea, eta hura hezi edo prestatzea.

b) ELZko profesionalen esku-hartzeak etxeko lanak egitea dakarrenean, haien lana ez da bakar-bakarrik izanen zeregin horiek egitea; aldiz, lotura hertsia izanen du laguntza harreman bat ezartzearekin, eta horixe da hain zuzen ere ELZaren eta merkatuan diren bertzelako etxeko zerbitzuen arteko aldea.

c) Zerbitzuen zerrenda ELZn egin daitezkeen prestazio eta jardueren multzoa da, baina horrek ez du esan nahi kasu guztietan den-denak aplikatu behar direnik. Banakako esku-hartze planean zehaztu eta bilduko dira zeregin horiek.

d) Bertzelako profesional kualifikatuak behar ez dituzten jarduera eta lanak eginen dira eta maiz erabiltzen diren espazio edo lekuetan bakar-bakarrik, erabiltzailearen eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egin ahal izateko behar-beharrezkoak direnean.

e) Zerbitzuen zerrendan aipatzen edo jasotzen ez diren jarduera eta lanak salbuespenez egiten ahalko dira, baldintza hauetan oinarriturik:

-ELZko lan taldeak balorazio profesionala egitea.

-Oinarrizko premia bat asetzea, ase ezean arrisku egoera bat piztu edo bizi baldintzen hondatzea ekartzen ahal duenean.

-Hura betetzeko bertze aukera edo baliabiderik ez egotea.

-Aldi baterako egitea, eta aldi berean bertze aukera batzuk bilatzea, ohiko lan bilaka ez dadin.

f) Zerrendaren aplikazioa partez aldatzen edo eteten ahalko da, baldin eta erabiltzailearen nahiz profesionalaren segurtasun edo osasunari eragiten dieten arrisku egoerak gertatzen badira.

g) Zerrenda modu egokian aplikatzeko, nahitaezkoa izanen da zerbitzu espezializatuen arteko koordinazioa, batez ere osasun arlokoena, hala behar denean erabiltzailearen baimena izanda.

h) Zerbitzuek erantzukizun eta lan banaketa berdina sustatuko dute, generoko bazterkeriarik gabe, erabiltzaileari eta bere familia eta gizarte inguruari dagokionez.

i) Zerrenda aplikatzen eta Etxeko Laguntza Zerbitzua ematen denean, horrek ez du esan nahi familia libre dagoenik erabiltzaileari begira duen erantzukizun legezko, sozial eta emozionaletik.

9. artikulua. Prezio publikoa. Tarifen sistema.

Finantzabideari aplikatzen ahal zaizkion irizpide eta printzipioak ondokoak dira:

-Zerbitzu unitatearen definizioa: ordenantzan eskainitako edozein zerbitzu emateko zenbat denbora ematen den etxean; gehienez ere bi ordu izanen da egun bakoitzean.

-Familia unitatearen definizioa: prezio publikoa kalkulatzeko erabiliko da PFEZn definitzen den familia unitatea:

  • Legez bereizirik ez dauden ezkontideek eta adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.
  • Berariazko legeen araberako bikote iraunkor bateko kideek eta adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.
  • Legezko banantzearen kasuetan edo, ezkontzaren bidezko loturarik edo bikote iraunkorrik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin edo bertzearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aitzineko atalean aipatu betebeharrak betetzen badituzte.

-Ahalmen ekonomikoa zehaztea: errenta eta gastu kengarriak.

  • Errenta: PFEZaren etekin garbiak eta pentsio edo prestazio salbuetsiak, landalurreko eta hirilurreko ondasunen katastroko balioaren %3, ohiko etxebizitza kenduta, eta higigarrien etekinak.
  • Gastu kengarriak: kuotan desgrabazioa izateko oinarria eratzen dutenak, ondoko arrazoiak direla eta: pertsonalak, etxebizitza alokairuan hartu edo erostea, eta mendekotasunagatik emandako laguntzaren ingurukoak (eguneko zentroak, garraioa, etxeko lanak egitea eta bertzelakoak).
  • Hileko per capita errenta: aurreko kontzeptuen arteko aldea familia unitateko kide kopuruaz eta 12 hilabetez zatitzetik sortzen dena.

Erabiltzailea PFEZaren aitorpena egitera behartua ez dagoenean, aurreko ekitaldian izandako diru-sarreren arabera zehaztuko da ahalmen ekonomikoa.

-Kostuaren oinarrizko unitatea zehaztea:

Zerbitzuaren kostu guztiak egotzi eta emandako laguntzaren guztirako kostuaren balioa, ordu bakoitzeko, zenbat den ateratzeko, honela eginen da:

Urtero zehaztuko da kostu zentro bat, eta horri egotziko zaizkio zerbitzuaren zuzeneko eta zeharkako kostu guztiak: lanaldi osoko familia-langile baten kostua eta gizarte-langilearen eta administrari laguntzailearen kostuaren %15, azken bi profesional horiek ere zuzenean parte hartzen baitute zerbitzuaren kudeaketan.

Guztirako kostua lanaldi osoko familia-langile batek etxez etxeko laguntzarako egiten ahal dituen orduen kopuruaz (lanaldi horren %80) zatituta ateratzen da laguntza orduaren kostua.

-Tarifaren oinarrizko unitatea:

Zerbitzua etxean ematen iragandako denbora da tarifaren oinarrizko unitatea.

Laguntza orduaren %50 izanen da prezio publikoa edo tarifa.

-Prezio publikoa kargatzeko gero eta gehiagorako eskala

Karga-eskala familia unitatearen per capita errenta garbiari egotziko zaio, eta errenta horrek urteko OAEAParekiko (ondorio askotarako errentaren adierazle publikoa) gordetzen duen proportzioan oinarrituko da.

ERRENTA MAILAREN TARTEAK

TARIFAREN ESKALA

PCEG (per capita errenta garbia) < OAEAP

Prezio publikoaren 0,05

OAEAP < PCEG > %105 OAEAP

Prezio publikoaren 0,10

%105 OAEAP < PCEG > %120 OAEAP

Prezio publikoaren 0,15

%120 OAEAP < PCEG > %135 OAEAP

Prezio publikoaren 0,30

%135 OAEAP < PCEG > %150 OAEAP

Prezio publikoaren 0,45

%150 OAEAP < PCEG > %165 OAEAP

Prezio publikoaren 0,60

%165 OAEAP < PCEG > %180 OAEAP

Prezio publikoaren 0,75

%180 OAEAP < PCEG > %195 OAEAP

Prezio publikoaren 0,90

PCEG > OAEAParen %195

Prezio publikoa

1 "Etxeko janari zerbitzua", ELZren balizko prestazio gisa, prestatutako janaria erabiltzailearen etxera eramatea da. Toki entitate bakoitzak, zerbitzu hau nola antolatzen den, zerbitzuen zerrendan zehaztuko du.

2 "Ikuztegi zerbitzua kanpoan", ELZren balizko prestazio gisa, erabilera arrunteko arropa kanpoan garbitu eta etxera eramatea da. Toki entitate bakoitzak, zerbitzu hau nola antolatzen den, zerbitzuen zerrendan zehaztuko du.

Iragarkiaren kodea: L1101361