29. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

5/2011 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 24koa, Nafarroako Joko eta Apustuen Katalogoa onesten duena.

Nafarroako Foru Eraerantza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.16 artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari kasinoen, jokoen eta apustuen arloan (Kirol eta Ongintzako Elkarrekiko Apustuak salbu) ematen dion eskumen osoa erabilita, gaur egun indarrean den Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legea onetsi zen. Horren bidez, Nafarroan jokoa eta apustuak arautzeko oinarriak ezarri ziren.

Abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 3. artikuluak agintzen du Nafarroako Joko eta Apustuen Katalogo bat sortuko dela, eta horri esleitzen dio Nafarroan baimenduko diren jokoak zehazteko funtzioa, izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, katalogo horretan inskribatutako jokoak baimenduko dira, eta bertan sartuta ez dauden jokoak eta apustuak, berriz, debekatuta egonen dira. Bestalde, aipatu 16/2006 Foru Legeak Nafarroan jokoak eta apustuak arautzeko oinarrizko tresnatzat hartzen du Katalogoa, foru legeak agintzen baitu Katalogo horretan zehaztuko direla haien izenak, modalitateak, deskribapenak, garapenaren oinarrizko arauak eta, kasua bada, haien antolaketa eta praktikarako ezartzen diren murrizketak eta mugak.

Foru dekretu honek aipatu legezko aurreikuspenak garatzen ditu, Nafarroako Jokoen eta Apustuen Katalogoa antolatuz eta bertan jasoz eta bilduz gaur egun behin betiko egituraketa bat duten jokoak eta apustuak, kontzeptuari, oinarrizko arauei, modalitateei eta mugei dagokienez; hori guztia galarazi gabe, gerora, orain aurreikusten ez diren jolas aukera batzuk sartu ahal izatea, horien ezarpen efektiboa posiblea den neurrian.

Xedapen hori onetsita, legegileak abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 3. artikuluan agindutakoa betetzen da. Horren bidez ahalmena ematen zaio Nafarroako Gobernuari aipatu Katalogoa arautzeko, bai eta jokoak eta apustuak bertan sartu eta, kasua bada, bertatik kentzeko ere.

Horrenbestez, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin ados egonda, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko urtarrilaren 24an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Nafarroako Joko eta Apustuen Katalogoa, hemendik aurrera "Katalogoa", onesten da eta haren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dira. Foru dekretu honen eranskinean erantsi da Katalogoa.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Katalogoan sartuko dira abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legean araututako ezaugarriak dituzten joko eta apustu guztiak, edozein direlarik haiek egiteko baliabideak, materialak eta arauak. Ausazko aukerak, jokalariek betebehar ekonomikoak beren gain hartzeko modukoak, emanen dituzte zori eta ziurgabetasun elementuei esker.

2. Erabilitako baliabideei dagokienez, Katalogoko joko eta apustuetan parte hartzeko bi modu daude: aurrez aurre, hau da, jokalaria jokoak eta apustuak praktikatzen diren establezimendu edo lokaletan azalduta, edo urrutitik, baliabide informatiko eta telematikoak erabilita.

3. artikulua. Katalogatutako jokoak eta apustuak.

1. Jokoen erregulazioaren ondorioetarako, horien antolaketa aintzat hartuta, honela sailkatuko dira:

a) Zirkulukoak.

Horrelako jokoetan, jokalariek beren artean jokatzen dute, batzuek besteen aurka, edo jokalari bakar batek, bankua duenak, aurre egiten die gainerako guztiei, eta horiek haren kontra egiten ahal dute apustua.

b) Kontrapartidakoak.

Horrelakoetan, baimendutako establezimenduaren kontra jokatzen dute jokalariek.

2. Halaber, joko horietan egiten diren apustuak edo bestelako gertaeretan egiten direnak, jokatutako zenbatekoen banaketa nahiz ezarritako sarien plana aintzat hartuta, honela sailkatuko dira:

a) Gurutzatuak.

Horrelako apustuetan, jokalariek beren artean jokatu eta apustu egiten dute, eta baimendutako enpresak jokalarien artean egindako apustu horien bitartekari eta bermatzaile gisa dihardu, egindako apustuetatik baimendutako ehunekoak edo kantitateak kenduz.

b) Elkarrekikoak.

Elkarrekiko apustuetan sarien plan bat dago, zeina parte-hartzaile guztiek jarritako diru-kopuruetatik lortutako diru-sarreren ehuneko batez hornitzen den.

c) Kontrapartidakoak.

Baimendutako establezimenduaren kontra jokatzen dute jokalariek eta, noizean behin, ezarritako sarien planean kasu bakoitzerako finkatutako irabaziak jasotzen dituzte.

4. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Jokoen edo apustuen edozein modalitate baimentzeko nahitaezko baldintza da aldez aurretik Katalogoan sartzea.

2. Nafarroako Gobernuari dagokio jokoak eta apustuak Katalogoan sartzea eta bertatik kentzea, bai eta horietako bakoitzaren araudi berariazkoak onestea ere.

3. Jokoen eta apustuen arloan eskumena duen departamentuko kontseilari titularrari dagokio haien modalitateak eta oinarrizko arauak, eta kasua bada, baita haien antolaketarako eta praktikarako ezartzen diren murriztapenak eta mugak ere onestea, aldatzea eta Katalogoan sartzea, aurreko atalean aipatutako araudi berariazkoetan ezarritakoarekin bat.

4. Joko edo apustu bat Katalogoan sartzeak ez du berez inolako ondoriorik izanen baimena emateari dagokionez, haren antolaketa, ustiaketa edo praktikarako.

5. artikulua. Antolaketa.

1. Katalogoak, joko edo apustu bakoitzerako, honako datu hauek jasoko ditu gutxienez:

a) Izena.

b) Modalitateak.

c) Hura garatzeko deskribapena edo oinarrizko arauak.

d) Kasua bada, haren antolaketa edo praktikarako ezartzen diren murriztapenak eta mugak.

2. Katalogoak, hasiera batean, ondoko epigrafe eta joko hauek izanen ditu:

I. Apustuak.

II. Bakara, "Chemin de Fer" edo Trenbidea.

III. Bingoa.

IV. "Black-Jack" edo Hogeita bata.

V. Bola edo "Boule".

VI. Txartelak.

VII. Konbinazio ausazkoak.

VIII. Dadoak edo "Craps".

IX. Saria duten jokoak edo denbora-pasak.

X. Loteriak.

XI. Joko makinak.

XII. Pokerra.

XIII. Puntu eta bankua.

XIV. Zozketak.

XV. Erruleta.

XVI. Tonbolak.

XVII. Hogeita hamar berrogei.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.-Lehiaketak eta txapelketak.

Katalogoan sartutako jokoen eta apustuen praktikarekin lotutako lehiaketak eta txapelketak arautuko dira horien modalitateak taxutu eta arauak ezartzen dituzten xedapenetan, eta kasua bada, baita horien antolaketa eta praktikarako ezartzen diren murriztapen eta mugak finkatzen dituztenetan ere.

Bigarren xedapen gehigarria.-Kasinoko jokoak.

Betiere, kasinoko jokotzat hauek bakarrik hartuko dira: Bakara, "Chemin de Fer" edo Trenbidea, "Black-Jack" edo Hogeita bata, Bola edo "Boule", Dadoak edo "Craps", C motako joko makinak, Pokerra, Puntu eta bankua, Erruleta eta Hogeita hamar berrogei.

Hirugarren xedapen gehigarria.-IKTak eta prozeduren telematizazioa eranstea.

Pixkanaka gehituko zaizkio Nafarroako Joko eta Apustuen Katalogoaren kudeaketari informazioaren eta komunikazioaren teknologien egungo garapenak eskaintzen dituen aukerak, eta telematika bidezko kudeaketa ezarriko da kontsultetarako eta informazioa eskatu eta emateko, baita, oro har, sektorearen eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko komunikazioan ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan Administrazio Elektronikoa Ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Indargabetzen diren arauak.

Indarrik gabe gelditzen dira martxoaren 21eko 95/1991 Foru Dekretua, Joko eta Apustuen Katalogoa onetsi zuena, eta oro har, foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogei egunera hartuko du indarra.

Azkoienen, 2011ko urtarrilaren 24an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

ERANSKINA

Nafarroako Joko eta Apustuen Katalogoa

I. Apustuak.

Apustutzat hartzen dira ondasunak, eskubideak edo dirua arriskatzen dituzten jarduerak, zalantzazko edo ausazko bukaera duen eta aurretik adostuta dagoen gertakari baten emaitza asmatzearen edo ez asmatzearen arabera antolatzen direnak.

II. Bakara, "Chemin de Fer" edo Trenbidea.

Bakara, "Chemin de Fer" edo Trenbidea kartekin jokatzen da. Zenbait jokalari elkarren aurka aritzen dira: horietako batek bankua dauka eta horren aurka apustu egiten dute eserita dauden jokalariek eta horien atzean zutik daudenek.

III. Bingoa.

Bingoaren jokoa loteria bat da, hurrenez hurrengo partidatan jokatzen dena bat zenbakitik hasita elkarren hurrenean zifratutako guarismo multzo jakin batekin; jokalariek euskarri desberdinekin hartzen dute parte, bakoitzean goitik behera eta ezkerretik eskuinera laukitxo zenbakidunen kopuru bera dagoela. Jokalariei euskarri horiek salduta bildutako diruaz hornitzen dira partida bakoitzeko sari arruntak, sari bereziak osatzeko funtsak erreserba eta meta daitezkeen arren. Sariak eskuratzeko, haien planean aurretik ezarritako modelo edo figurak osatu behar dira erabakitzen den ordenan ausaz ateratzen diren zenbakiekin.

IV. "Black-Jack" edo Hogeita bata.

"Black-Jack" edo Hogeita bata ausazko jokoa da eta kartekin jokatzen da. Parte-hartzaileek establezimendu antolatzailearen bankuaren kontra jokatzen dute, eta jokoaren xedea da hogeita bat puntu lortzea edo horietara hurbiltzea muga hori gainditu gabe.

V. Bola edo "Boule".

Bola edo "Boule" ausazko jokoa da. Parte-hartzaileek establezimendu antolatzailearen kontra jokatzen dute, eta irabazteko aukera, erruletan bezala, bola batek plataforma zirkular batean egindako mugimenduak baldintzatzen du.

VI. Txartelak.

Txartel-jokoak dira salneurri baten truke erosleari egokitzen ahal zaion diruzko saria berariaz erakusten duten txartelak erosiz egiten direnak. Saria ezezaguna izanen da denontzat, txartela ireki edo eskuz karraskatzen den arte.

VII. Konbinazio ausazkoak.

Konbinazio ausazkoak beti marketineko operazioetan edo merkatuko produktu batzuen kontsumoa sustatzeko kanpainetan egiten diren jokoak dira, eta honetan oinarritzen dira: elementu jakin batzuen konbinazioak epe jakin batean osatzea. Konbinazioen elementuak aurretik zehaztuko dira edo ausaz aterako dira, eta jokalariei iragarri edo helarazi beharko zaizkie, zeinahi bide erabiliz. Konbinazioa jokoaren arauetan ezarri bezala osatuz gero, jokalariek zuzeneko saria jasoko dute edo hura esleitzeko zozketa batean hartuko dute parte, horren garapenerako onesten diren arauei jarraikiz.

VIII. Dadoak edo "Craps".

Dadoak edo "Craps" ausazko jokoa da, dadoekin jokatzen dena. Parte-hartzaileek establezimenduaren kontra jokatzen dute, eta zenbait konbinazio irabazle daude.

IX. Saria duten jokoak edo denbora-pasak.

Joko tradizional edo sozialak, betiere horien praktika efektiboaren ondorioz diruaren, ondasunen edo ekonomikoki balora daitezkeen eskubideen transakzioa egiten bada, eta oro har, horiek antolatzaileek edo jokalariek eskuratzen badituzte, betiere abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 1.2 artikuluan adierazitako salbuespenetatik kanpo badaude.

X. Loteriak.

Loteria zozketa batean oinarritzen den jokoa da, non zenbaki jakin bat edo gehiago ausaz atera edo finkatzen diren. Zenbaki horiekin guztiekin edo batzuekin bat datorren numerazioa duen bilete edo txartelen jabeek diruzko sari bat jasotzen dute, aurretik onetsitako sarien plan baten arabera. Zozketaren egunarekin batera jokoaren esku-orrietan eta billete edo txarteletan aditzera eman beharko da plan hori.

XI. Joko makinak.

Honako hauek hartzen dira joko makinatzat: erregelamenduz ezarritako ezaugarri eta mugak betez, partidaren prezioaren truke, makina erabili eta, jokoaren programaren edo ausazko sistema baten bidez, sari bat jasotzeko aukera ematen duten mekanismo eta gailuak, eskuzkoak edo automatikoak.

Gainera, joko makinatzat hartuko dira, orobat, joko, apustu, enbido edo ausazko osagairen bat izateagatik halakotzat jotzen direnak, betiere Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 18.3 artikuluan aipatzen diren salbuespenetatik kanpo badaude.

XII. Pokerra.

Pokerra ausazko jokoa da, kartekin jokatzen dena. Parte-hartzaileak elkarren aurka aritzen dira, edo establezimendu antolatzailearen aurka, eta jokoaren xedea da karta batzuekin konbinaziorik handiena lortzea. Zenbait konbinazio irabazle daude.

XIII. Puntu eta bankua.

Puntu eta bankua ausazko jokoa da, kartekin jokatzen dena. Zenbait jokalari establezimendu antolatzailearen aurka aritzen dira, eta gainerako jokalariek bankuaren alde edo aurka egin dezakete apustu. Betiere, establezimendu antolatzaileari dagokio bankua izatea.

XIV. Zozketak.

Zozketa salneurri jakin baten truke joko paperak hartu edo erosi dituztenen artean ondasun edo eskubideak zozkatzen dituen jokoa da; gero ezin dira diruz trukatu.

XV. Erruleta.

Erruleta ausazko jokoa da. Bere ezaugarririk bereziena da parte-hartzaileek establezimendu antolatzailearen kontra jokatzen dutela, eta irabazteko aukera honakoak baldintzatzen du: zirkulu birakari baten mugimenduak edo bola batek lauki zenbakidunak dituen zirkulu birakarian behin betiko gelditu arte egiten dituen mugimenduek.

XVI. Tonbolak.

Tonbolak askotariko gauzen zozketak dira. Sariak mementoan jasotzekoak izan daitezke, edo hainbat puntu batu ondoren, edo geroko zozketa batean.

XVII. Hogeita hamar berrogei.

Hogeita hamar berrogei ausazko jokoa da, kartekin jokatzen dena. Parte-hartzaileek establezimenduaren kontra jokatzen dute, eta zenbait konbinazio irabazle daude.

Iragarkiaren kodea: F1101281